"Abortuaren aurkakoek gizarteari inposatu nahi diote haien erabakia"

  • Abortuaren aferan, ginekologo aitzindaria izan zen Nafarroan Elisa Sesma. Pablo Sanchez-Valverde eta Mari Cruz Landa kideekin batera, sektore kristauen eta eskuinaren presioa pairatu behar izan zuen, akusatuen aulkian esertzeraino. Orain, hiru hamarkada pasata, Iruñeko Udalaren aitortza jaso dute, hiriko zapiaren bitartez. Eta Andraizera luzatu nahi izan dute eskerra, Txantreako sexu eta ugalketa osasun zentroa eginez lorpenen motore eta erantzule nagusia.

Abortuaren aurkako taldeek gizarteari inposatu nahi diote haien erabakia. (Arg.: Josu Santesteban)
Abortuaren aurkako taldeek gizarteari inposatu nahi diote haien erabakia. (Arg.: Josu Santesteban)

Zuk egin zenuen Nafarroako osasun publikoko lehen abortua.
1985eko abuztuan eman zen abortuaren despenalizazioa [Espainiako] Estatuan, hiru baldintzetan, eta gutxira, urrian, kasu bat agertu zen. Abortu hura egiteko prest legokeen jendea deitzen hasi ziren, baina denek esan zuten ezetz, objektatzen zutela. [Nafarroako] Ospitalean, ni izan nintzen objektatu ez zuen bakarra.

Giroak ez zintuen atzera bota.
Emakumeek hamar urte generamatzan kalean, abortu libre, doakoa eta segurua aldarrikatzen. Beraz, une batean, profesionalki, hori egin ahal izatea suertatzen bazaizu, egitea erabakitzen duzu; erabaki etiko bat da. Orduan ez nintzen gai izan zetorkidan kontrakotasun giroa aurreikusteko. Gaur, eta pasatakoak pasata, bitan pentsatuko nuke.

“Elisa Sesma, legezko hiltzailea”. Eskuorriak agertu ziren Iruñeko kaleetan.  
Gure kontrako kanpaina gogorra izan zen, gure izen ona zikintzeko, eta ospitalean ez zizkiguten gauzak erraz jarri. Objekzioaren mugak ez zeuden argi, eta jende askok objektatu zuen, gaur egun ezingo lukeen arrazoiengatik.

Gerora etorri zen epaiketa, 1986ko abortu batengatik. Zuretzat, 12 urteko kartzela zigorra eskatzera iritsi ziren.
Estuasunez eta harriduraz bizi izan nuen: osasun publikoan abortu bat egin genuen, baldintza guztiak betez, malformazio arrisku argien aurrean, eta Acción Familiar-ek epaiketara eraman gintuen, legez kontrako abortua egin genuela esanez. 1990ean izan zen epaiketa, eta akusazioaren perituak bukatu zuen epaiketa desmuntatzen, malformazio arriskua izan zela onartu zuelako. Banekien jopuntuan ginela, baina talde askoren babesa genuen, ezkerrekoak, feministak... eta babestua  sentitu nintzen.

Bi urtez egin zenituzten abortuak osasun publikoan, baina bukatu zen bidea.
1985eko legea adin txikikoentzako legea zen: denek –epaileak, medikuak...– erabakitzen zuten emakumearen partez. Guk legea zorrotz bete genuen, malformazio arriskuen aurrean abortatzea baimentzen zuelako. Baina hainbestekoa izan zen presioa, azkenean administrazioarengana jo genuela, sare publikoan abortuak egiteko baldintzarik ez zela esanez. 1987an izan zen hori, eta orduan, egiteari utzi zitzaion: Nafarroako Gobernuak Nafarroatik kanpoko klinika pribatuak kontratatzea erabaki zuen, eta hori da azken 30 urteetan egin dena.

Nola eragin dute horretan presio taldeek?
Nik uler dezaket emakume batek, desiratu gabeko haurdunaldi bat izanda ere, aurrera jarraitzea, eta berdin uler dezaket abortatzea erabakitzen duena. Erabaki pertsonalak dira, eta errespetagarriak. Baina ezin ditut talde horiek errespetatu, ez baitira aritzen haien erabaki pertsonalez, emakumearengatik ari dira erabakitzen. Abortuaren aurkako taldeek gizarteari inposatu nahi diote haien erabakia. Nafarroan bada populazio zati kontserbadore esanguratsu bat. Talde hauek, zorionez, gutxiengo bat dira, baina zabalagoa den sektore kontserbadore baten barruan.

Zertan aldatu da abortuaren egoera?
Gizartea ikaragarri aldatu da: homosexualen ezkontza dugu, gizarte laikoagoa, harremanak ulertzeko beste era batzuk, transexualitatea... Prozesu sozial oso bat da, eta abortua parte bat gehiago da: emakumeek haien kabuz haurdunaldia eten nahi duten erabakitzea mentalitate aldaketa handia da, aldaketa soziala. Uste dut 2010eko [Espainiako] legea nahikoa dela; beste gauza bat da Nafarroan, gobernu berria irtsi arte ez dela jarrera aktiborik izan abortuak sare publikoan egin ahal izateko, eta abortatzeko Nafarroatik atera behar izateari utzi ahal izateko.

Zer da Andraize zuretzat?
1978an sortu zen, antisorgailuak legeztatzean, horiek banatzeko. Talde feministek, Txantreako auzo elkarteko emakumeek eta profesional talde txiki batek bultzatu zuten. Aitzindaria izan zen, antisorgailuak banatzen zituelako, baina batez ere, proposamen ideologiko oso bat zuelako, norberak bere gorputza eta sexualitatea ezagutu zezan, eta hori guztia osasun zaintza, norbanakoaren erabakien gaineko errespetua eta desiratu gabeko haurdunaldien prebentzioa barnebiltzen zuen ikuspegi batetik. Apustu sendoa izan zen.

Zer garrantzi du udalaren omenaldiak?
Bere garaian guri eragindako kaltea konpentsatzeko ekitaldi gisara aurkeztu zitzaigun. Begi onez ikusi nuen, baina birplanteatzeko eskatu nuen, ez ginelako bakarrik egon: jende asko izan zen borrokan, gauzak aldatu zitezen. Andraize eredu bat izan da eta da. Oraindik ere, han dago jende borrokalariena. Horregatik, garrantzitsua iruditu zitzaidan ulertzea abortuarena kapitulu garrantzitsua dela, baina askoz garrantzitsuagoa den testuinguru oso baten barruan. Militantzia modu bat izan da. Eta niretzat, benetako ekarpena halako zentroak existitu izana da, horiek ekarri baitute benetako aldaketa.

Abortuaren alde epaitegiraino

“Tuteran jaio nintzen 1954an, eta Iruñean, Nafarroako Unibertsitatean, ikasi nuen karrera, Opusen. Karrera bukatu eta gutxira egin nuen Nafarroako lehen abortua, 1985ean, gazte eta inozoa nintzela, eta etorri ziren gero beste batzuk. Horietako batengatik epaiketara eraman gintuzten, nahiz eta gero libre utzi. Txantreako Andraizeren sorreran izan nintzen, 1978an, laguntzen, eta batez ere ikasten. Gerora, ginekologia zerbitzuko hainbat ataletatik pasa eta gero, Txantreako zentroaren ardura hartu nuen, 2000tik 2017ra. Iaztik, sexu eta ugalketa osasunerako zentroak koordinatzen ditut Iruñerrian”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Abortu eskubidea
2024-03-12 | Euskal Irratiak
Jacqueline Idiart
"1970eko hamarkadan milioi bat emaztek abortatzen zuten Frantzian legez kanpo"

Abortuaren eskubidea Frantziako konstituzioan sartu da aste honetan. Baina abortatzeko eskubidea ez da gaur goizeko afera. Jadanik 1970. hamarkadaren hasieran mugimendu azkarrak izan ziren eskubide horren erdiesteko Ipar Euskal Herrian.


Frantziako Konstituzioak jasoko du "aborturako askatasuna bermatzea"

Senatuaren babesa jaso zuen joan den ostegunean, eta Kongresuak berretsi du astelehenean konstituzioaren aldaketa agintzen duen neurria. Frantzia da konstituzioan abortu eskubidea "bermatzen" duen munduko estatu bakarra.


"Aborturako askatasuna" konstituzioan jasotzearen alde bozkatu du Frantziako Senatuak

267 senatarik alde bozkatu dute eta 50ek kontra. Frantziako Legebiltzarrak eta Senatuak alde bozkaturik, bi ganberak biltzen dituen Kongresuaren bozketa eskas da: martxoaren 4an eginen da, eta printzipioz aldeko botoa gailendu beharko litzateke.


Espainiako Gotzainen Batzarraren aurka Donostian agertutako kartelak ikertzeko eskatu dute Abokatu Kristauek

Abokatu Kristauek "iraingarritzat" jo dituzte Donostian agertutako kartelak. Haien ustez, hiru delitu egin dituzte egileek: gorroto-delitua, erlijioen-sentimenduen aurkakoa eta egoera zibilaren usurpazioa. Ekintza anonimoa izan da, Askabide klinikaren ondoan jarritako... [+]


Elizaren pederastia kasuak salatzeko kartelak agertu dira Donostian

Espainiako Gotzainen Batzarraren izena daramaten kartelak agertu dira Askabide klinikaren ondoan: "Orain abortatzen baduzu, zer joko dugu larrutan hemendik 5 edo 6 urtetara?".


Eguneraketa berriak daude