Sagardoa eta garagardotarako lupulua nahasten direnean...

  • Garagardoa egiteko erabiltzen den lupulua eta sagardoa nahastean ateratzen den edaria berezia da. Zaporea, freskotasuna eta nortasuna; hiruak omen ditu. Ameriketako Estatu Batuetan eta Kanadan arrakasta handia du, eta Galizian ere atera dute halakorik, bertako sagarra eta kanpoko lupuluarekin egina. Euskal Herrian, ordea, sagardo lupuluduna edari arrotza da. Oraingoz.

Lupulua (Humulus lupulus), zerbeza-loria (Gipuzkoa), zerbeza-landaria 
(Gipuzkoa), otsaihena (Nafarroa) edo bierbelarra (Iparraldea), Cannabinacea familiako landare belarkara da.
Lupulua (Humulus lupulus), zerbeza-loria (Gipuzkoa), zerbeza-landaria (Gipuzkoa), otsaihena (Nafarroa) edo bierbelarra (Iparraldea), Cannabinacea familiako landare belarkara da.

Ezezaguna izanagatik, baina, ezin esan dezakegu gurean sagardoa eta lupulua inoiz nahastu ez direnik. 1950eko hamarkadan, Hernaniko Orkolaga baserriko Antonino Pagolak bertako sagar eta lupulua nahasten zituen edari freskagarri hau egiteko. Antonino, ordea, joan zen; eta berarekin joan zen, aldi berean, bere errezeta sekretua. Egungo garagardo eta sagardogileek badute arrazoirik elkarrekin lanean jarri eta edari zahar hau edari berri bihurtzeko; sagardo lupuludunak bai baitu bere leku txikia gure sagardoaren historia luzean. Bestela, galdetu iezaiozue Orkolaga baserriko kupel zaharrari...

Antonino Pagolaren senideek badute pena bat: aitonak errezeta berarekin eraman izana, inori erakutsi gabe. Izan ere, aitona Antoninoren edaria berezia zen: “Oso freskagarria huen, eta apar askorekin. Kupela baserri ondoko txabolan izaten zian, itzalean, eta han izaten huen sagardoa eta lupuluarekin egindako edari hura”.

2017ko urtarrilean ARGIArako idatzi nuen Garagardotarako lupulua Euskal Herrian: Iragana edo etorkizuna? erreportajerako elkarrizketak egiten ari nintzela hasi zen guztia. Antonino Pagolaren bilobarekin –hau ere Antonino– adostu nuen hitzordua. Elkarrizketa hasi aurretik garbi laga zidan: “Errezetaren bila baldin bahator alferrik habil; aitonak berarekin eraman zian”. Segituan konturatu zen, ordea, errezeta famatu haren berririk ez nuela. Guztia argitu zidan: “Gure aitona Antoninok baratzeak zizkian Orkolaga baserrian, eta uda inguruan, bero sapa handia zenean ekartzen zian edari hura, sagardoa eta lupuluarekin egindako edaria. Baratzean lanean zebiltzanentzat eta etxekoentzat baino ez zian egiten. Uda alderako prest egoten huen, eta sagardoa zerbitzatzeko txarroa hartu, baserri ondoko txabolara joan, eta kupeletik hartzen zian zuzenean. Gure etxean beti esan izan duk edari hura berezia zela: oso freskagarria eta apar askokoa. Egarriarentzako zegoen onena omen zen”.

Elkarrizketa hartatik sortu zitzaizkidan galdera askok izan dute erantzuna ikerketaren ostean; beste batzuk, ordea, kolokan geratu dira. Hain justu, horrek ematen dio Antoninoren edariari duen misterio puntua.

LUPULU-LOREA LORTZEKO ERRAZTASUNAK

Sagardo lupuluduna egiteko bi osagai dira oinarrizkoak, noski: sagarra eta lupulu-lore emea. Euskal Herrian, eta zehatzago, Antonino bizi zen herrian, Hernanin, sagarra lortzea ez zen gauza zaila 50eko hamarkadan; baserri askok egiten zuen bere sagardoa. Baina lupulua? Nondik lortzen zuen Antoninok?

Lupulu-landaketek ez dute, inondik inora ere, euskal paisaiaren barruan sagastiek izan duten garrantzia eduki. Baina izan, izan dira plantazioak gurean. 1944an, II. Mundu Gerraren ondorioz, Alemaniatik ez zen lupulurik iristen, eta Euskal Herriko garagardo-fabrika nagusiek ezin zuten edari hori ekoitzi lupulurik gabe. Hori dela eta, Espainiako Gobernuaren diru-laguntzez baliatuz, hainbat baserritar – 1949an 225 baserritar– lupulua landatzera animatu ziren 1945 eta 1965 artean. Lupulu-plantazio horien kudeaketa eta aholkularitzarako, ordea, pertsona egokiak behar ziren, eta Gipuzkoan ardura hori hartu zuena Antonino Pagola izan zen –Vicente Ruigómezekin batera–.

Maria Pagola eta Antonino Pagola lupulu-loreak jasotzen Gipuzkoako lehen landaketan, Hernaniko erriberan.
Iturria: REVISTA AGRICULTURA.
Argazkia: VICENTE RUIGÓMEZ

Hori gutxi balitz, Urumea ibaiaren erriberan zegoen lupulu-landaketa baten jabea ere izan zen Antonino Pagola. 1945erako 100 lupulu-landaretik gora zituen bere lurretan. “Aitona zaldi-karroan ibiltzen huen Hernani eta Ergobi arteko bidean lupulua garraiatzen, eta ni harekin eramaten ninduen batzuetan” esan digu bere bilobak. Izan ere, Gipuzkoan bildutako lupulu-lorez beteriko zaku gehienak ere berari iristen zitzaizkion: bera zen Ergobin, Astigarragan, zegoen lupulua lehortzeko plantaren kudeatzailea, eta beraz, lupuluan aditua. Euskal Herrian sagardo lupuluduna egiteko aukera eta ezagutza norbaitek bazituen, hori Antonino zen.

Antoninok lupulua lortzeko –freskoa zein lehorra–, beraz, ez zuen inongo arazorik. Jasotako lupulua Donostiako Antiguan zegoen Juan y Teodoro Kutz garagardo-fabrikari saltzeko erabiltzen zuten, eta Leonera ere lupuluaren kontura bidaiak egiten zituen. Sagardoarekin nahasteko ideia nondik atera zuen, beste kontu bat da hori. Baita edaria bera nola egiten zuen ere.

ERREZETAN DAGO –ZEGOEN– SEKRETUA

“Etxean badakigu edaria sagardoa eta lupuluarekin egiten zela; baina, nola, ez dakigu”, kontatu digute haren senideek. Ameriketako Estatu Batuetan eta Kanadan dry hopping izeneko teknika erabiltzen dute sagardo lupuluduna –eurek hopped cider deitua– egiteko. Sagardoari lupulu-lore emea –lehorturik denean– gehituko litzaioke kasu honetan, irakin edo hartzitu ostean. Kontua da, Antoninok zituen baliabide eta osagaiekin, sagardo lupuluduna egiteko moduak ahalik eta sinpleena behar zuela izan. Nola, ordea?

Antoninok landare eta baratze kontuetan zuen ezagutzak eta esperientziak ahalbidetu zion sagardoarekin esperimentu txiki hau egin eta bere etxean sagardo lupuluduna urtero edukitzea. Bertako lupulua zuen, berak landatutakoa, baita bertako sagastietako sagarrekin eginiko sagardoa ere. Eta hara non gauden oraintxe, 2018. urtean, Euskal Herritik kanpora begira, bertatik lupulua ekarri eta euskal sagardo eta garagardozaleentzako produktu berriak bilatzen, ahalik eta modu naturalenean, bertako ahalik eta produktu gehienekin edari berritzaileak egiteko gogoz. Eta erantzuna non aurkituko, eta Hernaniko kupel zahar batean aurkitu dugu. Ai, Antoninok burua altxatuko balu...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sagardoa
"Euskal Sagardoa" jatorri deituran zazpi lurraldeetako sagardogileak izendatuko dituzte

Euskal Sagardoaren eremu geografikoa EAEtik zazpi lurraldeetara handitzeaz gain, mugaren bi aldeetako sagar motak ere Jatorri Deituran sartzea adostu dute. Dagoeneko tramitazio guztiak martxan jarri dituzte, eta izapide administratiboa ixtear dute.


2023-12-17 | Jon Torner Zabala
Stalinen mandatupean gatibu hil zen botanikari sobietarra

Nikolaï Ivanovich Vavilov, Moskun jaioa 1887ko azaroaren 25ean. Hainbat elikagai kultibaturen jatorria identifikatu zuen botanikari eta genetista. 1940an, Ukrainako lurretan haziak biltzen ari zela, polizia sekretuak atxilotu egin zuen, eta 1942an gulag batean sartu zuten... [+]


2023-12-17 | Jon Torner Zabala
Sagarrondu
Sagastia okupatu, hura biziberritzeko

Jaiotzez hangoak ez baina Donostia inguruan bizi diren zazpi-zortzi neska, trans eta bollerak osatzen dute Sagarrondu “desjabetuon ekoizpen taldea”. 25-30 urteren bueltakoak dira ia denak, kaletarrak, baina lurrarekin lotura dutenak; bakarren bat aritua da lehen... [+]


2023-12-17 | Jon Torner Zabala
Usurbilen, esperientzia parte-hartzaile eta burujabea

Usurbilen (Gipuzkoa), 30 urteren bueltan dabiltzan bost gazte sagardoa egiten hasi ziren duela zortzi bat urte. Beñat Irazusta, Mikel Rosales, Josu Furundarena, Aitor Pagola eta Joxe Mari Zubimendi –“kalekumea ez den bakarra”, Irazustak esan... [+]


2023-10-30 | Garazi Zabaleta
Eztibeltza kooperatiba
“Afizioa ofizio bihurtu zaigu sagardotegiarekin”

Baztango sagar mota baten izena da eztibeltza, eztigorri eta eztixuriarekin hirukotea osatzen duena. Iaztik, baina, bertako kooperatiba baten izena ere bada Eztibeltza. Kirikoketa besta, Baztango sagarraren kultura eta Arizkungo Gamioxarrea dolaretxea bultzatzeko lanean urteak... [+]


Eguneraketa berriak daude