Emakumeak borrokan

Pentsioak blindatu

  • Toledoko Itunak adostu du berriz ere pentsioen igoera lotzea KPIarekin, erosteko ahalmena mantentzeko. Egunotako albiste ekonomiko nagusia izan da. Baina akordio lotesle hori ez da behin betikoa. Ez dago garbi, ezta ere, zer esan nahi den “KPI erreala” aipatzean. Espainiako Gobernuak dauka azken hitza. Hasteko, Espainiako presidenteak New Yorken esan du Toledoko Itunean adostutakoa bere egingo duela. Bistakoa da pentsiodunen mobilizazioak, eta bereziki euskal pentsiodunenak, erabakigarriak izan direla talde politiko guztiek akordioa onartzeko.

Juan Mari Arregi
2018ko urriaren 07a

Albistea pozgarria den arren, akordio hori oraindik ez da nahikoa kalean dauden aldarrikapenak eta oihuak kontuan baldin baditugu, astelehen honetan Bilbon are ozenagoak gainera. Akordio hori nahikoa eta duina izan dadin, euskal pentsiodunek uste dute beste hiru gauza onartu beharko liratekeela. Lehenik, pentsioak blindatzea eta ez uztea aldian aldiko gobernuaren nahien eta ateraldien menpe, PPren gobernuarenak jasan ditugun bezala. Bigarrenik, KPI erreal hori zehaztea, urtero, aditu independenteen batzorde batean. Eta azkenik, pentsiodun guztientzat gutxieneko pentsio duina bermatzea; Euskal Herriaren kasuan 1.080 euro lirateke hilean, hainbat plataformak aztertu dutenez.

Nola blindatu pentsioak? Garbi dago, ulertu nahi duenarentzat. Gardenena da Espainiako Estatuko Konstituzioak barneratzea blindatze hori bere funtsezko artikulatuan eta erkidego bakoitzak –EAEk eta Nafarroak ere– bere araudian txertatzea ondoren. Betiko gobernuen esku utziz gero, alderdi popularrak azken urteetan egin duen gauza bera egiten uztea litzateke: krisi ekonomikoaren aitzakian pentsioak praktikan izoztea.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Pentsioak

Pentsioak kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude