Herrigintza

Zuberoan bizi eta lan egin, herria bizi dadin

  • Zuberoako ekonomiaren gaineko argazkia duzu jarraian. Laborantza apaltzearekin batera, enplegua eta biztanleria galduz joan da urtez urte. Baina baikortasunerako arrazoiak eman dizkigute Ekonomia Ekimen Elkartuen Garapen Erakundeko (ODACE) Beñat Elkegaray presidenteak, Lakarriko Dorothée Nabarra laborariak eta Barkoxeko Herriko Etxearen langile Patrick Kanpo Queheille-k.

Mikel Asurmendi @masurmendi
2018ko otsailaren 18a
Hiriburua da Zuberoako langune handiena. Alta, SohŘtako Lizeoa gune estrategikoa da lurraldearen garapen ekonomikoan. Argazkian, enpresa bateko langile gazteak, lizeoko ikasleak eta Maule.

Zuberoak 815.5 km2 luze-zabalera dauka. Ordea, biztanleriaren kopurua mendratuz joan da azken mendeetan. 1900. urtean 25.000 jende inguru bizi zen. 2012ko erroldan 17.018. 2018an, berriz, 12.968 inguru. Azken kopurua ODACEko Beñat Elkegaray presidenteak zehaztu digu.

Zuberoko ekonomiaren oinarri nagusia laborantza izan zen antzina. Alta, XX. mendean, espartinen fabrikazioak berezko jitea eman zion lurraldeari. 1.200 langile izan ziren: “Alabaina, gaur egun espartingintzako bost enpresa dira, 80-100 langile orotara. Ontsa ari dira, bakoitzak espartin berezi bat lantzen baitu”, diosku Elkegarayk.

1987-88 urteetan krisia iritsi zen sektorera. Azken 30 urteetan industria mota berria sortuz joan da. Aeronautikarako enpresak dira nagusiki, eta metalurgian; kautxua eta plastikoa lantzen dituzten enpresak ere badaude. Kabalak transformatzen dituzten lantegiak ugaritu dira: behikia, txerrikia eta hegazti hazkuntzakoak. Axuria kooperatiba da nagusia. Ekoizle partikularrak are eta gehiago dira urtez urte.     

Laborantzak baina, beheranzko joera hartu zuen mendialdea husten hasi zenetik: “Eta zaila dugu hori geldiaraztea. Mendiko desertifikazioa eman da azken 30 urteetan. Demografia arazoa da Zuberoan. Bada lotsa edo beldur gisako bat. Beste belaunaldi batek segituko al du laborantzan?”. Horixe galdera.

Jende kopuru nagusia Maule-Lextarre hiriburuan bizi da. 3.300 inguru; 1911n 4.700 ziren. Hiriburuaz gain, Sohüta (1.100 biztanle), Barkoxe (750), Bildoze-Onizepea (700) eta Atharratze (590) herriak dira bizileku nagusiak. Kopuru horiek 2000. urtekoak dira, egungoak aise apalagoak dira hain ziur ere.   

ODACE erakundea: 160 bazkide

ODACE da tokiko ekonomiaz arduratzen den erakundea. 160 bazkide ditu, enpresariak dira. Proiektu berrien inguruan ari da, enpresen mintegien bidez: “Mintegian formakuntza berezia eskaintzen dugu enpresa andana batendako. Gure ekimena soziala da, enpresari tipiak gara, ez dago lobby-rik. Eta horretarako nahikaria behar da. Demagun, 5-10 enpresa sortzaile berri direla, bada elkarrekin aritzen gara. Lurralde osoaren sustapena dugu xede”. Baionako Merkataritza eta Industria Ganbera (CCI/MIG) ere elkarte honen partaidea da.

ODACEk 20. urteurrena ospatu zuen iaz. Enpresaburu anitz bildu zen, horietako asko kanpotik etorrita. Etorkizuneko hainbat gairi buruz  jardun zuten, automatizazioa horien artean: “Galderak jalgitzen dira, noski. Automatizazioan aritzea lan galtzea da? Xantza al da? Lan sortzea al da? Eztabaida sortu zen. Komunikazioaz ere mintzatzeko estakurua izan genuen...”.

