"Zerbait berria egin ahal izateko Vendetta amaitzea ezinbestekoa zen"

  • Musika pasioa eta lana du. Vendetta taldeari amaiera eman eta beste hamaika proiektu abiaraztea du helburu. Bitartean, ‘Euskalonski’ak ezagutarazten jarraituko du ETB1en eta haurrei giza balioei buruzko gogoeta egitea proposatuko die Baloreak disko berriaren abestiekin. Geldiezina.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Pello Reparaz Escala (Arbizu, 1990)

Musikari, konpositore eta ekoizlea. 17 urterekin Vendetta taldea sortu zuen. Taldeari agur esanen diote abenduaren 28an, Iruñerrian. Irakasle ikasketak egin zituen NUPen. Berriozarko musika eskolan irakasle izan da, baita Etxarriko eskola publikoan ere. Haurrentzako Baloreak proiektua abiarazten ari da. ETBn Euskalonski saioa aurkezten du, munduan zehar bizi diren euskaldunak bisitatuz. Bitartean, Londresen, abestiak egiten ikasteko bi urteko masterra egiten ari da.

Hamar urteren ondoren ‘Agur Vendetta’ esanen duzue abenduaren 28an Hatortxu jaialdiaren atarian. Zer sentitzen duzu?

Ilusioa eta aldi berean melankolia, pena… tristezia ez nuke esango, azken bira honetan jendearen maitasuna eta berotasuna sakonki ari garelako sentitzen eta gure arteko harremana izugarri ona delako, beti bezala. Bi sentimendu horiek ditut.

Zergatik agur, orduan?

Nire ikuspegitik aztertuta esango nuke gogoa dugula beste gauza batzuk egiteko. Iaz Londresera joan nintzen master bat egitera eta honek gauzak ikusteko modua aldarazi dit. Hamar urte pasa dira Vendetta sortu genuenetik. Ni asko aldatu naiz eta aldatzeko beharra sentitzen dut. Vendetta bezalako proiektu handi batek dena xurgatzen dizu. Ezin dira neurri horretako bi proiektu aldi berean eraman. Zerbait berria egin ahal izateko, nire ustez, Vendetta amaitzea ezinbestekoa zen.  

Goian zaudenean amaitzea da onena?

Hala da. Eta nik uste dut hori polita dela. Vendetta oso-oso ongi kokatuta dago. Kontzertu piloa eman dugu Euskal Herrian eta kanpoan ere bai, baina artistikoki konfort zona horretatik ateratzea garrantzitsua da artistarentzat. Zerotik hastea eta planteatzea zer egin nahi duzun, zerk betetzen zaituen, oso beharrezkoa da. Nekagarria izan daiteke, baina ezinbestekotzat jotzen dut.

Hemendik bi urtera nola ikusten duzu zure burua?

Taula gainean, hori seguru. Orain, Vendetta amaituta eta beste zerbait sortu arte, hilabete batzuk oholtzatik kanpo pasako ditut eta ia-ia jada ari naiz horretarako beharra sentitzen. Ez dut ikusten nire burua bakarlari. Uste dut ez dudala oraindik oso garbi ni nor naizen, asko aldatzen ari bainaiz. Agian bizi osoa pasako dut horrela... Beste talde batean irudikatzen dut nire burua, beste soinu batzuk, beste instrumentazio bat… baina momentuz, bederen, ni bakarrik ez.

Eta zer moduz Londresen egiten ari zaren masterrarekin?

Izugarria da. Harrituta nago. Ohartzen ari naiz gauza asko inertziaz egiten nituela abestiak idazterakoan, egituratzerakoan edo informazioa ematerakoan. Ez naiz aldatzen ari, inola ere, zer landu, baina bai nola transmititu. Erabateko iraultza izan da masterra nire barruan.

Londresen geldituko zara?

Masterra bukatutakoan Euskal Herrira itzultzeko asmoa dut. Asko bidaiatzen jarraitzea gustatuko litzaidake, baina sentitzen dut nire lekua hemen dagoela. Gustura bizi naiz Arbizun eta musika ere ikuspuntu honetatik sortzea asko gustatzen zait.

‘Baloreak’ izeneko haurrentzako proiektua aurkeztu berri duzue. Zer da zehazki?

DeepSoda berriki abian jarri dugun ekoizpen kooperatibaren lehen proiektua da. Paxkal Etxepare soinu teknikaria, Joseba Razquin musika managerra eta hirurok ari gara lanean, eta Joseba eta biok irakasleak garenez, musika eta irakaskuntza lotzen dituen proiektua sortu nahi genuen. Betidanik izugarrizko alergia izan diet giza balioei, sentitu dudalako kutsu erlijiosoa zutela eta pentsatu nuen: zergatik ez balio horiek aldarrikatu eta haurren ikuspegitik landu? Itxaropentsu eta gauzak eraldatzeko gogoz egindako ekarpena da.

Zer balio dira horiek?

Haurrekin luze hitz egin eta gero atera direnak dira: jarraitutasuna, maitasuna, erantzukizuna, umiltasuna, ausardia, nortasuna, berdintasuna eta elkartasuna.
Eztabaida piloa egin dugu eta oso sortze prozesu interesgarria izan da. Ardura handia hartu dut eta hitzak kontrastatu nahi izan ditut Eraikiz kolektibo feministarekin, SOS Arrazakeriarekin eta Chrysallis elkartearekin. Letrak berrikusi dituzte, ekarpen baliotsuak egin dituzte. Nire burua feministatzat har dezaket, adibidez, baina gauza askotaz ez naiz ohartzen, asko dudalako deseraikitzeko. Horregatik, nahiago izan dut eztabaidatxoak izan.

Argazkia: Dani Blanco.

Diskoa Durangon aurkeztu eta gero, zer?

Hezkuntzarako materiala ari gara sortzen orain. Ez dugu disko soil bat izatea nahi eta agian taula gainean ere ikusiko dugu, baina oraingoz ez dugu horretaz hitz egin. Etorkizunean agian, baina oraingoz ez da helburua. Protagonistak haurrak dira eta beste lehentasun batzuk dituzte.

Haurrekin ongi moldatzen zarela begi-bistakoa da.

Maisua naiz eta asko gozatzen dut irakaskuntzan. Haurrak eta txakurrak dira nire pasioak, ez ditut zaku berean sartzen, baina asko disfrutatzen dut biekin.

Eszenatokian ere gozatzen duzula argi dago.

Kristoren esperientzia da. Musika niretzat drogarik potenteena da eta ez dut inolako intentziorik desintoxikatzeko.

Ikusgarria da zenbat jarraitzaile duzun, bereziki nerabeen arten. 14.000 baino gehiago Instagrameko kontuan eta 19.000 Vendettakoan, adibidez. Fan fenomenoa nola daramazu?

Ongi. Arbizun bizi naiz, gure Euskal Herria nazio txikiko herri txiki-txiki bat da eta testuinguru horretan fan fenomenoa ez da inolaz ere beste toki askotan gertatzen den bezalakoa. Gu pertsonaia publikoak gara, baina oso maila lokalean eta horregatik askoz eramangarriagoa da, zalantzarik gabe.

Euskalonski telebista saioan zeuk egiten dituzu elkarrizketak. Kazetaritza da zure alde berria?

Ez dut inolaz ere nire burua kazetaritzat hartzen. Telebistan sartu-irtena egin dut eta esperientzia polita bizitzen ari naiz. Betidanik asko gustatu izan zait bidaiatzea, jendea ezagutzea… eta musikaren munduak hori eskaini dit. Orain musika, bidaiak, eta euskara, dena batera hartzeko aukera ematen dit saioak, beste modu batez. Jende interesgarria da eta sekulako istorioak dituzte, beraz benetan erraza egiten ari zait. Gainera, lan-talde bikaina dago atzean. Bulegoan lan ikaragarria egiten duen jende guztiaz gain, adibidez, programaren zuzendaria den Lander Garro ez nuen orain arte ezagutzen. Sorpresa ikaragarri ona izan da munta horretako proiektu bat hain ondo lideratu dezakeen pertsona ezagutzea eta berarekin horrenbeste ikastea.

Oso diplomatikoa izateaz gain, Pello nolakoa da?

Nire indargunerik eta, aldi berean, ahulgunerik handiena, gauza bera da: musika eta lana. Azkenean musika nire lana da eta nik lanarekiko obsesioa daukat. Horrek xurgatzen dit nire bizi sozialaren parte handi bat, familiarekin egoteko denbora eta loa ere kentzen dit. Uste dut azken bizpahiru urteetan muturrera eraman dudala eta eskuetatik joan zaidanaren sentsazioa daukat. Egia esan, beti pentsatzen dut hemendik bi edo hiru hilabetera lasaiago ibiliko naizela, baina berdin jarraitzen dut hainbat proiektutan murgilduta. Ez dakit ezetz esaten. Musika nire bizia da, nire pasioa. Sekula ahaztuko ez ditudan esperientziak bizitzen ari naiz, baina aldi berean estres egoera amaigabera kondenatzen naute. Ekoizpen estudioan bizi naiz, Arbizun, eta ez naizenean bidaiatzen ari han egoten naiz goizetik gauera arte, batez ere sortze lanean murgildurik.

Politikoki eta ideologikoki busti egiten zara zure kantetan. Adierazpen askatasunerako gero eta traba gehiago dago?

Azken garaian ikusten ari gara hori dena kudeatzea zailagoa dela. Egia da Euskal Herrian beti sufritu izan dugula presioa eta zentsura: S.A., Fermin Muguruza, Berri Txarrak… Nik ez ditut inoiz nire ideiak ezkutatu eta parte hartu izan dut egoki ikusten nituen afera guztietan, Altsasukoen gurasoen abestiaren sorreran, adibidez, eta ez dut pentsatu jarrera aldatzea. Artistak barrutik ateratzen zaiona egin beharko luke eta horrelakoetan parte hartzea ezinbestekoa izan da niretzat. Egia esan ez dut beldurrik sentitzen. Deseroso sentiaraztea artearen funtzio bat da. Artea eraldatzailea da eta arteak beti modu batera edo bestera islatzen du sortutako testuingurua.

Argazkia: Dani Blanco.

Zure zein hiru abesti azpimarratuko zenituzke eta zergatik?

Abesti batzuek esanahi bereziak hartzen dituzte. Adibidez, Reggaean hegan jendeak gure agurraren ereserki bilakatu du. Errepikak “agur” dio eta kontzertuetan oso berezia ari da izaten. Kantak beste esanahi bat hartu du eta oso polita eta aberasgarria da. Abestia, berez, sentsazio bati lotuta sortu zen. Hilabete batzuk kanpoan izan eta gero herrira itzuli eta paseoan nenbilela arrano bat ikusi nuen egurrezko haga batean. Handik gutxira, San Donato, Beriain aldera joan zen hegan eta irudi hori ikaragarria iruditu zitzaidan. Askatasunaren irudia zen. Egun horretan bertan idatzi nuen.

19 urterekin egin nuen Begitara begira abestiak denborarekin beste tamaina bat hartu du. Idatzi nuenean deskribatzen zuen guk Arbizun eta Nafarroa osoan bizi izan dugun sentsazio bat: euskaldunok eduki dugun mespretxatuak izatearen sentipena. Batez ere UPN agintean zegoen garaian. Euskal Herrian izan duen eragina izugarria izan da.

Eta beste kanta bat, azpimarratu beharrekoa, Udarako gau luzeak da. Amodio abestia da, nahiko eduki politiko eta soziala du, baina atera zenean oso polemikoa izan zen. Oso “poperoa” zen batzuen ikuspegitik. Egia da sentikortasunaren beste atal txiki bat erakusten zuela, ordura arte Vendettarekin erakutsia ez genuena, eta horregatik zartako asko jaso genuen. Une hura niretzat oso traumatikoa izan zen. Abestiak izugarrizko arrakasta izan arren, ez nuen ulertzen sortu zena. Agian zerbait gaizki egiten ari nintzela pentsatu nuen. Kristoren paranoia izan nuen eta buelta asko eman nion buruari. Zergatik maitasun kantarik ez egin? Urteen poderioz ikusi dut Vendettaren abesti ezagunenetako bat izan dela eta asko ikasi dudala ni neu izaten.

Sortzaileari onartu behar zaio aldatzea, ezta?

Aldaketa ezinbestekoa da eta artearen munduan gehiago. Askotan esan digute konnotazio negatiboarekin aldatzen ari garela eta nik esan izan dut aldaketa beti ona dela. Oso harro nago Vendettak izan dituen aldaketa guztiekin, eta gainera, publikoaren harrerak indartzera egin du beti.

Gero eta abesti gehiago idatzi duzu Vendettan, eta gero eta gehiago abestu duzue euskaraz.

Asko bete naute euskaraz idatzitako abestiek. Vendettaren kasuan, garbi ikusten dut euskarak ate batzuk ireki dizkigula. Gure izaerarekin lotuago egoteaz gain, uste dut bizitza eta musika era desberdin batean ulertzeko tresna izan daitekeela euskara eta hortik jo nahi dut. Nire hurrengo proiektua euskaraz irudikatzen dut.

Kanpora ateratzerakoan muga izan daiteke?

Ez dakit, ez nago ziur. Berri Txarrak-ek muga guztiak apurtu ditu, baina bidea ez da erraza izan. Gauza asko eman dizkie, baina gogorra ere izan daiteke.

Bizi bat abestitan

19 urteko mutil arbizuarrak “Begitara begira esaguzue hizkuntza hau ez dela geurea, herri faltsu bat izan dugula maite, lekuz kanpo gaudela” esaten zien ozenki Nafarroaren euskal nortasuna ukatzen dietenei. Gerora pentsarazi zigun, “Zer ginen ta zer garen. Ez ahaztu gogorrenak ginela” eta kaleak berreskuratzera deitu zigun Bother the police kantarekin: “Herri honetan zer ari zara? Bueltako bideak ahaztu ala? Eta molestatzen, molestatzen goaz jarraitzera eta zure bueltako bidean elkarrekin aurkitzera”. Baina bihotza beste modu askotara ere hunkitu digu, Joseba Ezkurdia pilotaria eta bere lagun minari egindako kantarekin, adibidez: “Hemen gaittuzu betiko. Hemen gaittuzu eztarrietatik eskutara…” eta maitasunaz eta borrokaz amets egitera eraman gaitu udarako gau luzeetan: “Ta zure eskutik kilometroak egin. Herriaren begietan ospatzerik ikusi. Gose direnen izenean Batikanoa erortzen ikusi”, eta arrano bat bezain aske sentitzeko desioa piztu digu: “Agur urruneko. Agur bihotzeko. Otsoen antzera, aldera, uzkurtu gabe, koldartu gabe, amildegi hartan pausatu den arranoa hegan hastera doa! Ta nik igo nahi nuke magalean ta zeruan bizi, zeruan hezi geroa”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


2024-03-24 | Lander Arretxea
Musika iruditan (I)
Bideoklipei begira, lentearen beste aldetik

Mundualdi honen soinu-banda osatzen duten abesti gehien-gehienek propio filmatutako irudiak izan ohi dituzte: bideoklipak. Musikariengandik oso gertu, ikus-entzunezko egileen belaunaldi gazteago batek lan horretan aurkitu du zineman edo telebistan ez duen hori: trebatzeko... [+]


Anari Alberdi. Zazpigarren azalberritzea
"Nire eremua soziopoetika da"

Martxoaren 1ean elkartu gara Anarirekin, Giza zarata argitaratu eta biharamunean. Andoaingo poligono batean egin dugu hitzordua: han dauka taldeak entsegu-gela. Poster zaharrez eta instrumentuz inguratuta hitz egin dugu, alboko gelakoen erritmoez lagunduta. Larunbatean, hilak... [+]


2024-03-17 | Xalba Ramirez
'In' salto mesedez

Katuzaldia
Ezezez
Autoekoizpena, 2023

----------------------------------------------------

Inoiz ez dut jakin oso ondo zein den “rollo british” musikan, sekula ez naizelako bereziki zalea izan, akaso. Ezezez entzutean, ordea, ez dut dudarik zer esaten duten... [+]


Eguneraketa berriak daude