Bizkaiko basoa: kontserbazio kaxkarrean, baina atzera buelta egiteko garaiz oraindik

  • Bizkaiko baso autoktonoa berreskuratu eta basoen kudeaketa publikoan aldaketak sustatzeko helburuarekin, Kolore Guztietako Basoak plataformak iazko urrian eman zuen ezagutzera bere burua. Bertako basoaren galerak lurraren emankortasunean eta bioaniztasunean daukan inpaktu negatiboaren aurrean, plataformak konponbiderako bidea marratzera gonbidapena egin du aurkeztutako proposamenarekin.

2010eko baso inbentarioaren arabera, Bizkaiko zuhaiztien gehiengoa baso misto atlantikoak eta Quercus Robur hariztiak hartu beharko lukete eta baso-azaleraren %13,33 besterik ez dute betetzen.

Eusko Jaurlaritzak basoen kontserbazio egoeraren inguruan 2011n egindako azterketak Euskal Herriko basoen kontserbazio egoera kaxkarraren berri eman zuen. Bizkaia da, azterketaren arabera, landare autoktonoak (haritza, erkametza, haltza, artea eta pagadia) barne hartzen dituen gainazal gutxien duen lurralde historikoa, eta ondorioz, kontserbazio eskasena duena. Lurraldearen gainazal osoaren %71,86ko baso-azalerarekin, honen %59,55 osatzen dute zuhaiztiek, 158.988 hektarea. Baso-azalera horren %75,61 eukalipto eta pinu plantazioak dira ordea, eta bertako espezieek baso-azaleraren gainontzeko %24,36 besterik ez dute osatzen. Espezie autoktonodun zuhaiztiak, gainera, txikiak dira eta elkarrengandik sakabanatuta daude, osasuntsua kontrakoa litzatekeelarik plataformako kide Julen Villasanten arabera.

Egoera horretara nola heldu garen azaldu du plataformak. Honen arabera, Radiata pinua 1847an heldu zen lehen aldiz Bizkaira, eta kanpotik ekarritako zuhaitz honen mozketak ahalbidetu zien hainbati “euren baserrietako teilatu eta etxebizitzen diru-sarrerak” ordaintzea. Mende eta erdi igaro den honetan, baina, Radiataren jatorrizko lurraldea den Kalifornian pinu honen hedadura 4.000 hektareakoa den bitartean, 70.000 hektareakoa da Bizkaian, baso eremuaren %53. Egurra ekoiztu asmoz landatzen hasitako espezie aloktonoek (jatorriz kanpokoak) bertakoak ordezkatzen amaitu dute.

Egurra ekoiztu asmoz landatzen hasitako espezie aloktonoek bertakoak ordezkatzen amaitu dute.

Azken urteetan pinuaren egurrak balioari dagokionez izan duen beherakadak, kanpoko beste zuhaitz baten landaketa masiboa eragin du: eukaliptoa. Landare honek osatutako zuhaiztia da azken urteetan hedadura gehien izan duena, eta neurririk hartu ezean hedatzen jarraitu duela ohartarazi du plataformak.

Bertako basoa kanpokoagatik ordezkatzearen albo kalteak

Pinua bezalaxe, eukaliptoa ere “merkatu globalaren legeen menpeko produktua” dela adierazi du plataformak, eta “zalantzazkotzat” jotzen du epe luzera begirako honen errentagarritasuna. Faktore ekonomikoei dagokionez ekarri ditzakeen onuren gaineko mesfidantza alde batera, nabarmen negatiboak diren bestelako eraginak ere ekarri ditu eukaliptoak gurera. “Eukaliptoak beste espezieei konpetentzia egiteko mekanismoak garatu ditu, ura xurgatzen du ingurutik eta basoak sute-arriskuan jarri, sutetik bizirik ateratzeko gaitasuna baitauka” azaltzen du Villasantek. Era berean, xurgatzen duen ur hori bere hazkuntzarako erabiltzen du, “inguruetako erreken emariak gutxitu eta flora zein faunari kalte larriak eraginez”, Villasanten arabera. Hau gutxi balitz, eukaliptoa egondako lur-eremua leheneratzea konplexua da oso, hainbat belaunaldiz jarraitzen baitu eukaliptoak moztutako aleetatik berriro jaiotzeko saiakerak egiten.

Eukaliptoaren kalteak alde batera, plataformak azpimarratzen du Radiata pinuak zein eukaliptoak, biek eragiten dutela lurzoruaren zaurgarritasuna. Hauen landaketa zein uzta metodoak produkzio funtzioa besterik ez dute betetzen, ingurumen faktoreetan erreparatu gabe. Bioaniztasunari dagokionez, baina, dezenteko kalteak eragiten dituztela adierazten du plataformak, arrisku nagusi gisa azpimarratuz espezie inbasoreak sartzea eta h

abitataren suntsiketa zein zatiketa.

Pinu zein eukalipto monokultiboak lurzoru emankorretan eta materia organikoari dagokionez aberatsetan landatuak izan arren, basogintza gestioak lur horietan negatiboki eragiten duela azaltzen du plataformaren txostenak. Pinuen kasuan 35-40 urtero eta eukaliptoen kasuan  12-15 urtean behin egiten diren mozketetan, adibidez, eremu osoko zuhaitzak ebakitzen dira egungo basogintza gestioak darabiltzan teknikekin. Eta mozketa horiek zuhaitzen gerizpean sortutako oihanpearen desagerketa eragiten dute. Pistak irekitzeko makinaria pisutsuaren erabilpena, egurra arrastaka erabiliz egikaritzen diren lanak, zein lan mekanizatuak dira gestioari dagokionez bioaniztasuna kaltetzen duten beste zenbait faktore. Honek guztiak eragiten dituen kalteen artetik nabarmentzekoa da lurraren  karbonoa xurgatzeko gaitasunaren galera, zeinari esker aldaketa klimatikoari aurre egiten zaion.

Bertako basoa leheneratzeko beharrizan larria azpimarratu du Kolore Guztietako Basoak plataformak.
Bestelako baso kudeaketaren aldeko apustua

Egoera hau izanik, bertako basoa leheneratzeko beharrizan larria azpimarratu du Kolore Guztietako Basoak plataformak, eta horretarako neurriak hartzerakoan, “ausardia administrazioak izan behar duela” dio Villasantek. Proposamena, gehienbat, Bizkaiko Foru Aldundiari eta udalei zuzendurik dago, baso autoktonoak berreskuratzerakoan beraien esku-hartzea esanguratsuena delakoan.

Basogintza kudeaketa eredua aldatzeko planteamendua egin dio plataformak Foru Aldundiari, bere esku dauden titularitate publikoko lurrei begira gehienbat. Irizpide orokor gisa, bertoko basoa leheneratzeko xedez, espezie aloktonoek hartzen duten lurren azalerari muga bat jartzeko eskatu diote, mendi publikoetan espezie autoktonoak sustatzearen alde 1994an onartutako araua orain artean ez duela bete azpimarratuz. Eta Naturatik Hurbileko Basogintza proposatu dute, berau uste baitute dela produkzioa eta kontserbazioa hobekien uztartzen dituen metodoa: bioaniztasuna zaindu eta egurgintza bertoko basoarekin egitea ahalbidetzen duena, Europako hainbat herrialdek ziurtatu duten eran.

JULEN VILLASANT:
“Ausardia administrazioak izan behar du”

Jabego pribatuetako basoei dagokienez, zuhaiztien %76,24 osatzen dutela kontutan hartuta, bertan egiten denak garrantzia izango du ezinbestean. Hori horrela, Kolore Guztietako Basoak plataforma prest agertu da Naturatik Hurbileko Basogintzaren aldeko apustua egin nahiko luketen eremu pribatuetako jabeei aholkularitza emateko. Hala ere, argi utzi dute ardura Aldundiak daukala eta honi dagokiola bai lursailak erosi eta leheneratzea, bai era horretan jarduteko prest leudekeen ugazabentzat diru-laguntzak eskaintzea. Laguntzak urte amaierarako eskuragarri egongo direla aurreikusten dute.

Gainerako neurriei dagokienez, Aldundiak orain arte erakutsitako jarrera eskastzat jo eta lanean jarraitu beharra azpimarratzen du plataformak. “Beste modu batean ekoizten saiatu beharra daukagu (…) beste toki batzuetan egin da eta beraz, posible da”, ziurtatu du Villasantek. Herriz herri dabiltza proposamena ezagutzera ematen, eta Atxondo, Ea eta Bakioko udalerriak, adibidez, bide horretan lehen pausuak ematen hasiak direla aurreratu dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mendiak
2024-03-03 | Jon Torner Zabala
Mendi Federazioak 100 urte
Mendiaren kulturari eusteko sokak, tenkaturik

Euskal Mendizale Federazioak 100 urte beteko ditu datorren maiatzaren 18an. 1924an sortua, mendeurrenak bide eman digu mendizaletasunak izan duen eboluzioaz eta aurrera begirako erronkez aritzeko. Sekula baino jende gehiago dabil geurean mendian, eta aldatzen ari da hura... [+]


2024-01-18 | Jon Torner Zabala
'Gailurretan izan gaitun' erakusketa, Mendi Federazioaren mendeurren-ekitaldien abiapuntua

Euskal Herriko Mendi Federazioa sortu zela 100 urte beteko dira maiatzaren 18an, eta urteurrenaren harira hainbat ekimen izango da datozen hilabeteetan. Gailurretan izan gaitun erakusketa ibiltaria da lehenbizikoa, Iruñeko Planetarioan ikusgai dagoena, zeinak biltzen... [+]


Oihana Azkorbebeitia. Arineketan aske
"Mendiari errespetua eduki behar zaio, eta hori galtzen dabil gaur egun"

2006an, mendi-lasterketen mundua artean berri-berria zela, “apur bat kasualitatez” hasi zen kirol horretan Oihana Azkorbebeitia, eta gaur egun ere arineketan segitzen du. Bide horretan, palmares ikusgarria bildu du, baina berak argi dauka zer ematen dion... [+]


Nazioarteko hamazazpi estreinaldi, Mendi Film jaialdian

57 film eskainiko dira, horietako bederatzi EAE mailako estreinaldiak. Edurne Pasaban omenduko dute aurten WOP Fundazioa sariarekin. 24.800 euro banatuko dituzte hamabi saritan, sail ofizialean lehiatuko diren lanen artean.

 


2023-10-31 | Jon Torner Zabala
Sarenneko glaziar "hil berriari" azken agurra eman diote Alpeetan

Duela lau urte Islandiako Okjökull eta Suitzako Pizol glaziarren omenez egindako hiletek bezala, frantziar Alpeetan dagoen Alpe D’Huez estazioak hartzen duen Sarenne-ko glaziarrari emandako agurrak larrialdi klimatikoaz ohartarazi nahi ditu herritarrak.


Eguneraketa berriak daude