"Eskuin muturreko gaietan murgildu nintzen jakinik jo-puntutzat hartuko nindutela"

  • Argazki makina lepoan zintzilik, manifestazio eta protesta sozialak lantoki bilakatu ditu Jordi Borràs (Bartzelona, 1981) argazkilari eta kazetariak. Massana Eskolan ilustrazio ikasketak egitean murgildu zen “nahi gabe” argazkilaritzan eta, orduz geroztik, hainbat hedabidetan egin du lan. Eskuin muturreko mugimenduen zokorik ilunenak azaleratzeko egin duen lanarengatik, mehatxuen helburu ere bilakatu da azken urteotan. Uztailaren 16an, hain zuzen, argazkilari gisa bizitako ikasturterik frenetikoena amaitzear zela, Espainiako Poliziaren inspektore batek eraso egin zion kalean.

Argazkia: Oriol Clavera
Argazkia: Oriol Clavera

Ezustekoa pasatuta, zer moduz zaude?
Amorratuta eta oso haserre. Fisikoki hobeto, baina, azken hilabetean lan egin ezinik egon naiz saihetsetan jasotako kolpeen ondorioz min handia nuelako. Arnasteko eta lo egiteko arazoak nituen eta ez da xamurra izan.

Ondorio fisikoez harago, nola eragin dizu erasoak?
Uztailekoa ezustekorik eskandalagarriena izan arren, zoritxarrez, ez da lehendabiziko erasoa. Urrian, besteak beste, bost urte beteko dira herio mehatxuak jaso izanagatik lehen salaketa jarri nuenetik. Eta azken bost urte hauetan, guztira dozena bat salaketa jarri ditut gai berarengatik.

Erasoaren biharamunean jakin zenuen erasotzailea ez zela polizia agente soila, Espainiako Poliziako Informazio Brigadako inspektorea baizik.
“Viva Franco, viva España” oihukatu zuen polizia espainolista eta frankista batek, inpunitate osoz eta ondoriorik gabe eraso egin didala ikusteak amorratzen nau gehien. Izan ere, lehen aldiz konturatu naiz eskuin muturreko manifestaldiak jarraituz, nire lana askatasunez egiteko zailtasunen gainetik, aurrerantzean kaletik lasai joatea ere ezinezkoa izango zaidala.

Zertan da orain zure auzia?
Salaketa jarri nuen. baina oraingoz ezin dugu ezer berririk aurreratu. Ikasturtea hastear da eta seguruenik udazkenean jakingo dugu zerbait. Prozesu judizialetan murgilduta izan den orok badaki bide luzea eta nekagarria izango dela.

Argazkia: Oriol Clavera

Oraingoz erasotzailea normaltasunez ari da lanean. Justiziarik egingo al da?
Erne eta kezkatuta nago, erasotzailearen kontrako neurririk hartu ez delako. Batez ere, gertakariak alderantziz gertatu izan balira eta, nik kalez jantzitako polizia agente bati eraso egin banio, biharamunean atxilotuko nindutela badakidalako. Beraz, beste behin berresten da lehen mailako eta bigarren mailako herritarrak daudela. Hori horrela, prozesu judizialean ez dut itxaropen handirik. Zaila zait Zuzenbide Estatu honetan sinestea. Baina, noski, bukaeraraino borrokatuko naiz justizia egiteko.

Hamabi ordutan zure defentsa ordaintzeko beharrezkoak ziren 12.000 euroak bildu zituen Solidaritzem-nos! Prou impunitat! egitasmoak. Zer deritzozu jaso duzun erantzuna?
Ikaragarria izan da Katalunian azken urteetan loratu den elkartasun sentimendu erraldoia azalean bizitzea. Atzo, adibidez, argitaratu dudan azken liburua aurkezteko ekitaldi batera bidean nintzela, Kataluniako herri galdu batetako gasolindegian gelditu nintzen. Hango langileak ezagutu ninduen eta, ni nintzela egiaztatu ondoren, kartera atera zuen eta epaiketarako erresistentzia kutxan parte hartzeko dirua ematen hasi zitzaidan. Tira, hau adibide bat besterik ez da, baina ikaragarria da: egunero daude afari horiak presoen alde, jendeak dirua bidaltzen du epaiketei aurre egiteko. Herritarrak posible dutena eta gehiago egiten ari dira.

Udan lazo horien kontrako eraso faxistak areagotu dira. Zenbateraino dago gizartea beldurtuta?
Beldurra sustatu nahi dute, baina, lortzen ari direna da denok haginak zorroztea. Zalantzarik gabe, independentismoaren kontra jaio diren sektore intrantsigente horiek kontrako erreakzioa eragiten ari dira eta ondorioz, jendea gero eta harroago ateratzen da kalera. Haien arrakastarik handiena da Estatuak gure borroka maila sinbolikora eramatea.

Baina, borroka sinbolikoa aski al da Kataluniaren askatasun irrika asetzeko?
Inola ere ez. Independentismoak funtsezkoa du orain aurrera egitea, izan ere, epe labur eta ertaineko helbururik ez dugun bitartean, borroka sinbolikoan harrapatuta egongo gara. Zentzu horretan, Quim Torrak pasa den astean marraztu zuen etorkizuneko balizko agertokiak ez du laguntzen. Premiazkoa da zertan hutsegin eta zertan asmatu dugun ikusi eta gure helburua asetzeko estrategia bat diseinatzea.

Zein izan beharko litzateke abiapuntua?
Urriaren 1eko ereduari eustea: erreferenduma egin genuen ideologia askotako herritarrak, elkarren arteko desberdintasunak alde batera utzi, eta helburu beraren alde borrokatu ginelako. Hori izan zen arrakasta. Beraz, aurrerantzean ere, ezinbestekoa izango da jarrera eraikitzailea izatea.

Laster urtea beteko da lehen ordezkariak espetxeratu zituztenetik. Zein da normaltasunera itzultzeko gakoa?
Ez dugu normaltasunik berreskuratuko. Espainiako Estatuak beharrezko duen guztia egingo du erasotzat hartzen duen ekintza orori aurre egiteko. Beraz, sezesio saiakera bakoitzari eskura dituen baliabide guztiekin erantzungo dio, legezkoa ala legez kanpokoa izan. Funtsean, herrialde demokratikoa izango bagina, Eskozian edo Quebecen egin duten erreferenduma egingo genukeen hasiera-hasieratik. Baina ez, hemen galdeketa bat antolatu eta Poliziak biztanleria zibilari eraso egiten dio. Aurrekaririk gabeko basakeria bizi dugu.

Zer behar du independentismoak orain?
Mugimendu independentistak bere gain hartu behar du aurrean etsai boteretsua duela. Historiak erakutsi du Estatua iristen ez den tokietara heldu dela gerra zikina, eta Katalunian berriki berretsi da: eraso informatikoak iruzurrez erabili zituzten erreferenduma eteteko, webguneak itxi zituzten agindu judizialik gabe, irailaren 20an CUPen egoitzan sartzen saiatu ziren agindu judizialik gabe… Beraz, absurdoa da futbol partidu hau jokatzea, jakinik jokozainak kontrako ekipoaren karneta duela.

Nekerik sumatzen duzu Kataluniako herritarren artean?
Nekea bai, baina, prozesu independentista souffléa izango zela espero zutenek ezustekoa hartu dute. Kataluniako gizartea mobilizatuta dago 2009ko irailean Arenys de Munt-en galdeketak abiatu zirenetik eta, bederatzi urte luze hauetan mobilizazioak ez du etenik izan. Egia da udazkena inflexio puntua izan zela, baina emaitzei erreparatu besterik ez da egin behar ikusteko independentismoa gora doala. Ezin dugu ahaztu boto independentista gehiago izan zela abenduaren 21eko hauteskunde inposatuetan, erreferendumean baino. Bi hilabete luzetan independentismoak %5 egin zuen gora. Hori asko da.

Hauteskundeak antolatuko balira, gorakada hori mantenduko litzateke?
Noski. Eta ez hori bakarrik, Ciutadansek diputatuak galduko lituzke. Azken hilabeteetan VOXek ordezkatzen duen eskuin muturrarekin lehian ibili izanagatik, bozka eman zien jende askori begiak ireki zaizkie.

Solastu gaitezen zure ogibideaz. Noiz eta nola erabaki zenuen eskuin muturreko mugimenduetan espezializatzea?
Egia esan, ez zen erabaki zehatza izan. Ofizioz ilustratzailea naiz eta, nahi gabe, egun batean konturatu nintzen nire ogibidea hau zela. Ez da lan erraza, fotokazetaritza gaizki ikusia dago ekonomikoki. Niretzat errentagarriagoa litzateke ezkontzetan argazkiak egitea, lan hori egiten duten argazkilariekiko errespetu osoz, baina horrek ez nau betetzen. Argazkilaritza ulertzen dut gizartea aldatzeko lanabes bezala. 

Argazkia: Oriol Clavera

Ibilbide luze horretan jaso dituzun mehatxu eta erasoen gainetik, non dago adierazpen askatasunaren bermea?
Eskuin muturreko gaietan murgildu nintzen jakinik konplexua izango zela, eta jo-puntutzat hartuko nindutela. Horrek ez du esan nahi, berez, adierazpen askatasuna zaintzen ei duen herrialde honetan, arazoak izatea, zeinekin eta konstituzionalista omen diren horiekin lan egitean. Baina, hein batean hori da ordaindu beharreko prezioa. Iaz bizpahiru ekitaldiko argazkiak egin nituen. Adibidez, horietako batean, sei orduz egon behar izan nuen etxebizitza bateko leihotik lan egiten, kalera ezin nintzelako jaitsi, eta beste bietan salaketa pare bat jarri behar izan nuen jasotako erasoengatik.

Kazetaritza eta argazkilaritza ezinbestekoak dira errelatoaren eraikuntzan. Zer deritzozu hedabideek Kataluniako prozesuaz egin duten kontakizunaz?
Desberdintasun handia egon da Espainiako eta Kataluniako irrati eta telebista publikoen artean. Batzuen eta besteen mahai-inguruei erreparatu besterik ez da egin behar. TV3n, adibidez, independentistak, federalistak eta espainolista setatsuak agertzen dira eztabaidetan. TVE1 jarrita, aldiz, kolore guztietako espainolistek parte hartzen dute, baina hori bai, sekula ez duzu independentistarik ikusiko. Zentzu horretan, datuek erakusten dute erabat faltsua dela Espainian TV3ri egotzi nahi izan dioten aniztasun gabezia. Baina tira, urtarrilean ikusi nuenean, orduko Espainiako presidente Mariano Rajoyk Espainiako hedabideen lana txalotu zuela, ikaratu nintzen.

Kataluniako hedabideek neutralki jorratu dute gaia, zure ustez?
Seguruenik, bertako hedabideek ere gabeziaren bat izango dute ikuspegi kritikoari dagokionez, noski. Baina informazioaren hedapenari dagokionez, ez dago alderik. Espainiako hedabideak etengabe ari dira, polizia indarren babesari esker, gezurrak publikatzen eta gertakariak isilarazten. Lotsagarria da. Gainera, sintomatikoa iruditzen zait sortu nahi duten kontakizuna: independentismoan sekula egon ez den indarkeria eta banaketa soziala irudikatu nahi dituzte. Aldiz, gu gara indarkeria eta errepresioa sufritzen ditugunak, Estatuko egiturek erabat isilarazi, erdeinatu eta zigortzen gaituzten bitartean.

Kataluniak aurrekaririk gabeko egunak bizitu ditu eta zuk Dies que duraràn anys liburuan bildu dituzu.
Bai, horregatik, seguruenik, liburuak sekulako arrakasta izan du. Katalanez dagoeneko seigarren edizioa argitaratu dugu eta gazteleraz eta ingelesez edizio bana. Lan gehien egin dudan ikasturtea izan dela. Normalean urteko 60.000 argazki ateratzen ditut. Bada, iaz 140.000 egin nituen. Egunero zen historikoa eta histerikoa. Hiru edo lau hitzordu zeuden eguneko.

Quim Torra presidenteak ale bat oparitu zion Felipe VI erregeari.
Interesgarria izan zen, batez ere, dedikatzeko aukera eman zidatelako. Ez pentsa, presio handia sumatu nuen, baina erabaki nuen onena zela aukera hori erabiltzea urriaren 1ean sufritutakoa eta Kataluniak duen askatasun irrika helarazteko. Oker ez banaiz, erregeari ematen zaizkion liburu denak bezala, nazio-ondasunetan egongo da nirea… [irri eginez amaitu du].


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fotokazetaritza
Gervasio Sánchez. Gerrako fotokazetaria.
"Ezin dugu bakeaz hitz egin agintariek armak finantzatzen badituzte"

Eskarmentu handiko fotokazetaria da Gervasio Sánchez (Córdoba, Andaluzia, 1959). Aragoin bizi da, Zaragozan, baina munduko gatazka eta gerra-eremuak bisitatu eta bertatik informatzen du oso maiz. Heraldo de Aragón tokiko egunkariarentzat beti, eta audientzia... [+]


Gaztelubide elkarteko Danbor Nagusiak argazkilari bati eraso egin zion Donostiako danborradan

San Sebastian eguneko bandera igoeran, ez zen dena festa izan. EITBk emandako irudietan ikusi zen moduan, tentsio une bat izan zen, Jose Ramon Mendizabal Mendi Gaztelubide elkarteko Danbor Nagusiak, argazkilari bati eraso egin zionean. IRUTXULOKO HITZAko kolaboratzaile den Jon... [+]


Gerda Taro. Itzaletik argitara
Robert Caparen aurpegi ezezaguna

1937ko uztailaren 26a, El Escorial (Madril, Espainia). Goizaldea da, eta bezperan larri zaurituta eramandako emakume gazteak azken hatsa eman du El Goloso ospitale ingelesean. Historiara Espainiako 1936ko gerrako enfrentamendurik odoltsuenetakoa bezala pasako zen Bruneteko... [+]


Zoramenaren barruan pausa txiki bat

Mundua konprenitzea ez dago oraintxe erraza. Sekula egon bada. Garai ez oso eder bezain interesgarriak bizi ditugu eta nahi adina ertz topa ditzakegu, lupa eskuan, sakon aztertzeko. Eguneroko bizimoduaren abiadurak bere zurrunbiloan harrapatuta gauzkan honetan, abuztua hartzen... [+]


2021-11-12 | Leire Artola Arin
‘Lumineszenteak’ lanean emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak argitara ekarri dituzte

Irantzu Pastor argazkilariak eta Igone Mariezkurrena kazetariak 63 emakumeren bizitza-historiak bildu dituzte izen bereko erakusketa eta liburuan. Egiturazko indarkeriaz gain beste indarkeria ikusezinak jasaten dituztenen testigantzak bildu dituzte Palestinan, Indian, Lakota... [+]


Eguneraketa berriak daude