Zortzi mendi talde eta euskara elkarte baten proposamena

  • “Mendian ere euskaraz” egitasmoa aurkeztu dute hainbat mendi taldek maiatzaren 17an, Donostian. Mendian ere euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatzea dute helburu nagusia, baita arnasgune hori euskaldun jendeari agerraraztea ere. Horretarako, mendi irteera bateratua antolatu dute maiatzaren 27rako.

Mendian Euskaraz taldea 2017ko martxoan sortu zuten eta orduz geroztik mendiz mendi ibili dira. Argazkia taldeak berak utzitakoa da eta aurten Aizkorriko Urbian ateratakoa.
Mendian Euskaraz taldea 2017ko martxoan sortu zuten eta orduz geroztik mendiz mendi ibili dira. Argazkia taldeak berak utzitakoa da eta aurten Aizkorriko Urbian ateratakoa.

2017ko martxoan Mendian Euskaraz izeneko taldea sortu zuten hainbat mendizalek, mendien ondarea euskaraz ezagutu eta euskaltzale guztiei mendian euskaraz bizitzeko eta gozatzeko aukera eskaintzeko. Beste batzuen artean, euskaraz bizi diren edo bizi nahi duten Euskal Herriko, tokian tokiko, mendizale taldeekin harremanak sendotzeko helburua ezarri zuten kideek, eta horri eutsi nahi izan diote egitasmoaren bidez.

Taldeko kidea den Edu Zabalak esandakoaren arabera, udazkenean jarri zuten martxan proiektua, eta apurka-apurka gauzatu dute: “Zazpi hilabete inguru iraun dituen prozesua burutu dugu talde euskaldunekin harremanak egiteko, bereziki sare sozialen bidez, baina bide asko erabili ditugu informazioa helarazteko”.

Prozesuari esker, zehazki, zortzi mendi talde eta euskara elkarte bat batu dira dagoeneko egitasmora: Mendian Euskaraz (Euskal Herria), Marimendi (Euskal Herria), Etzandarri (Lemoiz), Blagan (Hondarribia), Añorga K.K.E (Donostia-Añorga), Mendiak eta Herriak (Euskal Herria), GEUrekin mendira (Gasteiz), Platerotarrak (Donostia-Antigua), eta Begiraleak Kultur Elkartea (Donibane Lohizune).

Azaldu dutenez, funtsezkoa da gero eta euskalgune gehiago izatea, “euskarak arnasguneak behar dituelako”. Horixe bera da egitasmoaren bitartez eskaini nahi dietena euskaltzale guztiei.  

Euskararen arnasguneak

Mendian ere Euskaraz egitasmoak duen garrantziaz hitz egiteko orduan, bereziki ideietatik ekintzetara jauzi egitea dela azpimarratu du Zabalak: “Mendian talde asko dabil eta bakoitzak egiten du bere hizkuntza hautua, baina egitasmoaren bitartez, gutxienez, aldaba joko diegu mendizale euskaldunen kontzientziei”. Horren eraginez, mendian euskararen presentzia areagotzeko ahalegin berezi bat egingo dute, agian, mendizale euskaldun horiek, Zabalaren iritziz.  

Horrez gain, bistaratu eta agerian utzi nahi dute “beharbada askok planteatu ere egin ez dutena”. Izan ere, ustez sendoak diren arnasguneak benetan behar bezain sendoak ez direla aipatu du mendizaleak. Hori dela eta, gogoeta egitera eta mendian euskaraz bizitzera gonbidatu ditu euskaltzale sentitzen diren denak: “Azken batean, mendia eta euskara gure ondareak dira eta eutsi egin behar diegu. Ez badiegu eusten badakigu zein den etorkizuna, zoritxarrez”.  

Egitasmoari hasiera emateko, mendi irteera bateratua antolatu dute maiatzaren 27rako. Nafarroan elkartuko dira aipatutako zortzi mendi taldeak, euskara elkartea eta interesa duten euskaltzale edo mendizaleak.

Euskal Herriko erdigune geografikora irteera

Euskara hutsean egingo dute maiatzaren 27ko mendi irteera, Lizarragako bentan hasiko da, goizeko bederatzietan, eta Euskal Herriko erdigune geografikoa izango du helburu, Andia mendilerroan. Ibilbideak 22 kilometroko luzera du, eta 200 metroko desnibela. Eguraldi txarra balego, bestalde, beste ibilbide laburrago bat egingo lukete: abiapuntu beretik San Adrian ermitaraino, guztira zortzi kilometroko luzera eta 84 metroko desnibelarekin. Mendizale eta euskaltzale guztiak gonbidatu dituzte ekimen horretara, eta banaka zein taldetan apuntatu daitezkeela azaldu dute.

Egitasmoa, bestalde, ez da irteera horrekin amaituko. Zabalak esandakoaren arabera, lehendabizi ikusi eta baloratuko dute nolako erantzuna izan duen. Dena dela, urtero errepikatzeko asmoa dute, maiatzeko azken igandean: “Mantendu nahi dugu egutegian data hori euskaltzale eta mendizaleak elkar daitezen, non eta Nafarroan, Euskal Herriko bihotzean”.

