"Guretzat arrakasta jendearekin konektatzea da"

  • Bere kabuz ikasi du gitarra jotzen; musika bizitzeko eta erlazionatzeko modu baten adierazpide gisa ulertzen du, ez hartatik bizitzekoa. Oki Moki eta Arrotzak taldeetako kidea da, eta egungo gitarra jotzaile intuitibo eta zorrotzenetakoa.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Soslaia

Hamabost urte inguru zituela hartu zuen aurrenekoz gitarra eskuetan Aritz Aranburuk (Getaria, Gipuzkoa, 1985). Anaia zaharragoaren bitartez zaletu zen musikarekin. Getariako gaztetxean ordu mordoxka igarotakoa da, kontzertuak antolatzen eta era askotako erreferentziak entzuten, barneratzen. 1980ko hasieratako punka izan du beti oinarrian, abiapuntu, baina molde batez edo bestez beti bere esparrura eraman du musika sorkuntza. Gitarra jotzailea, abeslaria, letren egilea. Eta disenu grafikoa Bartzelonan ikasitakoa. Horretan egiten du lan egun, Donostian. “Nire burua beti ikusi izan dut musika kontsumitzaile bezala musikari baino gehiago”. Hala ere, egun bi musika proiektutako kide da: Oki Mokirekin Ocean Breeze plazaratu zuen iaz, bikote formatuan (Paula Estevez da beste kidea). Marketinaren beharrik izan gabe oihartzuntxoa lortu zuen punk melodiko argitsu hark. Arrotzak laukotearekin, aldiz, bigarren diskoa plazaratu berri du: Lurzoru hotzetik. Punk garratzagoa egiten du proiektu honetan.

Abuztuaren erdialdera Bandcamp plataforman jarri zuten entzungai Lurzoru hotzetik bigarren diskoa. Aste horretan aurkeztutako zazpi diskorik interesgarrienen artean sartu zuen plataformak berak. Taldeak ez du ia beste inolako marketin beharrik izan. Sare sozialik ere ez dute. Ahoz ahokoa dute zabalkunde tresna. Hilabete honetan jarri dute salgai diskoa formatu fisikoan. 

Kostaldekoa izanik, eta izen horrekin, sekula nahastu zaituzte surflariarekin?

Bai, askotan, eta gainera adin berekoak gara. Bera zarauztarra, ni getariarra. Gogoratzen dut Messengerraren garaian jende asko batzen zitzaidala, profila begiratu eta askok izaten zuten surfarekin loturiko zerbait. Orduan ulertzen nuen kontua. Gero, Bartzelonan bizi izan nintzenean ere askotan galdetzen zidaten: “Hi al haiz surflaria?”. Eta nik; “Ez, ez, sentitzen diat huts egitea, baina ez nauk ni!”.

Surf musikak eragin izan dizu inoiz?

Gazte garaian izan nuen Dick Dale, Link Wray edo The Ventures klasikoen unibertsoan sartzeko parada. Ederra da hizkuntzarik gabeko, ahotsik gabeko reverb-dun gitarra nota soil batzuekin Kaliforniako hondartzetako imaginariotik Sergio Leoneren desertu urrunetara bidaiatzea.

Gitarra irakaslerik sekula ez?

Ez, ez dut inoiz izan. Beti etxean ikasi dut. Gaztetxotan solfeo klaseetara joan nintzen, gurasoen eraginez. Askori kosta egiten zaio ulertzea, oraindik ere, gauzen esentziara joan litekeela ikasketa akademikorik gabe.

Zein ziren zure erreferente musikalak gaztetxotan?

Batetik 80ko hamarkadako euskal punkaren eragina ezinbestean jaso genuen: RIP, Eskorbuto… Baina gero gure garaikoek harrapatu gintuzten, punk oinarrizko horretatik ateratzen zirenak: Dut, Lisabö… Gure muga izugarriekin haiek bezala jotzen saiatzen ginen. Gaztea zara, belaki bat bezala jasotzen duzu dena.

Diseinuak ala musikak deitu zuen zure arreta lehenago?

“Askori kosta egiten zaio ulertzea, oraindik ere, gauzen esentziara joan litekeela ikasketa akademikorik gabe”

Biek ere nahiko elkarrekin egin dute bidea nigan. Internet aurreko garaian korreoz erosten genituen kaseteak, CD-ak… eta objektua esku artean izateak garrantzi handia zuen. Emozionalki beste kontu bat zen, eta horretan diseinuak eragin handia zuen, azalak, letrak irakurtzeak, objektua ukitzeak... Nahiz eta kontziente ez izan, alde bisualak, grafikoak zein ukimenak garrantzia zuen, eta pixkanaka jaso egiten duzu hori dena. Baina aurrena musika izan zen, eta horrekin lotuta diseinua.

Oki Mokirekin, harrera ona lortu zenuten iaz. Dezente mugitu zineten. Aurten Arrotzak-ekin bigarren lana atera duzue, Lurzoru hotzetik. Ahoz ahokoak funtzionatzen du zuen kasuan?

Hala ematen du. Gure funtzionatzeko modua hori da, pretentsio askorik gabe ibiltzea. Zerbait zintzoa egitea: ez dugu inoiz bilatu publiko masiboarengana iristea edo arrakasta komertziala izatea. Askorik bilatu gabe, eta ahoz ahokoaren bidez, kontzertuak lortu izan ditugu, bai Oki Mokirekin, baita Arrotzakekin ere. Orain artean ez dugu gehiagoren beharrik izan.

“Zintzotasun” hitza aipatu duzu. Hori eskatzen diozu musika talde bati?

Bai, gure parametroetan mugitzen diren taldeei bai. Ulertzen dut zenbait talderentzat musika ogibidea dela, eta alde batera edo bestera jo behar izatea. Bakoitzak bere bidea hartzea dauka, eta hori ulertzen dut, baina ni ibiltzen naizen zirkuluetan, zintzotasuna ezinbestekoa da.

Oki Mokik eta Arrotzakek, euren desberdinean, punk oinarria dute komunean; tonuan eta intentsitatean desberdintasuna?

Oinarria oso antzekoa dute, soila eta sinple samarra da. Horretan, paradoxikoki, zerikusia izan dezake oso gaztetatik Getariako gaztetxean ikusitako musika esperimentalak. Gauza desberdin asko jaso dugu hor: gogoratzen dut 16 urte nituela, neguko asteazken batean, Japoniako talde bat, guztiak untxiz mozorrotuta performance musikala egiten, adibidez. Eta, agian horregatik, nik musika egiterakoan kontrakora jo dut, oso oinarrizko egituretara. Iruditzen zait esentzia bilatzeko joera dudala.

Baita melodia ere, modu garratzean izan arren…

Bai, Arrotzak egiteko elkartu ginenean, bakoitza gauza desberdin batetik gentozen; eta laurok bageneukan zerbait oinarrizkoagora itzultzeko gogoa, gaztetatik hunkitzen gintuzten egitura sinpleago horietara. Zerbait zuzenagoa bilatu nahi genuen. Arrotzakek badu melodia, baina erraietakoagoa da, eguneroko gauzetatik oka egitea bezalako zerbait da.

70eko hamarkadako eta 80etako hasierako do it yourself filosofiarekin eta punkarekin alderatuta zer ezaugarri ditu egungoak?

Uste dut egun Internetek duen inpaktuak gauza asko aldatu dituela. Nik esentzia bertsua ikusten diot. Hala ere, uste dut Euskal Herrian adibidez, 80ko hamarkadako punk taldeek bilatzen zutela nolabait arrakasta komertziala. Do it yourself-i beharrean, esango nuke homemade filosofiari jarraitzen ziotela. Bakoitzak bere lokalean grabatzen zuen lehen lana, ez zutelako beste ezer, baina do it yourself-a niretzat gehiago da gauzak ulertzeko modu bat: “Ez dugu horra ailegatu nahi” esateko modu bat; osotasun gisa ulertzea musika eta musika egiteko modua. Eta arrakastak ez du batere inporta.

Zuek horrela ulertzen duzue musika?

“Trapa, genero bezala, igual da uneko kontu bat, baina teknologia berriek pisu handia izango dute musika egiteko formetan”

Bai, bai… Musika guretzat da bizirik sentitzeko modu bat, ez hartaz bizitzekoa. Jendearekin komunikatzeko eta konektatzeko modu bat da, modu gizatiarrean alegia, eta ez arrakastaren lainoetan pentsatuz. Alegia, guretzat arrakasta da jendea ezagutzea, jendearekin konektatzea. Zuk egiten duzunarekin disfrutatu egiten duen jendea ezagutzea izugarria da.

Zuen izenari jaramon eginez, arrotz sentitzen zarete Euskal Herriko musikaren ingurumarian?

Ez, baina ikusten da talde bakoitza pixka bat bere bidetik doala. Izena etorri zen taldeko lau kideok gure bizitzak euren herritik kanpo egitetik gentozelako; herrira bueltatu ginen eta halaxe jarri genion izena taldeari, gehiegi pentsatu gabe.

Soinu aldetik, ezaugarri komun samarrak dituzten taldeetatik gertu sentitzen zarete edo ez?

Gu gehiago mugitu izan gara gauzak egiteko moduari erreparatuz, eta ez hainbeste musika estiloari edo soinuari. Esaterako, Oki Mokirekin alderatuz, antzekorik ez dugu inguruan behintzat. Baina, askotan gertuago sentitzen gara Zarauzko gaztetxeko oso talde kañeroetatik, ezen ez Donostiko pop talde batetik. Bilboko Killerkumerekin ez dugu inolako antzekotasunik, baina beti mugitu izan gara funtzionatzeko parametro berdinetan, eta askoz ere gertuago sentitzen ditugu haiek beste talde asko baino. Edo Vulk taldekoak berdin.

Argazkia: Dani Blanco.

Underground hitzak zer esanahi dauka gaur egun. Badu esanahirik?

Hitz hori oso xahututa ikusten dut. Ikusten dut trapean dabilen zenbait gazte multinazionalek xurgatutako jaialdi handietan arrakasta komertzial bila dabilela, eta guztiek erabiltzen dute hitz madarikatu hori… eta ez dakit zer pentsatu. Oso desbirtuatua, nahasia ikusten dut, beste mundu batetik datorren jendeak nola darabilen ikusita.

Bada dioenik rock-and-rolla, edo haren oinarria agortuta dagoela eragile modura, eta rapa, trapa, reggaetoia, eta gisako genero kaletarrak direla rock berria.

Nik nahiko behartua ikusten dut baieztapen hori. Trapa duela bizpahiru urte lehertu zen, eta ikusi beharko da zer bide egiten duen… baina egia da punk jarreraren formak aldatzen ari direla: probokazioari eta medio gutxirekin norberak egindako homemade horri igual orain trapa egokitu zaio: etxean egindakoa, barrenak eskatzen dizuna botaka egitea, kantak egin eta erakustea, diskorik ateratzeko beharrik izan gabe… hori izugarri ondo iruditzen zait. Trapa, genero bezala, igual da uneko kontu bat, baina teknologia berriek pisu handia izango dute musika egiteko formetan.

Ingelesez (Oki Mokin), euskaraz eta gaztelaniaz (Arrotzaken) idatzi eta kantatzen duzu. Bada zuen belaunaldiaren ezaugarri bat. Nola dator hizkuntza bat edo beste?

Arrotzaken euskaraz egingo genuela garbi genuen, eta nik aspalditik nuen gogoa abestietan hitanoa entzuteko eta erabiltzeko. 80ko hamarkadako punk taldeentzat oso egokia izango zela iruditzen zait; tabernetan entzuten zen hika gure herrian, arrantzale giroan zer esanik ez, baina kantetan batere ez. Kantuetan zuka leun hori! Amorrua eta malaostia atera nahi baduzu, kaleko hitano hori baino hoberik! Tresna egokia da hitanoa, eta ez dut ia sekula entzun kantuetan.

Eta gaztelania?


“Aurreiritzi asko gainditzen joan garen lekua da gaztetxea. Eta gauzak egiteko modu bat ikasi duguna”

Guk oso natural egin dugu euskaraz Getarian; ez dugu izan beste zenbait lekutan izan duten mehatxua hizkuntza galtzeko. Eta leku horietan sentitu izan dute automatikoki behar bat euskaraz egiteko, bestela galtzeko mehatxua izan zezaketelako. Guk ez dugu presio hori izan, eta uste dut beste lasaitasun batekin entzun izan dugula ingelesezko musika, edo pintxatu dugula gaztelaniazko kanta bat, edo errusieraz, edo japonieraz… eta kantatzeko ere, espresio tresna diren heinean, zenbait ideia erdaratan transmititzeko nahia eta beharra sentitu izan dut.

Baina euskaraz ere sentitzen duzu beharra…

Bai, eta Arrotzakekin euskaraz egiten ditut letra asko. Gauza askotarako onena euskara dela uste dut.

Getariako gaztetxea zer izan da zuretzat?

Burua ireki eta lehertu zaidan lekua. Azken hamabost bat urtean 300-400 taldetik gora izan dira hor, eta denetarikoak, leku, estilo, formazio oso desberdinetakoak. Eskola handi bat. Aurreiritzi asko gainditzen joan garen lekua da gaztetxea. Eta gauzak egiteko modu bat ikasi duguna.

Adibidez?

Adibidez umiltasuna erakutsi digute kanpotik etorri diren talde askok. Gurekin afaldu gaztetxean, eta norberak bere platera jaso eta garbitu izan duenean, adibidez. Kontrakoa gertatu izan baitzaigu: hemengo zenbait talderi kontzertuak antolatu eta gero haien jarrera oso bestelakoa izatea, kexak izatea. Umiltasuna eta egoa apaltzen ikasi dugu. “Ez naiz inor baino gehiago, eta ez daukat ezer demostratu beharrik”. Dena denon artean egiten dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Punk
2022-12-27 | Julen Azpitarte
Jayne County, rock transgeneroaren aitzindaria

Asturiasko Colectivo Bruxista argitaletxeak gaztelerara itzuli du Jayne County musikari transgenero estatubatuarreren autobiografia: Man Enough To Be a Woman. Rock transgeneroaren aitzindaria da County, baita sortzen ikusi zuen punk eszenaren diva izandakoa ere. Lerrootara... [+]


Punk arrastoak III
Anarkiatik 'rave'-etara

1960ko hamarkadaren amaieratik nonahi aurki daitezke punk kulturaren aztarnak. Hiru artikuluko serie hau bukatzeko,  agerpen horietako batzuei buruz ariko gara: AEBetako zenbait talde iraultzaile, Malcolm McLaren, Sex Pistols eta eztandaren ondorengo hamarkadetan punk... [+]


Punk arrastoak II
Gazte basatiak, absurdoa, tiroak, iraultza

Punkak pinturan izan zituen aurrekariez jardun genuen orrialde hauetan joan den astean. Lehen Mundu Gerraren ondoren Europan agertu ziren zenbait eztanda artistikori buruz arituko gara aste honetakoan, besteak beste dadaismoa, surrealismoa, mugimendu letrista, beat... [+]


Punk arrastoak pinturan
Etorkizuneko apurketak iraganean

Los Picoletos bikoteak “Quinquis, macarras y skaters. Rastros del punk en el arte contemporáneo” (“Kinkiak, makarrak eta skaterrak. Punk arrastoak arte garaikidean”) sei saiotako mintegia antolatu zuen 2021eko ekainean BilbaoArte aretoan. Astean bi... [+]


2022-01-14 | ARGIA
6.000 euroko isuna, La Polla Records taldearen Gasteizko zuzenekoetan osasun-araudia ez betetzearren

Osakidetzak 6.000 euroko isuna jarri dio Last Tour enpresari, La Polla Records taldeak Gasteizen emandako bi kontzertuen arduradun izanik covid-19ari aurre egiteko "osasun-araudia ez betetzeagatik". Arrazoi horregatik jarri daitekeen isunik handiena agindu du... [+]


Eguneraketa berriak daude