“Tuterako baratze gune bereziena da Mejana, irla moduko lur zatia: duela hiru edo lau mende Ebro ibaiaren ibilbidea aldatu, eta sedimentazio-lur aberatsak gelditu ziren bertan”. Patxi Uriz Domezain Los últimos de la Mejana dokumentalaren produktore eta zuzendariak eman dizkigu azalpenok. Santi Cordon Tuterako baratzezain eta sukaldariarekin sortu du proiektua.
Cordonen proposamenetik abiatu zen dokumentalaren ideia. “Urtebete zen bere aita, Mejanako azken baratzezainetakoa, hil zela, eta azken ortuzain horien lana dokumentatzea gustatuko litzaiokeela esanez deitu zidan”, dio zuzendariak. Nafarroako Gobernuko diru-laguntzetara aurkeztu zuten proiektua, eta lanari ekin zioten laguntza jaso bezain pronto.
1980an Tuteran 1.500 baratzezain bazeuden, egun 25 besterik ez dira. 30 urtetan gertatu den aldaketa erabatekoa da. “Egun ez dago naturaren zikloekin batera eta artisau eran lan egingo duen belaunaldien arteko erreleborik. Agroindustriak sekulako kaltea egin die baratzezain txikiei”, dio Urizek. Dokumentalaren helburua gelditzen diren azken baratzezain horien lanari balioa ematea da, baita haien jakinduria guztia zabaltzea eta jendea egungo elikaduraren paradigmaren inguruan hausnarrera bultzatzea ere.
Tuteran ez ezik, dokumentalaren grabaketak Almerian eta Murtzian ere egingo dituzte: “Hemengo nekazari txikien laborantza moduen eta agroindustriarenaren arteko paralelismoa egitea da asmoa”, dio zuzendariak. “Hego Amerikan kinoarekin edo sojarekin gertatu den bezalaxe, hemen barazkiekin ari da gertatzen. Egun Tuterako kukuluak Murtzian ekoizten dira, eta han inork ez du kukulurik kontsumitzen…”. Egoera aldrebesaren beste adibide bat.
Japoniara bidaiatzeko aukera ari dira pentsatzen orain egileak. Masanobu Fukuokak permakulturaren inguruan utzitako ondarearen ingurukoak dokumentalean jasotzea litzateke ideia. Japoniara joan edo ez, ekainerako lana bukatuta edukitzea espero dute egileek, urri amaieran dokumentala aurkeztu ahal izateko. Bertan azalduko diren “Mejanako azkenak” benetan azkenak izan ez daitezen.