Emakumeak borrokan

Herri kurduaren min eta bizipozarekin sei egunez Europan barrena

  • Kurdistango Askapen Mugimenduak ibilaldia egin zuen otsailaren 8tik 17ra bitartean Europako bihotzean, salatzeko Abdullah Öcallan preso isolatuaren egoera eta Turkiak abiatu duen erasoaldia Afrinen –Siriako kantoi kurdu autonomoan–. Zenbait euskaldunok parte hartu genuen ekimenean elkartasuna adierazteko eta herri kurduaren izaera hobeto ezagutzeko aukera izan genuen.

2018ko martxoaren 18a

Euskal Herriko lau internazionalista hasieratik egon baziren ere, gu hilaren 12an heldu ginen Herri Kurduaren Askatasunaren Aldeko Ibilaldira. Gauez Frankfurten (Alemania) lurra hartu, eta berehala bi kurduk jaso gintuzten. Batek, gizon bibotedun eta erretzaile amorratuak, azaldu zigun hamasei urtez egon zela gerrillan. Gidatzen zuen modu eroagatik, sinesgarria zen erabat.

Gaueko ordu txikitan Suitzako muga eta kontrolak gainditu ostean, herritxo batean egin genuen geldialdia. Beste bi burkide kurduren etxean sartu eta Ekialde Hurbileko derrigorrezko abegikortasuna zer den probatu genuen lehenengoz. Nahiz eta bi ordu besterik ez izan atsedena hartzeko, kurduak tematu ziren eta gaueko hiruetan gosaldu genuen. 40 minutuz lo egin ostean, gure gidariek Alemaniarako bidea hartu zuten. Bi orduren buruan, helmugan geunden.

Herri kurduaren alaitasuna
Azkenean, ibilaldira batu ginen. Harritu gintuen lehenengo gauza izan zen, gerran egon arren –Afrinen sekulako sarraskiak egiten ari dira Turkiako Armada eta talde jihadistak–, kurduak dantzan eta abesten ikustea. Are gehiago, 30 segundoko etenaldia gertatzen zen bakoitzean, handik eta hemendik ikusten genituen kurduak eskutik lotuta, abesten, leloak oihukatzen edota casteller modukoak eraikitzen. Ospakizunak otsailaren 15ean baino ez ziren geratu, Abdullah Öcallan buruzagiaren atxiloketaren urteurrenean. Egun horretan ez dute dantzarik egiten eta askok barauari ekiten diote.

Efemeridea albo batera utzita, badirudi hainbat urtez zapalkuntza, bortizkeria eta gerra jasan ostean Turkian, Sirian, Iraken eta Iranen, kurduek alai egiten diotela aurre tragediari. Talde zalapartatsuena osatzen bazuten ere, kurduak ez zeuden bakarrik. PYDko –Siriako alderdi kurdu hegemonikoa– diasporako gazteekin 100 internazionalista baino gehiago geunden, baita MLKP Turkiako alderdi komunistako erresistenteak ere. Guztira, 500 lagun inguru ginen eta filosofia kurduari jarraiki, pankartaren atzean emakumezkoak jartzen ziren, gizonezkook amaieran kokatzeko.

Argazkia: Aitor Aspuru

Ibilaldia Suitzan
Bi ilarek osatutako zutabean aurrera egiten genuen; gure zarataren, paisaia lasaiaren eta Porsche eta auto garestien arteko kontrastea bistakoa zen. Kurduen autodefentsarako YPG eta emakumeen autodefentsarako YPJ taldeen ikur berdeek apurtzen zuten tokiko armonia. Entzuten ziren leloak hainbat hizkuntzatan zabaltzen ziren; kurdueraz, frantsesez, gazteleraz, norvegiarrez... Oihu guztiek Abdullah Öcallan PKK-ko sortzailearen askatasuna eskatu eta Afringo erresistentzia goraipatzen zuten turkiarren eta islamisten inbasioren kontra.

Konfederalismo demokratikoa
Internazionaliston artean arrunta zen entzutea gaztelera, gehiengoa Espainiako Estatukoa baitzen; kataluniarrak, madrildarrak, aragoiarrak, kanariarrak, euskaldunak... Baina gauero, ibilaldia bukatu eta babeslekura helduta, Babelgo dorrea pizten zen.

Kurduek konfederalismo demokratikoaren irizpideak barneratzea nahi zuten eta horretarako komunetan nahasturik banatu gintuzten. Ekialde Hurbilean bezala, denok elkarlanean aritu behar genuen, baina asiriarren, arabiarren, zirkasiarren edo iazidien ordez, Europako kultura eta jatorri askotako ekintzaileok eztabaidatzen genuen: italiarrek, suediarrek, alemaniarrek... Helburua zen komunak koordinatzea, egunoroko lan politikoak eta arruntak antolatzea eta kritika eta autokritika bideratzea. Hau da, kurduek praktikara eramaten ari diren maoismo eta sozialismo libertarioaren uztarketa bitxi hori bizitzea.

Gure etxea lehenengo egunetan Gerra Hotzeko bunkerra izan zen. Berez, Frantzia eta Alemania zeharkatzea zen hasierako asmoa, baina iazko martxan turkiarrekin izandako liskarrak aintzat hartuta eta egoera politikoa pil-pilean zegoenez, antolatzaileek herri neutralera jo zuten segurtasuna bermatzeko. Edonola ere, kurduen talde batek babes lanak egiten zituen, faxista turkiarren balizko erasoez babesteko.

Protestak
Lehenengo egunak Alpeen magalean eman ostean, otsailaren 15ean eta 16an Genevara hurbildu ginen. Han Saleh Muslim PYDko lehendakariarekin topo egin genuen. Nazio Batuen egoitzara zihoan Afrini buruzko txostena aurkeztera, turkiarrek eta jihadistek 200 zibil baino gehiago hil baitituzte bonbardaketetan. Prentsa agerraldia egin zuen gure artean, hainbat boluntariok giza-hesia osatzen zuten bitartean; Turkiak milioi bat euro eskaini du Muslim harrapatzeagatik. 18an Pragan atxilotu zuten turkiarren aginduz eta 27an Txekiako epaitegiak libre utzi zuen berriz ere.

Guk ere Genevako Nazio Batuen aurrean protesta egin genuen; salatzeko Afringo sarraskien kasuan erakundearen utzikeria eta Alemania, armak Turkiari salduz, gerraren kontura sekulako negozioa egiten ari dela.

Gero hiriko zinema batera jo genuen eta zuzeneko telebista saio batean parte hartu genuen. Dilek Öcallan mintzatu zen, HDP alderdi kurduko legebiltzarkidea Turkian eta Abdullah Öcallanen iloba. Nabarmendu zuen Turkiaren asmoa dela Afrinen mugimendu kurduaren aurrerapauso guztiak (feminismoa, ekonomia soziala, kulturartekotasuna) zapuztea eta lortutako askatasuna jihadisten bitartez ezabatzea, Kobanen bezala. Aretoa emozioz bete zen erresistentziaren alde, eta tanke turkiar zartatuen irudiak jartzen zituzten bakoitzean, algarak eztanda egiten zuen. Giroa borborka zegoen eta, bat-batean, Siriako PYDko gazte kurduek aretoa lagatzea erabaki zuten. Europarrok ez genuen ezer ulertzen, baina, gerora azaldu zigutenez, hizkuntzaren borroka nonahi dago. Izan ere, telebista programan parte hartzeari utzi zioten turkiarrez emititzen ari zelako, kurdu gehienak Turkiaren menpe bizi baitira. Egia esan, poztu gintuen ikusteak kurduen artean ere eztabaida sutsuak ematen direla hizkuntza edo molde politikoen ondorioz.

Geneva eta Estrasburgo
Otsailaren 16an berriro itzuli ginen Nazio Batuen eraikinera euren pasibotasuna aurpegiratzeko. Kasu horretan, Saleh Muslim izan genuen berriro gure artean. Ekitaldia bukatu ahala, autobusetara igo ginen Estrasburgora joateko. Han, gure lehen geltokia Kurduen Kultura Zentroa izan zen; paretak hildako militanteen argazkiz josita zeuden. Gau horretan familia kurduekin egin genuen lo. Gure kasuan, familiako bi semeak Kurdistanen zeuden egun; horietako bat Afrinera igarotzen saiatzen ari zen egun horretan Iraketik, erizain lanak betetzeko.

Manifestazioa
Larunbatean elur eta euripean hasi zen Estrasburgon mobilizazioa. Internazionalistok jende uholdearen buruan geunden, Siriako Afrin kantoi kurduaren aurka Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek agindutako eraso kriminala salatzeko, baita Abdullah Öcallanen askatasuna exijitzeko ere. Öcallan duela bi urte erabat isolatuta bizi da Imrali uharteko espetxean; senideek ere ezin dute berarekin hitz egin.

Ibilbide luzea osatu genuen eta kale guztietan Gendarmeria eta CRS poliziak pilatzen ziren, eraso jihadista baten beldur. Apurka-apurka manifestazioaren helmugara heldu ginen eta ordezkaritza guztiek hartu zuten hitza. Euskaldunok irtenbide politiko baketsua aldarrikatu genuen, baina hala gertatzen ez den bitartean, herri kurduaren erresistentzia goraipatu genuen, bereziki, emakume borrokalariena; Afrinen borrokan hil direnen Sakine Kansiz, Arin Mirkan, Barin Kobani edota Avesta Xaburren gisara.

Eguraldiak hobera egiten ez zuela ikusita, lehenago bukatu zen ekitaldiaren osteko jaialdia. Bazirudien guztiontzat etxera itzultzeko unea heldu zela, baina azken ezustea zain genuen.

Raqqako borrokalaria
Bruselako bidaian Espainiako Estatuko gazte bat elkartu zen ordezkari euskaldunokin. Berarekin hizketan ginela, jabetu ginen Siriako Raqqan ibilitakoa zela Estatu Islamikoaren aurka. Ez zen abenturazalea, ezta militarra ere, historialaria eta ezkerreko militantea baizik. Egun batzuk lehenago lagun mina galdu zuen Turkiaren aurka borrokan: Olivier François Jean Le Clainche, ‘Kendal’. Bretoi independentista zen, euskaraz zekien eta kurduekin Sirian borroka egin ostean, Afrin defendatzera joan zen eta han hil zuten otsailaren hasieran. Bidelagun izan genuen milizianoari galdetuta, berak argi zuen Siriako konponbidea kurduen eta Bashar Al Assaden arteko akordioaren eskutik etorriko zela. Hala eta guztiz ere, zalantza egiten zuen Errusiak, Iranek, Turkiak edota Ameriketako Estatu Batuek hori ahalbidetuko duten, eta erregimenak ulertu ote duen egoera ez dela itzuliko gerra aurretiko statu quora.

Afrin: kurduak inperialismoaren kolpe-zakua

Urtarrilaren 20an Turkiako armadak eta hainbat talde yihadistek Afrin Siriako kantoi kurdu autonomoa inbaditzeari ekin zioten Errusiaren baimenarekin. Geroztik 200 zibil baino gehiago hil dituzte bonbardaketetan eta ehunka borrokalari zendu dira bi aldeetan.

Bataila hasi zen Estatu Islamikoaren eta Siriako gobernuaren aurkako oposizioaren porrota bistakoa zenean. Orduan, zergatik piztu da berriro gudaren sugarra eta, gainera, kurduen aurka?

Siriako Gerra munduko potentzien eta Ekialdeko herrialdeen xake partida odoltsu bilakatu da, eta egoera horretan estaturik gabeko herriak dira oro har galtzaile, kurduak esaterako. Zentzu horretan, kurduek bere biziraupen politikoa bermatzeko hirugarren bidea abiatu zuten Sirian; Konfederalismo Demokratikoaren alde egin zuten, lerrokatu gabe Assadekin, ezta oposizioarekin ere. Horrez gain, bi potentzia handiekin akordioak lortu zituzten 2016an; Ameriketako Estatu Batuekin Eufrates ibaiaren ekialdean Estatu Islamikoa garaitzeko, eta errusiarrekin mendebaldean, Afringo kantoi isolatuan inbasio turkiarra ekiditeko.

Hortaz, zergatik okertu da dena orain? Alde batetik, kurduek bere eragin eremua asko zabaldu dute Siriako ekialdean (Mambij, Raqqa, Shadadi, Deir Ez Zour) eta, dagoeneko, borrokalari gehienak arabiarrak dira Siriako Indar Demokratikoetan (kurduek lideratzen duten aliantzan). Litekeena da AEBek lurralde hori guztia baliatu nahi izatea, ahal duten neurrian, Iran eta Errusiaren eragina murrizteko. AEBek kurduak babesteak izugarri larritu du Turkia, NATOn AEBek duten bazkide nagusia Ekialde Hurbilean. Horregatik, turkiarren lehentasuna bilakatu da kurduen aurka jotzea eta ez Bashar Al Assaden gobernuaren kontra.

Errusiaren estrategia
Turkiarren helburu aldaketa inork baino hobeto kudeatu dute errusiarrek. Hasteko, Alepoko batailan turkiarrekin adostu zuten indar yihadistak hiri garrantzitsu horretatik mugitzea Siriako iparraldera, kantoi kurduen lotura saihesteko. Kasu horretan lehenengo aldiz ireki zion Errusiak aire eremua Turkiari. Behin lotura eragotzi eta gero, errusiarrek kurduekin akordioa erdietsi zuten Afringo kantoia defendatzeko. Horrela, guztiek irekita utzi zuten aukera etorkizunean akordio horiek handitzeko. Geroztik, Errusiak harremanak sakondu ditu Turkiarekin (aire defentsarako misilak saldu dizkio eta, gainera, gas hodia erabiliko du bertan, Ukrainaren gaineko mendekotasuna leuntzeko) eta, ikusita kurduek ez ziotela Bashar Al Assadi Afringo kontrol politiko eta militarra ematen, Turkiari erraztasun osoak eman dizkio kurduen aurka jotzeko.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Kurdistan  |  Internazionalismoa

Kurdistan kanaletik interesatuko zaizu...
Kurduen gose greba masiboa iruditan
MULTIMEDIA - erreportajea

Dagoeneko 7.000 kurdu baino gehiago gose greba mugagabean daude Abdullah Öcallan beren liderraren isolamendua amaitzea eskatzeko. Azken hilabeteetan gutxienez zortzi hil dira "sakrifizio ekintza" moduan beren buruaz beste eginda. Hemen duzue iruditan kurduen ekimena.


2019-03-25 | ARGIA
Bosgarren hildakoa: Beste preso kurdu batek bere buruaz beste egin du igandean

Martxoaren 24an, igandea, bere buruaz beste egin du Oçalanen isolamendua salatzeko Medya Çınar preso politikoak, ANFn irakur daitekeenez. Mardin hiriko espetxean zeukaten eta 24 urte zituen.


Gose grebalari kurduak justizia eske

2018ko azaroaren 8an utzi zion jateari Leyla Güven legebiltzarkide kurduak. Mundua beste alde batera begira den bitartean, gose greban 100 eguneko langa kritikoa gainditua du berak, eta atzetik beste 400 kurdu baino gehiagok protestarekin bat egin dute. Eskaera bat eta bakarra dute: Abdullah Oçalan buruzagi presoaren 20 urteko isolamendua amaitzea. Hori lortu arte ez dutela jango diote.


2019-02-13 | ARGIA
JARRAIPENA | Zortzigarren hildakoa: beste preso batek ere bere buruaz beste egin du

Leyla Guvenek 2018ko azaroaren 8an hasi zen gose greban. 55 urte ditu. Erdoganen alderdiak Afrinen egin zituen operazioak salatzeagatik espetxeratu zuten "erakunde terrorista gidatu eta babestea" egotzita. 31 urteko espetxe zigorra jarri zioten. Urtebetez espetxean izan ostean, gose grebaren 79. egunean askatu egin zuten. Ehunka lagunek bat egin zuten bere protestarekin, gose greba mugagabeak abiatuz.


2019-02-08 | Leyla Güven
Munduko emakumeei gutun irekia, gose greban 100 egun betetzear den Leyla Güven kurduaren partez

Emakume agurgarriak, nahiz eta gure geografiak milaka kilometrok zatitu, pozik nago nire ahotsa heldu zaizulako. Munduko iskina oso ezberdinetan gauden arren, emakume gisa, beti aitortu izan dugu elkar. Hypatiak dioen bezala, "gutako inor ez da berdina, baina batzen gaituzten gauzak banantzen gaituztenak baino handiagoak dira". Ahizpak gara. Gehien batzen gaituzten gauzak askatasunaren aldeko borroka, era guztietako faxismoen, diktaduren eta pentsaera patriarkalaren aurkako... [+]


85. eguna gose greba mugagabean Leyla Guven kurduak, Ocalanen isolamendua amaitzeko eskatuz

Abdullah Ocalan PKK-ko buruzagi historikoaren espetxe isolamentua amai dadila eskatzeko, 85. eguna bete du gose greban Leyla Guvenek. HDP alderdiko legebiltzarkidea eta DTK alderdiko presidentea da. Mundu mailan Guvenen protestari oihartzun ematen ari dira ekintzaileak eta dozenaka lagunek gose greba abiatu dute batean eta bestean.


2019-01-08 | Topatu.eus
Hitzaldi bira bat eskainiko du udan Rojavan izandako brigadista talde batek

Irakaspenak jaso eta elkartasuna adierazteko asmoz joan ziren hainbat euskal herritar udan Kurdistango Rojava eskualdera. Bertan ikasitakoak partekatu asmoz egingo dute hitzaldi bira urtarrilean eta otsailean, sei herritan.


2019-01-07 | Hala Bedi
Rojavako Iraultzaren ekarpenak etxera ekartzeko unea

Aurreko udan Kurdistanen egondako talde batek, internazionalismoaren beharra azpimarratuz egin du publiko brigada. Hala Bedi Tabernan hitzaldia eskainiko dute urtarrilaren 30ean, baina ez da bakarra izango.


Hondamendia eragin du presa baten matxurak Kurdistanen

Diyarbakir probintziako iparraldean, Turkiaren menpe dagoen Kurdistanen, Dicle urtegiko presako ate bat hautsi zen abenduaren 13an eta urak inguru guztia hartu zuen.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude