Zentzumenen bidaia Isturitzetik Etiopiara

  • Isturitzetik Etiopian barrena errezitaldiaren kronika. Irailaren 21ean, Bilboko Bira gunean.


2018ko urriaren 21ean
Argazkia:: Unai Arnaz Imaz.
Argazkia:: Unai Arnaz Imaz.
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Letra hutsetik arte bisualera eraman zuen Joxan Artzek poesia, irakurtzeko ez ezik, ikusteko, hautemateko moduko olerkiak idatzi zituen. Ideia horretan sakondu du sortzaile gazteen talde batek, Artzeren neurri-neurriko omenaldia den Isturitzetik Etiopian barrena ikuskizun-errezitaldian. Bilboko Erronda kaleko Bira gunera heldu ziren irailaren 21ean Beñat Goitia eta Adrian Puck DJ, Hamburgo Platz zikloak gonbidatuta, ikus-entzuleen zentzumenak eta barrenak kitzikatzeko asmoz. “Diziplina anitzeko kontzertu literario teatralizatua” agindu zuten antolatzaileek.

Joxan Artzeren poesian zeharreko bidaia Bernardo Atxagaren Etiopia-tik pasatuz egin zuten, izenburuak ondo adierazten duen legez. Atmosfera geldo eta iradokitzailean, aretoaren ilunpean, Artzeren eta Atxagaren olerkiak entzuteko aukera izan genuen, baita Beñat Goitiak idatzitako batzuk ere. Zuzenean errezitatuak batzuk, grabazioak besteak, gitarraren eta Adrian Puck DJ-ren soinu efektuek lagunduta beti.

Atzean pantaila, irudiak proiektatzeko. Arantzazuko hamalau apostoluak, elurretan noraezean dabilen gizona, isilik eta geldi geratzen den piano-jolea... ikusi genituen, olerkien osagarri. Edo, batzuetan, poesia zen irudien osagarri? Emanaldiko alderdi bisualaren atzean Aitor Zarzuelo dago, baina Bira guneko oholtzan Beñat Goitia eta Adrian Puck DJ baino ez ziren azaldu.

Artzek lerro eta hitzen formekin jolastea atsegin zuen, irakurleak begiekin ere entzun zezan poesia. Isturitzetik Etiopian barrenan paperetik lau haizetara jauzi egin zuten Artzeren olerki iradokitzaileek. Esate baterako, lanari eskainitakoan, oihartzunek, errepikapenek, kakofoniek, kontsonanteen kolpeek eraman gintuzten langilearen zeregin mekanikoa bere gordinean bizitzera.

Zentzumenen eta sentsazioen saltsa horretan, Isturitzetik Etiopiarako bidaia zirraragarria egin genuen, euskal kulturaren sinboloetan eta gizakiaren barren-barreneko kezketan geldialdiak eginaz. Horren guztiaren gidari, irudia, soinua, ahotsa. Eta isiltasuna. Aretoaren epelean hotz sentitzeraino. Ezinegona. Baina ezinegon gustagarria, sormenaren zirrikituetatik bidaia ederra egin genuen eta.


Poesia kanalean gehiago
2026ko urtarrilaren 19
Barra warroak
Ez gatoz Paristik

2025eko ekainaren 9
Mahai ingurua: Aurelia Arkotxa eta Rakel Pardo
Bidaide eta gogaide, poesiaren ibilietan

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.