Horrez gain, ateak zabalik dituztela adierazi du: “Hau prozesu bat da, espero dugu komunikabideen oihartzunaren bidez talde eta norbanako gehiagorengana iristea. Beraz, ez dugu aterik ixten inolaz ere”. Beraz, azaldu dute maiatzaren 27a ez dela egun isolatua izango, baizik eta mendizale euskaldun guztientzako deia.

Talde guztiek batera “ortzadar zabala” islatzen dutela esan dute, bai geografikoki zein beste esparrutan: “Euskal Herrikoa eta nazioartekoa, emakumeena, gazteena eta umeena, eta bukatzeko, maila lokalean aritzen direnena”. Hortaz, bultzatzaileen aniztasuna zabala eta aberatsa dela azaldu dute, eta harremanetan jarraituko dutela mendia eta euskara uztartu nahi duten talde eta norbanakoekin.

 

Gasteiztarrak Geu-rekin mendira

2015eko otsailean hogei urte bete zituen GEUrekin mendirak. “Orduan, 40 urteko emakume bi ginen Maite Mendiburu eta biok, eta koskortuak genituen seme-alabak. Haiek bakarrik ibiltzen eta irteten hasita zeuden eta, beraz, tarte libreak ere bagenituen guk –dela ostiral arratsaldea nahiz larunbat goiza, esaterako–, eta mendirako baliatzen hasi ginen tarte horiek”, dio Bego Ariznabarretak. Eta, behin halako, mendi irteera horietako batean, Maite Mendiburuk Bego Ariznabarretari: “‘Euskaldunez osatutako mendi taldea egin beharko genuke’. Maiteren ideia izan zen. Nik baietz esan nion, baina besterik gabe. Ordurako, dena den, Gasteizko GEU euskara elkarteko kide ginen biok eta, hortaz, egun batean, Geu aldizkarian iragarkia jarriko zuela esan zidan Maitek. Eta esan eta egin: ‘Halako igandean, goizeko 9:00etan, Txapela taberna aurrean, irteera Ezkibelera’. Ez genekien inor etorriko zen ere, baina 36 lagun bildu ginen!”.

Maite Mendibururen ideiari jarraitu zitzaion Bego Ariznabarreta, konplize egin ziren lehen ere adiskide eta lagun zirenak, eta handik laster, jendea deitu zuten bilera batera: “Eta talde izaera gorpuztu genuen. Jende mugimendua izan da harrezkero, jakina, batzuk gaizkitu dira, beste batzuek bestelako bideak hartu dituzte, baina talde izaera horri eutsi diogu beti”. GEU elkartearen baitako da GEUrekin mendira asmoa sortze beretik: “Atal berezi bat osatu genuen elkartearen barruan eta horrela jarraitzen dugu. Elkartearen jarduera izan gara sortu ginenetik, eta horrela izan nahi dugu luzaro”.

Testu zati hau 2015eko irailaren 27ko ARGIA astekaritik hartua izan da. Egilea: Miel Anjel Elustondo.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskararen erabilera
Jaime Altuna. EHU-ko irakaslea eta ikerlaria
"Euskararen auzia nerabeena baino gehiago da helduena"

Jaime Altunak Hizkuntzaren funanbulistak. Hizkuntza-sozializazioa kirol eremuan adin eta generoan ardaztuta doktoretza tesia uztailean bukatu du. Gaiaren ezagutza sakonetik eta aurrez beste ikerlariek idatzitakotik hurbildu da begirada berezi bezain zorrotzaz Gipuzkoako zenbait... [+]


Biarritzeko turismo-audiogidetan euskararen arrastorik ez

Audiogidak frantsezez, alemanez, ingelesez eta gaztelaniaz daude. Biarritzeko turismo bulegoko zuzendari Genevieve Fontainek argudiatu du euskara ez dela “berehalako eskarietako bat”.


Jon Zapata, 'Haurren aurrean helduok heldu' ekimenaren koordinatzailea
“Haurrek ulertzen dute euskara haurren hizkuntza izanen dela”

Haurren aurrean helduok heldu ekimena urriaren 19tik 29ra egingo da Hego Euskal Herriko 80 herritan. Protagonistak, batez ere, gurasoak izango dira eta bi helburu azpimarratu ditu Euskaltzaleen Topagunea antolatzaileak: batetik, gurasoek hizkuntza ohiturak aldatzeko pausoak... [+]


Iñigo Urrutia
"Gaztelania eta frantsesa armen bidez inposatu zituzten Euskal Herrian"

Euskarafobia legalaren historia legez lege eta arauez arau aztertu du Iñigo Urrutiak (1966, Jatabe-Maruri), Xabier Irujorekin batera. Horren emaitza da Historia Jurídica de la Lengua Vasca (1789-2023) liburu mardula. Irujo atzerrian zegoenez, Urrutiarekin mintzatu... [+]


Eguneraketa berriak daude