'Kili-kili'-tik 'Argia'-ra: 'Gogor' diskoaren 50 urteak

Melaminazko mahaien egur iluna hautsak hartuta dago Kili-kili aldizkariaren Bilboko Goienkaleko erredakzio zaharrean. Armairu baten barruan, alanbre oxidatuz itxitako 40x40 cm inguruko kaxatan sartuta aurkitu dugu altxorra: Gogor diskoak.

Duela 50 urte Derioko seminarioko itxialdia egin zuten abadeek grabatu zuten diskoa, borroka luze hark iraun bitartean abesten zituzten doinuekin. Baionako Agorila zigiluak argitaratua –2012 CDan berrargitaratu zuen–, frankismoaren kontrako erresistentziaren ikur bilakatu zen berehala.

Baina zer egiten zuten diskoaren binilozko 700 ale baino gehiagok Kili-kili-ren egoitzako armairuan gordeta? Aldizkariaren sortzaileaz pare bat berba egin behar historia hau ulertzeko.

‘‘Kili-kili’ haurrentzako aldizkaria zenaren egoitzan, Bilboko Goienkale edo Somera kalean, ‘Gogor’ diskoaren 700 ale inguru topatu dituzte Jose Antonio Retolazaren senideek, lehenago Basauriko zulo batetik erreskatatuak. Horri eskerrak, klandestinitatearen eta jazarpenaren ondorioz banatu gabe geratu ziren binilozko diskoak eskuragai jarriko ditu berriz ARGIAk bere komunitateko kideen artean, 50 urte geroago.

Jose Antonio Retolazaren magnetofoia

Jose Antonio Retolazak (Bilbo, 1929-2014) txikitan galdu zuen euskara, baina bere kabuz berreskuratu zuen, Gasteizko seminarioan. “Eliza eta euskara izan ziren beti bere bidea”, dio Etxahun Galparsoro haren suhi eta Lazkaoko Beneditarren artxiboko teknikariak. Hala, 1959an Arrazolan abade zebilela, berak antolatu zuen lehen aldiz meza euskaraz, eta 60ko hamarkadan Kili-kili pertsonaia sortu zuen Bilboko San Anton elizako katekesiaren babespean, haurrak euskaraz alfabetizatzeko, gerora komiki aldizkari ezagun bihurtuko zena.

Retolazak elizaren hierarkiaren kontra joatea hautatu zuen, eta 1960an Francoren kontrako 339 abadeen gutuna sinatu zuen. Hala “hondatu” zuen eliz karrera, bere lagun kutun Juan Uriartek ez bezala: “Firmatu izan baleust gaur ez zan gotzain izango”, dio autobiografia liburuan oraindik Donostiako gotzain emeritu denaz.

1968an Derioko okupazioa gertatu zenean, on Klaudio Gallastegi San Antongo abade ezaguna seminarioraino eraman ohi zuen Retolazak autoan, itxialdian zeudenei meza emateko. Eta berekin batera Grundig magnetofoi handi bat ere bai. Dirudienez, makina horretan jaso zituen abade errebeldeen lehen abestiak.

“Baina diskoa ez zen seminarioan grabatu”, argitu digu ziur Xabier Amurizak (Etxano, 1941). Derioko borrokaren inguruan testigantza bat uzteko helburuz sortu zen diskoaren ideia, behin itxialdia amaituta: “Pentsatu genuen bildu behar zela talde bat kantatzeko esperientzia genuenon artean, 20 edo 25 izango ginen, eta grabazioa Zornotzako karmeldarren komentuan egin zen”.

Camarade-curé

Atzean mezu politikoa zuten euskarazko kanta liturgikoak jaso zituzten, baita bertso sorta ezagunak –edo Amurizak itxialdiaz egindakoak– eta bogan zeuden abestiak ere, Julen Lekuonaren Ez, ez dut nahi ospetsua adibidez.

[Bilduma osoa hemen entzun daiteke]

Hain justu, azkeneko doinu honen gainean ahotsa jarri zuen Colette Magny kantari ezkertiar frantziarrak, handik bi urtera diskoa bere eskuetara iritsi zenean. “Apez laguna, zigortu zaituzte / Baina zure zigorra herriak beregain hartu du eta jujatu / Izendatua den apez berriak ez du nehor izanen mezan”, dio Camarade-curé abestiak frantsesez. Orain, kanta horren genealogia eta euskal abadeen historia oinarri hartuta, dokumentala estreinatuko du Pierre Prouveze zinegileak.

Itzul gaitezen 1968ra. Behin grabazioa eginda, haren masterra Ipar Euskal Herrira eraman zuten Amuriza eta Retolazak, azkeneko honen mini-morrisean, eta haiekin on Klaudio: “Errespetua sor zezakeen norbait behar genuen muga pasatzeko eta abade hura, bere 150 kilo eta sotanarekin, pertsona egokiena zen”, gogoratzen du Amurizak. Jendarmeek alto emanagatik lortu zuten kopia hura Telesforo Monzonen eskuetan uztea.

Xabier Amuriza:
“Pentsatu genuen bildu behar zela talde bat kantatzeko esperientzia genuenon artean, 20 edo 25 izango ginen, eta grabazioa Zornotzako karmeldarren komentuan egin zen”

Amuriza eta Derioko beste abade asko jadanik Zamorako kartzelan zirela ikusi zuen argia Gogor diskoak 1969ko maiatza inguruan. Erabat klandestinoki zabaldua eta guztiz jazarria izan arren –poliziak haren atzetik ibili ziren etxe partikularrak eta baita Euskaltzaindiako egoitza miatuz ere– oihartzun handia izan zuen. Ez zen meza soil bat, zapalduta zegoen herri baten garrasia baizik.

ARGIAk zabalduko ditu

Urte askoren ondoren, Julian Goikoetxea izeneko lagun bat hurbildu zitzaion Iñaki Egurrolari kalean. Egurrola Euskerazaleak elkartekoa izanik –Kili-kili hasieratik babestu zuena–, esan zion bazuela beraiena zen gauza bat. Burdina lantzeko Basauriko tailer batean, pisu handia zuen mahaia ezkutuko palanka batez mugitu zitekeela deskubritu zuten eta haren atzean zulo bat: han zeuden 12 hatz-beteko LP biniloak. Halaxe eraman zituzten Kili-kili-ren egoitzara.

Berrogeita hamar urteren ondoren, frankismoaren errepresioaren ondorioz egiteke geratu zen lana amaituko du ARGIAk, eta disko horiek zabalduko ditugu gure komunitateko kideen artean. Durangoko Azokako standean izango dira eskuragai, baita gure webgunean ere (azoka.argia.eus).


ASTEKARIA
2018ko azaroaren 11
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#2
#3
Olaia Salazar Urrutia
#4
#5
Barbara Miller
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


Puccini: gogokoen artean gogokoena

Maiatzaren erdialdean OLBEk bere opera ederrenetako bat, La Bohème, eskainiko digula aprobetxatuta, eta aurten bere heriotzaren mendeurrena betetzen dela kontuan izanda, Giacomo Pucciniren azalpen biografiko/artistiko bat ezinbestekoa dela uste dut.
Jakina, opera maite... [+]


2024-04-26 | ARGIA
Iparragirreren musika entzungo da Kantabriako auditorio nagusian

Larunbat honetan Jose Mari Iparragirre urretxuarraren musika entzungo da Santanderren, Kantabrian, bi urretxuarren eskutik: Gorka Hermosa konpositorea eta Juan Luis Escudero aktorea.


"Gazteok zutik eta mugimenduan gaude, errealitate gordin baten aurrean"

Askotariko erresistentziak gorpuzten eta aldarrikatzen ditu Aiert Alberdi kantautore oñatiarrak oholtzan zein egunerokoan: gaztea, genero disidentea, euskalduna, langile klasekoa eta herri txikikoa… Musika eta feminismoa ditu indarkeria patriarkalari aurre egiteko... [+]


2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


Eguneraketa berriak daude