Musika

  • Ez naiz dantzari ona. Ez dakit erritmoaren arabera mugitzen. Horregatik, pozten naiz kazetaria ez naizelako. Espainian franko ugari den kazetari espezie batek ederki jakin behar duelako musikak zer eskatzen duen interpretatzen.

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

2016an, adibidez, Felipe González Espainiako presidente ohiak Ser irratian deitoratu zituen PSOEren emaitzak: “Euskal Herrian ez ginen sekulan hain gaizki ibili, egin genituen gauzak eginda ere, ta-pa-pa”. Zer gauza egin zenituzten, bada?, galdeginen ziokeen kazetari normal batek, baina isildu egin zen –zer egin zuten bazekielako, edo gizon boteretsuei ez zaielako horrelako galderarik egin behar–. Lapsusa deitu zioten egunkari gehienek. Gonzálezen adierazpenari, ez kazetariaren isiluneari.

Egun hauetako melodia, berriz, eskandaluarena da: espantuak egin behar dira 2006an orduan fiskal eta gaur egun ministro den Dolores Delgadok estatuko estoldetan zebilen komisario batekin bazkaldu zuelako. Hara! Estatuan estoldak badira! Eta PSOEk bazuen horren berri! Nork pentsatuko zuen! Gainera, zer eta maritxua deitu zion orduan epaile eta gaur ministro den Grande-Marlaskari. Kritikarik merezi ez duen horren kontura kritikatuaren kritikatuz saindu bihurtuko dute.

Valtònyc rapero erbesteratuak kritika egokiagoa egin zion epaile-ministroari, Bruselan emandako elkarrizketa batean: “Faxista da”. Oraingoan kazetaria, Cristina Pardo iruindarra, ez zen isildu: eta zergatik diozu faxista dela?, egin zion galdera –Iruñekoa izanik ere, torturaren berri ez zuelako, edo zilegi delako ihes egin behar izan duen jende botererik gabea elkarrizketetan pixka bat estutzea–.

Noiz isildu, noiz harrituarena egin, noiz zorrotza izan. Belarri ona behar dute zenbait kazetarik unean uneko musika egoki interpretatzeko. Baina aldez aurretik partitura emanen diete, ezta?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetaritza
2025-10-16
Berriketa gutxi
Risottoa

2025-09-29
Bilboko Solokoetxeko heriotzari Vocento taldeak emandako trataera
'El Correo', beldurra, arrazakeria eta polizia filtrazio bidezko informazio faltsua

2025-09-18
Publizitate instituzionalaren negozio ezkutua Espainiako Estatuan
Gardentasuna ala adiskidetasuna?

2025-08-20
Jaurlaritzaren publizitate banaketa
Hedabide erdaldunen zakua, gero eta gizenago

Eguneraketa berriak daude