Mende bat kazetaritzaren lokatzetan

  • Ez dago etenik gabeko jarraikortasunik 1919an sortutako Zeruko Argia-ren eta egungo ARGIAren artean, baina hari fin eta sendo batek batzen ditu: euskarazko kazetaritza egin nahiak. Hari horrek bihurtzen du ARGIA Euskal Herriko komunikabide adintsuena. Hari horren bueltan sortu eta itzali dira hamaika amets, eta hari tiraka iritsi da aldizkaria mendeurrenera, euskal kazetaritza konprometitu eta independentearen zerbitzura beste ehun urte betetzeko prest.

Argia Eguna, 1992an Oiartzunen. (Argazkia: Juan Joxe Petrikorena / ARGIAren artxiboa)
Argia Eguna, 1992an Oiartzunen. (Argazkia: Juan Joxe Petrikorena / ARGIAren artxiboa)

Euskal kulturak XIX. mendearen amaieran eta XX.eko hasieran izandako loratzearen baitan sortu zen Zeruko Argia hilabetekaria Iruñean, 1919an, fraide kaputxinoen eskutik. Aita Damaso Intza eta Aita Buenabentura izan ziren sortzaileak eta, Intzaren esanetan, bereziki azken honi esker, “setosoa baitzen”. Aita probintzialarengana joan zen Buenabentura: “Guk sor dezakegu 25 orrialdekoa hilabetero euskarazko abesti berri euskaldunak eman ditzakeena”. Halaxe kontatu zuen Damaso Intzak berak, adinez mendea betetzear, Iruñean 1986an Iñaki Caminok egindako elkarrizketan. 1918an sortu ziren, halaber, Eusko Ikaskuntza eta haren magalean, 1919an, Euskaltzaindia.

1986an Iñaki Caminok Damaso Intza elkarrizketatu zuen, 1919an Zeruko Argia sortu zuena.  Aita kaputxinoa ere mendea betetzear zen orduan.(Arg.: Josu Landa)

Erlijio aldizkaria zen, garai hartan euskararekin zerikusirik zuten gainerako argitalpen gehientsuenak legez eta 1936ra arte argitaratu zen hilero, euskal herritar guztiei zabaldua. Laizismoa indarrez ari zen Europa osoan eta prentsa kristau mezua herritarrei helarazteko modu bat zen. Ezin esan aldizkari hark eta egungo Argiak antzekotasun handirik zutenik, baina osagai garrantzitsua partekatzen zuten: mundua euskararen bidez ikusi eta kontatzea.

Donostiako Argia

Egungo Argia-k, baina, emari bikoitza du. 1921ean sortu zen Donostian informazio orokorreko Argia astekaria euskaltzale talde baten eskutik, erlijioa ardatz izanik ere, euskal kultura, herrietako berriak eta nekazal mundua euskaldunen etxeetara eramateko asmoz. Ramon Intzagarai Elurmendi eta Bittor Garitaonandia jesuitak, Gregorio Muxika, Ander Arzeluz, Antonio Lizarraga, Anbrosio Zatarain edo Ricardo Leizaola izan ziren sortzaileetakoak. Honek ere 1936ko Gerrara arte iraun zuen eta bere izaera eta asteroko maiztasunaren ondorioz, euskaltzaleen munduan eragin handia izatera iritsi zen. Esaten da 800 ale botatzen hasi zela eta 7.000 harpidedun izatera ere iritsi zela.

Argia Donostian jaio zen, hau ere erlijiosoa baina bestelako edukiz ere hornitua.

Xabier Lizardi bera ere aritu zen idazle Donostiako kazetan eta Argia-koek jarritako zumeak giltzarri izan ziren 1929ko euskal egunkariaren proiekturako; honen zero zenbakia ere egin zen baina azkenean ez zen argitaratu. Proiektua errentagarri izateko Lizardik 3.000 irakurle behar zirela kalkulatu zuen, baina azkenean EAJren ingurumariak 1930ean sortu zen El Día egunkari elebidunaren alde egin zuen, hala irakurle gehiagora iritsiko zelakoan, eta euskarazko egunkari proiektua zokoratua geratu zen. Gerrako tiro hots artean sortuko zen euskarazko lehen egunkaria, Eguna, 1937ko urtarrilean eta urte bereko ekainera arte iraungo zuen.

Kazetaritzari dagokionez bederen Argia honek zerikusi handiagoa zuen egungoarekin; eta lehen zenbakian Elurmendik idatzitako agurrean ikus litekeenez antzekotasun gehiago ere baziren. Seguruenik egungo irakurleari ez zaizkio arrotzak haren berbak: “…uste gabeko eta pitinka pitinka eragin oi diralako nagusi izena daramaten gizarteko jakinbide guzik”. Egungo Argia-ko lantaldea ez da haiengandik oso urruti ibili mendeurrenerako goiburu “100 urte txikitik eragiten” hautatu duenean.

36ko Gerra ondorengo errepresioak etena ekarri zuen euskal nazioaren eta euskal kulturaren  usaina zuen guztiarekin. 1946 eta 1948 artean Argiaren hamabost zenbaki egin ziren Venezuelan eta New Yorken. Exilioko logikan, Argia hauek politikoagoak ziren eta jeltzaleen munduari lotuagoak. Zeruko Argia-ko zenbaki batzuk ere argitaratu ziren 1954-1959ko tartean, horietako batzuk hamabostekari gisa Hondarribiko kaputxinoen eskutik, tartean Kaietano Ezeiza zela.

Frankismo garaiko Zeruko Argia-ren zenbaki bat.
Astekaria berriz

60ko eta bereziki 70eko hamarkadetan euskal kulturak beste susperraldi handi bat ezagutu zuen. Euskal kutsua zuen guztiarekiko errepresioak eragin oso kaltegarriak zituen, baina gizartean hamaika erantzun egituratu ziren frankismoaren zapalkuntzari aurre egiteko: hor koka litezke ETA, ikastolak, Ez Dok Amairu mugimendua edo euskara batuaren sorrera. Oxigeno burbuila horretan hazi zen Zeruko Argia ere. Agustin Ezeizaren  –Kaietanoren anaia–  bultzadapean berpiztu zen 1963an, oraingoan astekari gisa, informazio orokorra jorratuz, egunkari formatuan eta kaputxinoen jabetzapean. Hamarkada hauetan loratu ziren, besteak beste, Anaitasuna, Jakin, Goiz Argi, Egan edota Karmel aldizkariak. Ipar Euskal Herrian, 1944an Eskualduna aldizkari zaharra itxi ondoren, urte berean egun oraindik bizirik den Herria informazio orokorreko euskarazko aldizkaria abiatu zen.

60ko hamarkada horretan jalgi zen Zeruko Argia kazetaritza modernora. 20ko hamarkadan harreman estua izan zuten Iruñeko Zeruko Argiak eta Donostiako Argiak, baina oraingoan  bien tradizioa bildu gura ere argi salatzen du mantxetak berak: Zeruko hizki txikiz eta Argia handiz Donostiako Argiaren tipografia kopiatuz. Eliza ofiziala frankismoaren magalean zela, zeruko kontuei garrantzia ematea ez zen herritarrengana hurbiltzeko modurik egokiena, baina haren oinarria zein zen ere ez ziren ahaztekotan bultzagile berriak.

Ezeizak kontatzen duenez, frankismoaren sasoi hartan ezin zen herritarren arteko diru bilketa zabalik egin, eta hainbat pertsona zehatzengana jo behar izan zuen abal-emaileen bila. Garaiko informazio arduradunarekin Donostian ezinezko izango zela eta, Iruñera jo zuen aldizkaria inprimatzera. Gerora euskal kulturan izen handiak izan ziren hainbat hasi ziren idazten sasoi horretan, besteak beste, Rikardo Arregi, Ibon Sarasola, Txillardegi, Xabier Lete edo Mari Karmen Garmendia.

Euskal kazetaritzaren zimenduak
Miren Jone Azurza donostiarra 1967tik 1972ra arte izan zen Zeruko Argiako zuzendari.

Kazetariek soldata finkorik gabe lan egiten zuten garaiak ziren oraindik. Hamarkadaren amaiera aldera hasi ziren sartzen lan-sariak taldean. Kazetaritza ikasketak amaitu berri zen Miren Jone Azurza donostiarra kontratatu zuten zuzendari lanetan 1967an eta 1972ra arte jardun zuen bertan, lan taldearekin izandako gora-beherak medio aldizkaria utzi zuen arte. 6.000 pezetako soldata zuen hasieran eta 15.000 pezeta amaiera aldera, bere garaian kontratatu zuten Mikel Atxagak bezala. Luis Alberto Aranbarri Amatiñok ere 60ko hamarkadaren amaieran ekin zion Zeruko Argian Eibarreko berri emanez; bere Zenbat Gara izeneko zutabea oso ezagun egin zen sasoi hartan. Nemesio Etxaniz, zendu berri den Xalbador Garmendia, Donato Unanue eta Begoña Arregiren artikuluak ere garai honetakoak dira.

Donostiako Okendo kalean zuen erredakzioa astekariak. Ke arteko urteak izan ziren, frankismoaren zentsura zorrotzekoak eta lerro artean idatzi eta irakurri beharrekoak. Edozein modutan, egoeraren itogarria ulertzeko balio dezakete gertaera hauek: Azurzaren garaian 25.000 pezetako bi isun ordaindu ziren, batean batzokia hitza erabiltzeagatik eta bestean naziotasuna. Beste hainbat ere izan ziren, tartean 1970ean Burgosko epaiketa zela eta egindako editorialarengatik. Bi hamarka hauetan jarri ziren euskal prentsaren zimenduak.

70eko azken txanpa

1970eko urrian ospatu zuten 400. zenbakia argitaratu izana Okendo kalean. Juan San Martin, Martin Ugalde, Anjel Lertxundi, Gurutz Ansola, Edorta Kortadi, Mikel Ugalde edota Gorka Knörr ziren orduko firmen artean. Frankismo amaiera eta Trantsizio garaia izan zen Zeruko Argiako garairik bizi eta kazetaritzaren ikuspegitik indartsuena. Euskal gizartean bor-bor ari zen dena eta aldizkariko kazetari gazteek bat egiten zuten gertaeren jario eta berotasunarekin, euskal kazetaritza inguruko herrialdeetakoarekin homologatu nahian. 40 urteko presondegitik atera ondoren, Europako herrialde demokratikoetako joera eta bizimoldeak gurera ekartzeari ekin zion euskal gizarteak.

1981ean, Donostiako Karmelo Landa pilotalekuan egin zen herri bazkari handia: 1000 bazkari ARGIAren alde. Euskal sukaldaritza berriko sukaldariek eman zuten otordua.

Dena borborrean bai, baina orduan, 43 urte geroago bezala, euskal prentsak irakurleak behar zituen eta Zeruko Argiak, Anaitasunak eta Goiz Argik Euskal Prentsaren Urtea izendatu zuten 1976a. Urte horretan egin zuen jauzi egunkariko formatutik gaur egun ezagutzen dugun aldizkari itxurakora, azala euskal gizartean oso arbuiatua zen Lemoizko zentral nuklearrari eskainiz. Gai beroak bata bestearen atzean josi zituen aldizkariak, aldi berean apurka infernurako bidea ere prestatuz: urte bereko udaberrian torturak txikitutako Amparo Arangoaren gorputz ubeldua atera zuen koloretako argazkitan lehen aldiz eta hilabete batzuk geroago ikurrina bete azal, berau legeztatu baino lau hilabete lehenago. Bere gorenean zegoen aldizkaria, “jendea etortzen zen Okendoko egoitzara aldizkaria erostera”, dio Elixabete Garmendiak, aldizkariko orduko zuzendariak eta sasoi hartako Zeruko Argiako bizitzaren kronikari finenak. Emakumezkoak baziren nor Zeruko Argiaren erredakzio haren azken txanpan: Garmendia bera, Pilar Iparragirre eta Lurdes Auzmendi.

1980ko Zeruko Argia bat.
Gainbehera

Garai loriatsuak izan ziren aldizkariarentzat, baina 1977tik aurrera gainbehera etorri zen. Deia eta Egin sortu ziren abertzaletasunaren eskuin-ezker eta Zeruko Argia odolustu egin zen, bai kazetariz eta baita harpidedunez ere. Garmendiak berak hala azaldu du: “Batez ere EAJko alderdikide askok baja eman zuten, gure edizio-lerro borrokalari eta erradikal harekin ados ez zeudelako”.

Kolaboratzaile asko zituen aldizkariak. Azalgile lanetan Bixente Ameztoi, Antton Olariaga edo Jon Zabaleta, esaterako; idazten jende ugari, haien artean, Joseba Sarrionandia, baita Koldo Izagirre eta Ramon Saizarbitoria ere “Baietz astea gaizki bukatu” atalarekin. Gainbehera giro hartan Baleren Bakaikoak Joxemari Ostolaza ekarri zuen aldizkarira, eta geroago honek Joxemi Zumalabe eta Jon Barandiaran. Artean hedabidearen jabe ziren kaputxinoekin ere tentsioa gero eta handiagoa zen eta, desadostasun editorialak eta zorrak akuilatuta, 1980ak apurketa ekarri zuen. Aldizkari honetako 38. orrialdean egindako elkarrizketan Ostolazak berak xehetasunez kontatzen du guztia nola bizi izan zuen.

ARGIAren orena
Heroinaren arazoaz 1982an argitaratutako azala.

Kaputxinoek jarritako baldintza betez, Zeruko kendu behar izan zioten ARGIAri. Ostolaza, Zumalabe eta Barandiaran geratu ziren eta berehala iritsi zen beste gazte kuadrilla bat, haien artean Josu Landa, Pello Zubiria eta Iñaki Uria. Kooperatiba gisa egituratu ziren eta apurka hondamenditik ateratzeari ekin zioten, gaurdaino klabe guztiz garrantzitsua finkatuz: Argia argitaratzen zuen enpresa, egitura juridikoa bat ala bestea izan, langileen esku egongo zen ordutik aurrera. Zeruko Argia ezin zen aldizkariaren izena izan, baina Argia argitaratzen zuen enpresaren izena izango zen 1997ra arte.

Argiak oso egoera latza bizi izan zuen 80ko hamarkadaren lehen urteetan eta 1982an bi hilabeteko etena ere egin behar izan zuen, baina apurka zulotik atera zen, hasierako boluntario taldea langile bihurtzeraino. Testuinguru horretan sortu zen, 1982an, Argia Eguna aldizkaria laguntzeko. Hamarkadaren erdialderako proiektua gorantz zihoan berriz, euskal prentsaren asteroko lekukoari eutsiz. Hamarkada horretan erori zen Anaitasuna eta bere ondarea Argiaren esku utzi zuen.

Egoerak hobetu ahala, teknologia mailan urratsak ematen ari zen taldea eta bertatik, 1985ean, Apika informatika enpresa sortu zuten, gerora ASP izango zenaren aurretikoa. Bi urte geroago Tamayo inprenta erosi eta Antza izenarekin gaurdaino iritsi da orduan eratutako enpresa. 90eko hamarkadan, Argiak, ASPk eta Antzak Ametzagaiña taldea sortu zuten, Argiaren biziraunpenerako ezinbestekoa izan dena; teknologian eta Internet munduan egindako ibilbide oparoa ulergaitza litzateke talde hau gabe.

Euskarazko egunkaria

80ko hamarkada hartan hiru mugarri bederen tinko jarri zituen ARGIAko lan talde hark. Lehenik, Argia zulotik atera, euskal prentsari duintasuna eman eta berau elebitasunetik at bideragarria zela frogatu zuen; bigarrenik, gaurdainoko biziraupena bermatu dioten enpresa sarea eratu zuen; eta hirugarrenik, 1990eko abenduaren 6an Euskaldunon Egunkaria sortzeko abiapuntua eta azpiegitura jarri zituen. Euskal prentsarentzako Eusko Jaurlaritzako diru-laguntzen bidea ere orduan ireki zen.
20ko hamarkadan Donostiako Argiak ezin izan zuena gauzatu zuen Argia berriak, Egunkaria Sortzen plataformako hamaika aktore gehiagorekin batera. 1930ean jeltzaleek bultzatutako El Día elebiduna izan ei zen euskarazko egunkariaren proiektua ehortzi zuena. Egunkariaren kasuan EAJk eta honek gidatutako Eusko Jaurlaritzak euskarazko proiektu publikoa bideratu nahi izan zuten, baina ez zen atera eta Egunkariak argia ikusi zuen azkenean.

Joxemi Zumalabe hil zenean ARGIAk ateratak azala.

Susa literatura aldizkaria –egungo argitaletxearen aurrekaria– eta Larrun pentsamendu aldizkaria, gaur egun hilero Argiarekin gehigarri gisa banatzen dena, hamarkada haren oparoan sortu zituen Argiak. Eta datorren urtarrilaren 25ean Usurbilgo Atxega Jatetxean egingo diren Argia Sarien lehen ekitaldia ere 1989an egin zen. Argia Sariak ezin dira ulertu hil berria den Felix Sarasola aipatu gabe. Hark Txartel, Txitxardin Beltza eta Atxega jatetxeetan sariak antolatzeko bidea erraztu zion ARGIAri.

Aldi berean, 1987tik 1990era kazetari talde handia biltzen joan zen Egunkaria gauzatzeari begira. Donostian egiten zen batez ere Argia, baina Bilbon ere taldetxo bat biltzen hasi zen, besteak beste Laura Mintegi, Antton Azkargorta eta Bilbon kazetaritza ikasten ari zen ikasle talde baten bueltan. EHUn ikasketak euskaraz egindako lehen promozioetako kazetari andana lurreratu zen ordurako Donostiako Egia auzoko Ametzagaiña kaletik Mundaiz Bidera egina zuen Argiako erredakziora: Imanol Murua, Luistxo Fernandez, Lorea Agirre, Sabin eta Iñigo Makazaga lehengusuak, Joxe Angel Aldai, Jose Luis Aizpuru, Andres Gostin edo, besteak beste, Xabier Letona. Hamarkada haren hasieran sortu zen tokiko prentsa ere, 1981ean Ttipi Ttapa aldizkari nafarrarekin. 1988an sortutako Arrasate Press astekariak emango zion, baina, bultzada eta eredua 90eko hamarkadan lehertu zen tokiko eztanda komunikatiboari.

Krisi sakona
Lizarrako su-etena jasotzen zuen azala.

Baina dena ez zen urre izan, Argiako kazetari gehienek eta enpresako koadro nagusiek Egunkaria-ra jo zuten –Pello Zubiria izan zen lehen zuzendaria eta Joxemi Zumalabe kontseilari ordezkaria– eta Argia odolustu egin zen. Garbiñe Ubeda –zuzendari–, Pablo Sastre, Juan Joxe Petrikorena, Iñigo Makazaga eta Xabier Letona geratu ziren ARGIAn. Laster etorriko ziren errefortzuak, besteak beste Egunkaria-ra joandako Josu Landa eta Pello Zubiria, edo enpresa antolatzeko mandatua zekarren Joxemari Irazusta gerente gisa. Krisia gutxienez hirukoitza izan zen: ekonomikoa, kazetaritza ereduari lotua –lehenbiziko aldiz euskarazko eguneroko baten alboan jardun behar zuen Argiak– eta enpresa ereduarena.

Horien ondorioz, Argiak azken 30 urteotan bizi izandako atakarik larriena jasan zuen 90eko hamarkadaren erdialdean. Haren ondorioz itxi behar izan ziren Gorka Izetak koordinatzen zuen Susa aldizkaria eta Patxi Larrionek zuzentzen zuen Larrun. Lan taldean ere murrizketak egon ziren. 1997an euskal gizartean –euskalgintzan bereziki– oihartzun handia izan zuen krisiak. Haren atarian, 1994an, Zeruko Argia SALek gaur egungo Lasarte-Oriako pabiloia erosi zuen, berea izango zen lehen egoitza eta aurrerago bankuen aurrean mailegu eske joatea ahalbidetuko ziona. Kontrara, Bilbon 80ko hamarkadaren amaieran irekitako ordezkaritzari eusteko indarrik ez zuen izan; Ipar Euskal Herrian ere hainbat kolaboratzaile izan ditu Argiak azken 40 urteetan eta lehenbiziko aldiz kazetari bat kontratatu zuen Ipar Euskal Herrian, Mikel Asurmendi.

ENAM-en beso luzeak

Ikuspegi humanotik krisi latza izan zen 1997ko hura, erredakzio taldean eragin handia izan zuen eta zauri sakonak utzi zituen taldeko kideen artean. Edozein modutan, krisi hartan nahasi ziren barne mailako arrazoiak eta kanpokoak ere bai. Ezker abertzalearen antolaketa gune nagusi zen Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduak (ENAM) joera abangoardista handia zuen garai hartan eta eragin handia Euskal Herriko herri mugimendu ugaritan. Argia ere ez zen salbuespen horretan eta tentsio uneak bizi ziren ENAMeko egiturekin, bai borroka armatua zela-eta ezker abertzale osoaren baitan sortzen ari ziren arrakalak medio, bai izaera abangoardistaren ondorioz, ENAMek herri mugimenduko elkarte eta erakundeak kontrolatzeko zuen joeragatik.

1997ko Nafarroa Oinezi eskainitako azala.

1997 hartan, esaterako, Herri Batasunako hainbat buruzagik elkarrizketak ukatu zizkioten Argiari –“zuen barne arazoak konpondu arte”– edota euskal kulturako eta ezker abertzaleko pertsona esanguratsuek Lasarte-Oriako egoitzaren aurrean “egoera konpontzeko” eskatuz presio-bilkura egin zuten pankarta eta guzti. Eta txarrena, ENAMeko muinetik Argia ez erosteko eta harpidetzetan bajak emateko mezuak ere zabaldu ziren; harpidetzetan kalte esanguratsua egin zioten.

Baina hartatik ere aurrera atera zen lan taldearen gehiengoa eta krisiari aurre egin asmoz Zeruko Argia SAL atzean utzi eta 1998an Komunikazio Biziagoa SAL sortu zen, egun aldizkaria argitaratzen duena. Hautatutako izenak asko adierazten du orduko giroaz, Egunkaria sortu ondoren Argiari kosta egin baitzitzaion bere lekua bilatzea, eta komunikazio biziagoa eta sendoagoa egitea ezinbestekoa zuen. Argia eraberritu eta harrezkero dena kolorez inprimatu zen. Krisi sakon hartatik jadanik bere baitan ziren bi balore biziki indartu ziren: bata, langileak jabe izatea; bestea, proiektuaren independentzia.

Interneterako prest

Krisiaren ondorengo hilabete eta urteetan kazetari andana berria heldu zen erredakzioaren hutsunea betetzea, besteak beste Onintza Irureta, Nagore Irazustabarrena, Eriz Zapirain edo Estitxu Eizagirre. Eta krisiaren muinean, 90eko hamarkadaren erdian jadanik hasi ziren entzuten interneteko lehen oihartzunak. Inguruko hedabide gehienek ez bezala, aldizkariak biziraupen leihoa ikusi zuen hartan eta laster ekin zion bere edukiak digitalizatzeari Sareko Argia izeneko atarian. 1997an Argiak 1963tik 1996ra arteko elkarrizketa guztiak argitaratu zituen CD-ROM batean. 1996an Ttipi Ttapa-k euskarazko prentsaren lehen edukiak jarri zituen sarean eta 1997an gauza bera egin zuen ARGIAk. Sarean jarri eta zabaldu, Hari@ buletinaren bidez laster ekin baitzion zerbitzura harpidetutako 2.000 lagunei egunero jorratzen zituen albisteak bidaltzeari.

Evo Morales, euskal hedabide batek elkarrizketatzen zuen lehen presidentea.

Mende bukaeran jada, Argia prest zegoen XXI. mendeko iraultza digitalari eusteko. Gainerako hedabideetan moduan, urteetako eztabaida izan da edukiak libre edo ordainduz eskaintzea, eta behin baino gehiagotan egon da Argia bere edukiei giltza jartzekotan, baina azkenean beti gailendu da doan eskaintzearen aukera. Euskarak berez baditu nahiko oztopo egungo gizartean, guk gehiago jartzeko moduan; beraz, errentagarritasunaren aurretik –hau giltzarrapoak lortzen duen ere oso zalantzazkoa– Argiak zabalkundea hobetsi du XXI. mendeko lehen bi hamarkada hauetan. Aldizkaria ikusmolde horrekin iritsi da bere mendeurrenera: eduki guztiak libre eta CC by-sa lizentziapean, nahi duenak hartzeko moduan, beti ere baldintza berean zabaltzen baditu. Aldizkariaren ustez, formula honek etorkizun handia izan dezake euskal hedabideen arteko edukiak inoiz ez bezala partekatu eta zabaltzeko. Interneteko eguneroko edukietan asko erabiltzen duen formula da, lizentzia bereko beste hedabideetako albisteak ARGIAra ekarriz.  

Web telebista ere bai

XXI. mendeko lehen hamarkadan aldizkariak komunikabide multimedia bihurtzeko prozesuari ekin zion bete-betean, idatzizko eduki guztiak sareratzeaz gain ikus-entzunekoak ekoitziz eta zabalduz,  Kataluniako Vilaweb-ek hala egiten zuela ikusirik. 2006an Boliviako lehendakari Evo Moralesi Amets Arzallusek eta Txomin Txuekak egindako elkarrizketa izan zen lehena. Zerrenda handia etorri zen ondoren, eta horien artean azpimarratzekoak dira Hitzetik Hultzera bertsolaritza saioa edo gazteen artean arrakasta handia lortu zuen Beranduegi informatibo satirikoa. XXI. mendeko lehen hamarkadan Argiako erredakzioan lurreratutako kazetari gazte andana klabea izan zen sare sozialak, multimedia eta kazetaritza edukiak indartzeko: Urko Apaolaza, Unai Brea, Jon Torner, Gorka Bereziartua, Mikel Garcia, Lander Arbelaitz edo Axier Lopez, esaterako.

Multimediaz gain, Argia-k bi hamarkada hauetan urrats esanguratsuak eman ditu enpresa dibertsifikazioaren ikuspegitik. TXT denborapasen hilabetekaria egin zuen, Luditoys jolasen enpresa sortu eta, Ametzagaiñako beste enpresekin batera, gaur egun lanean diharduen Iametza Interaktiboa teknologia eta eduki digitalak lantzen dituen enpresa. Testuinguru horretan kokatzen da, halaber, Jakoba Errekondorekin batera bultzatzen duen Bizi Baratzea proiektua ere. Sare sozialetan ere hasieratik murgildu zen eta Twitter, Facebook, Instagram, Telegram eta Mastodonen zabalkunde eta eragin handia izatea lortu du.

Gasteizko Errekaleor auzoari emaniko azala.
Botere eta soldata banaketa

Kanpora begira, azken urteetan buru belarri jardun du euskal hedabideen Hekimen elkartearen sorreran eta garapenean. Gaur egun proiektu txikiak hasi da bideratzen migratzaile senegaldarrak biltzen dituen Bilboko Mbolo Moye Doole elkartearekin edo hainbat liburu argitalpen ELArekin batera. Ekonomia eraldatzailearen OlatuKoop sareko kide ere bada. Barrura begira, langileen parte-hartzea eta demokrazia laborala azken 40 urteetako identitate zeinuetan izan badira ere, azken bospasei urteetan gogor ekin dio balore horietan sakondu eta horizontalean lan egiteari, boterea, ardurak eta soldatak ahalik eta modu berdintsuenean partekatuz. Lurraldetasuna indartzeko saiakerari ere eusten dio Argiak. Amaia Lekunberri Bizkaiko berri ekartzeko kontratatu izana da horren lekuko.

Izen asko aipatu dira erreportaje honetan, jakitun horrekin injustizia handia egiten dela aipatzen ez direnekin, gehienetan kazetari lanetan ez dabiltzanak, eta kazetariak bezain ezinbestekoak direnak Argia bere mendeurrenera iritsi izan dadin. Harpidedunak, irakurleak, publizitate emaileak, langileak, enpresa babesleak, euskal instituzioen diru-laguntzak… osagai horietako bakoitza izan da ezinbestekoa proiektu honen biziraupenerako. Gaur egun, Argiako lantaldeak euskarazko kazetaritza independentea jorratzen jarraitzen du, Euskal Herria, euskal kultura eta gizarte eraldaketarekin erabat konprometitua, edozein gizarte demokratikok behar duen kazetaritza librea lantzen eta aldarrikatzen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetaritza
Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


2024-03-21 | Euskal Irratiak
Urtzi Urkizu
"Susmoa dut gizartearen parte handi batean badagoela kezka ETB-rekin"

Berrian lan egiten duen kazetariak, Euskal Telebistaz liburua idatzi berri du Txoria hodei artean, ETB lehen eta gero. Galdera batekin abiatzen du liburua kazetariak: 40 urte bete dituen Euskal Telebistak behar den gisan arrapostu ematen al dio euskal jendartearen egungo... [+]


Pablo Gonzalez "berehala" askatzea exijitu dute Gernikan eta nazioartean

Bi urte Polonian preso daraman kazetaria "berehala" askatzeko exijitu dute ehunka lagunek Gernikan. Madrilen, Espainiako Kongresuaren aurrean elkarretaratu dira alderdi ugaritako diputatuak; Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresen esanetan, kazetariaren... [+]


Eguneraketa berriak daude