Zuberoako ekonomia Baionako MIGi lotua izan da, baina Biarnoko Oloroe-Donamaria herria eta Paue hiriburuarekin batera ere garatu izan da. Zuberotarren etorkizuna bermatzeko egungo lurraldearen ezaugarri berriak aintzat hartu behar dira, industria eta administrazioa ongi uztartu beharra dago: “Konparazionerako, administrazioan ari diren hainbat langile zuberotarrak dira, gehienak Paue, Oloroe edota Baionan ari dira. Zuberotarren kopuru handi bat beti aritu izan da kanpoan lanean. Juxtu lo egiteko edo asteburuan itzultzen dira. Horrek ere desertifikazio gisako bat eragin du. Beraz, ekonomia sustatzeko administrazioan ari diren langileen inguruan proposamen berriak egin nahi dizkiogu administrazioari berari”.

Zuberotarrek “kanpoko zentralizazioa” pairatu dute betidanik. Elkegarayk dioenez, dinamika berriak sustatuz gero, langile zenbait Zuberoan bertan ari litezke, industriagune inguruetan nahiz landa eremuetan. Esaterako, telelangileen eremua zabaltzen ari da, gero eta jende gehiago ari da etxetik lanean. Edonola ere, hona solaskidearen zehazpena: “Aldian-aldian juntatzea beharrezko da, halere. ODACEn lema hori atxiki nahi dugu. Adibidez, Maule, Sohüta, Atharratze eta Barkoxen lau langunetan elkarrekin aritzea xede dugu. Langune hauetan taldeak ari dira, bulego bat zabaldu dugu bi urtetarako, tokiak eta tresnak partekatzen ditugu denon artean”.     

Sohütako Lizeoaren garrantzia

Landa eremuan dago Sohüta, eta bertan Zuberoako Lizeoa: “Sohütako Lizeoa estrategikoa da. Lizeoa lau langunetarako ikur gisako bat bilakatu behar da. Maleruski, orain gutxi arte guk ez dugu aski ezagutu lizeoa, eta lizeoak ez ditu aski ezagutzen Zuberoako enpresak”.

Lizeoa garrantzitsua da ekonomian eragiteko. Baxoa (Batxilergoa) egin ondoren, Goi Teknikari Titulua (BTS) erdiesten da bi urtetan: “Ni ikasle izan nintzen eta Lizeoak gauza interesgarri asko ekar dezakeela badakit. Alta, egun 17 ikasle baino ez dira arlo horretan, eta gure denboran 30 ikasle ginen. BTS tituluen kopurua apaltzen ari da”.

Sohütako Lizeoa publikoa da, Hazparneko Lizeoa pribatua, Miarritzeko ESTIA eskola (Ecole Supérieure des Technologies Industrielles Avancées) pribatua. Donapaleuko Indar eta Hazparneko Aldaturen –enpresen sostengurako zentroak– artean sare bat munta liteke: “Gure xedea Zuberoa, Baxenabarre eta Lapurdiko ikastetxeen eta enpresen artean sarea uztartzea da, berrikuntza handia litzateke”.

Harremanak indartu nahi dituzte Euskal Herriko Ipar eta Hegoaldean, bertako enpresa handiak sarean sartuz: “Elkarte bat muntatzea ontsa liteke, irakasle eta ikasleekin batera, elkarte misto bat, ez profesionala”.     

Komunikazioa inportantea da, baina lehenik ekintzak behar direla diosku Elkegarayk. Zuberoako nekazaritza ez da, esaterako, Baxenabarrekoaren heinekoa. Nekazaritzako elikagaien industria indartsuago da Nafarroa Beherean. Horregatik, tokiko industria eta laborantza elkarri begira garatu beharra ikusten dute. Aeronautikari edo metalurgiari kasu eginez, baina laborarientzako tresneria ere ekoitziz, kanpotik ekarri gabe. Hots, hemengoa hemengoentzako eginez. Alabaina, globalizazioa tarteko, konkurrentzia handia dago, kanpotik heldu den multinazionalek hartu dezakete eremua: “Baina kezka hori denean dago. Horri buru egiteko tokiko industriak, laborantzak eta zerbitzu sektoreak elkarrekin ari behar dute. Kanpoko produktuak hurbil dira, eta gu ere urrunera joan gaitezke. Gakoa da produktu onak egitea. Adibidez, hemengo enpresa batek asmatu duen ahate kaiola anitz saldu da kanpoan, gehienak, gutxiago Euskal Herrian”.

Deszentralizazioa edo zentralizazioa

Euskal Herria Frantziaren zentralizazioaren menpe izan da historikoki. Zuberoa berriz, Ipar Euskal Herriaren menpe antzeman du zenbaitek. Zer da deszentralizazioa, ordea? Zer da delegazioa edo ordezkaritza? ODACEko bilkuretan galderak eta dinamika berriak sortzen ari omen dira. Ekonomia politikarekin batera garatzen da. Zuberoak  bere Herri Elkargoa ukan du eta Euskal Hirigune Elkargora pasa da orain: “Horren kontzientzia ukan behar dugu enpresan nahiz administrazioan ari garen guztiok. Guk Euskal Elkargoa behar dugu, baina Elkargoak ere gure beharra dauka”.

Euskal Elkargoa estatuarekiko deszentralizatzeko bitartekoa da. Datozen urtetan ebatziko da instituzio berriaren nortasuna eta heina: “Baiki, eztabaida areagotu behar dugu ondoko hilabetetan, baina, kasu. Hemen ere Frantzia tipi bat behar dugu eraiki? Ipar Euskal Herri zentralizatua? Hala beste modelo bat?  

Euskal Elkargoa xantza da, berezko eskumenak izanen ditu, baina kasu antolatzean, ez dadin beste zentralizazio gisako bat izan. Ez bakarrik industria arloan, beste arloetan ere bai. Historikoki beti izan dira probintziak, gu Zuberoa gara. Beraz, azter dezagun ontsa elkarren arteko harremana eta errespetatua izan dadin gure nortasuna. Konfiantza behar dugu Euskal Elkargoan, baina betiere guk kontrola atxikiz”.

Mendialdeko desertifikazioa

Dorothée Nabarra Lakarri herriko laborariak gurasoen etxaldearen segida hartu zuen 1990. urtean, Apezetxea baserria. ELB sindikatuko (Euskal Laborarien Batasuna) kidea da, lurralde honetako ordezkaria. Etxaldeak 38 hektarea lur dauka, horietako 14 traktorez lantzeko modukoa. Bere gurasoek ardiak eta behiak hazi zituzten: “Ene senar ohiarekin abiatu nintzen laborantzan, bera ez zen laboraria. Bera ardiekin aritu zen, eta ni behiekin. Bereizi ondoren, behiak baino ez ditut hazi. Orain 25 urtetik behiak ditut baserrian, eta azken 17 urte honetan, mozkina –behikia– zuzenka ari naiz saltzen”.

Lakarrin 120 bizilagun dira. Herria hustuz joan da azken 50 urteetan. Laborari honek 25 etxalde ezagutu zituen haurtzaroan, egun sei laborari baino ez dira ari: “Oro har, inguruko herrietan hori gertatu da, baina Lakarrin aboro. Bertze herriak baino hamar urte lehenago hasi zen husten. Laborari gazteak joan dira kanpora. Ez dago segidarik”.

Zuberoako Nekazaritzako Lizeoan eskolatu zen. Ondoren, Amikuzeko Etxarrin BTS erdietsi zuen. Hasiera ez da erraza: “Estatuak sosa ematen dizu, baina horretarako hamar urte engaiatu behar duzu. Ni hastapenean lotsatu naiz, beldurtu”. Biharko Lurren Elkartean (BLE) sartu zen, baita nekazaritza biologikoaren (BIO) bidean abiatu ere.

40 behi ditu orotara. Hamabi bat txahal eta bost bat behi saltzen ditu urtero. Etxaldea bere gain hartu zuenean, haragia transformatu eta kontsumitzaileari zuzenka saldu behar ziola ohartu zen, “bestenaz ezin nuen aitzina egin”.

Hiru tona inguru ekoizten du urtean. Mauleko hiltegiarekin ari da lanean, Abattoirs du Pays de Soule deritzanean. Lakarriko Marie-Claire Leurgorry Iragoinegaraia etxaldekoarekin batera: “Auzo gara. Biok hasi ginen hiltegian, arazo sanitarioak ez ukaiteko. Zuzendariaren sostengua ukan genuen, talde bat osatzen lagundu zigun. Kabalak hil eta mozkinak hutsean ontziratzen dituzte. Haiek atontzen eta nahi bezain luzaz atxikitzen dituzte hozkailuan. BIO egitea bermatzen digute”.

Hiltegitik bertatik merkaturatzen dute mozkina, bezeroari zuzen eramanez: “Jendeei erraten diet, badut behikia edo txahal bat prest hamabost egun inguruan, nahi duzue?”. Paue, Orthez, Baiona eta euskal kostaldean ditu bezeroak, baita Parisen ere: “Erosleak denetarik hartu behar ditu, 5 edo 10 kiloko haragi sorta: xerra, haragi xehatua edo zatikiak. Haiek eskatu eta nik eguna ematen diet paketeak eramateko, ontsa saltzen dut”. Banaketa sei laborariren artean egiten dute, kamioi bat partekatzen dute.  

Mozkinaren kalitateak berme eman die laborari hauei aitzina egiteko. Nabarrak Euskal Herriko Etxe Ekoizleen Elkartearen  (IDOKI) hautua egin zuen. 250 jende biltzen ditu elkarteak: “IDOKIn sartu naiz, elkarte horrek laborantzan aritzeko manerarekin ados bainaiz. Kolektiboki aritu behar dugu, etxalde batean momentu gogorrak bizi ditugu, eta kolektiboan ariz gauzak beste gisa batez ikusten ditugu. Halaber, laborantzan ari nahi badugu, ez dugu ingurumena zikindu behar. Zuberoan eta Euskal Herrian oro har, kontsumitzaileak argi ukan behar du hori”.

Bizimoldea eta konbikzioak balio zaizkio Nabarrari, horiek behar ditu uros bizitzeko. Bere seme-alabek Euskal Herrian bizitzea dute xede eta arrangura. Hemen sortu direnez gero, parada ukan nahi dute bertan bizitzeko: “Zuberoan ez baita lanerako segidarik izan, eta Bortu aldean guttiago”.

“Gure aita-amek erraten ziguten hemen plantatzeko, baina lurrari atxikimendua galduz joan da”. Haiez gero, ekonomiaren globalizazioak zaildu du baserrian segida izatea. Horrek hala ere, kontzientzia biziagotu die berari eta sendiari: “Politikoki ELBn hartu nuen euskaldun izatearen kontzientzia. Ene sentimenduetan Euskal Herrian bizitzea ukan dut betidanik, alta, ELBko kide eta oraingo bikote abertzaleak areago argitu zidan hori. Euskaraz mintzatzea eta lurrari lotua bizitzea abertzale izateko manera bat da”.

Herria bizi dadin, bertan bizi behar

1800. urtean 2.290 jende bizi zen Barkoxen. 1591n 1900; 2013an, berriz, 673 bizilagun. Populazioa heren bat mendratu da bi mendetan. Bertan sortu zen Pierre Topet Etxahun ezaguna, euskal idazlea, musikaria eta pastoralgilea. Ogibidez laboraria eta artzaina.

Patrick Kanpo Queheille barkoxtarra da, 1964n sortua. Kanpo etxeak eman dio goitizena. Herriko Semeak pastoralaren egilea da, 1998an jokatua Barkoxen. Xahakoa pastorala ere berak idatzia da, 2010ean antzeztua. Dantzari izana da eta dantza irakaslea egun.

Maulen aritu zen lanean gaztetan, industria alorrean. Barkoxeko Herriko Etxeko langilea da azken 23 urteetan, bideetako horniketen arduraduna: “Ontsa da herritik joatea, kanpoan zer den ikustea, eta ohartzea zer xantza dugun herri txikietan bizita”, erran digu Kanpo-k.

“Barkoxen 650 bizizale gara. Gure arrangura handiena jendearen galtzea da. Azken bost urteotan 84 bizizale galdu dugu. Seinale makurra da hori, Zuberoan populazioa apaltzen ari da, Barkoxen bereziki. Ekonomia bizizaleek sustatzen dute, jendeek atxikitzen dute tokiko ekonomia hemen bizi badira, bestenaz, nola?”.

Barkoxen 50 etxalde ari dira laborantzan: “Ardi esnea ekoizten dute nagusiki, gero eta laborari gehiagok esnea gasnatzen dute eta zuzenka saltzen”. Baina, herria bizi dadin, jendeak herrian bizi behar du: “Posible da. Bistan da. Hartakoz, bizizaleen arteko harremana behar da sustatu”.

Alta bada, Barkoxe bizirik dago. Populazioaren erdia industrian, zerbitzuetan eta administrazioan ari da. Herri batek behar dituen komertzioak, saltegiak, posta-etxea, medikua eta farmazia ditu, baita zahar etxea ere: “Denetarik dago eta denetarik behar da”.

Barkoxtarrak ODACErekin elkarlanean aritu dira iragan urtean: “Baiki. Ekonomiari arralotzeko, gure gazteak herrian atxikitzeko moldea kausitzeko edo joan direnak arrajinarazteko. Zuberoako bertze herrietako languneak partekatzeko xedetan ari gara. Jende eli bat ari da eta langune berria sortu liteke internetez, telelanaren bidez”.

Zuberoako biztanle kopuru handiena Maulen kontzentratzen da, industria eta zerbitzugune inportanteak hiriburuan daude. Zuberotarrak beste herriguneak indartzen saiatzen ari dira Atharratze, Sohüta eta Barkoxen. Berriki, kari horretara inkesta bat egin dute familia guztien artean. Eztabaida sortu da, jende anitzek parte hartu dute sei hilabetez egindako bilkuretan: “Inkestaren funtsa da ea asmatzen ahal den, gazteak hemen egon daitezen. Gazteek nahi dute hemen egon, baina lana herrian ez dago, ez herri ondoan ere. Alabaina, ekimenak gogoarazteko enbeia piztu du gazte eta adinekoen artean, arrapostu baikorrak biltzen ari gara”. Urte berria hastearekin batera bilana egiten ari dira eta herritar guztiei aurkeztuko diete aurki.

Haur eta nerabeek hamaika urtera arte herrian egiten dituzte ikasketak, eskola publikoan. Gero Maulera doaz, bigarren hezkuntza egitera. Lizeoa berriz, Maulen edo urrutiago dute. Eskola publikoan, Ikas-bi sistema elebiduna lantzen da, euskara atxikitzeko doi-doia.

Euskara galtzeak Pastoralaren eta Maskaraden segidan trabak ekarri ditu, euskaraz egitea geroz eta zailagoa baita. Euskararen egoera horrela ikusten du solaskideak:“Egun euskara erdiz erdi dago. Euskararen transmisioa apaldu da. Eskola publikoa ari da husten. Ondoko herri txikietan –Arrokiaga eta Eskiula– eskolak desagertzen doaz, horregatik behar dugu eskola atxiki herri guztien artean. Aldi berean, hemen ikastola bakarra Sohütan dago, badira seme-alabak ikastoletan ematen dituzten gurasoak, gero eta jende gehiago lotzen ari zaio euskarari, bada kontzientzia hartze bat”.

Errugbia Kirol Elkartea eta Etxahun Kultur Elkartea bilgune biziki inportanteak dira Barkoxen. Hauetan dinamika baikorra dago, baina hori ere ez da aski Kanpo-ren aburuz: “Hartakoz, pentsatu dugu are baliabide gehiago behar dugula bilatu. Adibidez, etxalde anitz ari dira husten, lurrak landu gabe geratzen dira. Desertifikazio gisako bat da. Etxalde horiek baliatzeko manera aztertzen ari gara, etxerik ez duten baina hemen bizitzeko enbeia dutenentzat aterabide bat xerkatzen ari gara”.

Orain hamar bat urte ingelesak hona etortzen hasi omen ziren, eta tokiko etxaldeak erosteko asmoa azaldu zuen hainbatek: “Beldurra bizitu genuen, baina krisia zela-eta ideia baztertu zuten nonbait, ez dugu nehor haboro ikusi. Hainbat hobe. Alabaina ikusi behar da hustu diren etxaldeetan zer egin ahal den, nola biziarazi. Zuberoan edo kanpoan bizi den jendeari proposatu behar zaio hona jiteko, edo arrajiteko”.

Turismoak laguntzen du herriko ekonomian? “Ez. Barkoxen ez hainbeste. Zuberoa bisitatzera heldu direnak Maulera jiten dira, Atharratzera eta Santa Grazira, edo Kakueta arroila ikustera. Jende eli bat jiten da herriko Xilo ostatura, ospetsua da ahateki goxoa ematen baitute. Horrek amiñi bat laguntzen du zerbitzuen eremuko tokiko jendea”.

Euskal Elkargoa ukan dugu hizpide.  Hainbat zuberotar kostaldea nagusituko den beldur izan da historikoki: “Zuberoako Elkargoko Dominique Bosch presidenteak zioenez, ‘hobe da aberats batekin ezkondu ez eta pobre batekin’. Horretaz ziur naiz, guk badugu haien beharra, baina haiek ere gurea. Lurraldea osatu behar dugu, laborantza atxiki eta industria indartu. Gisa horretara ez da nagusituko turismoa, ezta kostaldeko populazioa ere”.     

Euskaldunok elkarrekin aritu behar dugu bere ustez, bitartekoak sortu: “Zenbaitek aginduak Paristik eta Bordeletik heldu direla diote, baina urratsak behetik ematen badira, gero eta jende gehiago engaiatzen da politikan. Kontua ez da soilik sosa nondik heldu den, engaiatzen direnak herritarrak izatea baizik”.

Patrick Kanpo Queheillek biziki ontsa ezagutzen ditu gazteak, herriko dantza taldeko irakaslea baita: “Gazteengan sentitzen da gogo azkar bat herrian bizitzeko, beren lurraldea aitzina eramateko. Garai batean, gazteak Bordelera edo Parisera joaten ziren, hemen ez ziren gauzak baitziren han. Egun aurrerakuntzak gauza horiek guztiak ekarri ditu mendialdera. Itsasoa ere hurbil dugu...”, diosku Kanpo-k.

Horrela jarraitu du: “Gazteei sentiarazi eta erakutsi behar diegu posible dela hemen bizitzea, hemendik kanpo bezain ontsa edo hobekiago. Eta aldi berean erran behar zaie ere kanpora ateratzeko eta bizitzeko aldi batez, kanpoan dutena ere hemen badela edo izanen dela ohartuko baitira. Ziur arrajinen direla eta ekarpen bat eginen diotela lurraldeari. Horrek mugiaraziko du ekonomia”.

Zuberotarrak beren lurraldean biziko dira ere geroan. Joan-jinean, lurraldea bizirik atxikiko dute.

 

[IRITZIA] Ekonomiaren esperantzak

Michel Etxebest (Artzainak enpresaren burua eta Mauleko auzapeza)

Urteetan esaten zen Zuberoako ekonomia, ber indarreko hiru zangotan bermatzen zela: zerbitzuak, industria eta laborantza edo nekazaritza. Ekonomia horren lehen oztopoa, eta ez txarrena, da hiri handietatik urruntasuna. Baiona eta Paue, zein diren merkataritza administrazio eta ekonomia zentroak, dira biak ordu bat eta laurdeneko bidean. Honek esaten du ezin dela hiri horietan lan egin eta Zuberoan bizi. Bigarren oztopoa da mendigune izatea. Hau turismorako ez da hain txarra, baina laborantzarako bai segur. Eta nolaz aldapek lana gogortzen duten, laborari seme edo alabek ez dute segida hartu nahi eta laborantza anitz itzaltzen dira damurik. Hau kezkagarri da laborantzarako eta bere tresna amankomunerako, baina ere Zuberoako demografiarendako. Zerbitzuen kasua ez da batere txarra Zuberoan, eta Zuberotarrek zerbitzu guziak badituzte beren herrian, izan dadin osagarrigintzan edo aisialdietan.  

Aurreko horiek guztiek ematen dute Zuberoako industriaren erronkak edo desafioak: herrian lana sortu, herrian bizi dadin jendea, eta indar bat gehiago azken urte hauetan laborantzan galtzen diren lan postuen ordezkatzeko. Egia erran, ez da batere gaizki ari bide horretan Zuberoako Industria. 40 bat lantegiek, denak tokiko jabeekin bat aparte, 1. 000 bat lan postu industrialak biziarazten dituzte (gogoratuz 13.000 biztanle dituela Zuberoako ibarrak).

Industria honen merkatuak dira Espartina, 100 bat lanpostuekin, Mekanizadoak (200 lanpostu), Plastikoak (150), Agroalimentarioa (200), Metalezko estrukturak (120), Estudio bulegoak (50), Tratamendu industrialak (200) eta abar. Lantegi guzti horiek inbertsio handiak egiten dituzte, eta urtero ikusten da eraikuntza berri eta inbertsio asko produktu propioetan, esan nahi da ikerketa lana ere egiten dela. Benetan interesgarri eta pozgarri da hau!

Euskal Hirigune Elkargoaren bidez lan egiten da bi norabideetan: lehena, laborantza desafioaren gainditzeko laborantza eskumena bereganatu du Euskal Elkargoak, eta beste bidea “Teknopolo” gisako gune bat sortzea asmatzen ari da barnealdean, zeinek biharko lanpostuak eta garapena ekarriko dituen.

Zuberoa ttipia da, industria iraunkor batekin, eta amankomunitate handi horretan sartu eta, familia handi horren haur ttipiena bezala, esperantzak ditu bere asmakizunak eta asmoak gauzatzeko indarra izango dela.

Ekonomiaren argazkia
2018. urtean: 12.968 biztanle.
4.789 enplegu
– Laborantzan: 863 (%18)
– Industrian: 1.055 (%22)
– Eraikuntzan: 480 (%10)
– Merkataritza, garraioa, eta hainbat zerbitzu: 1.200 (%25)
– Administrazioa, irakaskuntza, osasuna eta gizarte ekimena: 1.200 (%25)
Enpresa kopurua: 841 (laborantzaz kanpokoak)  
Industrian: 138 (%16,4)
– Eraikuntzan: 131 (%15,6 )
– Merkataritza eta garraioan: 270 (%32)
– Zerbitzu enpresak: 150 (%18)
– Partikularrei zerbitzuak: 152 (%18)
2015 urtetik 53 enpresa berri
Industrian: 13
– Eraikuntzan: 9
– Merkataritza eta garraioan: 10
– Enpresen zerbitzurako: 15
– Enpresa partikularrak: 16
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Ekonomia  |  Maule

Ekonomia kanaletik interesatuko zaizu...
Hamar urte krisian
Kasino globalaren pitzadurak hor jarraitzen du

2008ko irailaren 15ean Lehman Brothersek kiebra onartu zuenean paradigma eta uste asko ere hondoratu ziren berarekin. Atzeraldi Handia-ren hasiera izan zen, nahiz eta finantza kapitalismoa aspaldi zebilen sistema irrazional baten mamua begiztatzen etxe-orratz distiratsuetan islatuta. Agintariek, egoera bideratu beharrean okertu egin dute: jendea ari da krisia pagatzen eta bankuek jarraitzen dute erruleta arriskutsuaren jokoan.


Eskuin muturra garaitu

Etorkinen eta errefuxiatuen etorrera udako albistegietako protagonista izan da. Ez da gauza berria, urteak daramatza Europar Batasunak errealitate horren kudeaketa kaskarra egiten. Adierazle gisa dugu eskuin muturreko populismoaren gorakada hauteskundeetan. Muturreko zentro progresistaren hegemonia garaietan gutxi hitz egiten da eskuin populistaren arrakasta ulertzeko sakoneko faktoreez. Egokitasun politikoaren diskurtsoak, nagusitasun morala adieraziz, nahiago du eskuin muturreko boto-emailea... [+]


2018-09-30 | Juan Mari Arregi
Eraldatu dezagun industria militarra

Gerra batean –deklaratuta egon edo ez–, haurren sarraski bat gertatzen denean eta arma, lehergailu nahiz munizioaren jatorria Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan dagoela jakiten denean, jende guztia antimilitarista bihurtzen da eta politikariek adierazpenak egiten dituzte gerra hori kondenatzen. Badaude boikota eta armak ez saltzea eskatzen dutenak; aireportu eta itsas portuetan horiek esportatzea eragozteko mugimenduak ere sortzen dira, Saudi Arabiara eramaten dituzten armekin... [+]


2018-09-30 | I˝aki Murua
Zuri, behin-behineko kontratupeko horri!

Hitzarmenak kontratu bilakatu ordez kontrakotu ditugun garai hauetan, berrogeitaka urte lan kontratu amaigabean arituta, bizitzak ziurgabetasun osoan ezarri nauenean, urtero lan kontratua luzatuko ala etengo zaien jakin gabe eta etorkizuna etorkin duten arren, daukaten onena ematen ari diren langile horiei, begirunez eta goxotik.  

Oharra:
1. Goitik behera eta ezkerretik eskuinera irakurtzeko antolatuta daude bertsoak, gure gizarteko politikaren ildo eta noranzko berari jarraituz.
2... [+]


2018-09-30 | Jakoba Errekondo
McIntosh sagardoa

Egia esanda, gure etxeko sagastietatik kanpo, ez dut Euskal Herrian beste inon ezagutzen sagar aldaera hau. Istorio luzea du, irakurtzeko hobe duzu esertzea.

Gure amona, Joxepa Aizpurua Irazu zena, gero Aizpurua Sagardotegia izango zenean jaioa zen. Aurrez ere dolare-baserria izan zen, baina gerora, duela ehun urte inguru, orduko sagardotegirik aurreratuenetako bat izan zen, Zubietan, Usurbil aldamenekoan. Bere anaia Danielek eratu zuen sagardotegia, baina gerra zela-eta alde egin behar izan... [+]


Here to stay! Etxebizitza eskubide

Oporraldi garaia bururatu eta, hara jo eta ke berriz lanean eta katzakan aritzeko garaia etorria dela. Aktualitatea ikusiz, nehoiz baino erneago jokatu beharra daukagu. Besteak beste, etxebizitzaren gaia aipatu gogo nuke hemen. Joan den udan, Chairecoop ikerketa tresna ezagutzeko parada ukan genuen Baxenabarren: hori da nazioarteko erakundea, Etxebizitza Kooperatiboa eta Giza Kooperazioaz gogoetatzen laguntzen duena. Hainbat egitura, gobernuz kanpoko erakunde eta unibertsitatek sostengatzen... [+]


2018-09-21 | ARGIA
Arartekoak Lanbide zentsuratu du haurdun batekiko jarrera dela eta

Lanbidek berreskatu nahi izan du, haurdun bati laguntza sozial gisa emandako 9.000 euro. Emakumeak bere bizitza arriskuan ikusi du eta lana laga. Arartekoak Eusko Jaurlaritzaren jarrera zentzura du. 


2018-09-21 | ARGIA
Bi egun, beste bi langile hilda: kamioi gidaria Galdakaon eta basomutila Gamarten

Uda honetan Euskal Herrian hildako langileen zerrenda luzeari beste bi gehitu zaizkio aste honetan. Gamarten, Donibane-Garazi ondoan, basomutilari adarra jauzi zitzaion asteazkenean. Ostegun goizean berriz, kamioi gidari bati bihotzekoak eman dio lanean ari zela autobidean, Galdakao parean.


2018-09-19 | ARGIA
Hegoaldeko pentsionistek manifestazio bateratua deitu dute Bilbon urriaren 1ean

Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunaz baliatuko dira beraien aldarrikapenak era bateratuan emateko. Deialdiarekin jende asko biltzea espero dute.


2018-09-19 | Ahotsa.info
Behin-behineko irakasleen prekarietatea salatu dute sindikatuek Nafarroako Hezkuntza Departamenduaren aurrean

Joan den astean N-121A errepidean istripuz hildako irakaslearen heriotza salatu dute sindikatuek, Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren egoitzaren aurrean. Ostegunean gertatu zen ezbeharra, Ataungo 26 urteko emakume bat hil zen auto istripuz, Beran, lanera zihoala.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude