Jin-ustia-parti


2018ko urriaren 21an

Amaia buru-belarri ari da Kanboko Marieniako lurren arrazoizko erabilera gauza dadin. Laborantza lurrak eraikigarri bilakatzekotan dira eta begitan harturik dituzte showroom erraldoiak, turistentzako egoitzak eta jostalekuak eraikitzeko. Amaiak nahiago luke herritarrentzat egoitza sozialak egitea eta zenbait lur laborantzarako atxiki. Ordulariaren kontrakoa hasi du bera baino handiagoak eta zekenagoak direnen parean.

Allende Larrunen gora doa goizean goiz, kaskoa mehatxatzen duen egitasmoa gelditzeko asmoz. Naturaren kaltetzea eta turistifikazio hutsaren politika ez ditu onartzen. Mendia muturreko endekatzetik salbatzeko esperantza bipila du.

Baionako merkatuko plazan, diotenez, 180 aparkaleku “berreskuratu” dituzte. Aldiz, ez dakigu nork berreskuratu dituen, segur aski bezeroak jin-erosi-parti aldizkatze bizian ikusi nahi dituzten komertzioek. Nehork ez du galdegin norengandik berreskuratu diren.

Beñat Etxalde elkartean ari da, etxebizitzaren kudeaketa manera berri bati buruz gogoetatzen, jabetza indibiduala eta espekulazioa saihestea du helburu. Arazo zaharrei aterabideak ekarriko dizkielakoan da. Ur ttanta uholdean itoa.

Erretiro goiztiarra harturik,  60 urteak bete orduko Euskal Herrira jin da Maixan. Problemarik ez ukateko garaje pribatua du, aita-amek ondorengoan utzi eraikin gotorraren behealdean. Egia erran, bera, futitzen da. Futitzea bere dretxoa delako. Carrefour eta Ametzondora doa, han autoa nahi bezainbat denboraz utz daiteke, urririk, eta hautu handia da prezio onean. Ez da hemengo produktorik? Nehork ez badu jakiten, nehor ez da kexatuko. Larunbatean itzuliñoa eginen du merkatura, gasna puska erosteko doia, Baionan Kantuz-en hitzorduan Hegoak kantatzeko eta bide batez eusko ahurtara xahutzeko. Horretaz ez du espantu gutxi.

If bakarrik sentitzen da. Euskararen aldeko borrokalari, beregatik pixka bat ez baita asko, zerbait ez baita aski, ezin baitu soportatu frantsesez aritzearen “behar pedagogikoa”-ren argumentua, urrats mikrometrikoz aitzinatzen eta petatxuez pozten ez baitu oraino ikasi. Zer? Lagunek badute besterik gogoan: finantzak dira problema eta euskarak ez du dirurik ematen, kostatzen bai ordea, ardura sobera.

Zentroan bizi denetik Naroak harpidetza du karrikan aparkatzeko. Baina gaur kakaren erdian da, auzoko aparkalekuak moldatu direlako. Lana eta ikastolaren arteko joan jinak autobusez egin litzake baina trambusaren obra amaitezinak amaitzea zain da probatzeko ea zerbitzua inbertsioaren heinekoa den.

Iker eta Mizel laborarien defendatzeaz ez baitira kantitzen, politika egokiaren eta hurbileko kontsumoaren aldeko kanpainetan abiatu dira. Emaitzak euskotan ere onartuko dituzte.

Elix bazkal artetik hirira joan ohi da, barnealdeko herrietan atzeman ezin dituen gauza chic guziak erostera. Azkenaldian ohartu da saltegiek ingelesezko izenak dituztela: Beauty center, Brand of quality goods, Only women. Ingeles hitzik ematen ez duen jende arruntari arraroaren argumentua luzatuz. Bereizteko, bik besterik hautatu dute: Xokola Etxetera (sic) bitxi-exotiko-bertakoa batak eta besteak Amatxi errentagarria. Eskaparateei beha ametsetan egoten da Elix: hortxetako botak ontsa lituzke 220 euro ez balute balio. Kaka zaharra: ekonomiak eginen ditu, ba, gero ere, janarian.

Lagunartean badira gehiago; ez zaizkigu kabitzen. Jendea, garraioa, enpresa eta komertzioak, etxebizitza, turismoa, lurra, ekologia, euskara. Sail guziak gurutzatzen dira. Gure koadrila antolaketa egokiaren behar larrian da. Zoritxarrez, ez da oraino hori guzia koherente bihurtuko duenik agertu. 


ASTEKARIA
2018ko urriaren 21a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ipar EH-ko politika
Euskal Konfederazioak haserrea adierazi du EEPren batzar nagusian, euskararen aldeko politikei diru gehiago ez bideratzeagatik

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) batzar orokorra izan du astelehenean 2024ko aurrekontua bozkatzeko. Alain Iriart, Euskal Elkargoko ordezkaria kontra bozkatu duen bakarra izan da.


2024-01-31 | Euskal Irratiak
Peio Etxeberri Aintxart
"Estatuak heriotza heroikoa eskaini zion gainbeheran zen Enbatari"

Mende erdia bete da Enbata legez kanpo ezarri zutenetik. Frantziako gobernuak Enbatak Hego Euskal Herriko ETA erakunde armatuarekin zuen balizko lotura ezarri zuen estakuru bezala. Horren ondorioz,Ipar Euskal Herriko lehen mugimendu abertzalearen azken kideak HAS Herriko Alderdi... [+]


2023-12-20 | Euskal Irratiak
Dominika Daguerre
"Hiru urtez, GALen atentatu bat jasan genuen hamabost egun guziz Iparraldean"

Berrogei urte bete dira GALek aldarrikatu lehen hilketatik. 1983ko abenduaren 19an Ramon Oñaederra ‘Kattu’ 23 urteko errefuxiatua hil zuen talde parapolizial horrek Baionako Bourgneuf karrikako Kayetenia ostatuan. Gertakari hori mugarria izan zen, hor abiatuko... [+]


2023-11-09 | Euskal Irratiak
Europako 10 milioi euro zuzenean kudeatuko ditu Euskal Hirigune Elkargoak

Lehen aldia izanen da Europako funtsak zuzenean kudeatzen ahalko dituela Euskal Hirigune Elkargoak, Akitania Berriko eskualdearen esku hartzerik gabe. 10,8 milioi euroko diru-funtsa izanen da, 2024 eta 2027 artean baliatu beharrekoa.


2023-11-06 | ARGIA
Bagira prozesua
Ipar Euskal Herriko abertzaleek aurrera begirako erronkak zehaztu dituzte

Bagira prozesuak Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak etorkizunera begira hartu beharreko orientabideen inguruko gogoeta egin du, eta ondorio nagusiak aurkeztu berri ditu. Inkesta 1.500 pertsonak erantzun dute. Mugimenduaren erronka nagusi izango diren bost gai zehaztu... [+]


Eguneraketa berriak daude