Eskubideez desjabetutakoen bidaia Euskal Herrira

  • Uda honetako gai nagusia izan da: migratzaile multzoak autobus geltokietan, horri erantzunez herritarrek aktibatutako elkartasuna, eta atzetik erakunde publikoek ia egunero jaulkitako datu eta adierazpenak, jarri dituzten baliabideak zerrendatuz.

    Larrun honetan iritsi berrien errealitatean murgildu gara, urtetan hauen eskubideen defentsan ari diren pertsonen eskutik. Eta ustekabean, ispilu batekin egin dugu topo: beltzen egoerari begira zurien burua da ikusi duguna, zurien ekonomia, mendebaldarron mito eta uste okerrak, administrazioan agintean direnen eta herri mugimenduetan dihardutenen logika ezberdinak... Migrazioaren gaiak irekitzen duen pitzadura apasionagarria da, Euskal Herriko gizarte eredua jartzen baitu eztabaidagai.

    Biribiltzeko, Asier Gonzalez de San Pedrok aparteko erreportajean kontatu du barrutik bizi izan duen Donostiako Txantxarreka gaztetxearen esperientzia.

Mohammed Mahmud eta Issah Naziru Ghanatik etorri ziren Euskal Herrira. Beren esperientzia eta gure uste okerrak izan zituzten mintzagai maiatzean Donostiako Gros auzoan emaniko hitzaldian. "Gure herrialdeko denek ez dute hona etorri nahi, badira han ongi bizi direnak" ohartarazi zuen Naziruk. "Uste duzue Afrikatik honainoko bidaia egiteko, aberatsenak etortzen garela. Aberatsa banintz, nire herrian biziko nintzateke" esan zuen Mahmudek. Naziruk azaldu zuen familiarengandik urruntzearen mina: "Bost urte daramatzat gurasoak ikusi gabe. Behin amak telefonoz esan zidan 'ez dakit noiz ikusiko zaitudan berriz. Zuk badakizu non nagoen ni, baina nik ez dakit zu non zauden'. Eta bizitza ez dago gure esku, edozein unetan hil gaitezke. Hori guztia barruan izanik, hona etorri eta gehiago izorratzen bazaituzte, oso gogorra da".

Anaitze Agirre, Irungo Harrera Sarea: "'Denak hona datoz' diskurtsoa jasotzen dugu eta hori ez da egia. Migrazio gehienak Afrikan hegoaldetik hegoaldera ematen dira, ez hegoaldetik iparraldera. Migratzaileen %50 emakumeak dira"

Anaitze Agirre Larreta SOS Arrazakeriako kide da aspaldidanik, eta egun Irungo Harrera Sarean dabil buru-belarri. Mundu mailako migrazioarekiko dugun ikuspegia oso desitxuratuta dugula ohartarazi du: "'Denak hona datoz' diskurtsoa jasotzen dugu eta hori ez da egia. Migrazio gehienak Afrikan hegoaldetik hegoaldera ematen dira, ez hegoaldetik iparraldera. Afrikan jendea oso erraz mugitzen da herrialdeen artean eta bertan gelditzen da. Gero, migratzen hasten direnean eta migrazio proiektua aldatzen zaienean, jendea iparralderago joaten da eta batzuk pentsatzen hasten dira Europara nola joan. Batzuk hasieratik zuten helburu Europa, baina beste batzuk ez". Iruditegi sexista hori, gizonek migratzen dutela eta emakumeak zain geratzen direla, mitoa dela esan du: "Orokorrean migratzaileen %50 emakume eta %50 gizon dira. Baina adibidez emakume afrikar gehienek hegoaldetik hegoaldera migratzen dute. Iparralderako bidaiak askoz gogorragoak dira orokorrean emakumeentzat. Ez dezagun pentsa, estereotipoak dioen bezala, emakume guztiak gizonarekin elkartzera etorri direnik. Badira bakarrik datozen emakumeak eta proiektu migratorioa berea dutenak".

Oier Gonzalez, kale hezitzailea: "Uda honetan Guggenheimek 445.147 bisitari jaso ditu eta Gaztelugatxek 235.000. Hori ez dugu inbasio moduan hartzen. Aldiz, 3.881 arreta egin dizkie EAEko Gurutze Gorriak migratzaileei. Noren interesa da hori hain inbasibo ikustea, zenbakiok alderatuta txorakeria bat denean? Pasoko turistek eta lanera datozen migratzaileek, bakoitzak zer ekonomia sortzen du?"

Zergatik dugu migrazioaren errealitatearekiko hain pertzepzio okerra? Agirrek jarraitu du: "Duela pare bat urte Espainiako Barne ministroak bota zuen: '300.000 afrikar daude Europa hartzeko zain'. Datuen erabilera interesatua egiten dute askotan instituzio eta gobernuek. Zertarako egiten dute? Alarma sortu, gizartea beldurtu, eta modu bateko migrazio politikak justifikatzeko. 'Inbaditzen gaituzte, olatuan datoz, pila bat dira...'  pentsatzen badugu, agian erraz onartuko dugu 'Melillan hesi handi bat jarri behar da, Marokori eta Turkiari dirua eman behar zaie hori geldiarazteko, eta Mediterraneo itsasoan hiltzen direnak ba... zer egingo diegu, ezin ditugu denak hartu'".  Oier Gonzalez kale hezitzailea da, eta buru-bihotz dabil kalean bizi diren gazte magrebtarrekin hainbat proiektutan. Berak ere dio "inbasio" sentsazioa ez datorrela bat errealitatearekin: "Ekain-uztail-abuztuan Bilboko Guggenheim museoak 445.147 bisitari jaso ditu. Epe berean Gaztelugatxek 235.000. Hori ez dugu inbasio moduan hartzen. Aldiz, denbora tarte horretan 3.881 arreta egin zizkien EAEko Gurutze Gorriak migratzaileei. Izan ere, udan Donostiara 10 egunero 45 pertsona beltz iritsi dira Gurutze Gorriaren autobusez eta Bilbora beste hainbeste. Eta hori inbasio moduan hartzen dugu. Noren interesa da, aipatutako zenbakietan oinarritutako turismoa inbasio fisikoa izanik zerbait onuragarri moduan ikustea, eta beste batzuen etorrera hain inbasibo ikustea, zenbakiok alderatuta txorakeria bat denean? Hemendik pasoan dagoen turista batek zer ekonomia sortzen du, eta hona lanerako prest datorrenak zer ekonomia sortzen du, jasangarritasunaren ikuspegitik? Enplegu sailburuak berriki esan du, demografikoki beharrezko dugu jende hau". 

Agirrek Migrazioen Nazioarteko Erakundearen datuak ekarri ditu gogora, Europara datorren migrazioa gutxitu izanaren adierazle: "2015ean itsasoz milioi bat pertsona iritsi ziren Europara. 2016an 262.000 izan ziren. 2017an 101.000 pertsona. Aurten 46.000 pertsona. ACNURek esan du itsasoz Espainia hegoaldera 27.000 pertsona iritsi direla. Zifra hori barregarria da  47 milioi pertsonako herrialde batentzat. Eta zergatik gutxitu da hainbeste itsasoz Europara iritsitakoen kopurua? Mugak esternalizatu direlako. Turkia eta Maroko egiten ari dira orain lan zikin hori". Baina, uda honetan ez al da Euskal Herrira inoiz baino migratzaile gehiago iritsi? Agirreren esanetan, "Mediterraneoko sarbide nagusia itxi du Italiak. Ondorioz, berriro indartu da Maroko eta Espainia hegoaldearen arteko igarobidea. Gehiago etorri diren Euskal Herrira? Agian bai, bidearen aldaketagatik, udan eguraldiak laguntzen du...". Gonzalezek dio udan hona iritsitakoen kopuruak aurreko urteen antzekoak izanik ere, aurten ikusgarriago egin direla: "Arrazoiz, nire inguruko gazte magrebtarrak haserre daude: haiek urteak daramatzate kalean bizitzen. Donostian kalean bizi diren 18-19 urteko gazteen kopurua 40 lagun ingurukoa da. Eta uda honetan bat-batean gaia mugitzen hasi da. Zergatik? Inbasio irudiagatik. Ez da askoz gehiago etorri direlako, baizik, etorrerak askoz ikusgarriago egin direlako. Estalita zegoen errealitate bat lehertu da, Espainia hegoaldean baliabideek gainezka egin dutenean. Lehen modu informalean iristen ziren hona, bakoitza bere kasa, familiarengana... orain autobusean denak elkarrekin ekartzen dituzte, aldi berean". Agirrek galdera deserosoa bota du piztutako elkartasunaz: "Berdin gertatuko litzateke magrebtarrekin edo ijitoekin izan balitz? Migranteen artean, beltzekiko pertzepzio positiboagoa du gizarteak. Errefuxiatuen gaiarekin Europan urtetan ikusi ditugun irudi guztien ondorio ere izan da piztu den elkartasuna".

Irungo Lakaxita gaztetxean, iritsi berria informazioa irakurtzen. Argazkia: Dani Blanco.
Zer azaleratzen du migratzaileen gaiak?
Iñigo Santxo: "Krisia ez da errefuxiatuena, kapitalismoarena baizik. Kapitalismoak birsortzeko inperialismoa bultzatzen du, herrialdeen desjabetzea burutzen du... eta horren ondorioa da jendea behartuta sentitzen dela bizitzari beren herritik urrunduta ekitera"

Zer ari zaigu seinalatzen 2015etik "errefuxiatuen krisia" esaten zaion hori? Hasteko, Agirrek terminologia zaintzeko eskatu du: "'Inmigrazioaren drama' esaten da, eta ez, drama eragindakoa da, beraz, zehatzagoa litzateke esatea 'inmigrazio politiken drama'. Edo 'errefuxiatuen krisia' ez da egia, 'Europako errefuxiatu politiken krisia' da". Iñigo Santxo Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko kidea da, eta Bilbon Hiritarren Harrera Sarean dabil sortze momentutik. Migratzeko arrazoietan jarri du arreta: "Krisia ez da errefuxiatuena, krisian dagoena sistema kapitalista da. Kapitalismoak birsortzeko inperialismoa bultzatzen du, herrialdeen desjabetzea burutzen du... eta horren ondorioa da jendea behartuta sentitzen dela bizitzari beren herri eta familietatik urrunduta ekitera. Ez da fenomeno berria, historikoki errepikatu izan da garai ezberdinetan eta ez soilik Afrikan. Migrazio fluxuak 'naturalak' dira sistema kapitalistan". Gonzalezek "esklabotza" itzuli dela salatu du: "Ghanako 19 urteko gazte batek ederki azaldu zidan behin: 'duela 200 urte gure herrietara trafikanteak etortzen ziren gu bahitu eta Ameriketara esklabo eramateko. Egun gu ateratzen gara Europara esklabo etortzeko'. Izan ere, muga zer da? Ekoizpen sistema kapitalistan, kontrol eta sailkapenerako bitarteko bat. 

Oier Gonzalez: "Ghanako 19 urteko gazte batek ederki azaldu zidan behin: 'duela 200 urte gure herrietara trafikanteak etortzen ziren gu bahitu eta Ameriketara esklabo eramateko. Egun gu ateratzen gara Europara esklabo etortzeko'. Pertsona zaurgarriak eta menpekoak iristen dira hona, eskubiderik gabe, ekoizpen sistema hornitzeko"

Mugak pertsonen trantsitoa erregulatzen du, “nor” eta “nola” “nora” doan zedarritu.  Prozesu horretan pertsona zaurgarriak eta menpekoak iristen dira hona, eskubiderik gabe. Mugak, lan-esku merke eta menperatu baterako baldintzak  sortzen ditu, norbere jaioterria uztera bultzatzen duen baldintzak eragiten dituen ekoizpen sistema bera hornitzeko".

Beltzean diharduen ekonomiarentzako esku-lana bermatzen du migrazio politikak. Ondorio hori atera daiteke, paperik gabekoek egoiliar baimena lortzeko duten bide bakarra hiru urtez bertan bizi izan direla frogatzea baita. Horrela azaldu digute Laia abokatu taldeko kide diren Aratz Estonba eta Garbiñe Gomezek: "Absurdua da. Baimena ematen dietenean esaten ari dira: aupa txapeldun, lortu duzu hiru urte pasatzea poliziak harrapatu gabe ezkutuan lan eginez. Premio! 21 urteko pertsona batek nola lortzen du bestela hiru urte pasatzea? Guztiok dakigu zer gertatzen den". Enpresariez gain, espekulatzaileek ere paperik gabekoen alokairuarekin sekulako pagotxa dutela gehitu du: "Bakoitzari 300 euro kobratu, eta pisuan 15 pertsona bizi badira... eta zerga aitorpenik gabe, noski! Hedabideetan 'patera-pisua' hitzarekin izendatzen da baina zergatik ez dute jabea seinalatzen?".

Migratzaileen gaiak azaleratu duen beste afera bat, Euskal Herria zeharkatzen

Aratz Estonba, abokatua: "Espainia eta Frantziaren arteko muga normalizatzen ari gara, agintarien esanetan ez omen dagoena. 'Beroan eginiko itzulketak" Europako estatu batetik bestera egitea sekulako kontraesana da! Zirkulazioa librea bada, guztiontzat da librea"

duen Espainia eta Frantziaren arteko muga da. Estonbak irmo salatu du: "Muga bat normalizatzen ari gara, agintarien esanetan ez omen dagoena. Eta ez dezagun ahaztu Europar Batasunean zirkulazioa librea dela! Muga horretan 'beroan eginiko itzulketak' Europako estatu batetik bestera egitea sekulako kontraesana da! Onartu dezatela mugak badaudela, edo zirkulazioa  librea bada, guztiontzat da librea". Bi estatuetako poliziak migratzaileen patata beroa elkarri pasatzen dihardutela azaldu du: "Frantziak migratzaileak jatorrizko herrialdera itzuli beharrean, mugara ekartzen ditu. Askotan, topoan sartu eta Hendaiara iristean Espainiako poliziak hartzen ditu. Kaleratze espedientea zabaltzen diete eta polizia espainolak esaten dio migratzaileari: 'sei hilabete dituzu berriz saiatzeko. Berriz pasatzean berriz harrapatzen bazaituzte, paper hau bota'. Eta aholkuak ere ematen  dizkiete: 'pasa behar baduzu pasatu gauez...'". Polizia legez kanpo jokatzen ari den bitartean, elkartasuna delitu bihurtzeko arriskua ikusten du Gomez abokatuak: "Gu harrapatzen bagaituzte gure bezero edo lagun diren migratzaileekin Irungo zubia zeharkatzen, pertsonen trafiko delitua egotzi diezagukete". Gonzalezek gogora ekarri du Euskal Herriak muga zeharkatzen metatutako jakintza eta esperientzia: "Mugaldeko praktikak eta elkartasun sareak berreskuratzeko aukera ematen du gai honek. Baina gero eta zailago jarriko dute elkartasuna".

Garbiñe Gomez eta Aratz Estonba, Laia abokatu taldeko kideak. Bere bulegoan elkarrizketa egin bitartean, postariak jo du atea: "Eguneroko berriak!" iragarri du postariak ironiaz.
Gutuna irekita, "beste kaleratze agindu bat" azaldu dute bi abokatuek.
 
Bidaia legeetan barna

Estonba abokatuak azaldu du Espainiako lurretara sartzea lortzen dutenentzat estatuak prestaturik duen ibilbidea: "Gurutze Gorriak artatu ostean, Espainiako Polizia Nazionalaren eskuetan uzten dituzte. Poliziak  identifikatu egiten ditu, pasaportea kentzen die eta espediente administratibo bat ireki. Espedientea zabaltzen diote, poliziari iruditzen zaiolako modu irregularrean etorri dela pertsona hori, baina agian ez da horrela, errugabetasun presuntzioa gorde behar da. Espedientea zabaltzerakoan, garai bat egon zen zuzenean denei hezurrak neurtuz adina igartzeko froga egiten zietena (azken hilabeteetan ez dugu ikusi egiten denik). Pertsona batek pasaportea baldin badu, hezur frogak egitea ilegala da, dokumentazio bat baduelako adierazten duena nor den eta zer adin duen. Espedientea ireki ostean, normalean jendea kale gorrian geratzen da. Lehen hiru egunetan aukera du Gurutze Gorriaren egoitzetan lo egiteko, baina gero kalera doa". Espediente administratiboak sei hilabete iraun ditzake, gehienez. Iritsi berriak alegazioak aurkeztu behar ditu, justifikatuz Espainiako lurretan bere sarrera ez dela irregularra izan eta bertan egoiliar baimena eskuratzeko legeak jarritako baldintzak betetzen dituela frogatuz. Askotan, migratzaileek ez dituzte betetzen legeak egoiliar baimena emateko ezartzen dituen baldintzak. Horrelakoetan geratzen den aukera bakarra azaldua dugu: Hiru urte aguantatzea modu klandestinoan, eta hiru urte horiek pasatuta berriz ekitea legalki egoiliar baimena lortzeari. Baimena lortzeko, errotze txostena aurkeztu behar da, alegia, bertan bizitzen hiru urte daramatzala justifikatzen duten frogak. Honetarako baliagarri da estatura iritsi orduko poliziak ireki zion espediente administratiboa, zein egunetan iritsi zen esateko. Erroldatzea ere bai, bere egoiliar epea noiz hasi zen adierazteko. Eta horrez gain ikastaroak egitea, dinamika anitzetan parte hartzea... hori guztia dokumentatu behar du, aldi berean klandestinitatean egonik, poliziak harrapatuz gero bidaliko bailukete. Eskakizun kontraesankorrak, inondik ere.

Asilo politikoa eskatzen dutenek egin behar duten bidea beste bat da: gudan dagoen herrialde batetik edo beren burua arriskuan dagoen herrialde batetik datorrela frogatzea da migratzaile hauen borroka. CEAR erakundeak bideratzen ditu kasu hauek, eta baldintza oso zorrotzak bete behar dituzte: ez dute lan egiteko eskubiderik, hainbat ikastaro eta programetan parte hartu behar dute... Asiloa eskatu dezaketen gehienek bide honi heltzen diote, baina badu bere arriskua. Honela azaldu du Estonbak: "Asiloa ukatzen badizute eta jatorrizko herrialdean zure bila baldin badabiltza, deportazioa dator. Gerta daiteke asiloa ukatuz gero Espainiak kanporatze prozedura zabaltzea eta kalean uztea, eta beraz, paperik gabeko beste helduek bezala, klandestinitatean hiru urtez eusteko bideari heldu beharra".

Aratz Estonba, abokatua: "duela lauzpabost urtetatik hona zera gertatzen ari da: poliziak bahitu egiten ditu adin txikikoen pasaporteak eta pasaportea bihurtzen dute delitu baten froga, dokumentazio faltsua izatea egozten dietelako"

Adin txikikoena da egoiliar baimena lortzeko hirugarren bidea. Estonbak azaldu duenez, "hauen kasuan berez nahikoa litzateke administrazioko edozein tokitara joan eta esatea: 'adin txikikoa naiz, hemen nire pasaportea'. Automatikoki eraman beharko lukete adin txikiko zentro tutelatu batera. Sei hilabetez Aldundiaren egoitzetan baldin badaude tutelatu gisa, jada egoiliar baimena eskatu dezakete. Baina duela lauzpabost urtetatik hona zera gertatzen ari da: poliziak bahitu egiten ditu adin txikikoen pasaporteak eta pasaportea bihurtzen dute delitu baten froga, dokumentazio faltsua izatea egozten dietelako". Beraz, zalantzan jartzen dute adin txikikoa denik, eta hezur frogak egiten dizkiete. Estonbak froga hauek zalantzan jarri ditu: "Zientifikoki onartuta dago hezur froga ez dela objektiboa: alderatze patroia gizonezko kaukasiarrena da, gizon edo emakumezko afrikar batek ez du patroi bera beteko. Hori Osasunaren Munduko Erakundeak esaten du! Eta oso inbasiboa da: eskumuturraz gain hortzak begiratzen dizkiete, barrabilak edo alua garapena ikusteko... esklabotza garaia ekartzen du gogora". Adin txikiko hauen adina zalantzan jarria izan denez, Aldundiaren ardurapeko izateari uzten diote eta kale gorrian geratzen dira. Gomezek Aldundiaren jokabidea salatu du: "Oso larria da. Gipuzkoako lege foralak dio adin txikikoak babestu egin behar direla, eta praktikan ikusten dugu poliziak Aldundiak kudeatzen dituen zentroetara sartzen direla baimen judizialik gabe, galdeketa irregularrak egiten dizkietela adin txikikoei hezitzaileak aurrean egon gabe... eta Aldundiak ez du ezer egiten horiek eragozteko. Borroka judizial hori ere egiten ari gara, Aldundiak adin txikiko hauen tutela berreskuratu dezan".

Naziru da egoera hori bizi izan duenetako bat [goiko bideoan ikusentzun daiteke bere testigantza]: "Lehen nire herrialdeko pasaportea nuen, enbaxadan ateratakoa. Donostiako adin txikikoen UBA zentrora iritsi eta astebetera Espainiako Poliziak etorri ziren zentrora eta pasaportea kendu zidaten faltsifikatua zela esanaz. Polizia etxean pasatu nuen gaua eta biharamunean epaitegira joan ginen abokatuarekin. Epaileak esan zuen: poliziek diozue gazte honek ez duela pasaporteak dioen adinaren itxurarik, eta aurpegian ez omen duela pasaporteko argazkian duen markarik, baina nire ustez bai, adin hori dirudi eta marka badu. Esan zidan itzuli nintekeela UBAra, baina pasaportea enbaxadara bidaliko zuela, egiazkoa zen frogatzera. Zortzi hilabete egon gara zain eta enbaxadatik gutuna jaso dugu egiazkoa dela esanaz. Oraindik ez didate pasaporterik itzuli. UBAn denetik dago, badira bere lana ondo egiten duten langileak. Ni ez ninduten ondo tratatu. Ziur nago beraiek deitu zietela poliziei nire bila etortzeko".

Mahmud: "Bi urte eman ditugu epaiketetan, gogorra izan da. Lortu dugu epaileek esatea pasaportea ez zela faltsua, adin txikikoa nintzela"

Mahmudek ere badaki zer den trantze hori: "Arrasateko kalean nengoen egun hartan. Poliziak etorri zitzaizkidan pasaporte eske. Adin txikikoen egoitzako buruak bazekien zer gertatzen zen, nire pasaporteaz galdezka deitzen baitzioten, baina niri ez zidan ezer kontatu. Poliziei pasaportea eman nien eta bost minuturako erantzun zidaten faltsua zela. Egun gutxi batzuk beranduago, klasean nengoela, poliziak bila etorri zitzaizkidan. Eskuburdinak jarri zizkidaten eta hor hasi zen historia osoa. Bi urte eman ditugu epaiketetan... gogorra izan da. Borrokatu dugu eta lortu dugu epaileek esatea pasaportea ez zela faltsua, adin txikikoa nintzela".

Irtenbidea: guztiontzako eskubide berak

Estonbak adierazi du errealitatea onartzea dela konponbiderako lehen urratsa: "Jendea beren herrialdeetatik kanporatzen ari gara. Soluzio bide bakarra beste herrialdeei lapurtzeari uztea da. Utopia hori iritsi bitartean, irtenbidea migrazio fluxuak existitzen direla onartzea da. Aldundietan, udaletan, ez dago etorkinentzako bulegorik. Zergatik ez?". Agirrek Irungo Harrera Sareak hasieratik eskatu duena aldarrikatu du: "Harrera duina eta integrala. Praktikan erakutsi dugu posible dela. Eta hori ez da administrazioa egiten ari. Bestela guk ez genituzke bazkariak egingo, edo arropa kudeatuko, edo gaixo daudenen jarraipena egiteko lantalderik osatuko". Santxok Bilboko Hiritarren Harrera Sarearen helburua lorgarria dela nabarmendu du: "Herri mugimenduak gaitasuna baldin badu bere baliabide apurrekin harrera integral bat garatzeko, erakundeek diru publikoarekin eta dituzten baliabideak kontuan hartuta, inguruko GKEekin, herritar antolatuekin harremanetan... borondatea izanik, Bilbo Harrera Hiri bihurtzea oso erraza litzateke".

Gonzalez: "Migratzeko arrazoiak anitzak dira eta denak zilegi. Oinarri oinarrizkoa da bizitza on baterako eskubidea"

Administrazioak baliabideak banatzerakoan bereizi egiten ditu migratzaileak, kasuistikaren arabera: asilo eskaera egin duten errefuxiatuak, adin txikikoak, "aldi baterako trantsitoan" daudenak, zaurgarritasun egoeran dauden ume eta emakumeak... Gonzalezi hori "terriblea" iruditzen zaio: "Miseria sailkatzea da, batzuei apur batzuk emateko eta beste batzuei beste apur batzuk. Migratzeko arrazoiak anitzak dira eta denak dira zilegi. Oinarri oinarrizkoa da bizitza on baterako eskubidea. Eta nortzuk dira eskubideen subjektu? Norbanako guztiak. Batez ere, gure ongizatea besteen miseriaren gainean eraikia dagoenean. Hori ari zaizkigu migratzaileak bistaratzen, uneoro". Agirrek ere irtenbidea pertsona

guztientzat aterpea dela esan du, sailkapenik egin gabe: "Kalean bizi den jende guztiarentzako bilatu behar da soluzioa. Guk ez ditugu eskubide bereziak eskatzen inorentzat, migranteentzat ere ez. Alderantziz, eskatzen duguna eskubide berdintasuna da, eta dagoena, guztiontzat egotea. Irunen hainbeste biztanle izanik, oraindik ez dago albergerik ere kalean bizi direnentzat". Estonbak ere politika integralak eskatu ditu: "Ghanatik etorritakoa izan edo Donostiako Bidebieta auzoan jaiotakoa izan, 16 urterekin bertan bizi diren denek eskubide berak edukitzea. Zergatik sektorizatu dena?". Gomez bat dator eskubide guztiak guztientzat izatearekin, baina babes berezia eskatu du adin txikikoentzat.

Anaitze Agirre, Irungo Harrera Sareko kidea, Lakaxita gaztetxe atarian: "Kalean bizi den jende guztiarentzako bilatu behar da soluzioa. Guk ez ditugu eskubide bereziak eskatzen, inorentzat".
... eta elkartasuna piztu zen

Uda honetan Hiritarren Harrera Sareak sortu dira Bilbon, Donostian eta Irunen. Bilboko sorrera azaldu du Santxok: "Ekainaren 28an hasi ginen, kasualitatez. Errefuxiatuak Ongi Etorri taldeko kide batek 40 migratzaileko autobus bat detektatu zuen. Berez Espainiako Gurutze Gorriak Euskadiko Gurutze Gorriarekin koordinatu behar ditu autobusak, geltokira bila joan eta migratzaileak Gurutze Gorriaren dispositiboetara eramateko. Baina han ez zegoen Gurutze Gorriko inor, 40 lagun zeuden noraezean. Bilbon behin baino gehiagotan eman den egoera da. Ongi Etorriko hainbat pertsonarekin hitz egin zuen kide honek, eta bote-prontoan erabaki genuen lehen harrera dinamika martxan jartzea". Etorri berriei oinarrizko bizi-baldintzak bermatzeko espazioa zabaldu zuten Karmela gune autogestionatuan eta herritarrei dei egin zieten janaria eta arropa ekartzeko, txandak egiteko... Biharamunean, Bilboko Udalari bilera eskatu zioten, egoeraren inguruan eta udalak jarriko zituen baliabideez hitz egiteko. Aktibatutako elkartasun herritarraren ondorio izan zen erakundeen erantzuna: bi egunera Gurutze Gorriak 44 lagunentzako dispositiboa ireki zuen Concha Generala kalean, "baina ez zien erantzuten zeuden beharrei. Beraz, guk gure mekanismoak praktikan jarri behar izan genituen behar horiek ase eta presio mekanismo bilakatzeko" azaldu du Santxok.

Irungo Harrera Sarearen sorrera ere "inprobisatua, kasualitatea" hitzekin definitu du Agirrek: "Uztailaren erdialdean hasi ginen, 20 bat lagunek 15 egun zeramatzatelako geltokian botata. Inork ez zien kasurik egiten, ez baleude bezala! 'Hemen jende hau dago bazterkeria egoeran, gainera muga ezin pasa, eta zerbait egin beharko da' pentsatu genuen". Gaueko 00:00etan hartu zuten hainbat elkarteetako kideek (SOS Arrazakeria, Errefuxiatuak Ongi Etorri, Irungo beste hainbat elkarte... ) erabakia: biharamunean gosari solidarioa egingo zuten. Esan eta egin. Hurrengo goizean geltokira joan, bertan zeudenei proposatu eta denen artean Udaletxe atarian egin zuten gosaria. Medioetan oihartzun handia izan zuen. Lehen une hartan hasi eta uda osoan, Udalaren jokamoldea beti bera izan dela esan du Agirrek: "Udala agertzen da, bai, eta gauzak egiten ditu, baina beti herri ekimenaren atzetik, inprobisatuta, eta era diskrezionalean (segun noiz bai eta segun noiz ez)".

Iñigo Santxo: "Guk ez dugu asistentzialismorik egiten, guretzat harrera ekintza politiko, intsumitu desobedientea da. Erakundeek bete beharko luketen hori egiten dugu, baina presio mekanismo izatea da helburua"

Bilbon, Donostian eta Irunen sortu diren Hiritarren Harrera Sareek, oso argi dute harreraren ardura erakunde publikoena dela, eta herritarren sarearen helburua ez da hauek ordezkatzea. Agirre: "Harrera Sarean terreno gainean ari gara lanean, erabili dezatela erakundeek energia eta lehen eskuko informazio hori harrera hobetzeko eta benetan duina eta integrala egiteko". Santxok horrela definitu du Bilboko sarearen helburua: "Guk ez dugu asistentzialismorik egiten, guretzat harrera ekintza politiko, intsumitu desobedientea da. Erakundeek bete beharko luketen hori egiten dugu, baina presio mekanismo izatea da helburua. Horregatik egiten ditugu mobilizazioak, eta sozializazioa eta kontzientziazioa bultzatzen dugu". Bilboko Hiritarren Harrera Sareak izan duen bilakaera da presioa egiteko bokazio horren adibide: "Errefuxiatuak Ongi Etorri taldeak hartu zuen beregain hasierako 15 egun haietan harrera politiko dinamika hau, baina talde barruan eztabaidatu egin zen funtzioen inguruan eta erabaki genuen funtzio politikoetan zentratu behar ginela, salaketa, sentsibilizazioa eta interpelazio politiko-instituzionala eginez. Eta bestetik, auzoek bete nahi izanez gero ordura arte Ongi Etorrik eginiko harrera lanketa politikoa, haien esku geratuko zela. Harremanetan jarri ginen Atxuriko auzotarrekin, eta horrela egin zen jauzia Harrera Auzoen logikara. Geroztik hiru auzotan egin du bidea, Atxuri, Bilbo Zaharra eta Santutxun. Auzoak sentsibilizatzeko eta presioa zabaltzeko balio izan du".

Erakundeei beren ardura betearazteko, bai Bilbon, Donostian eta bai Irunen, migratzaileek bete beharreko baldintza da Hiritarren Harrera Sareko baliabideak erabiltzen hasi aurretik Gurutze Gorriko aukera denak baliatzea: ahalik gau gehien han lo egitea, otordu-txartelak erabiltzea...

Asistentzialismorik ez. Autoantolaketarako erremintak garatuz

Etorri berriekin bizitzako une batzuk partekatzea ekarri dute Hiritarren Harrera Sareek. Nolako harremanak eraiki elkarren artean? Agirrek etnozentrismoaz kontziente izatea ezinbestekoa dela dio: "Karitatetik aldendu nahi dugu. Joera paternalista eta biktimizatzekoa agertzen zaigu, eta nire buruari errepikatzen diodan esaldia da: mundu erdia egin du, muga pila bat gainditu ditu, polizia... bere kasa gu baino hobeto moldatzen da. Baina lanketa egitea ez dago sobera, etnozentrismoan heziak izan gara, eta gure burua hautematen dugu iparraldeko eta txuri, eta besteak hautematen ditugu gaixo, beltz eta herrialde 'atzeratuetatik' etorriak". Begirada kritikoari eusten dio Lakaxitako egunerokotasunean, baina balantzan jarriz gero, alde positiboak askoz ere pisu handiagoa izan duela nabarmendu du: "Izugarria da hain denbora gutxian zenbat gauza egin diren, eta gainera zein ongi atera diren! Formazioa behar dugu, edo irizpide bateratuak, baina egunerokoan ez da denborarik egon hori egiteko".

Iñigo Santxo, Bilboko Hiritarren Harrera Sareko kideak azaldu digu bere sorrera eta bilakaera.
Santxo: "Hasieratik argi genuen Bilboko Hiritarren Harrera Sarearen dinamikak horizontala izan behar zuela eta botere harreman zuri, heterosexual eta klasistak suntsitu behar genituela"

Santxok honela azaldu du Bilboko Hiritarren Harrera Sarean egin duten lanketa: "Hasieratik argi genuen dinamikak horizontala izan behar zuela eta botere harreman zuri, heterosexual eta klasistak suntsitu behar genituela. Hasieratik asanbladan antolatu gara, jakinik boterea deseraikitzea prozesu bat dela, ez dela egun batetik bestera egiten. Kontzientzia hartuz, pixkanaka pausoak eman ditugu". Hasierako asanbladak "nahiko katastrofikoak" zirela kontatu du: "Ohitura faltagatik, nekeagatik, bidaia luzea izan zutelako, oso berandu egiten genituelako... oso parte-hartze txikia zuten. Orain, afaldu aurretik egiten dugu asanblada, efizienteago da, eta parte-hartzea handia. Eta orain migratzaileak dira sukaldeko eta garbiketako txandak antolatzen dituztenak". Boluntarioek harrera integral batek eskatzen dituen eremu anitzetan "akonpainamenduak" egiten dituztela azaldu du: gaztelania ikastaroak, medikuarengana joateko akonpainamendua (osasun publikoko langile kontzientziatuek bidea errazten dietela azaldu du), asiloa eskatzeko akonpainamendua eta baita asistentzia juridikoa ere, baina azken hau esperientzia pertsonalen bidez; hemen urte gehiago daramatzaten migratzaileek eskarmentua dute paper kontuetan eta haien esperientzia partekatzen dute: "Akonpainamendua ere migratzaileek egitea da helburua. Haien arteko elkartasuna praktikan egikaritzeko modua da. Boterea deseraikitzeko eta menpekotasunaren logika hausteko, emeki-emeki ematen ari garen pausoa da".

Agirre: "Saiatzen ari gara Irunen bizitzen denbora bat daraman jendea Lakaxitako lantalde guztietan txertatzen. Hori da normalizazioa eta berdintasunean parte hartzea. Gainera, askoz eraginkorragoa da"

Irunen lantaldeka antolatu dira eguneroko beharrei erantzuteko: harrera eta informazio lantaldeak egunero ematen du kale buelta, hirira jende berririk etorri den ikusteko, eta hauei dituzten aukerez informazioa emateko. Sukalde lantaldea ere badago, osasun jarraipena egitekoa, arropa, komunikazioa, eta hizkuntzak irakasteko taldeak. 125 herritar ari dira dinamika horretan lanean, eta Agirrek balioan jarri ditu parte hartzeko beste moduak ere: "Jende asko dago arropa edo dirua ematen duena. Jendea mugitzen ari da, bakoitza bere parte hartzeko moduan". Irunen ere migratzaileen autogestioa sustatzen dute: "Saiatzen ari gara Irunen bizitzen denbora bat daraman jendea Lakaxitako lantalde guztietan txertatzen. Hori da normalizazioa eta berdintasunean parte hartzea. Gainera, askoz eraginkorragoa da harrera egitera beltz batekin agertzea. Gu inguratzean uzkurtu egiten dira, eta gure lehen hitza izaten da 'ez gara polizia'".

Oier Gonzalez, kale hezitzailea: "Bizitza ezberdinak elkartzea da gakoa, eta hori gertatzeko marko bat eraikitzea".

Gonzalezek horrela azaldu du nola eraikitzen dituen migratzaileekiko harremanak: "Enkontruan dago gakoa, elkar entzun eta elkar ulertzean, beti. Administrazioaren eta herri mugimenduaren arteko ezberdintasuna horixe da: administrazioak bere ekintza marko formalera mugatzen duela, aldiz, herri mugimenduak marko hori gainditzen du eta harremanean oinarritzen da. Bizitzaz ari gara, eta ezin da pertsona bat zatikatu bulegoko lanorduen arabera. Benetako enkontruak eragin egiten zaitu, zu nolakoa zaren eta nola eraikia izan zaren pentsarazten dizu, eta hortik benetako hartu-eman bat sortzen da. Bizitza ezberdinak elkartzea da gakoa, eta hori gertatzeko marko bat eraikitzea. Donostiako Txantxerreka adibide bat izan daiteke".

Hiru gauez lo egiteko egoitzak eta karitatearen negozioa

Gurutze Gorriak kudeatzen ditu Eusko Jaurlaritzaren larrialdiko aldi-baterako harrera zerbitzuak. EAEn 213 leku daude: 88 Bilbon, 35 Gasteizen, 30 Donostian eta 60 Irunen. Administrazioak fundazio pribatu honen bidez, migratzaileak artatzeko ardura esternalizatu egin duela salatu du Gonzalezek: "Zerbitzu sozialen pribatizazioaren logika jarraituz eginiko operazioa da. Kudeaketak publikoa izan behar zuen. Badakigu zer dakarren pribatizazioak, gutxieneko kostea eta ardura zero. Aldi berean, Gurutze Gorria kontuz ibiliko da kritikak egin eta egoerak publikoki salatzerakoan. Autokontrola nagusitzen da".

Santxo: "Abuztuaren 27ko astean  20-30 lagun egon ziren Bilbon 88 lagun artatzeko espazioa duen Gurutze Gorriaren egoitzan, eta Hiritarren Harrera Sareak kudeatutako Karmelan 120-145 lagun artean egon ziren afaltzen eta lo egiten. Nahiago dute Gurutze Gorriaren oheak hutsik egotea, hiru egunez egon den pertsonari laugarren gaua egiteko aukera ematea baino"

Erakunde publikoek jarri duten irizpideetako bat da iritsi berri diren migratzaileek Gurutze Gorriak kudeatutako egoitzetan ezin dituztela hiru gau baino gehiago egin. Herri mugimenduaren presioaren ondorioz, bost gauera luzatu zuten epea abuztuan, baina Santxok salatu du Bilbon ez zirela bost gauena betetzera iritsi. Orain, atzera hiru gauetara murriztu dute egonaldia erakundeek. Arau horrek eragiten duen kontraesana jarri du mahai gainean Santxok: "Guk dakigula, Bilbon oso gutxitan egon dira Gurutze Gorriko ohe denak beteta. Abuztuaren 27ko asteko datuak oso esanguratsuak dira:  20-30 lagun egon ziren 88 lagun artatzeko espazioa duen Gurutze Gorriaren egoitzan, eta Hiritarren Harrera Sareak kudeatutako Karmelan 120-145 lagun artean egon ziren afaltzen eta lo egiten. Nahiago dute Gurutze Gorriaren oheak hutsik egotea, hiru egunez egon den pertsonari laugarren gaua, bosgarrena, seigarrena egiteko aukera ematea baino". Agirrek Irunen antzera gertatzen dela esan du: "Izan dira egunak Gurutze Gorriak kudeatutako Lekaenean hamasei pertsonak lo egin dutenak eta Harrera Sareak kudeatutako Lakaxita gaztetxean hamabostek, toldo azpian. Negua ate-joka dela, hiru eguneko muga lazgarria izan daitekeela gehitu du: "Jendeak jarraituko du etortzen. Neguan ere kalean utziko ditugu, oheak libre dauden bitartean?".

Trantsitoan daudenen kasuan ere, aski al dira bost egun, iparraldeko herrietaranzko ibilbidean? Gonzalezek dio agian batzuentzako nahiko izango dela eta beste batzuentzako ez: "Hori da etorri berriak esan behar duena. Galdetzen zaie? Zein dira haien desirak? Bizipen oso bortitzak nozitu dituen pertsonak Espainian lur hartzen du eta astebetera Donostian dago. Erabat galduta. Agian bost egun horiek zoramenetik, superbibentzia oinarrizkotik arnasa hartzeko izan litezke, edo ez". Santxok tinko dio egun horiek ez direla nahikoa: "Bidaia prestatzeko ere denbora behar dute: nola mugituko diren antolatu, lan txukun bat bilatu pixkanaka dirua lortu eta bidaia ordaintzeko, iparralderago duten familiarengana badoaz haiekin harremanetan jarri, familiak dirua baldin badu hona bidali arte itxaron...". Irunen dakite ondoen trantsitoaren berri. Agirrek honela kontatu du: "Ondo bidean, Lakaxitan migratzaile bakoitzarekin dugun harremana oso egun gutxitarako da. Baina pasoan dagoenak ere bost egun baino gehiago behar dituela ikusten ari gara. Zergatik? Muga itxita dagoelako. Bada jendea muga pasatzen lau aldiz saiatu eta lau aldiz itzuli dutena. Baionan edo Bordelen harrapatuta ere Irunera ekarri dituzte beste batzuk...".

Irunen uda osoan pasa diren migratzaileetatik bertan gelditzea planteatzen ari direnak lauzpabost dira. Aldiz, Bilbora iritsitakoen artean geratzea erabakitzen dutenen kopurua askoz handiagoa da

Irunera jotzen duten migratzaileek muga zeharkatzea dute helburu: "Jende gehiena Afrika mendebaldetik dator, frankofonoak dira kolonia zirelako eta Frantzian dute komunitatea. Hara iritsi nahi dute, edo bestela iparralderago, bizi baldintzak hobeak direlako. Uda osoan pasa direnetatik Irunen bertan bizitzen gelditzea planteatzen ari direnak lauzpabost dira. Baina horiei ere soluzioa eman behar zaie". Aldiz, Bilbora iristen diren migratzaileen artean, bertan geratzea erabakitzen dutenen kopurua askoz handiagoa da. Santxok ohartarazi duenez, "horiek dira erakundeek beren diskurtsoetan ahazten dituztenak. Asilo politikoa eskatzen dutenen kopurua gorantz doa. Eta asilorik eskatu gabe ere Bilbon hilabete daramaten lagunak, beren burua Bilbon kokatzen ari dira emeki-emeki. Haien asmoa Europara iristea zen, eta hori lortuta, bakoitzak bere hausnarketa berritu behar du, eta batzuk Bilbon geratzea erabakitzen dute, gustura daudelako, bertan badelako komunitate afrikar indartsu bat bere sarea duena, lan munduratze bat badelako oso prekarioa izan arren...".

Lortutakoa asko, egiteko gehiago
Agirre: "Jende asko pasatu da Irungo gaztetxetik bestela pasatuko ez zena. Era guztietako jendea dabil etengabe, adinez (20 urtetik jubilatuetara), jatorriz, ideologiaz... hori bonba bat da, eta funtzionatzen du. %90 emakumeak gara, gehien gehiengoa. Feminismotik esaten dena, bizitza zentroan jarri eta hortik politika egin behar dela, konkretatzen ari da esperientzia honetan"

Agirrek azaldu du Irungo Harrera Sarearen hilabeteotako lorpena: "Jende asko pasatu da gaztetxetik bestela pasatuko ez zena. Hemen sortu dena oso berezia da. Era guztietako jendea dabil etengabe, adinez (20 urtetik jubilatuetara), jatorriz, ideologiaz... hori bonba bat da, eta funtzionatzen du. %90 emakumeak gara, gehien gehiengoa. Feminismotik esaten dena, bizitza zentroan jarri eta hortik politika egin behar dela, konkretatzen ari da esperientzia honetan". Urte askoan migratzaileen gaia lantzen ari diren elkarteei irakaspenik ekarri diela azpimarratu du: "Mobilizazioa herritarren artean eta espontaneoki sortu da, ez da elkarteen ekimen planifikatu bat izan. Biak behar dira, lan iraunkorra egiten duten taldeak, baina hainbeste jenderen parte-hartzea sustatzen duten ekimenak ere bai. Gosari hura egin ez bagenu, non geundeke? Betiko moduan prentsaurrekoa deitu bagenu manifestu bat irakurtzeko eta bilera eskatzeko gizarte gaietako zinegotziarekin, hainbeste jende inplikatuko zen lanean? Ni gozatzen ari naiz. Pilak erabat kargatuta nabil, ekimenarekin maiteminduta". Gonzalezek ere emozioak jarri ditu balioan: "Ezkertiar eta abertzale moduan, azken urteetan erdi itzalian genuen emozioa da agian esnatu dena, jendea motibatuta ikusten dut eguneroko praktikan. Horrek ekartzen duen astindua, nor garen-eta pentsatzeko, handia da. Gainera, elkartasun aukerak sortzen ditu. Errepresioaren jo-puntua kolorez aldatzen ari da, eta gure ibilbide militanteak eskainitako jakintza eta praktikak artikulatzeko eremu berri bat izan daiteke. Beste aukera bat, zubiak eraikitzeko".

Santxo: "Migratzaileen barne historiak entzuteak azkartzen du ditugun balio klasista, heteropatriarkal eta arrazistak deseraikitzeko prozesua".

Santxok dio Harrera Sareen dinamikak balio izan duela barneratuta ditugun balio klasista, heteropatriarkal eta arrazistak deseraikitzeko: "Migratzaileekin hitz egiteak eta haien barne historiak entzuteak deseraikitze prozesu hori azkartzen du". Jende askorentzat herri mugimenduetan parte hartu duen lehen aldia izan dela azaldu du eta errealitateaz kontzientzia hartzeko balio izan duela: "Egun bada klase ertainaren ideal oso zabaldua, gizarte parekide batean bizi garela, eskubide guztiak guztiontzako daudela bermatuak, ez dela jendarte arrazista... praktikan ikusten dugu ezetz. Proiektuaren parte sentitzeak ekarri du asebetetzea, harrotasun apal bat. Jendea ahalduntzen ari da eta badaki botere normatiboari kontra egiten ari dela eta herri boterean kokatutako logikan diharduela".

Gonzalezek epe ertainera luzatu du begirada: "Zer baliabide sortu ditzakegu Euskal Herrian, ekonomia sozial eraldatzailetik adibidez, ekonomia sortzeko? Badaude esperientziak"

Uda honetan loratu diren Hiritarren Harrera Sareek badute lanik hasi berri den ikasturtean. Lakaxitako eguneroko dinamikatik begiratuta, opor ostea inkognita da Agirrerentzat: "Lanak eta lantaldeak ordenatu nahi ditugu, bakoitzak antolatu dezan bere ikasturtea, duen denbora eta aukeren arabera. Abuztua garrantzitsua izan da taldea egonkortzeko, jendea libreago zegoelako. Hemendik aurrera? Ikusteko dago zer gertatuko den". Santxok iragarri du ikasturtea hastearekin Bilboko ekimena beste fase batean sartzeko garaia iritsiko dela: "Lehen fasea izan zen Ongi Etorrirena, bigarren fasea da Harrera Auzoen dinamika, eta beste fase bat prestatzen ari gara, tentsioa igoko duena, gatazka urbanoa gehiago piztuz, baina harrera politikoaren logika intsumitu autogestionatuari eutsiz. Bertan bizi eta lan egiteko eskubidea praktikan jartzearekin du zerikusia". Gonzalezek epe ertainera luzatu du begirada: "Zer baliabide sortu ditzakegu Euskal Herrian, ekonomia sozial eraldatzailetik adibidez, ekonomia sortzeko? Badaude esperientziak: Bartzelonan Alencop, txatarra biltzeko kooperatiba edo Diomcoop, kale saltzaileen kooperatiba, Bartzelonako udalarekin elkarlanean". Euskal Herrira etorrita, Buruntzaldean egiten ari diren lana ekarri du gogora: "Tokiko administrazioa, EAEko enplegu zerbitzuak, eta hirugarren sektoreko elkarteak lankidetzan hasi dira integraziorako ibilbide profesionalak eskaintzen, kooperatiben sorrera sustatzen... Egitura badago eta borondatea ere bai".


LARRUN
2018ko irailaren 30a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
#5
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herritarren Harrera Sareak
La Sirena aterpetxea irekitzeko eskatu du Donostiako Harrera Sareak

Donostian 300 pertsona baino gehiago daude aterpetxerik gabe. Harrera Sareak adierazi du “inhumanoa” dela La Sirena itxita mantentzea, eta “are gogorragoa” egungo tenperatura baxuekin.


2023-06-07 | ARGIA
Migratzaileak atxilotzeagatik jai-egunak, Espainiako Poliziak Irunen martxan jarri nahi izan duen neurria

Migratzaileak atxilotzea saritzen duen neurria onartu zuen atzo Espainiako Poliziaren Irungo taldeak: asteburuan migratzaile bat atxilotzeagatik, hiru jai-egun; bi migratzaile edo gehiago atxilotzeagatik, lau jai-egun; eta hamar atxilotutik gora, bost. Poliziaren sindikatuak... [+]


2022-12-21 | ARGIA
Atxondoko Harrera Herriak okupatu egin du Axpeko etxea

2018tik aurtengo urrira arte migratzaileei harrera egin eta aterpea emateko erabiltzen zen Axpeko aterpetxea, baina Atxondoko Udalak kanporatu egin zituen, eraikinaren egoera ez zela segurua eta ikuskaritza pasa beharra zegoela argudiatuz. Bi hilabetetik gora kalean bizitzen... [+]


Zazpi migratzailek Atxondoko udaletxeko arkupetan egiten dute lo, aterpetxea itxi dietelako

Migratzaileei harrera egiteko prestatuta dagoen Atxondoko aterpetxea erabiltzea galarazi die Udalak, eta non lo egin ez dutela, joan den astetik Atxondoko udaletxeko aterpetxean pasatzen dute gaua zazpi lagunek. Udalaren utzikeria salatu dute.


2022-10-19 | ARGIA
Migratzaileei Atxondoko aterpetxea erabiltzea galarazi die udalak, Harrera sareak salatu duenez

Atxondo Harrera Herria sareak gogoratu du migratzaileek asteak daramatzatela aterpetxean ezin sartu eta udalak eman dien arrazoia dela aterpetxeak ikuskaritza pasa behar duela, txosten bat prestatzen ari direla eta horregatik ezin dela erabili. Galdera eta kezka ugari ditu... [+]


Eguneraketa berriak daude