"Historia lehoiaren ikuspuntutik kontatu nahi dut, ez ehiztariarenetik"

  • Marokon sortu zen Reda Zine (Casablanca, 1977) kazetaria. Jaioterriko L’Boulevard musika jaialdiaren sortzaileetakoa da. Bolonian (Italia) bizi da, eta 2015ean The Long Road to the Hall of Fame aurkeztu zuen, Tony Kingen bizitza ardatz hartuta. Futbolari, aktore, ekintzaile politiko eta Public Enemy taldearen segurtasun arduradun izandakoaren bizitzaren bidez, AEBetako afroamerikarren azken hamarkadotako berri ematen du. Otsailean gurean izan zen filma aurkezten.

"Iritzi publikoa eta hedabideak ez zeuden musika tradizionala edo pop musikaz haragoko adierazpenetara irekita, muturrekotzat hartzen ziren bultzatu nahi genituen heavy metal eta hip-hop estiloak" Argazkia: Iñigo Azkona

Casablancako eszena alternatiboan hasi zinen.
Antzoki okupatu batean hasi ginen, eragile talde txikia ginen, musikari, kazetari, teknikariak… Elkarte moduan hasi ginen antolatzen, areto txikiak alokatuta, eta ohartu ginen gu bezala beste jende asko ere gauzak egiteko gogotsu zegoela… L’Boulevard festibala bilakatu zen denborarekin.

Ez zen erraza izango 90eko Marokon?
Iritzi publikoa eta hedabideak ez zeuden musika tradizionala edo pop musikaz haragoko adierazpenetara irekita, muturrekotzat hartzen ziren bultzatu nahi genituen heavy metal eta hip-hop estiloak. Egin kontu, 1997 inguruan ez zegoen internet egun bezain garatuta, telebistan aukerarik ez eta VHS zintak elkarbanatzen genituen. Barne Ministerioa oso gogor ari zen orduan, ostrazismo handia zegoen, izua eta zentsura nonahi.

Errepresioa etorri zen orduan.
Arrakasta itzela lortzen hasi ginen, baina Gobernutik, islamistengandik eta eskuinetik oro har, gero eta eraso handiagoak zetozen. Trantsizio garaia zen, Hassan II.aren heriotzaren ostean, baina Kultura Ministerioak ez zuen guk egindakoa kulturatzat hartzen. “Mendebaldearen degenerazioa zarete, inperialismoarena”, esaten ziguten. Gero atxiloketak etorri ziren: 2003ko otsailean, kontzertu baten ostean, hamalau lagun euren etxeetan atxilotu eta kartzelaratu zituzten. “Satanismoa” leporatu zieten. Prozesu kafkiarra izan zen, galdera inozoak egiten zizkieten, etxean kamiseta beltzak eta kandelak zituztela frogatzat aurkeztu...

Zein izan zen gizartearen erantzuna?
Irakeko inbasioaren garaia zen eta, Marokon, amerikar inbaditzaileekin lotzen gintuzten gu. Babes kanpaina antolatu genuen atxilotuekin, baina Marokoko hedabideak eta iritzi publikoa kontra genituen, eta barnealdean oso jende gutxik eman zigun laguntza. Aipagarriena izan zen berunezko urteak bizi izandako ezker muturreko sindikalista zahar batzuek emandako babesa. Horietan nabarmendu zen hil berri den Amale Samie kazetari eta anarkista. Apolitikoak ginen baina beraiek abokatuak bilatu eta lokalak utzi zizkiguten babesa antolatzeko.

Eta kanpoan?
Ni ordurako Marokotik at nintzen, zorionez, eta kanpotik lagundu ahal izan nuen, Internet bidez, lagunen aldeko kanpaina egiten, baina Maroko eta Frantziako erregimenak elkar hartuta egon dira beti eta erabateko isiltasuna zegoen Frantziako hedabideetan, 40 egunez ez zuten aipamenik egin. Egun batean, Le Mondek azalean atera zuen gaia, ondoren Liberation etorri zen eta... biharamunean lagunak askatu zituzten. Bestalde, handik aste gutxira, beste hamalau gaztek, ez rockeroak, Al Qaedak burmuina garbitutakoak baizik, eraso suizidak egin zituzten Casablancan. Horrek erabateko aldaketa eragin zuen Gobernuaren jarreran, eta handik aurrera L’Boulevard festibalari laguntza ematen hasi ziren.

Parisen geratu eta zinegintzara jo zenuen orduan.
Sorbonan identitateen eraikuntzan telebistak duen eragina ikertu nuen. Ikasketak bukatu eta kazetari aritu nintzen, irrati bitan eta Amale Samiek sortutako aldizkari batean Frantziako berri emaile hasi nintzen, baina bi urtetako presioek eta zentsurak itxiarazi zuten aldizkaria. Marokora bueltatzeko asmoa nuen baina ikaskide Italiar batekin ezkondu eta Bolognara jo nuen. Bertan irrati batean etorkinekin hasi nintzen lanean, eta Bolognako Cinetecarekin lan egiten. Marokoko musika eszenaren inguruko dokumentala egin nuen eta, ondoren, Cinetecaren laguntzaz, Bologna, Bukarest, Sevilla eta Riga hirietan integratutako etorkinen istorioak jaso zituen This is mys story. Or Ours? egin nuen. Hor lortutako diru apurrak The Long Road to the Hall of Fame, nire kasa egiteko gastatu nituen gero.

Reda Zine (ezkerrean), Tony King (Malik Farrakhan) eta Public Enemyko abeslari Chuck D 2015eko Pan African Film Festival-en. 

Txiripaz egin zenuen topo Tony King-ekin?
Bai, Obamak AEBetako agintea hartu zuen garaian, Public Enemy taldeko Chuck D abeslariari elkarrizketa egin nahi nion Obamaren garaipenaz, L’Boulevard-en aldizkarirako. Berarengandik pasatu behar izan nuen, Public Enemy taldearen segurtasun arduraduna zelako. Berak kontatu zidan NFLn jokalari ibili zela, blacksploitation mugimenduaren garaian aktore, Nation of Islam-en, Malik Farrakhan izena hartuta... Ez nion sinesgarritasun handirik eman, baina gero Googlen hasi nintzen bila eta... Ene! bera zen! Berari buruzko filma egiteko proposamena egin nion eta gustura onartu zuen.

Zure kabuz eta baimenik gabe egin duzu dokumentala.
Baimen berezia eskatu behar da AEBetan filmatzeko, baina nik ez nuen eskatu. Chuck Dk eta lagunek ikusi zuten egile xumea nintzela eta Tonyren gaineko filma egiteko ate guztiak ireki zizkidaten. Euren eskutik ghettoan sartu ahal izan nintzen, izan ere, Los Angelesen, Hollywood-ez beste, baduzu Watts auzoa. Tony bizi den ingurua da eta, zuria bazara, ezin zara handik zure kasa ibili.

Islamaren nazio beltza

“Ghetto-a munduaren periferia da, eta Tony King-Malik Farrakhan ibili zen Nation of Islamen metaforikoa da islama;  mezan bezala aritzen dira kantuan, Korana eta Biblia aipatzen dute... hurbilketa sinkretikoa da. Ulergarria da: zuriek erlijioa ezarri zieten, baina ezin da zentsuratu barne ahotsa, kantak, aldarte hori. Begiratu beltzen elizak eta konturatuko zara. Arrazakeria arazo handia dago AEBetan, deshumanizazio historia luzea dute, baina ez daude prest erreparaziorako. Gil Scott-Heron-ek esan bezala: nork ordainduko du erreparazioa nire arimarentzat? Bada, hasteko, historia lehoiaren ikuspuntutik kontatu behar da, ez ehiztariarenetik”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
Laburbira hasiko da ostiralean: euskarazko zortzi film labur, 35 herritan

Apirilaren 12an egingo dute XXI. edizioaren estreinako emanaldia, Bergaran. Maiatzaren 12ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren ekimenak. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.


Ecozine jaialdiak ingurumenaren inguruko filmak ekarriko ditu datorren astean Iruñeko Golem zinemetara

Apirilaren 8tik 11ra bitartean laburmetrai eta dokumental sorta emanen da, tartean Oskar Alegriaren 'Zinzindurrunkarratz' eta Goya sariaren irabazle 'To bird or not to bird'.


Palestinari, osasun mentalari eta transexualitateari buruzko filmak ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldian, besteak beste

Hilaren 12tik 19ra egingo dute 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta askotariko filmak proiektatuko dituzte: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta... [+]


2024-04-05 | Euskal Irratiak
Iparraldean ere, euskararen aukera ahalbidetu du Netflixek

Martxotik Frantziako Netflix plataforman euskarazko audio eta azpitituluetako filmak ikusgai dira.


2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


Eguneraketa berriak daude