ARGIA.eus

2020ko ekainaren 04a
William A. Douglass. Amerikarraren erroak Nafarroan

"Oso lotuta nago euskaldunei, baina ez naiz euskalduna"

  • Euskal Herrian barrena ibili da oraindik orain William A. Douglass antropologoa. Inork uste ez duela etorri ohi da, eta han eta hemen ibili ondoren hegaldatzen da berriz. Hemen denean, konpromiso ofizialak bete eta, hutsik gabe, beti da ateak zabaldu zizkioten herri bietan, Etxalarren eta Aulestin. Bertan ditu amerikarrak euskal erroak.

Miel Anjel Elustondo
2018ko ekainaren 24a
Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.
William Anthony Douglass (Reno, Nevada, 1939)

Antropologoa da oroz gain, Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroaren sortzaile 1967an, eta gidari 33 urtez, erretretan sartu zen arte. Poliedrikoa da Douglass: ikertzaile zaildua, idazlea, arrantzale porrokatua, kasino ugazaba saiatua, Espainiako Estatuaren eta ezker abertzalearen artean bitartekari Henri Dunant zentroaren eskariz, ekologista prestua... Hamaika liburu ditu argitaratuak, eta ikertzaile den aldetik, diren eta ez diren saririk gorenak jaso ditu.

Etxalarren ibilia zara duela gutxi, bertakoa duzu lehen kontaktua Euskal Herrian, iragan mendeko 60ko hamarkadaren hasieran.

Euskal Herrira etorri baino lehen ere, Caro Baroja irakurtzen hasia nintzen, Chicagon, Antropologia ikasketak egiten ari nintzela. Bizpahiru liburu nituen irakurriak. Betikoak, Los pueblos de España, Los Vascos eta besteren bat. Ez askoz gehiagorik, baina horiexek, seguru. Julian Pitt-Rivers antropologoa tesi-zuzendari izatekoa nuen, baina artean Chicagora heldu gabe zen. Bitartean, esan dudanez, ni Caro Baroja irakurtzen, nire landa-lana Euskal Herrian egiteko asmoa gogoan hartua.

Zer dela-eta Euskal Herria?

Egia esan, oraintxe ez dakit. Los pueblos de España irakurri eta barruan jo ninduela badakit. Baina izan zitekeen Galiziara jotzea ere, ez uste. Julian Pitt-Rivers eta Caro Baroja adiskide ziren, Pitt-Riversek berak Andaluziako herri baten gaineko ikerketa aitzindari bat egina zuen, aritua bezain aditua zen, baina Caroren liburu hartan euskaldunak gertatu zitzaizkidan deigarrien, eta Los Vascos irakurri nion. Eta, ondoren, Los pueblos del Norte. Hortaz, Julioren [Caro Baroja] leihotik sartu nintzen Euskal Herrira, eta sartuz gero, etxean gora eta behera nahitara ibili naizela esan beharko nuke.

1959an Madrilen ikasten ari zinela ez zenuen Euskal Herriaren berririk.

Ezta batere. Renon, esate baterako, Bigarren Hezkuntzako ikasketak egiten ari nintzela, Nevadako ikastetxe katoliko pribatu bakarrean, euskaldun zirenak ezagutu nituen, bizpahiru, baina italiartzat neuzkan. Haien deiturei bestelako tankerarik ezin eman nik orduan… Ari naiz, baina zerbaiten aditzea izango nuen, beharbada, ordurako lehen euskal amerikar jaialdia egina baitzen Renon. Jakina, ni ez nintzen bertan izan, Madrilen ari bainintzen ikasten. Bestalde, Robert Laxalten Sweet Promised Land ere argitaratua zen ordurako, eta baliteke horren aditzea ere izatea nik, baina seguru da ez nuela irakurria. Ez dakit. Beharbada dena asmatzen ari naiz, 50 urte baino gehiago igaro direnean horixe egiteko joera makurra baitugu denok, historia asmatzeko tirria. Beharbada, geroztik bizi izan dudanaren arabera ari naiz ordukoa berrinterpretatzen. Batek daki.

Argazkia: Zaldi Ero.

1963an heldu zinen estreinakoz Euskal Herrira, antropologoari dagokion landa-lanean. Nolako herrialdea zitzaizun?

Caro Baroja irakurria nuenez, ez nuen ustekaberik jaso. Caro Barojaren liburuek ilustrazioak ere bazituzten, hantxe ageri ziren Bortzirietako baserriak eta beste, eta errealitatea ez zen oso diferentea. Beste aldetik, nahiko lan banuen, hogei urtetsu nituen, emaztea, eta urtebeteko haurra. Alegia, Euskal Herriari buruzko irudi sendorik ezin izan, ez nekien zer ikerlan egin nahi nuen ere, herri txiki bat nahi nuen, bertako eguneroko bizimoduan murgil egin. Gainerakoan, ez nuen ikergairik. Galduta nenbilela esatea ez da gehiegi, kasu honetan.

Zein duzu lehen gomuta?

Etxalarreko ostatura egin nuen sarrera, bertako nagusi Salbadorarekin egindako hitzak. Berak jarri ninduen harremanetan Sarobetarrekin. Hauek alaba zuten Parisen, lanean, eta berea zuen Agerrea etxea, eraberritua ordurako, turistaren bati errentan emateko asmotan. Horretan aitzindaria izan zen emakume hura, 1963an Etxalarren inork ez baitzion turismoari usainik hartzen. Orain 40 landa-etxe dira. Kontua da Agerrean ostatatu gintuztela. Herritarrek begirunez hartu ninduten, begirune handiz, baina, jakina, Etxalar kontrabando herria zen, eta ezinezkoa zen herritarrek guri etxeko ate-leiho guztiak parez pare irekitzea. Horretan ginela, familia baten etxean bizi behar genuela erabaki nuen, nire ikerketa albait ondoen egite aldera. Herrian bazen agure bat, oso euskaltzalea, Papillo Danboriena, Adela eta Anjel Saroberen osaba. Papillok euskarazko lehen ikasgaiak eman zizkidan. Ez genuen gramatikarik ez antzekorik, beraren jakituria eta nire koadernoa besterik. Oharrak hartu baizik ez nuen egiten, aditzen konjugazioari zegozkionak eta beste. Arian-arian, Papillo eta biok adiskide eta lagun egin ginen, eta iloba ere ezagutu nion, Jesus Danboriena. Denborarekin, harremanak estutu genituen Danboriena eta sarobetarrekin. Hauekin, esaterako, batera ginen karrikan arratsaldero, kasik semetzat hartu zuten gure haur urtebetekoa, Johnny; euskaraz solastatzen zitzaizkion. Horrelaxe trabatu ginen. Eta, hurrena, familia baten barruan bizitzea erabaki nuenean, Jesusek beren Buxungobordako ateak zabaldu zizkidan, nik baserrian bizi nahi bainuen.

Antropologia sozialaren arabera jokatu nahi zenuen zuk.

Bai, bada. Ikergai nuen komunitatearen baitan urtu behar nuen neure burua. Agerrea herrian bertan zegoen, eta dago, baserri mundua bertatik bertara nuen, baina gure eguneroko errealitate hartatik aparte, hala ere. Herriko artxibategiak arakatu nituen, baina galdetegi bat osatu eta etxez etxe galdezka hasi nintzenean baserrian bizitzea hobetsi nuen, familia baten baitan, egiazko egoera biziz, eta euskara ere praktikatuz, ahal nuen neurrian. Etxalarrera heldu eta hilabete batzuetara, Buxungobordan hartu gintuzten, eta pozik. Pozik ni, pozik haurra, ez hain pozik emazte Patrizia, hari aspergarria baitzitzaion baserriko bizimodua, goizetik arrats mendian egon behar hura. Nik, azken finean, nire lana nuen, Buxungobordatik herrira jaisten nintzen, artxibo lanera, eta etxez etxe eta baserriz baserri ere ibili ohi nintzen, datuak biltzen. Zaila izan zen Patriziarentzat, haurra Etxalarren hazi beharra neke izan zitzaion. Errazago zukeen Johnny txikia Chicagon apartamentu batean haztea, hangoa baitzen nire emaztea, ezen ez Buxungobordan, mendian galdua... Urtea egin genuen Etxalarren, eta ondoko bizpahiru urteetan ere Euskal Herrira itzuli nintzen, Etxalarrera eta Aulestira, ikerketa biribiltzera.

Zer izango ote zen Euskal Herrira Etxalarretik ez baina Erriberako Tafallatik sartu izan bazina, adibidez?

Ezin esan. Baliteke ikerketa mamitsua ere egin izatea, baina bestelakoa izango zen. Espekulazio hutsa da. Pitt-Riversek berak Euskal Herrira etortzeko baimenik ez, eta Albacetera (Espainia) joateko agindu izan balit, auskalo zer izango zen hura. Nire lana egingo nukeen, eta kito. Ikasle garaian ez nuen Euskal Herriarekiko atxikimendurik, maia ikasketak egin nitzan nahi zuten Chicagoko irakasleek. Ez ziren sobera tematu, baina tematu izan balira, Chiapasen (Mexiko) egin nezakeen tesia.

Zenbateraino markatu zintuen Etxalarrek?

Ikaragarri baino gehiago. Renon jaiotzeak bezainbeste. Renon sortu nintzen mundura, baina nire baitako antropologoa Etxalarren eta Aulestin sortu zen eta, horri dagokionez, erabat hemengoa naiz. Eginak ditut ikerketak Italian, Australian, han eta hemen, beste zenbait ikerketa-lerro ere jorratu ditut, bai, baina munduan ez dago Etxalarrek eta Aulestik bezainbat markatu nauten herririk. Ez dago. Eta ez ziren bi urte baino gehiago izan.

Argazkia: Zaldi Ero.

Zer diozu orduko garaiaz?

Etxalarren landa-lanean hasi nintzenean ez nekien, ez nintzen jabetzeko gai, baina lana aitzinatu arau jabetu nintzen, banekien ziztuan itzaltzen ari zen mundu bat ikertzen ari nintzela. Bistan zegoen. Une historiko biziki interesgarria zen. Hura gehiago zen Espainia Euskal Herria baino. Euskaldunek ez zuten beren buruen gaineko ardurarik, bestek erabakitzen zuen hemengoen etorkizuna, ez zegoen autonomiarik, ez euskara baturik, ez euskal kulturaren alde egin diren ahalegin galanten parekorik. Hein batean, zigorpean zegoen guztia, baina, bestalde, herrietako agintariek bertako kulturaren aldeko erakusten zituzten beren buruak, nahiz eta Espainiaren barruan nahi zuten Euskal Herria. ETA hasita zegoen, baina ez ziren asko, ez zen Espainiako Estatuaren kontrako mehatxua ere. Bestalde, inork ez zekien noraino helduko zen etorkizunean.

Etxalarretik Aulestira jo zenuen ikerketan.

Zeharo diferentea izan zen. Bertako parroko On Emiliok [Kortabitarte] kasik gu hartzera behartu zituen Goitiandia etxekoak. On Emiliok hartu zuen erabakia, ez Goitiandikoek. Egia da bertako nagusi Frantzisko AEBetako mendebaldean artzain egona zela, bi seme zituztela Boisen (Idaho), eta giro horrek, nahitaez, erraztu egin zuela gauza. Arestian esan dizut Etxalar kontrabando herria zela, isil-misilka bizi zirela. Aulestin, aldiz, parrokoak berak jo zuen Goitiandiko aldaba, atea eraitsi zuen, esateko moduan, eta baimen horrekin eta misteriorik gabe sartu ginen herrian. Are gehiago, On Emiliok herria niri laguntzera bulkatu zuen eta, hain seguru, bera ere niri abertzaletasunaren bidea erakusten tematu zen. Etxalarren ez zen horrelakorik. Etxalarren abertzaletasuna auzoan zegoen. Alabaina, Bortzirietako herri gorria izateko aipu eta sona zeuzkan, Espainiako gerra baino lehen egindako hauteskundeetan Errepublikaren alde bozkatu zuen herri bakarra izan zelako.

Orduko Euskal Herri hura gogoan, nola ikusten duzu gaur egungoa?

Ez daukat erabateko erantzunik. Zatika jardungo dut… Politikoki, zer edo zer baino gehiago lortu dute euskaldunek. Piztu egin dira. Hizkuntzaren aldeko lana parekorik gabea da munduan, haserre, sesio eta liskar guztiak gorabehera. Euskararen estandarizazioa, irakaskuntzan egin den lana, hedabideetan… ikaragarria da. Etxalarren nengoen garaian ezin aurreikus zitekeen oraingo eguneko egoerarik. Hurrik eman ere. Kultur ekimenaren jabe dira euskaldunak, ekonomiaren ekimena ere beren esku dute, eta are, baita ekologiaren ekimena ere. Berehala pentsatuko nukeen! Beren herrialdearen buru dira euskaldunak gaur egun, beren paisaiaren jabe bezainbat. Nork sinetsi hori Etxalarren bizi nintzen garaian. Orduan zeharo txikituta zeuden hemengo bazterrak, airea zikin, ibaiak hondoa jota… Egoera hura ez zitzaion, bakarrik, frankismoari zor, aurretik zetorren. Hondamen hura ez zuten falangistek sortu, oinordetzan jaso zuten. Oraingo Euskal Herria ikusi, eta eredugarria begitantzen zait.

Etxalarreko eta Aulestiko egonaldien ondoren, Euskal Ikasketen Programa abiarazteko agindua eman zizuten Reno-Nevadako Unibertsitatean. Zertan ziren euskal ikasketak orduan, zertan dira gaur egun?

Euskal ikasketak garai hartan? Garai hartan ez zegoen euskal ikasketarik. Behin eta berriz eta askotan esan dudanez, jendeak ezer ere ez zekien euskaldunari buruz. “Zer da? Frantsesa? Espainola? Zer da euskara? Espainolaren hizkelgia? Europako herri misteriozkoa omen da euskalduna”. Misterioa, kasu honetan, ezjakintasunaren sinonimo da. Desinformazioa zen nagusi. Harrezkero, [Euskal Ikasketen] Zentro aski serio bat eratu dugu eta hainbat argitalpen argitaratu ditugu, ingelesez, Euskal Herriaren gainean. Ikerlanak ere hamaika egin ditugu… Gaur egun ingelesez ari direnen artean gutxik galdetuko dizute zer den euskalduna. Oraindik baten batzuk izango dira bazterretan, baina euskaldunak jada ez dira ezezagunak AEBetan.

Parte handia duzu horretan.

Egoerak behartu nau. Unibertsitatean jardun dut lanean, ez euskal kluben mailan, baina seguru esaten dizut euskal klubetako buruek Renoko [Euskal Ikasketen] Programari esker dakitela zein den beren jatorria, zer den Euskal Herria, zer den euskaldun izatea. Alde horretatik, euskal amerikar kultura bat sortzen lagundu dugu, ez zuzen, baina bai zeharka. Reno izan ez balitz, jakin nahiko nuke zertan izango zatekeen hemendik AEBetara, eta diasporara, oro har, joandako euskaldunaren oraina. Nik ez nuen etorkizunari buruzko bisiorik. Inork izatekotan, Jon Bilbaok zuen ikuspegi hori. Hark euskal kultura sustatu nahi zuen. Nik, ikertu. Ekipoa osatu genuen.

Ez naiz euskalduna

“Esaten dute mundu guztia izan litekeela euskalduna, nahikoa dela nahi izatea. Ez nago ados. Ni ez naiz euskalduna, eta bizi guztian jardun dut euskaldunen gainean lanean. Oso-oso lotuta nago euskaldunei, etxean bezala nago hemen, baina ez naiz etxekoa. Alferrik ari dira. Nahi izatea ez da nahikoa”
 

Galdera bat eta bera

“Galdera bat eta bera egiten didate beti hemen, alegia, zer iritzi dudan hemengo egoera politikoari buruz. Zail izaten da horri erantzutea, ni ez bainaiz hemengoa, ez naiz bertako herritarra, eta nire iritziak ez du balio. AEBetako hurrengo lehendakariaren gainean euskaldunei galdetzea bezala. Burugabekeria da. Aldiz, galdera horixe egin behar niri beti!”
 

Euskaldunon erabakia

“Ez dakit nora doan herri hau, ehun urte barru euskal kulturarik izango den, edo, batek daki, Euskadi independente bat izango den,
Nazio Batuen Erakundean egoitza nagusian ordezkaritza eta guzti izango duena. Ez da nire afera, ez daukat erantzunik. Erabakia, beti, euskaldunena izango da, ez beste inorena”

Azken hitza: Guillermo

“Hemen Guillermo zen Douglass. Joaten zen baserri batera, eta beti galdeka Guillermo. ‘Honek zerengatik du hainbertze galdetu beharra?’. Guillermok galdetu egiten zuen beti, baina aunitzek ez genuen jakiten zer erantzun. ‘Hemen izan da amerikano hori… Galdegin du gure etxean seme-alabak zenbat diren, ea herentzia nori eman zaion, eta hau eta hori eta bertzea’. Eta korri bertze baserrira, berriz ere galdeka. Horrek ematen zuen erreparo pixka bat, baina Etxalarko jendeak aunitz maite zuen Guillermo”
(Teresa Sarobe, Etxalar)

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Antropologia  |  Etxalar  |  Aulesti

Antropologia kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2018ko ekainaren 24a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude