ARGIA.eus

2022ko urtarrilaren 24a

Gezurraren kedarra bizirik dago

  • Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena iaz izan zen, aurtengoa beste apirilaren 26 bat da beraz, haatik garrantzirik ez dute galdu sarraski hura gogoratzeko ekitaldiek. Gernikako herri ekimenak programazio zabala osatu du eta aurten ere lotu ditu 1937ko krimena eta gaur egungoak, gogoraraziz armagintzan dugun inplikazioa eta gerrak “hemen” hasten direla. Sinbolismoz beterik dagoen eta hotzikara sortzen duen sirenaren soinua entzungo dugu berriz ere, eta orain aste batzuk, astelehen odoltsu hartako merkatu eguna antzeztu dute herritarrek, besteak beste.Oroimena bizirik mantentzea ezinbesteko zaigu zortzi hamarkada geroago, beste batzuek zabaldutako gezurraren kedarra ere bizirik dagoelako oraindik.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza
2018ko apirilaren 29a

Bonbardaketa gertatu eta biharamunean, Francisco Franco matxinatuen jeneral faxistak bere propagandarako medioei agindu zien ukatzeko euskaldunen hiribildu gurtua eurek suntsitu zutenik, alderantziz, hortik aurrera bertsio ofiziala izango zen gorri-separatistek erre zutela Gernika, “su eta gasolinarekin”.

40 urte baino gehiago iraun duen gezurra, deliberatuki eta modu kontzientean zabaldutako egiaren kontrako kontakizun hura, gaur egun edulkoraturik ageri zaigu gertatutakoari nolabaiteko garrantzia kentzen dion historiografiaren bidez. Xabier Irujo historialariak urteak daramatza Gernikako bonbardaketa ikertzen eta berrikitan kaleratu du La Verdad Alternativa (Txertoa, 2017) liburua, faltsukeria handi horretatik eratorritako 30 gezur zerrendatuz.

Herbert Southworthek 1977an Guernica! Guernica! lan aitzindaria idatzi zuenetik beste 40 urte igaro badira ere –idazle estatubatuarrak hiriaren deuseztapenari buruzko mito frankistak hankaz gora jarri zituen–, Irujok beharra ikusi du ildo beretik jarraitzeko, bonbardaketaren ukazioaren aurrean: “Gezurra ez da berez existitzen –dio hitzaurrean– ez bada egia deformatuz, eta horregatik beragatik, ez balitz existituko ‘egiazkoa eta egiaztagarria den gertakizuna’ deitzen diogun hori, ez litzateke iruzurrik eta fikziorik existituko. Ikuspegi horretatik, gezurra egiaren ispilua baino ez da. Baina ispilu aberrantea”.

Denboran barrena hondoraino sartu diren zenbait baieztapen desmuntatzen ditu liburuan egileak. Hala nola, Gernika garraio lotune garrantzitsua zela –nahiz eta frontetik atzerantz erretiratzen ari ziren gudariak ez ziren handik igaro, baizik eta Zornotzatik–; edo hiriaren kanpoaldean zegoen Errenteriako zubia zela hegazkinek birrindu nahi omen zutena, baina lainoaren eta kearen ondorioz erratu zirela… Bonbardaketa ez zen sekula helburu militar estrategiko bat izan, herritarrak izan ziren helburu eta Gernika nahita suntsitu zuten –armagintza fabrikak eta interesa zuten zatiak salbatu zituzten soilik–: “Borroka abiazioan oinarritzen da, etsaia moralki deprimituz”, idatzi zuen bere egutegian Joachim von Richthofen Condor Legioko buruak.

Hildakoen dantza mingarria

Eztabaida nagusietako bat biktimen eta hildako lagunen kopuruaren inguruan eman izan da, azken batean bonba horiek pertsonengan eragindako mina baita garrantzia gehien duena. Bonbardaketa gertatu eta hiru egunetara Gernika faxisten esku geratu zen eta hortik denbora batera Estanislao Herran ingeniaria presidente zuen batzorde batek aparatu frankistaren komenientziara egindako Herran txostena zabaldu zuen –geroztik sarraskiaren ukatzaileek makina bat aldiz erabiliko zuten iturri hori–; horren arabera, egun hartan Gernikan apenas hil ziren ehun lagun.

40 urte baino gehiago iraun duen gezurra, deliberatuki eta modu kontzientean zabaldutako egiaren kontrako kontakizun hura, gaur egun edulkoraturik ageri zaigu gertatutakoari nolabaiteko garrantzia kentzen dion historiografiaren bidez.

Aitzitik, Irujoren esanetan baliteke hildakoak 2.000ra hurbiltzea; lekukoen eta nazioarteko kazetarien testigantzetan oinarritzen da batez ere. “Familia osoak desagertu ziren –idatzi zuen gerora George Steel korrespontsal ezagunak– gorpuak kolpatuta eta ubelduta agertzen ziren”. Euskadiko Gobernuak 1.646 hildako erregistratu zituen, baina biktimen gorputzak eraikinen artean eta eraitsitako babeslekuetan lurperatuta geratu ziren denbora luzez, eta suntsitutako etxeetako hondakinak 1941 urtera arte guztiz kendu ez zituztenez –aurkitzen zituzten giza aztarnak miramendu askorik gabe ezkutatzen zituztela–, Irujok azken zifra hori ondorioztatu du. Beste ikerlari batzuek 300 inguru izan zitezkeela diote.

Baina biktima horiekin justizia egiteko, behar beharrezkoa da ahalik eta kopuru zehatzena jakitea, ez soilik Gernikaren kasuan, baita atzegoardiako frankisten errepresioaz ere. Nafarroan adibidez, ahozko historia funtsezkoa izan zen fusilatuei zenbakiak jartzeko. Emilio Majuelo historia irakaslea duela gutxi Nafarroako Parlamentuan izan da lurralde horretan “isilarazitako” zapalduez hitz egiteko, eta zera esan dio El Diario.es egunkariari: “80ko hamarkada hasieran bai egon zen borroka bat prentsan, hildakoen kopuruaz. Orain zenbakien kontu hori –ez interpretazioarena, baina bai zenbakiena– amaituta dago. Interpretazioak libre dira, baina zenbakiak ez”.

Horregatik da hain mingotsa Gernikako bonbardaketaz oraindik dagoen dantza hori. Izan ere, 1937ko egun hartan gertatua ikertzeko eman nahi diren urratsei zenbaitek jartzen dizkien oztopoek, Francok agindutako gezurraren erre usaina dute. Nazioarteko kongresu bat eta ikerketa batzorde bat babesteko mozioa atzera bota du PPk Espainiako Senatuan apirilaren 9an, “partziala” litzatekeela esanez; EAJko bozeramaile Jokin Bildarratzek ez du bere samina ezkutatu, eta gogorarazi du oraindik ez dakigula zenbat jende hil zen: “Horrek bakarrik erabat justifikatzen du kongresua ospatzea”.

Hegazkin alemaniar eta italiarrek, lehenik etxebizitzak barrutik zartatu eta eraisten zituzten bonba handiak jaurti zituzten, eta ondoren lehergailu su-eragileak, behin eta berriz. Amaitzeko, inguruko bideetan ihesean zihozen herritarrak eraso zituzten metrailetekin. Gernikako 318 eraikinetatik 271 “erabat suntsituta” geratu ziren, hiribilduaren %85 Xabier Irujoren arabera; bonbardaketa herritarrak “harrapatzeko” diseinatu zela dio. Galiziako Erreinuko Artxiboan gordetako irudi honetan –abiazio frankistak ondoren airetik ateratakoa–, agerian geratzen da txikizioa norainokoa izan zen. (Arg.: 'La Verdad Alternativa' / Arquivo do reino de galicia)

Krimena gutxietsi edo zuritzeko joera etengabea da, berdin arte “aditu” batek esaten duenean Picassok Guernica margotu zuenean bost axola zitzaiola Bizkaiko hiribilduan gertatutakoa eta bere autobiografia bat besterik ez dela, edo Ciudadanosek nahasten dituenean duela 81 urteko sarraskia eta ETAren atentatuak artelana Madrildik Euskal Herrira eramatea eragozteko, Espainiako Kongresuko azken bozketan egin zuen moduan.

Gerrari komeni zaion egiaz idatzi du Gorka Bereziartuak astekari honen aurreko zenbakian, Siriakoarekin ikasi dugu: “Gezurrak aspaldi utzi zion problema izateari, erabaki politikoak ez baitira hartzen gertatu den horretan oinarrituta, gertatzea komeni denaren gainean baizik”. Nola egingo diegu aurre gaurko misil eder eta azkarrei, oraindik ez badiegu orduko bonbei neurririk hartu?

Kanal hauetan artxibatua: Gernika 1937  |  Oroimen historikoa  |  Gernika

Gernika 1937 kanaletik interesatuko zaizu...
Gernika Batzordearen 45. urteurrena dela-eta, aurrerapen bideoa aurkeztu dute

Gernika bonbardatu zuten egun berean, apirilaren 26an egin zuen bere lehen adierazpen publikoa Gernika Batzordeak duela 45 urte. 1937ko sarraskiaren oroimena mantentzeko tresna garrantzitsu bilakatu da ordutik. Bideoa egiten ari dira eta aurrerapen bat aurkeztu dute urteurrena... [+]


1936ko Gerrako argazki ezezagunak
Koch, kearen atzeko itzala

Sigfrido Koch Bengoechearen senideek Donostiako San Telmo Museoari emandako argazki bildumetan, orain arte sekula argirik ikusi gabeko argazkiak daude. 1936ko Gerraren krudela suma liteke hildako gorputzetan, hegazkinen eta misilen orden perfektuan, eta kiskalitako eraikinen... [+]


Beste Guernica sutan

San Vicente barrutia (Argentina), 1934ko maiatzaren 18a. Mathilde Díaz Vélez lurjabeak Buenos Airesetik 40 kilometro ingurura zeuden bere lursailetan Guernica izeneko herria fundatzeko eskaera helarazi zion Buenos Aires probintziako Obra Publikoetako ministroari,... [+]


Eusebio Arizmendi gudari ohia
Frankismoak hila, herritarrek ahaztua

1952ko irailaren 7an guardia zibilek Eusebio Arizmendi Zumaeta hil zuten tiroz Markina-Xemeinen, zubi baten ondoan. Aurretik, herritarrek abisua jo zieten, oiloak lapurtzen zizkien ezezagun bat zebilelako inguruetan. Baina nor zen morroi hura? Zergatik irten zen arineketan... [+]


Joseba Elosegi, 50 urte sua piztu zuela
"Gora Euskadi Askatuta"

Gernikako bonbardaketa ezin ahazturik, Francori txanpon berarekin erantzuteko, bere burua sutan jaurti zuen Joseba Elosegik Donostian pilota partida bat ikusten ari zela, “Gora Euskadi Askatuta” oihukatuz.


Irakurrienak
ASTEKARIA
2018ko apirilaren 29a
Azken albisteak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude