Arkaitz Rodriguez, Sortuko idazkari nagusia

"ETAk zutik eman dio amaiera 60 urteko ibilbideari"

  • Sortuko idazkari nagusia da (Donostia, 1979). Kanboko ekitaldiaren biharamunean elkarrizketatu dugu, Donostiako Haizearen Orrazian Ezker Abertzaleko zuzendaritzako dozenaka kide ohik ETAren amaierari sostengua agertu ondoren. Sortuk du orain Ezker Abertzalearen gidaritzaren ardura nagusia.

Xabier Letona @xletona
2018ko maiatzaren 13a
"Ezker Abertzaleak lehenago ohartu behar zuen Estatuak ez zuela gatazka honi irtenbide politiko eta demokratikoa emateko inolako borondaterik". (Argazkiak: Dani Blanco)

Zer irudikatu nahi izan da Kanboko ekitaldiarekin?
ETAren azken erabakiari nazioarteko babesa ematea. Han izandako nazioarteko eragile guztiek txalotu zuten ETAren ausardia eta eskerrak eman zizkioten Aieten hartutako konpromisoak bete dituelako, Espainiako Gobernuak ez bezala. Halaber, Kanboko ekitaldiak mahaigaineratu du ETA desagertuta ere izan badela gatazka politiko bat zeinari aterabide justu, demokratiko eta oso bat eman behar zaion.

Eta egun bat lehenago Genevan egindako ekitaldiarekin zer lortu nahi zen?
Henri Dunant fundazioak antolatu zuen, eta bertan nazioarteko hainbat begiralek egiaztatu zuten ETAren azken agiria egiazkoa zela.

Dena ez omen zen atera pentsatu bezala.
Aurreko egunetan ETAk hainbat eragile eta norbanakori gutuna helarazi zien azken erabakiaren berri emanaz, eta bakarren batek filtratu egin zuen. Hori publikoa da.

Horrez gain, Genevan beste ekitaldi mota bat egin nahi omen zen, baina Espainiaren presioen ondorioz ezin izan zen egin.
Ez. Espainia saiatu zen ekitaldi hori egin ez zedin, baina Suitzak ez zuen onartu halakorik.

Nazioarteko komunitatearen aurrean agiria egiaztatzea bazen kontua, ez ote zen komeni Genevan ahalik eta hedabide gehien izatea, Europan eta ahal den leku guztietan albistea ahalik eta gehien zabaltzeko?
Espainiaren presioa saihestea zen asmoa. Zenbat eta jende gehiago egon ekitaldi horren jakinaren gainean, orduan eta aukera gehiago Espainiak ekitaldi horren berri izan eta egin ez zedin presio egiteko.

Negoziazioz lortu beharreko helburu bakarra eskuratu gabe desagertu da ETA. Amaiera latza edo duina da?
Duina da. ETAk bere borondatez eta zutik eman dio amaiera 60 urteko ibilbideari. ETAk berak onartu du helburu horiek ez dituela lortu, baina balantza horretan beste osagai positibo asko ere jartzen ditu eta horiek ere kontuan hartu behar dira.

Argazkia: Dani Blanco

Aljer, Lizarra-Garazi, Loiola… ez al da oso berandu etorri amaiera?
ETAk esaten du berak ere nahiago zukeela hau lehenago amaitzea. Esaten du historian zehar sarri luzatu izan diola eskua Espainiako Estatuari irtenbidea elkarrizketatua eta negoziatua izan zedin. Estatuak, aldiz, ez dio halakorik onartu nahi izan, eta orain ere ez. Horrek luzatu du behar baino gehiago konfrontazio armatuaren zikloa. ETAk eta Ezker Abertzaleak bide baketsuen aldeko apustua egin dute, Estatuak gaur gaurkoz biolentzia politikoa erabiltzen jarraitzen du.

Presoen arazoa hain garrantzitsua izanik, nola ulertu liteke 2011tik gaurdaino behar izatea ETA desagertzeko? Ez al zen logikoagoa askoz lehenago izatea?
Bai, baina estatu bien jarrera saboteatzailearen ondorioz luzatu da hainbeste. Zorionez, Frantziako Estatua hasi da urrats batzuk ematen, baina Espainiakoak jarrera itxian jarraitzen du.

Ezker Abertzaleari zera esatea eskatzen zaio orain: “ETAk egindako guztia injustua izan zen eta gaizki egina egon zen, ez zen inoiz gertatu behar”. Zer diozu?
Eskaera hori ez dela inolaz ere justua, bidezkoa eta arrazoizkoa. Halako exijentziek konponbidea oztopatzen dute eta errelato jakin bat inposatu nahi dute: onen eta gaiztoen errelatoa, justuena eta injustuena. Egiari zor diogun begirunetik, ezin dugu halakorik onartu, baina gainera, ezin da elkarbizitzarik eraiki kontaera horren gainean.

Eta eskatzen zaion autokritika horretan noraino iristeko prest dago Ezker Abertzalea?
Orain arte Ezker Abertzalea izan da autokritika egin duen bakarra. Espainiako Gobernuak eta EAEko gobernu autonomikoak ez dute inongo autokritikarik egin. Ez dugu entzun PP torturarekiko duen erantzukizuna onartzen; ezta PSOE GALen sorreran duena onartzen ere; eta Ertzaintzari egozten zaizkion 300dik gora torturatuengatik berea onartzen ere ez EAJ. Edo dispertsioan duten ardura… Bada ordua beren erantzukizuna ere onar dezaten.

Amaierara berandu iritsi izanaren errua bakarrik Estatuaren aldean jarri duzu. Ezker Abertzaleak ez du erantzukizunik horretan?
Badu bai eta aipatu izan dugu. Ezker Abertzaleak lehenago ohartu behar zuen Estatuak ez zuela gatazka honi irtenbide politiko eta demokratikoa emateko inolako borondaterik. Lehenago ohartu behar genuen halako estrategia batekin ez genuela Estatua konponbidera eramango eta bestelako estrategia bat bilatu behar genuela, gero egin dugun bezala.

Eta berandu iritsi izanaren ondorioz, Ezker Abertzalea ahul iritsi zen bake prozesura. Edo ez?
Nik uste dut indarrez iritsi zela, eta horren erakusgarri izan zen 2011n ezkerreko soberanismoak erdietsi zuen indarra. Orduan independentismoak lortu zuen herri honetan inoiz izandako ordezkaritza instituzionalik handiena. Bestalde, Ezker Abertzalearen estrategia aldaketaz geroztik azken hamarkadetako mobilizaziorik handienak egin dira.

Ni ari naiz batez ere bake prozesu batean lortu beharreko helburuei begira.
Bai, baina hau dagoeneko ez da bake prozesu klasiko bat, mahaiaren beste aldean ez dagoelako mintzakiderik. Aldebakarreko logikan gaude eta gure indarra dagoeneko ez da neurtuko ETAk edota Ezker Abertzaleak izan zezakeen indarrean; neurtuko da aliantzak eta gehiengoak artikulatzeko dagoen indarraren arabera. Ipar Euskal Herrian gertatu dena oso erakusgarria da alde horretatik.

Bai, baina Ipar Euskal Herrikoek lortzen dute Kanbon beren ordezkaritza instituzional ia osoa bertan egotea eta Hegoaldetik ez da ez gobernurik, ez diputaziorik ez udal ordezkaritzarik.
Egia da, baina Hegoaldeko gehiengo politiko eta sindikala han zegoen. Urkullu ez zen egon, eta Barkos ere ez, baina EAJ bai.

Eta nola interpretatzen duzu arratsaldean bi lehendakariek egindako agerraldia?
Kontraprogramazioa egin zuten eta hori tamalgarria iruditzen zaigu. Ez ziren egon une historiko honek eskatzen zuen mailan. Hala ere, guk nahiago dugu egin zuten adierazpenaren alde positiboarekin geratu, eta alde horretatik onartu egin zuten ETAk emandako urratsaren garrantzia.

ETAren bukaera honek zer zapore utzi dizu: gozoa, gazi-gozoa edo mikatza?
[Asko pentsatu du erantzuna] Gozoa. Ezker Abertzaleak ez du lortu Estatua behartzea gatazka politikoari aterabide demokratiko bat ematera. Baina bai burujabetza jomuga izango duen herri prozesu baterako nahiko baldintza ereitea. ETAk oinatz sakona utzi du herri honen historian.

Argazkia: Dani Blanco
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: ETA-ren amaiera

ETA-ren amaiera kanaletik interesatuko zaizu...
2018-10-09 | ARGIA
Brian Currinen harremanetarako taldea desegin da, Euskal Herrian egin beharreko lana amaitutzat emanda

Brian Currinek gidatutako Harremanetarako Nazioarteko Taldeak (HNT) iragarri du bere lana bukatu duela, agindu zitzaion lanaren parte handi bat bete dela ulertuta. Naiz-ek aurreratu duenez, hurrengo astean baloratuko dute Euskal Herriko gatazka armatuaren amaiera lortzeko taldeak egin duen lana.


Ezinezko berdinketa

Medioetan irakurritakoaren arabera, Foro Sozialeko ordezkaritza bat eta EPPK-ko bi mintzakide elkarrizketatu egin dira. Aipatzen dutenez, kolektiboko kideek espainiar eta frantses estatuetako legezko bideak jorratzeko prestutasuna erakusteaz gain, itxaropentsu daude, eta era berean, jarduera politikoagatik barkamena eskatzeko prest omen daude.


