Jayne County, rock transgeneroaren aitzindaria

  • Asturiasko Colectivo Bruxista argitaletxeak gaztelerara itzuli du Jayne County musikari transgenero estatubatuarreren autobiografia: Man Enough To Be a Woman. Rock transgeneroaren aitzindaria da County, baita sortzen ikusi zuen punk eszenaren diva izandakoa ere. Lerrootara ekarri ditugu haren bizitzako zenbait pasarte.


2022ko abenduaren 27an - 01:00
Azken eguneraketa: 09:30

Jayne County musikaria 1947ko uztailaren 13an jaio zen Wayne Rogers izenez, AEBetako hegoalde kontserbadorean, Georgian. Giro tradizional horretan jaio izanagatik ere, familiako kideen aldetik, ia guztiak emakumeak, begirunea baino ez zuen jaso. Ama, amama eta izebarekin bizi zen, eta lehengusinekin jolasten zen. “Oso eroso sentitzen nintzen giro femenino hartan”. Hala, etxetik amamaren soineko zaharrekin eta panpinekin aritzen zen. “Waynek neska izan behar zuen”, esaten zuen amonak.

Countyk Man Enough To Be a Woman autobiografian jasotzen duenez, “hegoaldeko haur maritxu bat izan nintzen, neskatxa bat. Ez dakit nire inguruneagatik izan zen, nire organismoko hormonengatik, edo bi gauzengatik. Amari estrogeno kopuru handiak injektatu zizkioten nitaz haurdun zegoela, desoreka hormonal hereditarioa baitzuen. Baina ezbairik gabe, inguruak zerikusia izan zuen, kasik emakumez soilik inguratuta bizi izan bainintzen”.

Countyk, baina, laster utzi zuen bere jaioterria New York, Londres eta Berlin ezagutzeko. Hiru hiri horietako eszena undergroundetan murgildu zen, bai eta hiruretan nabarmendu ere, sekula ospe handirik lortuko ez zuen arren. Undergroundeko antzezle eta musikari bilakatu zen, lurrazpiko izakien aitortza jaso arte. Hala haragitu zen XX. mendeko historia kontrakulturaleko funtsezko pertsonaia, betiere bigarren mailan kokatuta, bere trans izaera tarteko. Izan ere, pop kultura askatzailea zen, baina industria, aldiz, kontserbadorea. Hain zuzen ere horrexegatik, diskoetxeekin izan zituen harremanak gatazkatsuak eta, gehienetan, antzuak izan ziren. Eta horretaz gainera, konpainietako gizonen aldetik hainbat jokabide baztertzaile pairatu zituen. “Trans izateagatik publizitate asko lortu dut, baina benetako arrakasta izateko oztopoa izan da”, dio.

Bere ibilbidean aztarna utzi du Countyk. Punk estetikaren sustatzaile nagusienetako bat izan da; 1969 urtean, New York hiriko Stonewall-eko erreboltan parte hartu zuen, zeina AEBetako LGTBIQ+ eskubideen aldeko mugimenduaren katalizatzaile bihurtu zen; Max´s Kansas City areto ezaguneko disko jartzailea izan zen; Andy Warholen film eta antzezlanetan parte hartu zuen; David Bowiek sortutako Ziggy Stardust pertsonaiaren eragin zuzena izan zen; punk-ak eztanda egin zuenean, Londresen zegoen The Electric Chairs taldearekin; The Police taldearekin bira egin zuen Europan barrena… Hartara, bere ondorengoen aurretik aritu arren eta hastapenetatik izaera aitzindari apurtzailea erakutsi arren, gibelekoek aurrea hartu zioten, zegokion sona eta aitortza guztia beraiek jasotzeko.

Bere bizitza gorabeheratsu bezain amultsua 1993. urtean idatzitako Man Enough To Be a Woman –bere kantu baten izenburua da– autobiografian jaso zuen estatubatuarrak. Liburua gaztelaniara itzuli du Asturiaseko Colectivo Bruxistak, eta itzulitako edizioan Countyk 2021. urtean idatzitako gibel solas oparoa jaso dute. Donostiako Le Mans eta Aventuras de Kirlian taldeetako musikari ohi Ibon Errazkiren bidez ezagutu zuten asturiarrek liburua, eta Errazkinek berak eta Tito Pintadok itzuli dute.

“Gay Power! Gay Power! Gay Power!”

60ko hamarkadako Britainia Handiko rock taldeen oihartzunak sorginduta, eta pertsonaia nagusitzat trabestiak zituen poltsikoko literaturak bultzatuta, Countyk jaioterria utzi zuen Atlantako gay azpikulturan murgiltzeko. “Urtebete eskasean, sasoiko maritxu zalapartatsu batean bihurtu nintzen: jendeari oihu egiten nion erabat makillatuta, mutilei aldarri egiten nien gero haiengandik ihes egiteko (…) Maritxu oihulari batek hori egiten zuen, jendea bere onetik atera”.

1967. urtean Atlanta abandonatu eta autobusa hartu zuen San Frantziskora joateko asmoz, baina lineaz erratu eta New York hirian amaitu zuen. Ibilgailutik jaitsi zenean ezagutzen zuen gay taberna bakarrera jo zuen, Greenwich Village-ko Stonewall ostatura, zeina Amerika guztian zen famatu.

“1969. urteko udan, nire bizitza aldatu zuen zerbait gertatu zen, nahiz eta urteak pasatu ziren bere garrantziaz jabetzeko”. Stonewalleko erreboltaz ari da County.

Poliziak sarekada egin zuen tabernan, bigarrena aste berean, ostiral gaueko 01:00ak aldera eta edaritegia jendez gainezka zegoenean. 200 bezero inguru kalera bota zituzten –lesbianak, gayak, pertsona transgeneroak, ihes egindako nerabeak eta drag queenak–. Jendetza horrek aurre egin zien segurtasunagatik taberna zulo barruan ezkutatu ziren poliziei. Homosexualak ohituta zeuden Poliziarengandik ihes egitera, baina oraingoan beraiek zeuden erasoaldian, eta poliziak erretiratzen. Homosexualen eskubideen aldeko mugimendua ez zen gau hartan hasi, baina indarberritu egin zen; mugimendua sutu zuen txinparta bilakatu zen.

“Miss Peaches  eta Miss Marcia, Village-ko trabesti ahozikinak, sutan zeuden. Kalera atera ziren, tabernako atea itxi zuten, barrikada bat egin zuten zaborrarekin, eta su eman zioten, poliziak barruan zeudela. Tabernara iritsi nintzenean, atea kiskalita zegoen, eta Poliziaren kotxeak leku guztietatik iristen ziren”. Garrasi artean, trabestiak txakurren autoetara igo ziren saltoka hasteko: “Gay Power! Gay Power! Gay Power!”. Iskanbilak igandera arte iraun zuen, domekan matxinada urardotu izanagatik ere. Biharamunean, astelehenean, Countyk hippy “oso hetero” batekin egin zuen topo kalean. “Ez du ezertarako balioko (erreboltak)”, esan zion. “Maritxuak ez dira antolatzeko gai”, gehitu zuen . Countyk bere autobiografian azaltzen duenez, jende asko bat zetorren hippyarekin. “Afera ikuspegi politiko batetik aztertu zen arte denbora asko igaro zen, baina istiluak ez ziren ekintza politiko bat izan berez (…) Egun haietan ez genuen trans identitatearen kontzepturik ere”.

 

 

New York-eko CBGB aretoa.
Borroka librea agertokian

Countyren musika ibilbidean makina bat mutazio izan dira. 1972. urtean, Queen Elizabeth taldea eratu zuen, zeinak kontratu bat sinatu zuen David Bowieren management-arekin, baina ez zuen sekula ezer grabatu. Bi urte beranduago, Wayne County And The Backstreet Boys osatu zuen, eta taldeak sarri jo zuen New Yorkeko eszena proto-punkean, hala nola CBGB eta Max's Kansas City areto ezagunetan. Azkenik, 1977. urtean, Londreseko punk leherketa bertatik bertara bizi izan zuen Wayne County & The Electric Chairs taldearekin; azken izen horrekin jo zuen, hain justu, Iruñeko Reverendos aretoan 1995. urtean.

Transgresioa eta probokazioa Countyren jardunaren bi ezaugarri nagusiak izan ziren: sexuaren inguruko hitz mingarriak, soineko deigarriak, eta glam-rocka eta punk-rocka zorrotz zeharkatzen zuten gitarra gordinak, betiere performance arriskutsuetatik gertu zeunden ikuskizunak eskaintzeko. “Makillatzen zen gizon gisa hasi nintzen, arropa eskandalagarriak janzten nituen, eta rock formatuan egiten nuen lan. Ez nuen abesten `dantza dezagun rocka gau osoan´, baizik eta `sar iezadazu´, `zoaz pikutara´ edo `nekez aritzen zara ohean´”.

Jarrera zirikatzaile eta oldarkor horren erakusle The Dictators taldeko abeslari Handsome Dick Manitobarekin bizi izan zuen afera da. 70eko hamarkadan gertatu zen, CBGB aretoko agertokian, The Backstreet Boys taldearekin ari zela. Manitoba borroka libreko borrokalari profesionala zen, eta harropuzkeriaz, irainka hasi zitzaion Countyri: “Marikoi! Marikoi! Trabesti hori!”. Musikariak, halaber, erasokor erantzun zion. Manitoba berotu, eta oholtzara igo zen garagardo pitxer bat eskuan zuela. Musikariak mikroaren oin pisutsuarekin jo zion, klabikula apurtu arte. “Eszenatokitik hegan atera zen, mahai baten kontra jo zuen eta burua ireki zuen izkina batekin”. County erabat trabesti zegoen, pelukarekin eta soineko gorriarekin, eta eskuak eta aurpegia odolez beteta zituen. Ikuslegoa erotu egin zen: “Hil ezazu, Wayne!”. Taldea, bat-batean, Wash Me In The Blood Of Rock & Roll jotzen hasi zen, egokiagoa ezin. Manitobak epaitegira eraman zuen County, baina The Dictators-eko musikaria ez zen inoiz epaitegian agertu; hortaz, karguak gaitzetsi zituzten.

Gaur eguneko Countyk zerikusi gutxi dauka punkaren garaiko sortzaile probokatzaile eta urratzailearekin. Egun bere jaioterrian bizi den emakume nagusia da, zeinak koadroak margotzen igarotzen dituen egunak, bere katuez inguratuta. “Leku eder bat daukat bizitzeko, eta ibilbide bat egin dut pintore gisa. Ibilbide horrekin gozatuko dut eta sortzaile izaten jarraituko dut, hil arte. Ez zen inondik inora espero nuena. Askoz hobea da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
2025-05-06 | dantzan.eus
Aukerarik izan ez zuten emakumeek plazaratuko dute Legazpin ezpata-dantza

“Guk entseatu egiten genuen, mutilei erakusten genien, parrilarako laguntza behar zutenean hor egoten ginen, baina gero sekula ere ez genuen dantzatzen plazan, ezta burutik pasa ere”. Oihane Auzmendi Iturbe (Legazpia, 1977) Sustraiak dantza taldeko dantzaria da,... [+]


Unax Aizpurua eta Aroa Arrizubieta izan dira Gaztetxeak Bertsotan finaleko txapeldunak

Martxoak 14an Itsasuko (Lapurdi) Goxoki Gaztetxean hasitako sei saioko ibilbideak maiatzaren 3an izan du finala Gernikako gaztetxe okupatu berrrian. Egurre Gazte asanbladaren laguntzaz egun osoko egitaraua izan zen larunbatean. Finaleko bigarren fasera, Maddi Aiestaran eta... [+]


2025-05-05 | ARGIA
14.000 “maite zaituztegu” Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoentzat

“Maite zaitut” herri omenaldia egin diote maiatzaren 3an Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei Barakaldon, BEC erakustazokan. Euskal gizarteari egindako ekarpena eskertu nahi izan diote milaka pertsonak Maite Zaitut Kultur Elkarteak antolatutako jaialdian.


Nagusitasun absolutua

Amartuvshin Enkhbat baritonoa

Pianoan: Stefano Salvatori.
Antolatzailea: OLBE.
Zer: Verdi, Mascagni, Leoncavallo eta Giordanoren operen ariak.
Non: Bilboko Euskalduna Jauregian.
Noiz: martxoaren 29an.

[+]


Herriaren bihotza zabaltzeko giltza

Martin Martina eta urrezko orraziaren misterioa
Amancay Gaztañaga
Elkar, 2024

-----------------------------------------------------

Amancay Gaztañagak Martin Martina eta urrezko orraziaren misterioa kaleratu du Alain Martinezen ilustrazioek lagunduta... [+]


2025-05-05 | Behe Banda
barra warroak
Eta egun bat gutxiago

Bizilagunen obren zarata gogaikarriak esnatu nau gaur ere. Burkoan burua bildu, eta saiatu naiz beste hogei minutuz lo egiten, baina ez zegoen zulagailu hura isilduko zuenik. Jaiki eta apirila hasieran egin nuen eginbeharren taulari begiratu diot; hala zioten errotuladore... [+]


Zaintzen dugulako maite dugu, ala maite dugulako zaintzen dugu?

"Maitasuna" hitza darama izenburuan Galdera Basatiak podcastaren laugarren atalak, baina eraman zezakeen "harremanak", "bakardadea", "dependentzia"... Hari mutur ugaritan barreiatu dute Izaro Toledok eta Iñigo Martinezek.


2025-04-30 | Jon Torner Zabala
Aramu + AimarZ
Bizirik bada, musikaren berotasunagatik da

Aramu + AimarZ
Noiz: apirilaren 26an.
Non: Zumarragako Zelai-Arizti frontoi irekian.

---------------------------------------------------------

Udalaren webguneak dio: "Bide Bizia marka turistikoa eta izen bereko jaialdia Zumarragaren arima munduari erakusteko,... [+]


Ziburuko azoka - Azokaroa
“Azoka hedatzen ari gara, baina gure neurrian, era kontrolatuan”

2019an hasi zen Ziburuko azoka eguneko ekitaldi gisa, baina azken urteetan azoka egunaz aparteko ekitaldiak antolatu izan dira inguruko herrietan ere: Azokaroa da. Ladix Arrosagarai Baltsan elkarteko kidearekin mintzatu gara Azokaroaren nondik norakoez.


2025-04-30 | Bertsozale.eus
Babes Kutxa: urrats txiki bat sortzaileen baldintzak duintzeko bidean
Administrazio publikoak baditu mekanismoak soldatapeko langileen ezintasun puntual edota behin-behinekoen aurrean erantzuteko. Kultur sortzaileen kasuan, ez. Babes Kutxarekin egoera horri erantzun nahi dio Bertsozale Elkarteak.

Aisialdia, kirola eta kultura, mugikorrik gabeko arnasgune Urretxun

Herriko kirolgune, liburutegi, gazteleku, kulturgune, eskola inguru eta abarrek bereizgarria gehitu dute sarreran, jendeari eskatuz mugikorra bazter utz dezala. “Kalitatezko aisialdiaz gozatzea da helburua, arreta horretara jarrita, mugikorrak ekarri ohi duen distrakzioa... [+]


Antton Valverdek jasoko du Adarra saria

Ekainaren 21ean jasoko du saria artista donostiarrak, Viktoria Eugenia antzokian, eta kontzertua emango du jarraian.


2025-04-28 | ARGIA
Uxue Alberdiren “Hetero” liburuaren aurkezpenak emango dio hasiera Azokaroari

Ziburuko Liburu eta Disko Azokaren 6. edizioa ekainaren 7an izango da. Girotzeko eta azokaren eragina inguruko herrietara zabaltzeko, aurreko asteetan zehar sei ekintza kultural antolatu dituzte Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean. Lehena martxoaren 30ean izango da,... [+]


Eguneraketa berriak daude