Etxebizitza, auzoaren eragile sozial

  • Erosi, alokatu eta okupaturen artean, etxebizitzaren arazoari erantzun berri bat ari dira entseatzen Donostiako Abaraska proiektuko kideak. Teilatu batetik harago, ingurua eraldatu eta beste bizi eredu baten oinarria izan daitekeelako jarri dute martxan etxebizitza kooperatiboaren proiektua. Definizio fasea behin igarota, bizitoki izango duten espazioa lortu eta errealitatera salto egiteko aliantzak josten dabiltza.

(Argazkia: Dani Blanco)
(Argazkia: Dani Blanco)

Espainiako Sustapen Ministerioak 2017an argitaratutako datuen arabera, Donostiako etxebizitzak dira estatuko garestienak. Iazko bigarren hiruhilekoan %9,7 hazi zen prezioa aurreko urteko sasoi berarekin alderatuz, metro koadroa 3.436,3 euroraino igoz.

Hego Euskal Herriko gainontzeko hiriburuei dagokienez Iruñeko etxebizitzen prezioa metro koadroko 1.650,3 euroan dago; Gasteizkoa 1.881,1; eta Bilbokoa 2.268,5.

Higiezinen burbuilaren eztandak hasieran prezioen beherakada ekarri zuen arren, orain gora eta gora ari dira, turismoari lotutako espekulazioa lagun. Langabezia jaitsi egin da, baina langile behartsuen kopurua igo. Eta etxebizitza eskubidea izatea inoiz baino zailagoa da, ezinezkoa hainbat hiri eta auzotan.    

Errealitate horri aurre egiteko sortu da Abaraska proiektua, Donostian etxebizitza kooperatibo bat sortzea helburu. Atzizkiak badu garrantzia Maite Leturia Nabaroa, Ana Revuelta Andrés eta Nahiko Arraiza Eguillor-entzat: etxebizitza kooperatiba batetik harago doa, baina ez da soilik etxe kolaboratiboa. “Bi hitzak nahastuta, gustatzen zaigun kontzeptua sortu dugu”.

Bi astean behin biltzen dira M-Etxea kolektiboak Loiolako Erriberetan duen lokalean.Duela bi ikasturte toki horretan Bartzelonako La Col kooperatibako kide batek hitzaldia eskaini zuen Kataluniako hirian martxan zuten La Borda eraikinaz; hori izan zen Donostiako proiektuaren abiaburu. (Arg.: Dani Blanco)

Duela bi ikasturte sortu zen proiektua. M-etxea kolektiboak Loiolako Erriberetan (Donostia) duen lokalean hitzaldia eskaini zuen Bartzelonako Sants auzoko La Col kooperatibako Carles Baiges-ek; martxan zuten La Borda proiektua aurkeztu zuen bertan, eta Arraiza eta beste lau lagun Donostian horrelako zerbait egin behar zutela iritzita biltzen hasi ziren.

“Bartzelonan posible bada, Donostian ere. Hortik abiatu ginen, eta ikusi genuen baietz, bai lege aldetik, baita espazio aldetik ere, Donostian bideragarria dela mota horretako proiektua. Inguruan ideia zabaltzen hasi ginen eta azkar batean 30 laguneko taldea sortu genuen”, dio Arraizak. Kaxilda liburu-dendan 2017ko irailean egindako aurkezpenean, taldea egonkortu eta lantaldeak sortzen hasi ziren. Leturiarentzat, oraingo prozesua da garrantzitsuena, eraikina lortu bitarteko eztabaida eta definizio guztiak ematea, alegia. “Taldea da guztiaren oinarria, eta orain hori ari gara lantzen. Masa ez badago ondo, eta masa gu gara, proiektuak ezin du funtzionatu”.

Baina zer da etxebizitza kooperatibo bat? Esan bezala, izaera juridikotik harago joan nahi dute, eta bizi eredua jarri erdigunean: “Antolamendu eta kudeaketa kooperatiboa bultzatzen dugu, bai gure etorkizuneko bizimoduari dagokionez, baita helburu hau lortzeko egiteko dugun bidean zehar ere”.

Ana Revuelta Andrés (Abaraskako kidea): "Donostian etxebizitza arazo bihurtu da urteetako espekulazioagatik, turismoagatik eta lanpostu prekarioengatik. Baina gainera, Mendebaldeko gizartea egungo hirietan nola bizi den kezkatzen gaitu; bizilagunekin ez dugu harremanik"

Etxebizitza eragile izatea ere nahi dute, eta horretarako hainbat balioren arabera eztabaidatu eta eraikitzen ari dira proiektua. Interneten eskuragarri duten ennealogo-aren arabera (9 puntuko dekalogoa) bizi eredu inklusiboa, belaunaldiartekoa, feminista, ekologista, jasangarria, soziala eta euskalduna bultzatzen duen komunitate gisa definitzen dute proiektua. Azken finean, “gure larruan bizi dugun etxebizitzaren arazoari Donostiako hirigunean aldaketa erreal bat planteatu, bultzatu eta aldarrikatzeko kolektiboa” direla argi utzi dute.

Revueltaren ustez “Donostian etxebizitza arazo bihurtu da urteetako espekulazioagatik, turismoagatik eta lanpostu prekarioengatik. Baina gainera, behin honaino iritsita, Mendebaldeko gizartea egungo hirietan nola bizi garen kezkatzen gaitu. Bizilagunekin ez dugu harremanik, badakigulako edozein unetan utzi beharko dugula etxea”.

Leturiak ere argi du “bizilagunak baino, bizi-lagunak nahi ditugu, komunitate baten parte izan nahi dugu. Beraz, proiektu honetatik interesgarria iruditzen zaigu era kolektiboan eraikitzea bai, baina era kolektiboan bizi nahi izatea. Horregatik, erabaki nahi dugu guztia taldean”.

Ildo horri segituz, arkitektura zurruna eta biguna bereizten dituzte Abaraskako kideek. Arkitektura zurrunari dagozkio eraikinaren gaineko eztabaidak: nolakoa izango den, zein material erabiliko diren edo espazioak nola banatuko diren. Arkitektura bigunari dagokionean kolektibotasunari zein espazio eman nahi zaizkion, auzoarentzako zein gune nahi diren edo zer bizikidetza mota eraman nahi den hausnartzen dute.

Arraizaren esanetan, “gure buruak indartzeko prozesua izan behar da. Eraikin bat eraikitzeko gai bagara sozialki indar handia garatzen dugu, eta ingurunea eraldatzeko aukera handiagoa daukagu”. “Etxebizitza lortuko ez bagenu ere –gehitu du Leturiak– mugimendu bezala mantentzea beharrezkoa da”.

La Borda eredu

Uda baino lehen eraikita espero dute La Borda etxe kooperatiba. Bartzelonako Sants auzoko proiektu aitzindari hau 2016an hasi ziren eraikitzen, auzoko behar komun batetik abiatuta, bertako sare komunitarioa lagun. La Col kooperatibaren dinamizazioa, Can Battló espazio sozialak eskaintzen zuen logistika eta Coop57ren finantziazioa izan dira proiektuaren funtsa.

Eraikitzen ari diren etxearen espazio komunitarioak lehen solairuan izango dira: 40 m2-ko sukalde-jantokia, garbigailu gela, erabilera anitzeko gela eta osasun eta zaintza gelak izango ditu.

Uda baino lehenago amaituta izango dute Bartzelonako Sants auzoan eraikitzen ari diren La Borda etxe kooperatiba. Egurrez egina dago eta espazio komunitarioak izango ditu: 40 metro koadroko sukalde-jantokia, garbigailu gela, erabilera anitzerako aretoa eta osasun eta zaintza gelak. (Arg.: La Col kooperatiba)

Bartzelonako Udalak 75 urterako lagatako lur publikoetan egongo da eraikina –babes ofizialeko etxebizitzek dituzten baldintza berdinetan” gogorarazi digu Leturiak–. Bazkideek eraikinaren erabilera eskubidea izateko 18.500 euroko ekarpena egin behar dute eta ondoren hileko kuota bat pagatzen da, 450 euro ingurukoa. Proiektutik atera nahi duenak hasieran jarritakoa berreskuratzeko aukera du.

Hiru milioi euro inguru balio du obrak. %20 erabiltzaileek jarri dute, %60 Coop57k emandako kreditu eta kooperatibako parte-hartze tituluak dira, eta gainontzekoa diru-laguntzak, norbanakoen eta ekonomia sozialeko erakundeen ekarpenak izan dira.

Euskal Herrian, erabilera lagapenaren eredua ezaguna da babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko. Danimarka, Uruguai eta antzeko herrietan etxebizitza kooperatibentzat ere erabiltzen dute sistema. Danimarkan Andel eredua gisa ezagutzen denaren 125.000 etxebizitza kooperatiba daude, 1911tik gaur egun arte eraikiak. Uruguain berriz, Elkar Laguntza bidezko Etxebizitza Kooperatiben Federazioaren (FUCVAM) barruan daude 20.000 etxebizitza, 3 milioi laguneko herrian.

Maite Leturia Nabarroa (Abaraskako kidea):
“Beti dugu presente eragile sozial bat izango garela, auzokideekin harremana edukiko duen agentea. Auzoko ehun komunitarioarekin elkarlan estua nahi dugu, eta horretan oinarrituko dira gure erabaki asko”

Bizilagunak kooperatibako bazkideak dira, eta bizitza osoan bizi daitezke bertan. Ereduaren ezaugarri nagusia da, espekulatzeko aukera blokeatzen duela: bazkideek ezin dute saldu ez alokatu, asanbladak jarritako prezioen gainetik.

Arraizak ohartarazi du Danimarkan eskuin muturraren gorakadarekin legedia liberalizatu egin dela, hala, zenbait kasutan bizilagun guztiek akzioak garestitzearen alde egin dute: “Berrikusi egin behar den arren, hala ere oraingoz eredu hau da interesgarriena guretzat”.

Zaintza erdigunean

La Borda proiektuaren ezaugarri nagusietako bat izan da zaintza etxebizitza ereduaren erdigunean mantentzea. Zaintza ez dutelako ulertzen norberak bere etxean egiteko –eta gehienetan emakumearengan delegatu– zeregin bezala, baizik eta komunitate osoak erantzun beharreko erronka gisa.

Arkitektura zurruna eta biguna bereizten dituzte Abaraskako kideek. Zurrunari dagozkio eraikinaren gaineko eztabaidak, eta bigunarekin hausnartzen dute kolektibotasunari zer espazio eman nahi dioten, auzoarentzat zein gune izango den edo zer bizikidetza mota eraman nahi luketen (Arg.: Dani Blanco).

Hori bermatu ahal izateko, sorreratik bertatik La Col kooperatibak garatutako parte-hartze prozesuan hitza eman diote identitate eta familia eredu askori, denen beharren araberakoa izan dadin. Haur eta zaharrenek beren ikuspegi zehatza gehitu ahal izan dute, espazioak guztien beharrei erantzun diezaion.

Abaraskan taldekide gehienek antzeko ezaugarriak dituzte. Badira haurrak dituzten familiak, baina gehienak 25-40 urte bitarteko gazteak dira, ikasketa maila altukoak eta euskaldunak gehienak. “Azken finean, lagunak eta lagunen lagunak gara taldekoak, eta garrantzitsua da lehen fasean horrela izatea, elkarrekin egoteko gogo handia behar da-eta hainbeste lan egiteko”, dio Revueltak. “Baina egia da heterogeneitatea garrantzitsua dela, eta hori presente dugu eztabaidetan, ez dugu irla moduko bat izan nahi”..

Honelako proiektuak baztertzaileak direla-eta oso kritiko agertu zen Bartzelonako CUP-Capgirem alderdia Bartzelonako Udalarekin, polemika itzela sortuz: “Barrera ekonomiko ikusezin bat sortzen du etxebizitza eskubidea lortzeko”, zioen erakunde antikapitalistak. Ados dago hein batean Arraiza: “Tamalez, planteatzen ari garen eredua ez da jende guztiarentzat bideragarria. Etxebizitza modu merkeagoan eskuratzeko bide bat den arren ezin da alternatiba bakarra izan”.  

Errenterian ere bide berrien bila

Errenteriako Udalak (EH Bildu) gazteekin egindako parte-hartze prozesu batean emantzipazioa agertu zen herriko kezka nagusi. Itziar Ostolaza gazteria zinegotziaren arabera “gazte gutxik erosi edo alokatu dezake etxebizitza bat herrian, eta horregatik beste eredu bat jarri nahi izan dugu mahai gainean, alokairua zein erosketa gaindituko dituena”.

2018ko udazkenean eman ahal izango dute izena Oreretako 26 gaztek udalerriko lehen etxebizitza komunitarioan bizi ahal izateko. Alokairu sozialekin gertatu ez bezala, soldataren %15 ordaindu beharko dute gazteek “egungo soldata prekarioekin %30 ordainduz gero, bizitzeko adina ere ez luke izango gazte askok”, dio zinegotziak.

Bost bilera eta jardunalditan izan diren 68 gazteen iritziekin finkatu dira proiektuaren oinarriak. Errenterian erroldatutako 18 eta 30 urte bitarteko gazteei irekita egongo da, hiru urtez izango dute bertan bizitzeko eskubidea eta konpromiso soziala erakutsi beharko dute jardueren antolaketan eta auzolanean –hilean gutxienez 9 ordu–, besteak beste.

Eraikina obretan dago jada eta zazpi etxebizitza izango ditu gazte guztientzat. “Espazio pribatu ahalik eta gutxien izaten saiatu gara, komunitarioen mesedetan. Azken finean behar pertsonalak bai, baina behar sozialak ditugu guztiok, eta bizi ereduak horri erantzun behar dio”.

Ostolazarentzat “esperimentu polita” da, hazitegi moduko bat: “Diruaz gain, gazteek komunitateari eskaintzen dioten lana izango da oinarri garrantzitsu bat, eta horrek herrian sortzen diren harreman sozialak eraldatzea ekar dezake. Etxebizitza komunitarioan landatzen den hazia beste nonbait ernatu daiteke”.

Euskal Herrian emantzipaziorako alternatibak sortzen ari dira apurka. Errenteriako etxebizitza komunitarioaren proiektua udalak sustatu du eta prozesu parte-hartzaile baten bidez definitu dute. Udazkenetik aurrera eman ahal izango dute izena 18 eta 30 urte bitarteko gazteek bertan bizi ahal izateko. (Arg.: Errenteriako Udala)

Auzoarekin elkarlanean

La Bordako ereduarekin alderatuta, Abaraskako kideek badute kezka bat: “Sants auzoan errotuta sortu zen proiektu hura, eta guk oraindik ez dugu espaziorik”. Leturiaren arabera “beti presente dugu eragile sozial bat izango garela, auzokideekin harremana edukiko duen agentea izango garela. Beraz, auzoa erabakitzen dugunean bertako ehun komunitarioarekin elkarlan estua eraiki nahi dugu, eta horretan oinarrituko dira gure erabaki asko”.

Horretarako eragile eta erakundeekin elkarlana sustatzen ari dira: “Hainbat lantalde sortu dugu, tartean kanpo harremanetarakoa, eta eragile sozial eta ordezkari instituzionalekin ari gara biltzen. Orain arte ez digu inork ezezkorik eman, baina ez dakigu noraino konprometitu daitezkeen”, dio Revueltak.

“Eskatzen ari garena babes ofizialeko etxebizitzei eskaintzen zaien bera da. Lagapena 75 urtez lehiaketa publiko bidez. Lehiaketa horietan ordea, irizpide ekonomikoez gain, irizpide sozialak ere hartu beharko lirateke kontuan”.

Argi dute aurretik lan handia geratzen dela. Erdi umorez erdi serio dio Leturiak: “Jende askok esaten digu: ‘Etxea eraikitzen duzuenean deitu!’. Ba ez. Hau ez da zerbitzu kooperatiba bat. Lana egin beharko dugu, eta nahi dugu horren alde borrokatu. Eta lortzen dugunean, denon garaipena delako egongo da denontzat irekia. Baina bitartean lan handia dugu aurretik”.

Etxebizitza ez da arazo indibiduala, eta ez diote bakartasunetik aurre egin nahi. Kolektiboki erantzun nahi duenak badu aukera: bi astetik behin egiten dituzte bilerak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia eraldatzailea
2024-03-03 | Garazi Zabaleta
Azokoop
Pirinioetako Artzibarren lan eta bizi: hurbileko kontsumorako denda eta proiektua

Artzibarko Urdirotz herrian, Nafarroako Pirinioetan, proiektu berri batek zabaldu ditu ateak otsailaren 24an. "Azoka-Denda" deitu diote Txabi Bados Ruizek eta Rita Perandrés Martínezek haien etxe azpian ireki duten dendatxoari. Azokoop mikrokooperatibaren... [+]


2023-11-08 | ARGIA
Aztarna ekologikoa murrizteko neurriak hartzen hasi da ARGIA liburuen eta aldizkariaren ekoizpenean

Kataluniako Ekoedizioaren Institutuko bazkide egin da ARGIA, Europako bakarra, eta Euskal Herrian halako urratsa eman duen lehen eragilea da. Zigilu baten bidez, bere argitalpenen aztarna ekologikoa neurtu eta garbi adieraziko du hemendik aurrera. Dagoeneko sei liburu ekoeditatu... [+]


Marinaledako lur komunalak espekulatzaile pribatuen eskuetan gera daitezkeela ohartarazi dute

Andaluziako Marinaleda herrian dagoen Los Humosos lursaila saldu nahi du Andaluziako Juntak. Duela hamarkada batzuk lur horiek okupatu zituztenetik kooperatiba baten bidez landu dituzte hango jornalariek, baina 2021an desalojatzeko agindua jaso zuten eta horri jarritako... [+]


Udalgintza eta herrigintza eraldatzailea: Euskal Herriko ekimen burujabeak saretzeko jardunaldiak Hernanin

Hernani Burujabe herri proiektuak, Hernaniko Udalak eta Udalbiltzak hiru eguneko jardunaldiak antolatu dituzte urriaren 19tik 21era, burujabetzen gaia ardatz hartuta, herrigintza eta udalgintza ikuspegi eraldatzaile batetik jorratzeko. Hainbat esperientziren inguruko hitzaldiak... [+]


‘Laia’ aldizkaria, ARGIArekin batera

Bidasoaldeko irakurlea bazara, honezkero izango dira hiru urte Laia aldizkariaren lehen alea jaso zenuela etxean. BDSKOOP eraldaketa fabrikak –eskualdean Ekonomia Sozial Eraldatzailean dabiltzan kooperatiba eta proiektuak biltzen dituen elkartea– Behe Bidasoan eta... [+]


Eguneraketa berriak daude