"Pertsona helburu duena da ekonomia solidarioa"

  • La Roncalesa, La Burundesa edo beste hainbat konpainiaren bilgune zen Iruñeko autobus geltoki zaharra ekonomia solidarioaren erdigune da ekainaren 9az geroztik. Katrin Ginea ari da proiektuaren koordinatzaile lanetan. Leihatila zaharrean txartela hartu eta hamar laguneko kooperatibak mundu berriranzko bidaiari ekin berri dio.

"Herritarrek alternatibei gure patrikatik erantzuten ez badiegu, edo produktuak nondik eta nola datozen kontuan hartzen ez badugu, jai dago". Arg.: Josu Santesteban.

Zer egingo du Geltokik?
Ekonomia solidarioa, ekonomia burujabetza eta kultura alternatiboa bultzatuko ditugu. Hiru jarduera molde horien bozgorailu izan nahi dugu.

Juridikoki nola osatua dago?
Geltoki Iruñeko Udalarena da eta Asociación Geltoki Iruña elkarteari (REAS Nafarroa, Emausko Trapuketariak, CEPAEN, EHNE eta Alimentos Artesanos) esleitu dio espazioa alokairu truke. Honek gure kooperatiba sortu berriari eskaini dio kudeaketa.

Zein inbertsio eskatu dizue?
Fiare banku etikoari 80.000 euro eskatu eta abiatu gara. Beste 16.000 euro behar ditugu eta crowdfunding kanpaina jarri genuen duela egun batzuk, ekainaren 30a arte.

Zer da ekonomia solidarioa?
Ekonomia kapitalistan pertsona etekina lortzeko tresna besterik ez da. Ekonomia solidarioa, pertsona helburu jartzen duen ekonomia da.

Eta kontsumo arduratsua?
Giltzarri da, bestela egon daitezke hamaika alternatiba, baina horiei herritarrek gure patrikatik erantzuten ez badiegu, edo produktuak nondik eta nola datozen kontuan hartzen ez badugu, jai dago.

Lehiara datorren espazio berri bat da?
Ez, ez gatoz asmo horrekin, beste hainbat ekimen eta jarduerarekin osagarriak gara eta elkar elikatzera gatoz. Esaterako, eskertuak gaude Katakrakek eskaini digun laguntzarekin.

Argazkia: Josu Santesteban

Zuek ere mundua aldatzekotan ari zarete?
Geure neurrian bai, azkenean guztiek pixkatxo bat egiten badugu aldaketa handiak egin daitezke. Denbora laburrean ezin da aldaketa handirik lortu, baina pixkanaka bai.

Ez dakit ondo goazen: 83 pertsonak munduko biztanleen erdiak adina aberastasun biltzen du jada.
Egia eta tristea da. Klase ertainak gero eta urriagoak dira, antza. Gu txikiak laguntzeko jaio gara, esaterako landa eremuak, eta horretan arituko gara. Herritarrak landa eremuak uzten ari dira, eta haiek han manten daitezen laguntzea funtsezkoa da.

Elikagaien esparruan gertukoarekin eta ekologikoarekin egingo duzue lan. Mundu horiek gorantz doazela dirudi.
Bai, bestela ez genuen Geltoki abiaraziko. Balorean jarri nahi dugu bertakoa, eta baita ekologikoa, sasoikoa eta merkataritza justua ere. Kate guztia errespeta dadila nahi dugu: lan baldintza duinak, produktuaren kalitatea, natura errespetatuz…

Geltokin zer dira lan baldintza duinak?
Gutxieneko bat kobratzea eta ordu estrarik ez egotea, adibidez. Hemen ez da hierarkiarik eta modu asanblearioan egiten dugu lan, guztiz horizontalean. Denok dugu ahotsa eta botoa, eta denok egingo dugu lan ordu kopuru bera. Orain hasiera da eta aparteko ordu asko egiten ari gara, baina dirutan kobratu beharrean ordu horiekin poltsa bat osatzen ari gara gero oporrak hartzeko.

Etekinak…
…lanpostu gehiago sortzeko izango dira, proiektua sostengatzeko eta kultur jarduerak antolatzeko.
Eta gainera “gizarte eraldaketarako tresna gisa geure egingo dugu artea” diozue. Zer esan nahi duzue?
Gaur egun artista txiki asko ezin dira gune handietara iritsi –ondoan dugun Baluarte honetara, esaterako–, gainera akaso ez dute nahi, eta hemen txiki horiek guztiek tokia izango dute. Geltokin betiko gauzak egingo ditugu, baina baita bestelakoak ere.

Hasierak nahiko oihartzun izan du.
Bai, hala da. Iruñean halako gune bat behar zela entzun da batez ere, eta jakina, autobus geltoki zaharra oso ederra da halako jarduera baterako. Zenbat jende datorren hona bere geltoki garaiko oroimenekin! Jendeak maite du toki hau.

Aipatzen dituzun guztiez gain, zuen jardueraren aztarna ekologikoa ere neurtu behar duzue.

Guk antolatutako jarduera guztiek izango duten C02 isurketak neurtu nahi ditugu. Lehenbizi gure kontsumoa neurtu behar da –gurea eta gurera datozenak, hizlariak, ikus-entzuleak…–; bigarrenik energia berriztagarriak lantzen hasi; eta hirugarrenik landareak landu edo bestelakoak, suntsitutakoa berreraiki ere egin behar delako. Jakina, aztarna gutxitzen joatea da kontua.

Geltoki deitzen da, ez Estación.
Hizkuntza politika oso garrantzitsua da guretzat. Euskara bertako hizkuntza da eta hemengo komunikazio guztia elebiduna izango da. Langileen artean bada euskalduna ez den jendea, baina gutxieneneko batzuk eskatu ditugu, eta taldea euskalduntzen jarraituko dugu. Kultur jarduera asko ere euskaraz izango dira.

Hau zer da, oasi bat Iruñeko Alde Zaharra eta Bigarren Zabalgunearen artean?
Ez, Iruñean badira halako errealitate asko, baina honek badu bilgune izateko bokazioa eta gainera asko entzun da. Ez dugu oasi izan nahi, hemendik Iruñea eta Nafarroa osora zabaldu nahi dugu.

Elkartasun ekoizpenera

“Arbizun jaio nintzen duela 38 urte, eta han bizi naiz. Argazkilaritza eta errealizazioa ikasi nituen eta ekoizpenaren munduan mugitu naiz. Iruñean Nasa produktoran, Baztan filmean ekoizpenean, Arena produktoran… Lan hauek herriko taberna baten kudeaketarekin batera egin nituen. Kultur zinegotzia ere izan nintzen lau urtez, eta aldaketa beharrez duela bi urte Bilbora joan nintzen bizitzera. Kafe Antzokian eta Taom produktoran aritu nintzen. Geltokin hastearekin Nafarroara itzuli naiz”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia soziala
Olatukoop
Hamar urte lanean, denontzako bizitza oparoagoaren alde

Gizartea eraldatzeko helburuz jaio zen Ekonomia Sozial Eraldatzailearen mugimendua Euskal Herrian duela hamar urte, Olatukoop sarean bilduta. Denbora honetan ez da gutxi egindakoa: hamaika kooperatiba eta ekimen jarri dituzte martxan, eta sarea zabaldu egin da. Baina erronkak... [+]


Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


2024-04-09 | Enbata
Euskal Monetak mugaz gaindiko tresna amankomuna gogoetatzen

Euskal Monetak garapen handia ezagutu du azken urteotan Ipar Euskal Herrian. Europako tokiko moneta indartsuena bilakatu da. Sortu zenetik, Hego Euskal Herrira hedatzeko asmoa integratu zen proiektuan. Mugaz gaindiko tokiko moneta osagarri baten sortzea lantzen hasia da Euskal... [+]


2024-04-09 | Euskal Irratiak
Iñaki Etxeleku: "Gure estatutuek espekulazio merkatutik kanpo ezarri dute gure etxebizitza kooperatiba"

Bizitegi molde kooperatiboak zabalduz doaz Ipar Euskal Herrian. Euskal Hirigune Elkargoko azken biltzar nagusian Nicole Etxamendi, Itsasuko hautetsiak "Bizi lagun" kooperatibak kontutan hartu behar zirela eta alternatiba ona direla azpimarratu zuen.


Eguneraketa berriak daude