"Emakumeen esku-pilotan, 30 urtetan egin ez dena hiru urtetan egin da"

  • Ikusi al duzue Pilota girls (Sra. Polaroiska, 2012) film laburra? Ondo baino hobeto laburbiltzen du Patri Espinarrek pilotaren munduan egindako bidea: dena oztopo, dena traba. Azken urteotan jaso du, ordea, urte luzetako ahaleginaren aitortza: munduko bi txapel eta herrikideen beroa.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Patri Espinar Labián (Usansolo, 1985)

Kirolaria. Hura du pasio eta bizibide. Gaur egun esku-pilotan dabil, baina lehenago futbolean eta palan ere lehiatu da. Iaz, Kolonbian, one wall pilota jokoaren munduko txapelketa irabazi zuen banakakoan eta binakakoan (Amaia Araiztegirekin batera). Aurten, berriz, Galdakaoko II. Berdintasun Saria jaso du, kirolaren arloan berdintasunaren alde egindako lanagatik.

Pilotaria, kirolaria… zertzat duzu zure burua?

Azken boladan jende askok esaten dit pilotari, baina nik kirolaritzat dut nire burua, beti ibili naizelako kirol munduan. Konpetitu dut futbolean eta pilotan (pala eta eskua), baina ibiltzen naiz mendian, piraguan, eskian… Kirol asko egiten dut.

Noiz eta zerekin hasi zinen?

Hasi nintzen 6 urterekin areto-futbolean, Usansolon, mutilekin. Egin nuen ere saiakera bat pilotarekin, 8 urte inguru nituela, baina probatu eta berehala utzi nuen. Jarraitu nuen areto-futbolean mutilekin, eta gero 9-10 urterekin hasi nintzen berriro esku-pilotan, eta biak tartekatu. 14-15 urterekin futbolean hasi nintzen neska nagusiagoekin eta 17rekin esku-pilota utzi nuen.

Hala nahi zenuelako?

Ez, sekulako penarekin utzi nuen. Niri gehien gustatzen zaidan kirola esku-pilota da eta zen. Utzi nuen ezin nuelako segitu. Mutilekin ibiltzen nintzen, eta kadeteak arte primeran ibili nintzen, baina kadeteetan hasi nintzen sekulako aldea nabaritzen eta jubeniletan ja jasangaitza zen. Nola ez zen egiten ezer neskentzat eta neska bakarra nintzen garai horretan… Kristoren penarekin utzi nuen, eta jarraitu nuen futbolean.

Zergatik duzu hain gustuko pilota?  

Jokoak berak ematen didana gustatzen zait. Pilota astintzeak gozamen handia ematen dit, eta gainera balio dit askatzeko nire barruko tentsio eta amorru guztiak. Pila bat gustatzen zait jokoan bertan nola lortzen den tantoa, nola irabazten diren partidak, pila bat lotzen nau: aurkariak desplazatu behar dituzu, urrun bidali, eta gero hutsune bat sortu han tantoa bukatzeko. Tanto bakoitza erronka bat da, partida bakoitza erronka bat da, oso ezberdin jokatzen dituzu partida eta tanto bakoitza, noren kontra jokatzen duzun, nola zauden… Horrek lotzen nau.

Argazkia: Marisol Ramirez / Foku

Noiz hasi zinen berriro pilotan?

17 urterekin eskua utzi eta 19-20 urterekin palarekin hasi nintzen. 6-7 urtez ibili nintzen palan.

Aukera handiagoa dago emakumeak palan ibiltzeko?

Bai. Eskuz ibiltzen ginen neskok utzi behar izaten genuen lehenago edo beranduago, ez zegoelako lehiaketarik neskentzako, eta mutilekin ari bazara iristen da momentu bat ezin duzuna konpetitu, ezinean ibiltzen zara. Eta bideratzen zaituzte palara, palan badaudelako lehiaketak bai trinketean bai frontoian. Azkenengo hiru urtetan, ordea, eskuz ibili naiz.

Egoera aldatu da?

Azkenengo hiru urteetan izugarri aldatu da, harrigarria da, eta da pertsona batek eta federazio batek hartu zutelako ardura hori, emakumeen esku-pilota bultzatzeko ardura. Hasi ziren Bizkaian bultzatzen, Bizkaiko Federazioa eta Iker Amarika, Emakume Master Cup-eko antolatzailea, eta Larrabetzun emakume esku-pilotarien klub bat sortu zen, lehenengoa, txokoan. Hor hasi zen dena. Iker Amarikak Emakume Master Cup sortu zuenetik eta telebistan ateratzen hasi ginenetik, boom bat izan da. Hiru urtetan egin da 30 urtetan egin ez duguna, historian emakumeen esku-pilotaren alde egin ez dena. 120 pilotaritik gora dabiltza, gero eta gehiago datoz, gero eta neska gehiago daude eskola-adinean, eta horrela jarraitzen badugu sekulakoa izango da. Hiru urtetan aurrerapauso pila eman dira.

Kirolean aritu ez ezik, kirolarekin loturiko ikasketak egin zenituen: soin hezkuntza ikasi duzu. Zer eman dizu horrek kirolari moduan?

Kirol psikologiak pila bat ekarri zidan. Gazteagoa nintzenean, burua ez neukan hain egonkortua, ez nituen oso ondo kontrolatzen nire amorruak eta nire barruko gauza asko, ez nuen ondo kanalizatzen energia hori guztia, eta kirol psikologiaren bitartez ikasi nuen hori dena beste era batera bideratzen edo transformatzen, eta are gehiago, kontrol mental handiagoa edukitzen. Niri horrek asko lagundu dit kirol munduan. Gaur egun amorru handia sartzen zaidanean edo ez nabilenean ondo jokatzen, saiatzen naiz horri buelta ematen eta aldatzen, eta hori ikasi dut esperientziarekin, baina baita ere kirol psikologiako teknikekin.

Noiz eutsi behar izan diozu buruari hotz?

Iaz Kolonbian egon nintzen one wall munduko txapelketan. Niretzat jokamolde berria zen, ni ez naiz ibiltzen horretan, eta munduko txapelketara joan baino lehen Valentzian egon nintzen bertako eta Euskadiko selekzioekin, eta hor erakutsi zidaten nola jokatzen den Europan eta Amerikan, zeren guk euskal erara jokatzen genuen eta oso ezberdina da. Valentzian egurra eman zidaten toki guztietatik, partida guztiak galdu nituen, eta aldiz, munduko txapelketara joan nintzenean, lesioak eta oso momentu zailak pasatu ostean, presio guztia kendu nuen. Iritsi eta berehala, lehen partidan, orkatila bihurritu nuen, baina berdin zitzaidan, segitu nuen, tantoz tanto, jokoz joko. Valentzian egurra eman zidatenei irabazi nien: nire ustez, haiek buruz ahulago zeuden, nahiz eta teknika aldetik hobeak izan eta kirola hobeto ezagutu. Argi dut irabazi nuela ez teknikagatik baizik eta buruagatik. Aldiro tanto bakoitza ahalik eta hobekien egitera eta dena ematera joaten nintzen, eta horrek ekartzen dizu irabaztea.

Zer da one wall?

Pilota joko bat da. Irlandatik dator, eta oso hedatua dago Europan eta Ameriketan. Ez du zerikusirik euskal pilotarekin, dena da ezberdina: instalazioak, pilota bera, tantoak egiteko modua, kolpea egiteko era, hankak jartzeko era, eskuaren mugimendua, espazioa nola hartzen den…

Kolonbiakoa izan al zenuen lehen munduko txapelketa?

Esku-pilotakoa bai, palakoa ez. Palan Txilen egon nintzen 2005ean. Pilotari batentzat handia da munduko txapelketa, handiena, Joko Olinpikoetan oraindik ez baita euskal pilota sartzen kirol ofizial bezala. 2005eko esperientzia itzela izan zen, kirolari batek bizi nahi duen gauzarik ederrena. Horra, baina, Espainiako selekzioarekin joan ginen lau pilotari euskaldun.

Euskal selekziokoek duela bi urte deitu zidaten lehenengo aldiz eta iaz deitu zidaten munduko txapelketara joateko. Ez nuen espero. Gainera, egon nintzen kirola uztekotan bizkarreko lesioarengatik eta aukera hori eman zidatenean izan zen hil ala biziko zerbait, orain ala inoiz ez, eta bete-betean aprobetxatu nahi nuen. Oso aukera gutxi eduki dut esku-pilotan jokatzeko, eta ni oso plaza emakumea naiz, gustatzen zait jendearen aurrean jokatzea, gustatzen zait erakustea. Agian ez zidaten berriro deituko, eta pentsatu nuen: orain demostratu behar dut orain arte demostratu ezin izan dudana. Eta hori egin nuen.

Bizkarreko lesioa aipatu duzu.

Bai, hor daukat oraindik. Lehenengo kolpe handia izan zen 20-21 urterekin, lehenengo hernia diskala atera zitzaidan eta oso une gogorrak pasa nituen. Dena dator motor istripu batetik, motor batek eman zidan kolpe bat, txikitu zidan oina, eta antza denez bizkarreko lesioa sortu zitzaidan. Eta duela bi urte eman zidan krak handi bat eskalatzen ari nintzela. Banekien hor zerbait oso larria neukala. Gaur egun egunero lokartzen zaizkit eskuak, egoten naiz bertigoekin, zorabioekin… Oso gogorra da emakume kirolari bezala, ez gaitu-eta inork ezagutzen, joatea aseguru-etxera, zeren horregatik daukagu asegurua, eta proba bat bera ere egin ez izana. Hor ematen dizu gogoa negar egiteko, kirola uzteko: zertan ari naiz ni hemen dena ematen pilotarengatik, gero lesio bat dut, ordaintzen dut nire asegurua eta ez didate egiten ezta proba bat ere! Azkenean familia medikuak egin zidan erresonantzia, pila bat eskertzen diot, eta emaitzak ikusi zituenean harrituta geratu zen, erresonantzia hori omen zen gizon zahar batena, ez gazte batena. Bederatzi orno nituen lesionatuak. 6-7 hilabetez ibili nintzen kirol-zentro pribatu batean, dirutza ordaintzen, bizkarra indartzen eta tonua hartzen, eta badirudi buelta eman niola, eta momentuz segitzen dut pilotan, baina beti kontrolatu behar dut nire gorputza eta zer egiten dudan.

Argazkia: Dani Blanco.

Emakume kirolarien egoerari begiratuta, zeintzuk dira premia larrienak?

Hainbat gauza ezberdindu behar dira. Alde batetik taldeko kirolak daude: futbola, saskibaloia, eskubaloia… Kirol horiek egituratuta daude, entrenatzaileak dituzte, klubeko arduradunak, klubak, urte osoko txapelketak… Esku-pilotaren kasuan, berriz, eskola kirola bai, baina kirol federatua oraindik ez dago ondo egituratua. Ari gara pausoz pauso, eta nik faltan botatzen dut egitura hori: entrenatzaile bat, prestatzaile fisiko bat, entrenatzeko ordutegiak, astean hiru entrenamendu, fisikoak eta teknikoak… Hori ez daukagu emakumeen esku-pilotan, eta nik hori nahi dut, nahi dut entrenatu astean hiru aldiz, entrenatzaile batekin, prestatzaile batekin, eta konpetitu astebururo, probintzian, Euskadin, eta Euskaditik kanpo. Hori falta da. Esan genezake esku-pilota dela kirol minoritario bat eta kristoren aldea dago kirol minoritarioen eta kirol nagusien artean. Kirol nagusietan, hala ere, alde handia dago emakumeen eta gizonen artean: baliabide ekonomikoetan, materialetan, komunikabideetan duen oihartzunean…

Zer neurri hartu beharko lirateke horren aurrean?

Azken urteetan egin diren politikak: oihartzun gehiago eman komunikabideetan, nesken klubak sortu eta egituratu... Eta harrobitik hasi, umetatik. Lan ona egiten ari dira. Hogei urte hauetan pila bat aldatu da dena, eta nik uste dut segi beharreko bidea hau dela. Eta, gero, instituzioek babesa eman behar diote emakumeen kirolari. Gaur egun dena ari dira erregulatzen, adibidez diru-laguntzak jasotzeko emakumeen kirola bultzatu behar da, eta horrelako politikak oso lagungarriak dira neskentzat, bestela jarraituko genuke beti bezala. Bide onetik goaz, nahiz eta oso poliki joan.

EMAK taldeko kidea zara. Zer da EMAK? Nola sortu zen?

EMAK sortu zen 2011-2012 urteen inguruan. Diagnostiko bat egin zuen Donostiako Udaleko Berdintasun Sailak, erakusteko nola zegoen emakumeen kirola Donostian, arlo guztietan: eskola kirolean, aisialdikoan, federatuan eta goi-mailakoan. Nik parte hartu nuen kirolari moduan. Avento kirol aholkularitzako kide Ainhoa Azurmendi ibili zen dinamizatzaile lanetan, eta pentsatu genuen talde bat sortzea eta segitzea emakumeen kirola bultzatzen. Elkartu ginen bospasei emakume, kirolariak zein ez, eta hasi ginen jarduerak antolatzen: mendi-irteerak, piraguismo-irteerak, zine-forumak… Gaur egun martxan jarraitzen dugu, baina beste estrategia batekin: hitz egiten dugu kirol federazioekin, federazio horiek emakumeen kirola sustatu dezaten nork bere aldetik. Adibidez, horrela sortu dira Emakumea surflari eta Emakumea piraguista proiektuak, eta kristoren arrakasta izan dute. Emakumea surflari-n ehun eta piko emakume ari dira surfa egiten, piraguan ere beste pila bat…

Pilota Girls izeneko film laburrean agertzen zara. Kontatuko didazu zer den Pilota Girls?

Sra. Polaroiska taldeak egin zuen, Bilboko bi emakume dira: Maria Ibarretxe eta Alaitz Arenzana, bi artista puska. 2012an deitu zidaten, bideo bat egin nahi zuten, eta emakume pilotari bat izatea protagonista, zeren egin zuten pilotari buruzko lan handi bat Museo Etnografikorako eta konturatu ziren ez zegoela emakume pilotaririk, eta orduan lagun baten bitartez jarri ziren harremanetan nirekin.

Zer agertzen da bertan?

Bost minutuko labur bat da, eta bideoklip formatua du. Ematen du parcour egiten ari garela, eta ez pilotan jolasten, zeren ez dugu frontoian jolasten, gizona ez da protagonista… Protagonista da neska bat,eta frontoian aritu beharrean Bilboko hirian dabil, Kale Nagusian, banketxeetan, dendetan, autobusetan… Bideoak estereotipoak apurtu nahi ditu eta mezua hauxe da: gauza guztien gainetik pilotan jolasten dut, gustuko dudalako, eta muga guztien gainetik eta traba guztien gainetik jolasten dut. Eta hori da emakume pilotari bezala nik bizi izan dudana nire bizitza osoan pilota munduan, dena da muga. Nik nahi dut pilotan jolastu, ez didate babesik ematen etxean, berdin dit; neska bakarra naiz, berdin dit; ez dago nesken lehiaketarik, berdin dit: nik nahi dut pilotan jolastu. Eta segituko dut pilotan jolasten.

Azken hitza: Urrea bai, dirurik ez

Munduko txapelketa irabazteak gauza handia dirudi, eta bada, baina, agurtu aurretik, gauzak bere neurrira ekarri nahi izan ditu Espinarrek: “Ez dut inongo diru-laguntzarik jaso txapelketa irabazteagatik, beste nazioek, ordea, ematen dituzte. Bestalde, ez didate Basque Team-eko beka eman. Kirol klub bat sortu nuen emakumeen euskal pilota eta mendizaletasuna bultzatzeko: ez didate diru-laguntzarik eman horretarako, ez eta nire kirol merituengatik ere. Guztira lau diru-laguntza eskatu ditut (kluba hauspotzeko eta niretzako, one wall-en jokatzen segitu ahal izateko) eta ezetz esan didate guztietan. Hau da gure errealitatea”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pilota
2024-02-25 | Estitxu Eizagirre
Irabazi eta galdu

Txikitatik bizi dugu lehia gizarte honetan: umetan haurren arteko jolasetan, heldutakoan bizitzako eremu guztietan –batzuetan kontzienteki onartzen dugu jokatzea eta bestetan nahi gabe erortzen gara lehia dinamiketan–. Agian horregatik dira kirolariak gizarte... [+]


Eguneraketa berriak daude