Mallorcako Tot Inclòs kolektiboa

"Turismoak ezin du inolaz ere jasangarria izan"

  • Tot Inclòs kolektiboa 2014an turismoak Balear Uharteetan eragiten dituen kalteei buruzko monografikoak kaleratzen hasi zen urtero, eta lau aleren ostean, ikus-entzunera salto egin dute, Tot Inclòs. Danys i conseqüències del turisme a casa nostra dokumentalarekin. Irailaren 27 estreinatu zuten Palman, Turismoaren Nazioarteko Egunean, proiektua Goteo plataformaren bidez finantziatu eta urte eta erdiko lanaren ondoren. Artxipelagotik kanpoko lehenengo proiekzioak Bilbon eta Donostian egin dituzte. Urriaren 11tik 14ra antolatutako Autogestio Udalekuetan parte hartzeko proposamena luzatu zieten Hotel + Ez kolektiboak eta Urgulleko Guardetxean aurkeztu zuten lana Tot Inclòseko kide batzuek. Horietako birekin, Bernat Amorós eta Jaume Mesquidam Balearretako turistifikazioari buruz solastu gara.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta
2018ko urriaren 28a
“Hiria, bertan bizi direnentzat eta ez bisitan datozenentzat”. 2017ko irailean Mallorcan egindako manifestazioa.
“Hiria, bertan bizi direnentzat eta ez bisitan datozenentzat”. 2017ko irailean Mallorcan egindako manifestazioa.

Zer dela eta egin duzue salto paperetik ikus-entzunezkora?
Bernat Amorós: Uste genuen paperean egiten genuena pantailara eramanez gero jende gehiagorengana iritsiko zela, herri eztabaida sortu nahi genuen. Eta sortzen ari da, egin ditugun aurkezpen guztietan aretoak bete baitira.

Zer lortu nahi duzue dokumentalarekin?
B. Amorós: Turismoaz dagoen kontsentsu soziala apurtu nahi dugu, diskurtso propioa sortu eta berau herri mugimenduetan txertatu. Jendea haserretzea nahi dugu, eta horretarako datu objektiboak eta esperientzia pertsonalak erakutsi ditugu dokumentalean.

Bilbora eta Donostiara etorri zarete zuen lana aurkeztera. Antzeman duzue antzekotasunik Balearretako eta Euskal Herriko egoeren artean?
B. Amorós:
Antzekotasunak ikusten ditugu turismoaren industriak “kalitatezko turismoaren” alde egiten duen defentsan. Turismoarekin etekinak ateratzen dituzten pertsonak egoteak ez du justifikatzen baliabideen, lurraldearen eta bizilekuaren kontsumoa. Turismoa ez da sekula jasangarria izango; klima aldaketan gehien eragiten duen industrietako bat da, ur gehien kontsumitzen duena, lur gehien okupatzen duena eta lan prekarioen behar handiena duena. Donostian atentzioa eman digu gentrifikazio mekanismoak berdinak direla: komertzioen eraldaketa, bizitokiak alokairu turistikoengatik ordezkatzea eta abar. Desberdintasun nabarmenenak oposizioan somatu ditugu: badago sare asoziatibo bat eta Mallorcan existitzen ez den borroka tradizio bat.
Jaume Mesquida: Guk abisatu egiten dizuegu, badakigu noraino heldu daitekeen bide hau, ez zaitezte iritsi gu gauden puntura, egin erresistentzia.

Nola iritsi gara honaino? Dokumentalean aipatzen duzue Balearretako turismoak jatorri frankista duela.
B. Amorós: Mallorcako industria turistikoak nazioarteko merkatu kapitalistara sartzeko balio izan zion estatu frankistari. Amerikako Estatu Batuek eta Munduko Bankuak milioiak inbertitu zituzten Palmako aireportua finantzatzeko, zeina neurriz kanpokoa baitzen Mallorca bezalako lurralde baterako; egiatan, Europako buxatuena da. Nazioarteko merkatuak Mallorca erabili zuen, langileak trebatu gabe, dibisak lortzeko tresna gisa, eta horrela erregimen frankistari errentagarritasuna eman zion, 1936ko Gerraren osteko egoera autarkikotik ateraz. Ez gara kontziente zein puntutaraino izan garen lurralde giltzarri bat XX. mendeko kapitalismoarentzat. Kapitalismoak, bizirauteko behar horretan, lurraldeetara egokitzeko duen gaitasunaren froga da turismoa.
J. Mesquida: Mallorca esperimentu bat izan da. Landa-mundutik bizitzetik etengabe hazten ari den turismora igaro da, eta azkenengo bi urteetan okerrera egin du egoerak. Digeritzeko zaila den kritika egiten dugu, turismoa oso hegemonikoa baita, eta badirudi jaten ematen digun eskuari hozka egiten diogula, baina pedagogia egin behar da.

"Hotel bat, 100 auzokide gutxiago" dioen pintada Mallorcako hotel batean.

Hiruko gobernu ustez ezkertiarrak (PSOE, MÉS eta PODEM) PPko José Ramón Bauzáren gobernua ordezkatu zuen 2015ean. Izan al da aldaketarik turismoaren erregulazioari dagokionez?
B. Amorós:
Ez. Egiatan, gobernu aldaketaz geroztik sekula baino hazkunde handiagoa izan du plaza turistikoen eskaintzak, lurraldearen suntsipenak bere horretan jarraitu du, eta baliabide natural gehien kontsumitu den garaia izan da. Urtero errekorrak hautsi dira: lan prekarietatea, per capita errentarik baxua, hegazkinen trafikoa eta zaborraren produkzioa.
J. Mesquida: Gainera, turismoaren aurka gauzatu ditugun erresistentziei bortizki egin diete eraso.

Zer erresistentzia egin duzue herri mugimenduetatik?
B. Amorós: Adibidez, “girien bide” bat antolatu zen, turisten ibilbide kontsumisten zentzugabekeria parodiatuz, pintadak egin dira, Arran taldeak koloretako kearekin ekintza bat egin zuen kaian. Orain gutxi, Palmako Alde Zaharreko hotel garrantzitsuenetan pintadak egin zituzten, eta hurrengo goizean elkarretaratzea aireportuan; eraikuntza proiektu batzuk saboteatu dira, besteak beste. Bestalde, GOB eta Terra Ferida bezalako talde ekologistek datuen dibulgazioan jarri dute fokoa. Frogatu dute azkenengo 60 urteetan aurreko 4.000tan baino gehiago eraiki dela artxipelagoan, adibidez.

Nor aberasten du turismoak?
J. Mesquida: Fluxá, Escarrer, Meliá eta Barceló familiak aipatzen ditugu dokumentalean. Turismoak sortzen duen dirua esku gutxitara iristen da, eta dirua jasotzen dutenek paradisu fiskaletara jotzen dute, irlak ia ez du irabazirik jasotzen.

Kolapsoa hurbil dago?
B. Amorós: Industria ezegonkorra da; petrolioaren prezioaren igoerak, klima-aldaketak edo krisi finantzario batek sektorea txikitu dezake. Noski, egoerari aurre hartu behar diogu jada, kolapsoa berehalakoa baita.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Turismo masiboa  |  Balear Uharteak

Turismo masiboa kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude