Pentsio duina: denon lanak, denon eskubidea

  • Euskal Herriko pentsionistak kalera irten dira pentsio duinak aldarrikatzera. Bosgarren urtez jarraian, Hego Euskal Herriko erretirodun eta alargunek %0,25eko igoera jasoko dute beren ordainsarietan. Gutxieneko pentsioa 1.080 euroan jartzearen beharra azpimarratu dute, pentsiodun askok –nagusiki 65 urtetik gorako emakumeek– bizi duten pobrezia egoera salatuz.

Igor Agirre @igoragirre
2018ko apirilaren 01a
Martxoaren 17an dozenaka milaka lagun irten ziren kalera, horietako asko euren lana kotizatzeko zailtasun gehiago izan duten emakumeak zein gazte prekarioak, pentsio sistema duin baten alde. Irudian, Donostiako manifestazioaren hasiera; pentsiodunek mobil
Martxoaren 17an dozenaka milaka lagun irten ziren kalera, horietako asko euren lana kotizatzeko zailtasun gehiago izan duten emakumeak zein gazte prekarioak, pentsio sistema duin baten alde. Irudian, Donostiako manifestazioaren hasiera; pentsiodunek mobilizazioekin segiko dutela iragarri dute. (Argazkia: Dani Blanco)

2018. urtean pentsioek izango duten igoera iragarri du Espainiako Gobernuak urtea hastearekin batera. Zehazki, erretirodunen eta alargunen ordainsariek %0,25eko igoera izatea aurreikusi du Madrilgo Gobernuak eta honek sekulako arrakala sortu du gizarteko sektore geroz eta zabalago honetan. Hala ere, haserrea eta ezinegona ez da soilik pentsionistengan piztu; gobernuaren neurriek ordainsariaren igoera eskasaz aparteko arazoak ere azaleratu dituzte eta pentsio sistema bera auzitan jartzen ari dira gizarteko eragile ugari.

Abenduko datuei erreparatuz gero, 636.000 lagunek jasotzen dute pentsioa Hego Euskal Herrian. Horietatik ia %70ak kotizatutakoaren araberako ordainsaria jasotzen du; 165.000 pertsonek alargun egoteagatik dute pentsioa; eta beste 54.000k elbarritasunagatik. Denera, Hego Euskal Herriko biztanleriaren ia laurdena da pentsioduna.

Mariano Rajoyren gobernuak iragarritako pentsioen igoera legeak ezartzen duen gutxienekoa da, 0,25 puntukoa, eta bosgarren urtez jarraian ezarriko dute. Beraz, Hegoaldeko batez besteko pentsioa 1.134 eurokoa dela kontuan izanik, 2,83 euroko igoera izango du 2018an. KPIa (Kontsumoko Prezioen Indizea) %1,2ren bueltan dagoenez, pentsiodunek erosahalmena galduko dute 2018an, beste behin. Ipar Euskal Herrian ere erosahalmena galdu dutela salatzen ari dira pentsionistak. Gizarte Zerga Orokorra –CSG delakoa– ere igo diete eta Emmanuel Macronen gobernuak pentsio sistemari egin nahi dizkion erreformen aurrean, herritarrak kalera atera dira. 2014. urtetik daude izoztuta pentsioak Frantziako Estatuan.

Espainiako Estatuko egoeraren gordintasunak baina, erretirodunen eta pentsiodunen eskubideen aldeko elkarteak batera mobilizatzea lortu du. Hiriburuetan manifestazio oso jendetsuak egin dituzte, eta orain arte itzaleko lan ikusezinak egin dituzten emakumeen egoera ere aldarrikapenen erdigunera eraman dute, eurak baitira okerren daudenak.

Demokraziaren Aldeko Bizkaiko Erretiratuen eta Pentsiodunen Elkarteko (AJPD) Jose Luis Ruizek jendearen artean ezinegona nabari zela dio baina ez zuen imajinatu ere egiten kalean bistaratu den mugimendua: “Nire ustez pentsiodunak beldurtuta egon dira. Krisiarekin jendeak lana galtzen zuela ikusten zuten eta askok seme-alabei lagundu behar izan die ekonomikoki. Ez genuke ahaztu behar orain 70 urte ditugunok kalera askotan irten behar izan genuela gaztetan”. Horri eusten dio Duintasuna elkarteko Iñaki Elduaienek ere: “Gure belaunaldiak molde eta modu desberdinetan borrokatu du; duela 40 urte kalean ginenak gara”.

Gutxieneko ordainsaria, 65 urtetik gorako emakumeek

Europako Gutun Sozialak gomendatzen duenari jarraiki, gutxieneko pentsioa 1.080 euroan finkatzeko aldarrikatzen ari dira pentsiodunak. Zifra horretan oinarrituz, Euskal Herriko pentsiodunen plataformak herri-ekimen legegilea aurkeztu zuen Gasteizko legebiltzarrean 2016an. Ekimenak pentsio baxuenak bestelako laguntzekin osatzea eskatzen zuen, 1.080 eurora iritsi arte, baina EAJ, PSE eta PPren aurkako bozekin proposamenak ez zuen aurrera egin.

(Argazkia: Dani Blanco)

AJPD elkartekoen arabera zifra horrek aldarrikapen forma hartu duen arren, beharrezkoa ikusten dute justua izango den erreferentzia bat izatea. Gipuzkoako Erretirodun eta Pentsionisten elkarteko Joxe Agustin Arrieta duintasunaz mintzo da gutxieneko pentsioa aipatzean: “Nik ez dakit kopuruak zein izan behar duen, baina pentsio minimoak hazi egin behar du; duina izan behar du jasotzen dugun horrek”. Duintasuna Elkarteko Maria Luisa Lizartzak argi du mila euro baino gutxiagoko pentsioek ez dutela bermatzen bizi-kalitate egokia pentsiodunen artean: “1.000 eurotik beherako pentsioa pobrezia da, ezinbestekoa da minimo duin bat jartzea”.

Gaur egun, EAEn milaka pentsionistek Diru Sarrera Bermatzeko Errenta jasotzen dute beren pentsioa duintze aldera. Izan ere, Espainiako Gizarte Segurantza Ministerioaren datuek diotenez, erkidegoko pentsiodunen %25ak gutxieneko pentsioa (637,7 euro) jaso du 2017an, %28ak Nafarroan. Beren pentsioa osatzeko, DSBEa baliatu behar izaten dute askok eta horren adibide da errenta hori jasotzen dutenen multzo handiena 65 urtetik gorakoena dela: adineko 10.000 lagunek erabiltzen dute.

Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) jasotzen duten 65 urtetik gorakoen artean emakumeak dira gehienak: hamarretik zortzi. Hemen ere, emakumeak dira desabantaila handiena dutenak. EAEn gutxieneko pentsioa jasotzen duten emakumeen kopurua gizonezkoen hirukoitza da, eta 2017an UGT sindikatuak eginiko ikerketa batek azaleratu zuenez Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako emakumeen eta gizonezkoen pentsioen arteko batez besteko aldea ia %45koa da: gizonezkoek batez beste 1.518,85 euroko pentsioa eskuratu zuten bitartean, emakumeek 837,84 euro jaso zituzten. Ordainsari horiek, jakina, ez dute kontuan izaten ezkutuko ekonomian, etxean eta zaintzan egindako lana, eta emakume askok iraganean kotizatzeko garaian izan dituzten traba eta zailtasunen erakusgarri dira.

Emakume eta gizonezkoen arteko arrakalari buruz hitz egitean, Arabako Pentsionistak Lanean taldeko Armando Aulestiartek alargunek duten egoera larria dakar gogora: “DSBEa jasotzen duten 20.000 pentsiodunen artean gehienak emakume alargunak dira, beraiek jasotzen dituzte pentsio baxuenak”. Nekane Berriotxoa Duintasunako partaidea da eta kezkatuta dago emakume alargunen egoerarekin: “Alargunen egoera oso txarra da. Bikotekidearen pentsioaren %52 besterik ez zaio geratzen alargunari eta erabat etxean lan egin duenak oso pentsio baxua jasotzen du. Pobrezian geratzen dira alargun asko eta asko”.

Nekane Berriotxoa (Duintasuna):
“Alargunen egoera oso txarra da. Bikotekidearen pentsioaren %52 besterik ez zaio geratzen alargunari eta erabat etxean lan egin duenak oso pentsio baxua jasotzen du. Pobrezian geratzen dira asko eta asko”

Pentsioen gatazkak badu politikotik

AJPD elkartearen ustetan, momentu honetan pentsio sistemak duen erronka handiena justua eta iraunkorra izatea da. Elkarteko Jose Luis Ruizek dio pentsioen arazoa zentzu politikoan aztertu behar dela, ez ekonomikoan: “Diotenez arazoa pentsioen funtsak jasotzen duena baino gehiago ordaintzen duela da; hori ez da arazoa, egoerari atzekoz aurrera begiratzea baizik. Lehenik eta behin, adineko pertsonek bizitza duina izateko zer behar duten finkatu beharko genuke eta ondoren, hori nola finantzatu erabaki beharko litzateke”.

Arazoa termino politikoetan kokatzen du Miren Etxezarreta ekonomia adituak ere. 1995era arte, pentsioen kutxa Espainiako Estatuko aurrekontuaren barruan zegoen eta hori aldatzea ere erabaki politikoa izan zen bere ustez: “Hainbat urtetan zehar irabaziak izan ziren pentsioen kutxan eta beste hainbat arlo finantzatzera ere bideratu zen horko dirua. Orain, kutxak defizita duenean, berriro ere pentsioen poltsa estatuko aurrekontuekin lotzea besterik ez da egin behar; azkenean, gastu sozial bat da pentsioena”. Izan ere, inbertsio sozial guztiak zergen bidez finantzatzen dira Espainiako Estatuan, pentsioen kasuan izan ezik.

Horren aurrean, PSOEk bi zerga berri sortzeko proposamena luzatu du urtarrilean. Sozialistek bankuei eta finantza transakzioei eragingo lioketen bi zerga sortzeko ideia proposatu dute pentsioak finantzatzeko asmoz. Miren Etxezarretaren aburuz pentsio sistemak ez du zerga berri baten beharrik, nahikoa izango litzateke dirua beste era batera banatzea: “Langile aktiboen ekarpenarekin bakarrik finantzatzen dira pentsioak. Horrek esan nahi du Estatuko gainerako aberastasunek, kapitalaren irabaziek bereziki, ez dutela ezer laguntzen adinekoen mantenuan. Pentsioak ordaintzeko falta dena zergetatik jasotzen denarekin ez berdintzea erabaki politikoa da”. Aintzat hartzekoa ere bada Espainiako Estatuan 3.751 eurokoa dela kotizatu daitekeen gehieneko soldata; hori baino gehiago irabazten duenak zifra horretaraino bakarrik kotizatzen du gaur egungo sisteman.

1.080 euroko gutxieneko ordainsaria Europako Gutun Sozialak gomendatzen duenari jarraituz kalkulatu dute pentsionistek. EAEn 71.724 sinadura lortu dituzte berme langa hori jartzeko eta Nafarroan 7.306; bateko zein besteko parlamentuetan herri ekimen legegileak aurkeztu dituzte, baina atzera bota dituzte. (Argazkia: Dani Blanco)

Eta pentsioak Euskal Herrian kudeatuko bagenitu?

Euskal Herritik pentsio sistema propioaren aldeko aldarrikapenak geroz eta oihartzun handiagoa du pentsiodunen artean. “Hau baldin bada gobernu zentralaren lan egiteko modua, Nafarroak bere pentsioak kudeatu nahi ditu”, esan du Uxue Barkos foru erkidegoko presidenteak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ere eztabaida piztu da. 1979ko Gernikako Estatutuak biltzen du Gizarte Segurantzaren eskumena baina ia 40 urteren ondoren, Eusko Jaurlaritzari transferitu gabe dago ahalmen hori. Lakuak behin eta berriz adierazi du EAEko estatutua osorik betetzeak duen garrantzia eta Gizarte Segurantzaren transferentziarena lehentasunen artean dute. Alta, Jaurlaritzaren asmoa ez da pentsio sistema propioa garatzea eskumen hori lortutakoan. PSEko Maria Jesús San José Lan sailburuak pentsioen kutxa bateratua zatitzeko asmorik ez dutela adierazi izan du orain arte. Iñigo Urkulluren gobernuaren asmoa eskuduntza hori lortu eta Espainiako sistema “indartzea” da.      

Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburu Pedro Azpiazuren ustez Gernikako Estatutuak baldin badio Gizarte Segurantza Gasteizko gobernuaren konpetentzia dela, eskumen horren transferentzia bete egin behar da. Bere esanetan, Jaurlaritzak pentsioak bildu eta ordaintzeko ahalmena balu, gainerako gizarte politiketako baliabideekin koordinatzea erraztuko luke. “Gizarte Segurantza guk kudeatzeak gauzak hobeto egitea ekarriko luke”, Azpiazuren arabera.   

Jose Luis Ruiz
(Bizkaiko AJPD):
“Diotenez, arazoa da pentsioen funtsak jasotzen duena baino gehiago ordaintzen duela; hori ez da arazoa, egoerari atzekoz aurrera begiratzea baizik. Lehenik eta behin, adinekoek bizitza duina izateko zer behar duten finkatu beharko genuke”

Ildo beretik dihardu Gipuzkoako Pentsionisten elkarteko Joxe Agustin Arrietak. Gizarte Segurantza Eusko Jaurlaritzak kudeatzearen garrantzian egiten du azpimarra eta orain arte EAEko gobernuak izan dituen hainbat eskuduntzaren kudeaketarekin konparatzen du: “Azken 35 urte hauetan, Jaurlaritzak izan dituen eskumenak ondo kudeatu ditu nire ustez eta horrek onurak ekarri dizkio gure gizarteko ongizateari. Madrilek beharrean, gure zergen bidez jasotako dirua guk kudeatzea garrantzitsua da”.

Oraindik harago, ez dira gutxi pentsioen erabateko kontrola edukitzearen alde dauden eragile politiko eta sozialak. Duintasuna elkarteak, esaterako, euskal pentsio sistema propioa sortzea aldarrikatzen du. Hego Euskal Herriko pentsio sistema kudeatzerakoan, Espainiako Estatuarekin parez pareko harremana izatea jotzen du helburutzat Iñaki Elduaienek: “Gernikako Estatutuak ez du bermatzen pentsio funts propioa izateko aukera. Interesgarria izan daiteke estatutuari aitortzen zaion eskuduntza lortzea, baina Eusko Jaurlaritzaren azken helburua izan beharko luke erabateko eskumena izatea”.

Izan ere, askorentzat kotizazioen eta pentsioen kaxaren kontrolak Estatuaren menpe jarraituz gero, Gizarte Segurantza “leihatila hutsa” baizik ez litzateke izango –ELA sindikatuaren hitzak erabiliz–. Ekonomisten Euskal Kolegioak 2017an egindako inkesta baten arabera, euskal ekonomialari gehienek uste dute pentsio sistema propioa egitea “bideragarria” dela. Aitzitik, sindikatuek soldata arrakalaren amaierarekin eta kalitatezko enpleguarekin lotu dute pentsio duinak eskainiko lituzkeen balizko sistema hori; eta halakorik ez den bitartean, behinik behin gutxieneko pentsioak konpentsatzeko funts bat sortzea proposatu dio Eusko Jaurlaritzari LABek.

AJPDk, aldiz, ez du EAEn Espainiako Estatutik independente izango den Gizarte Segurantzaren alde egiten; hala ere, estatutuak ahalbidetzen duen kudeaketa ekonomikoa transferitu behar dela uste dute. Jose Luis Ruizen arabera, “jende gehiagoren ekarpena” jasotzen duten sistemen alde daude: “Orduan eta jende gehiagok parte hartu, sendoagoak dira gisa honetako banaketa sistemak. Nahiko genuke Europa mailako sistema bat egotea, horrek gorabehera demografikoei aurre hobe egiteko aukera ekarriko bailuke”.

(Argazkia: Dani Blanco)

Sistemaren izaera ere auzitan

Madrilgo gobernuaren diskurtsoak arlo ekonomikoan kokatzen du pentsioen gatazka. Mariano Rajoyk Espainiako Estatuan pentsio publikoak bermatuta daudela baieztatzen duen bitartean, pentsio plan pribatuak sustatzearen aldeko jarrera azaldu du egoera aztertzerakoan.

Duintasuna elkarteko Maria Luisa Lizartzak ez du bideragarri ikusten pentsio plan pribatuen aldeko apustua, langileek dituzten soldatek horretarako aukerarik ematen ez dutela argudiatzen du: “Justu-justu bizitzeko adinako soldata dutenek nola bideratuko dute beren hileroko soldataren zati bat pentsio plan batera? Hori bankuek nahi dutena da, beren negozioa da”. AJPDko Jose Luis Ruizek pentsio pribatuek izan beharreko izaeraren inguruan egiten du gogoeta: “Jendeak jaso beharrekoak publikoa izan beharko luke, duina. Gobernuak nahi duenaren kontra, pentsio pribatuek ia-ia produktu marjinala izan beharko lukete gure artean”.

Estatuak dituen bestelako kostuetatik pentsioak bereiztearen arrazoia finantza entitateek plan pribatuetan dituzten interesak dira Miren Etxezarreta ekonomialariaren ustez. Espainiako Estatuan urtean 110.000 milioi euro inguru ordaintzen dira pentsioetan eta finantza entitateek diru hori erabili nahi dutela susmatzen du ekonomialariak. Hala ere, pentsioak pribatizatzearen aldeko korronte hau Espainiaz gaindiko estrategia batean kokatzen du: “Finantza krisia iritsi baino lehenago, 1994tik, pentsio publikoek apalagoak izan eta ahal duenak plan pribatuak  egin behar dituela dioten dokumentuak osatzen ari da Munduko Bankua”.

Orain arteko eredua eraldatuko duen pentsio sistema aldarrikatzeko kaleak betetzen jarraituko dutela agindu dute pentsiodunen plataformek. Argi dute zein den aurrean duten borrokaren helburua: publikoa, duina eta justua izango den pentsio sistema berria.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Pentsioak  |  Prekarietatea  |  Generoa  |  Zerbitzu publikoak

Pentsioak kanaletik interesatuko zaizu...
2018-12-13 | ARGIA
Aurrekontu proiektua erretiratu du Jaurlaritzak

Ez ohiko gobernu kontseilua egin du Eusko Jaurlaritzak ostegun goizean eta EAErako aurrekontu proiektua erretiratzea erabaki du. Eusko Legebiltzarrari jadanik jakinarazi diote aurtengo aurrekontuen luzapena izango dela.


2018-12-12 | I˝igo Igartua
Pentsio publiko "duinak" bermatzea aldarrikatuko dute larunbatean

Eusko Jaurlaritzaren proposamena “nahikoa ez” dela azpimarratu dute pentsiodunek. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan antolatu dituzten manifestazioetara joateko deia luzatu dute.


2018-11-26 | ARGIA
Pentsiodunen protestak entzun dira gaur ere plazetan, astelehenero legez

Beste astelehen bat gehiago eta Hego Euskal Herriko pentsiodunen protestak entzun dira zenbait hiritako kale eta plazetan, Espainiako estatu osoko beste askotan bezala. Urte osoan luzatu arren, erretretadunek ez dute amore ematen gutxieneko bizi baldintzak –tartean, inork ez kobratzea 1.080 euro baino gutxiago hilean– lortu arte.


Nafarroako pentsiodunen erdiek 800 euro baino gutxiago jasotzen dute

64.209 pentsiodunek 800 euro baino gutxiago jasotzen dituzte. Soldatetan arrakala ere nabarmena da emakume eta gizonen artean: emakume pentsiodunek %40 gutxiago jasotzen dute. Comisiones Obreras sindikatuak egindako txostenaren datuak dira.


2018-10-15 | ARGIA
Bederatzi hilabeteren buruan, erretretadunek mobilizatzen segitzen dute astelehenero

Hego Euskal Herrian eta Espainiako estatuan milaka pentsiodun mobilizatu dira beste astelehen bat gehiagoz bizi baldintza eta pentsio duinak aldarrikatzen. Gaurko mobilizazioekin bederatzi hilabete osatu dituzte, astelehenik huts egin barik.


2018-10-11 | Juan Mari Arregi
Aurrekontu sozialak lehenetsi

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Lakuako gobernuari EAEko aurrekontuak onartzeko egindako proposamenek, mahai gainean jarri dute hauen garrantzia.


2018-10-07 | Juan Mari Arregi
Pentsioak blindatu

Toledoko Itunak adostu du berriz ere pentsioen igoera lotzea KPIarekin, erosteko ahalmena mantentzeko. Egunotako albiste ekonomiko nagusia izan da. Baina akordio lotesle hori ez da behin betikoa. Ez dago garbi, ezta ere, zer esan nahi den “KPI erreala” aipatzean. Espainiako Gobernuak dauka azken hitza. Hasteko, Espainiako presidenteak New Yorken esan du Toledoko Itunean adostutakoa bere egingo duela. Bistakoa da pentsiodunen mobilizazioak, eta bereziki euskal pentsiodunenak,... [+]


2018-10-03 | ARGIA
Nazioarteko Diru Funtsa pentsioei buruzko eztabaidan sartu da

Astearte honetan, Nazioarteko Diru Funtsak Espainiako Estatuari buruz argitaratu duen urteroko diagnostikoan, adierazi du pentsioen kopurua Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) arabera igotzeko beste neurri batzuk ere hartu beharko liratekeela.


2018-10-01 | ARGIA
Beste astelehen batez kaleak hartu dituzte pentsionistek

Era bateratuan irten dira kalera astelehen honetan. Urriaren 1a Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuz deialdi berezia egin dute, indar erakustaldia eginez.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude