Basamortua menditik harago?

  • Pirinioetan eta beste zenbait lurralde menditsutan ezezik, landa guneko herri handi askotan ere populazioak behera egin du azken hamar urteetan Nafarroan, lurraldearen metropolizatzea norainokoa den agerian utziz.

Gorriz beherakada izan duten eskualdeak, berdez mantendu direnak eta urdinez igo direnak. (Iturria: NUKF)
Gorriz beherakada izan duten eskualdeak, berdez mantendu direnak eta urdinez igo direnak. (Iturria: NUKF)

Zeresana ematen ari da Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak duela gutxi aurkeztu duen lurraldearen biztanleriari buruzko txostena. Orain arteko hainbat joera baieztatzeaz gain –herri txiki asko jendez husten ari dela–, ikusi gabeko beste hainbat datu kezkagarri ekarri ditu: Nafarroako landa gunean herritarrei zerbitzuak eskaintzeko garrantzitsuak diren hainbat herri historikotan ere (Lizarra, Zangotza, Tafalla...) behera egin du erroldak 2007tik hona.

Txostena Concejo aldizkarian argitaratu du federazioak eta bere presidente Pablo Azcona Lodosako alkateak (independentea) Nafarroako Parlamentuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioaren Batzordean aurkeztu zuen apirilaren 17an.

Nafarroako biztanleriak hazten jarraitu du azken hamarkadan (+37.000), nahiz eta askoz modu apalagoan –krisiaren aurretik 100.000 lagun iritsi ziren lurraldera lan egitera urte gutxian–. Arazoa metropolitze prozesua da. Azkonak azaldu zuenez, hamar urteotan Iruñerriak eta bere “gerrikoan” dauden udalerriek jarraitu dute hazkunde handia izaten –biztanleriaren %51 barnebiltzetik %54ra igaro dira– eta aldiz, Nafarroako eremu “landatarrenak” despopulatze bidean dira: “Herri oso txikiez ari gara eta desagertzeko arriskuan daude”, gaineratu zuen.

Nafarroa Erdialdeko eremu zabaletan behera egin du biztanle kopuruak eta hondoratze demografikoa eskualdeetako hiriburuetara iritsi da jadanik. Tafallak nozitu du jaitsiera handiena: 477 lagun gutxiago bizi da bertan

Bereziki Pirinioetan, Zangotzako eskualdean eta Estellerriko mendebaldean gertatzen ari da odoluste handiena ehunekotan: badira udalerriak euren biztanleen %30 galdu dutenak. Jurramendiko bazter batean dagoen Piedramillera herria da denen buru, herritarren %38k ospa egin du azken urteetan eta 60 biztanletik 37ra igaro da. Ranking horretan badira agian ezagunagoak zaizkigunak: Erronkari (-%25), Auritz (-%21), Uxue (-%21)...

Eskualdeetako hiriburu historikoen gainbehera

Eskualde menditsu horietan despopulatzearen arazoarekin aspaldi daude zailduta eta euren aldarrikapenak aurrera eramateko antolatzen ari dira; Pirinioetako belaunaldi berriak, esaterako, bizimodua ateratzeko alternatibak lantzen hasi dira (ARGIAren 2.565. zenbakian kontatu genizun).

Baina basamortua menditik harago ari da hedatzen, azken txostenari behatzen badiogu. Nafarroa Erdialdeko eremu zabaletan behera egin du biztanle kopuruak eta hondoratze demografikoa eskualdeetako hiriburuetara iritsi da jadanik. Tafallak nozitu du jaitsiera handiena: 477 lagun gutxiago bizi da bertan. Lizarra, Zangotza, Mendabia, Irunberri... Herri koskor horietan guztietan erroldak behera egin du: “Orduan eta biztanle gutxiago, zerbitzu gutxiago, bukatzen ez den soka da”, esan zuen udal eta kontzejuen federazioko presidenteak.

Fenomeno hori Erriberan ere nabaritu dute. Herritarrak gero eta gehiago Tuterako Erriberan ari dira kontzentratzen –Nafarroako bigarren hiri handienak 35.000 biztanletik gora du jadanik–, eta Falces, Valtierra, Cascante, Fitero, Cortes eta tamaina erdiko herri askok pisu demografikoa galdu du.

Zenbait kasutan arrazoia hirigintza garapen eta politiketan aurki daiteke. Barañainek, adibidez, 1.700 biztanle galdu ditu, “udalerri guztia erabat urbanizaturik, hazkunderako aukerak agortu ditu”, dio txostenak. Beste zenbaitetan saihestezina da desindustrializazioaren mamuan pentsatzea: Sakanan dozenaka lantegi garrantzitsu itxi dituzte urteotan –langabezia hirukoiztu egin zen krisiarekin– eta horren ondorio izan daiteke Altsasu, Olazti, Irurtzun eta antzeko herrietako populazio gainbehera 2007tik hona.

Orekatu vs zentralizatu

Baina egiturazko arrazoiak ere badaude, Gaindegiak Euskal Herri osorako datuak erkatu ditu Espainia eta Frantziako estatuetako iturri ofizialak kontuan edukita eta gorabehera handiak atzeman ditu baita ere Lapurdiko kostaldean, Zuberoan eta Araban, landa guneen hustearekin zerikusia dutenak.

Zenbait kasutan despopulatzearen arrazoia hirigintza garapenean aurki daiteke; beste zenbaitetan saihestezina da desindustrializazioaren mamuan pentsatzea: Sakanan dozenaka lantegi garrantzitsu itxi dituzte urteotan

Imanol Esnaola euskal behategiko koordinatzaileak Berria-n azaldua du aspaldi ezarritako lurralde egituraren ajeak direla horiek –Arabako A-1 autobidearen ardatzak, esaterako, probintzia horretako baliabideak bereganatu ditu– eta lurralde antolamendurako irizpideak ezartzeko egungo eztabaidek asko dutela hortik: orekatu edo zentralizatu.

1990etik zehaztu gabe dagoen Nafarroako tokiko administrazioaren “mapa” onartze bidean da, lege aurreproiektuari azken ukituak eman ostean. Hamaika eskualde eta hiru azpi-eskualde aurreikusten ditu eta egungo mankomunitate eta partzuergoak desagertuko lirateke gehienean, baina eskualde horiek hurbiltasun printzipio subsidiarioari eutsiko liokete zerbitzuak eskaintzeko.

Pablo Azconak legebiltzarreko agerraldian eskatu zuen herri guztietan gutxieneko azpiegiturak egotea: “Nafar guztiek oinarrizko zerbitzuak eta bizi kalitatearen gutxieneko estandarrak izateko duten eskubideaz ari gara”. Narriadura demografikoa eta hondamendi ekonomiko nahiz kulturala eteteko balioko ote du Nafarroako mapa berriak?

Elkartasuna Pirinioetan
Gorraitzen suak kiskali zuen familia baten etxea, herriko inork ez zuen abisua eman, inor ez delako bizi. (Arg: Nafarroako Gobernua)

Artzibarko Gorraitz herrian etxe batek su hartu zuen joan den otsailaren 27an. Suteak eraikina goitik behera kiskali zuen eta garrek inguruko bi auto ere harrapatu zituzten. Antza, su baxuko tximinian piztu zen sutea eta Auritzeko suhiltzaileak iristerako ezin izan zuten ezer egin.

Gertaera hori albiste hutsa litzateke, gauza batengatik ez balitz: etxe hori Goirratzen bizi den familia bakarrarena zen. Etxeko bizilaguna kanpoan zen sutea piztu zenean eta inork ezin izan zuen larrialdiaren abisurik eman, herrian ez zegoelako inor.

Pirinioetako herrietan bizi duten hustearen dramaren isla izan liteke kasu hau, baina baita halako parajeetan bizi eta lan egiten dutenen arteko elkartasun erakusle ere. Hondamendia gertatu eta berehala antolatu dira ibarreko herritarrak, Gorraitzen etxerik gabe geratutako bikotea eta haren bi seme-alabak diruz lagundu eta haientzako arropa biltzeko guneak jarri dituzte besteak beste –Artzibarko Udalak kanpaina babestu du–. Apirilaren 21ean, bestalde, kontzertu solidarioa antolatu zuten Agoitzen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Demografia
Landa biziberritzeko praktikak

'Sustraiak Erasmus' egitasmoaren bidez landa eremuan praktikak egiteko aukera eskaintzen du NUPek. Xedea da Nafarroako despopulazioari aurre egitea.


2023-02-02 | ARGIA
Zuberoako biztanleriak behera eginez jarraitzen du

2014 eta 2020 urteen artean 350 biztanle galdu ditu Zuberoak (-%2.55). Galera handienak Maule, Barkoxe, Sohüta, Garindaine, Ligi, Mitikile, Atharratze, Bildoze, Altzai eta Montori herrietan izan dira. Haatik, zenbait herritan biztanle kopurua emeki goratzen ari da.


2023-01-12 | Euskal Irratiak
Ziburuko auzapez Eneko Aldana
"600 biztanle galdu ditu Ziburuk sei urtetan etxebizitzaren prezioaren gorakadagatik"

Azken biztanle kontaketaren arabera, Lapurdiko kostaldeko herri bakarra da Ziburu beheranzko joeran dagoena. 6.800 izatetik 6.200 biztanle izatera pasa da azken sei urteotan.


2022-07-12 | ARGIA
Munduko jaiotze tasa txikitzen eta biztanleria zahartzen ari da

Hurrengo urtean India izango da munduko herrialderik populatuena, Txinaren aurretik; datorren azarorako, 8.000 milioi herritar izango ditu planetak; zortzi herrialdetan kontzentratuko da biztanleriaren hazkunderik handiena; baina oro har jaiotze tasa txikitzen eta biztanleria... [+]


Eguneraketa berriak daude