2018-08-08 | Mikel Asurmendi
Aburu pare bat "Larrun"-eko ETAren ondoko garaiaz

ETAren ondoko garaia aztertzeko mahai-ingurua osatu dugu ARGIAko Larrun aldizkarian. "ETAren muina eta mina: 60 urteko historia konplexua". Jose Felix Azurmendi, Koro Garmendia eta Joxemari Olarra izan ditugu solaskide, hurrenez hurren. ETAren ondoko garaia nolakoa izan daitekeen antzemateko, bere historia ekarri nahi izan dugu hizpidera. Funtsean baina, 60 urteko gatazka politiko bortitzaren hiru ikuspegi ekarri ditugu.

 


2018-07-29 | Mikel Asurmendi
Zer izan da ETA?
ETAren muina eta mina: 60 urteko historia konplexua

Aurtengo maiatzaren 3an argitaratu zuen ETAk bere azken komunikatua. 60 urteko existentziaren azken hitzak izan ziren. Francisco Franco jenerala 1936ko Gerra Zibiletik garaile jalgi eta handik hogei urtera jaio zen euskal erakunde armatua. Bere sorrera garaia urrun geratu zaigu, aski urrun ere frankismoa, baita egungo demokrazia garaira iristeko erabakigarria izan zen trantsizioa ere. ETAri buruz erruz idatzi da, haren aldekoek, haren arerioek, baita ETAk berak ere. Eta etorkizunean are gehiago... [+]


2018-07-27 | ARGIA
ETAren amaiera
Ziklo bat itxi da eta beste bat ireki

Genevan irakurri zuten ETAren amaiera iragartzen duen agiria, erakunde armatuaren ia 60 urteko ibilbidea bukatutzat emanda. Kanbon berriz, euskal gatazkaren konponbide osorantz pausoak emateko deia egin zuten nazioarteko eragileek. Aro bat bukatu da behin betiko eta beste bat hasiko da orain, aurrekoak utzitako problemetako batzuk herentzian jasota.


2018-07-27 | Xabier Letona
ETAren amaiera
Adio ETAri, stop sufrimenduari

Katarsia 2011ko urriaren 20an bizi izan genuen, baina orain ere ez da makala idaztea gaur ETA desagertu dela. Ohartzean horrek esan nahi duen guztiarekin, goitik behera sumatzen da zirrara bizkar-hezurrean. Gertaera, sentipen eta sufrimendu gehiegi bildu da 60 urtean zehar bestela izan dadin.


2018-07-27 | Xabier Letona
Arkaitz Rodriguez
"ETAk zutik eman dio amaiera 60 urteko ibilbideari"

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia da (Donostia, 1979). Kanboko ekitaldiaren biharamunean elkarrizketatu genuen, Donostiako Haizearen Orrazian Ezker Abertzaleko zuzendaritzako dozenaka kide ohik ETAren amaierari sostengua agertu ondoren. Sortuk du orain Ezker Abertzalearen gidaritzaren ardura nagusia.


2018-07-27 | Mikel Asurmendi
Txema Montero
"ETA eredu negatibo bat izan da euskal herritarrentzat"

Txema Montero (Bilbo, 1954). HBko europarlamentari ohia, ETAko presoen abokatu lanetan aritutakoa, HBtik kanporatua, Sabino Arana Fundazioko kide urte luzez eta analista zorrotza, besteak beste.


2018-06-13 | Patxi Azparren
ETAren amaiera, begirada bat antimilitarismotik

Kanboko ekitaldia eta gero, hamaika eragilek eta pertsonek iritzia eman nahi izan dute. Bistan da. Ikuspegi eta begirada ezberdinak aztertzea aberasgarria da. Hori dela eta, orain, hasierako asteetako olatuak pasatutakoan, beste bat ere plazaratzea ekarpen interesgarria izan daitekeelakoan nago. Begirada hori euskal mapa soziopolitikoren bazter batetik bota nahi nuke, independentismoarekin lerrotu zen/den antimilitarismotik, alegia.


2018-05-27 | I˝aki Antiguedad
Perspektibaz, inoiz baino gehiago

Heldu da. Heldu behar zen momentua heldu. Luzea izan da azkeneko partea, dinamika askoren mugatzaile sekundarioa. Iraganean da, urtu da erakunde zena. Zer berok urtu duen nork bere kontakizuna, intereseko eztabaidagai dudarik ez, baina urtu. Jakin beharko da kudeatzen iragan hori, eta besteak, baina ezin hori orainaldiaren ardatz jarri.

Erakundeak ez direla zertan betirako izan seinale; politikoak ere ez. Helbide izan daitezke, unean unekoak, norabidean asmatu edo ez, baina inoiz ez helburu... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude