Garagardotarako lupulua Euskal Herrian: Iragana edo etorkizuna?

  • Lupulua ez da edozein landare. Lupulua landare berezia da eta baditu ondo gorderiko sekretu txikiak. Izan ere, lupuluaren lore emean, barnean, ezkutatuta dago garagardo onena egiteko sekretua: lupulina. II. Mundu Gerraren ostean, Euskal Herriko baratzeetan lupuluak inguratutako zortzi metroko makila luzeak azaldu zirenean inork gutxik zekien zer zen lupulua. Inork gutxik zer zen lupulina. Egun, garagardo artisaua indarra hartzen ari den honetan, gutxi dira lupulua ezagutzen ez dutenak, baina asko Euskal Herrian lupulua landatu zela ez dakitenak.

I˝aki Sanz-Azkue
2017ko urtarrilaren 15a
Jesus Azkue

Testigu batek eman zidan lehendabiziko abisua: “Lupuluaren hau, kontu misteriotsua huen”. Gero konturatuko nintzen zerbaitetan behintzat bazuela arrazoia. Euren baratzetan lupulu landaketak jarri zituzten testigu gehienak hilik dira eta euren seme-alaben testigantzak baino ezin ditugu jaso. Artxiboetan ezer gutxi eta bertako liburuetan ere aipamenak bakanak dira. Argazkiez, zer esanik ez. Arrastoei tiraka aurkitu ditugu hainbat artikulu zahar, egin ditugu hogei bat elkarrizketa eta artxiboetako dokumentuen kontsulta. Euskal Herriko lupuluaren historiari arrastoa ateratzeko moduan behintzat bagara.


Zortzi metroko arbak baratzeetan

“Arba luzeak izaten hituen baratzeetan. Eta hauetatik gora igotzen huen lupulua, babarruna bezala!”. Lupulu landaketak ezagutu zituzten guztiek nabarmentzen dute gauza bera. Guda ostean lupuluaren etorrerak baratze askotako paisaia aldatu zuen. Lurrean sartutako dozenaka makila lodi eta luze haiek arreta deitzen zuten. Eta oraindik ere herritar askok dute irudi hura gogoan. Lupulu landaketetan 6-8 metroko arba, zurkaitz edo makila luzeak jartzen ziren zutik, errenkan, “bata bestetik metro eta erdi, bi metroko distantziara” lekua eta baserritarraren arabera. Sasi-akaziaz edo gaztainez eginak izaten ziren. Geroago etorriko ziren arba hauek ordezkatuko zituzten alanbreak, lanerako hobeak.

Arbak lurrean sartu aurretik, ordea, izaten zen lana, zulo sakonak egin eta lupulu landare berria sartzen. Lupulua pujatik ateratzen zen. Ez zen ereiten. Horrela, aterako zen landarea emea zela ziurtatuta zegoen. Garagardoa egiteko, landareak emea behar zuen eta. Hauxe izaten zen prozesua: landaretik ateratako puja berriak mozten ziren. Ondoren, udaberri hasieran, landatu eta hauen aldamenean sartzen ziren arbak edo makilak. Landarea hazten zihoan heinean arbara gidatu eta enborrean gora igotzen zen lupulua: “Uda hasierarako 6-8 metroko altuera hartzen zian”.

Abuztu erditik aurrera hasten zen lorea botatzen lupulua, iraila erdira arte. Orduan beste une preziatu bat zetorren: lupulu-lorea jasotzeko garaia.

Iturria: Revista Agricultura. Argazkia: Vicente Ruigómez.

Emakumeak eta umeak lupulua biltzen

Europa erdialdean, lupuluaren tradizioa oso errotuta dagoen lekuetan, lorea jasotzea festa handia izaten zen. Jende andana elkartzen zen lupulu landaketetan, jasotzeari berari festa giroa emanaz. Euskal Herrian, ordea, jasotze prozesua oso bestelakoa izaten zen. Landaketa gehienak tamaina txikikoak izan ziren, gomendatu ere hala egiten baitzuten. Honela, familia bera izaten zen lorea jasotzeaz arduratzen zena. “Etxekoak egoten gintuan jasotzen. Lan gogorra izaten huen. Eguzkiak bete-betean jotzen zian eta euriarekin ezin jaso”.

Hernanin, ordea, bazen lupulua jasotzera herriko jendea eramaten zuenik ere. Antonino Pagolarena izan zen Gipuzkoako lehendabiziko lupulu landaketa, Urumeako erriberan, Portu auzoa eta Karabel auzoaren artean eta 1945erako jada 100 landare zituen sartuak. Urtero-urtero Astigarragako Ergobi auzotik eta Hernanitik familiak joaten ziren lupulua jasotzera Pagolaren terrenora. “Familia osoa joaten gintuan. Etxean diru gutxi eta zer erremedio! Sos batzuk irabazten genizkian han eta!”. Emakumeak eta umeak izaten ziren batez ere jasotzen zutenak. “Bi-hiru aste pasatzen genizkian jasotzen, egunero egunero”.


Lupulu-lorea, landaretik lehortzeko plantara

Lorea zegokion garaian bildu behar zen, ez lehenago, ez geroago. Horrek ziurtatuko zuen lupulina, garagardoa egiteko erabiltzen dena, bere punturik onenean egotea. Hau dela eta, baserritar askori erakutsi egin behar izan zitzaion zein zen lorea biltzeko momentu egokia, urte osoko uzta galtzeko arriskua baitzegoen bestela.

Jaso baino egun bat lehenago, lurretik metro erdira mozten zen landarea. Hurrengo egunean, arba lurretik atera landare eta guzti eta etzanda jartzen zen, altuera txikira, eserita ahal bazen edo lurrean bestela loreak banan-banan mozteko, batzuetan guraizeekin, askotan azazkalekin. “Guk eskailerekin jasotzen genian” aipatu digu beste testigu batek. Jasotako loreak saskietan pilatzen zituzten, hortik zakuetara pasatzeko.

Antonino Pagolaren landaketara biltzera joaten zirenek pisuaren arabera kobratzen zuten “Egunean bertan. Hantxe zakua pisatu eta ordaintzen zitean”. “Ondoren zakuak zaldi-karroan jarri eta Ergobira eramaten zitean lupulua”. Gainontzeko baserrietan ahal zuten moduan moldatzen ziren zakuak Ergobira eramateko: “Anaia bizikleta zaharra hartu eta atzean zakua jarrita joaten huen!”. Bestalde, Mutrikutik  esaterako, Astigarraga urruti zuten eta trenez garraiatzen zituzten zakuak.

Zakuak Ergobin utzi eta zegokiena kobratu ostean landaketaren jabeak bere lana bukatua zuen. Hortik aurrera, Estatua edo kasu honetan Fomento del Lúpulo delakoa zen hurrengo pausuaz, pausu delikatuaz arduratuko zena: Jasotako lorea lehortu egin behar zen.


Lorea lehortzea

Espainiako Estatuan lupulu landaketak hasi zirenean baserritarrak izaten ziren lehortzeaz arduratzen zirenak. Lehortzea, ordea, kontu handiz egin beharreko prozesua zen. Gutxiegi edo gehiegi lehortzea, biak ala biak ziren txarrak eta aurreneko urteetako esperientzia eskasa ikusita, Estatuak lorea jaso berri zegoela biltzea erabaki zuen, azken pausua, lehortzea eta fabriketara bidaltzea euren esku hartuz.

Lehortzeko, noski, hezetasun gutxiko lekua behar zuen, eguzki askorik gabea, baina haize pixka bat sartuko zena. Baserrietako ganbarak leku egokiak ziren, baina Estatuak bere esku hartu zuenean, lehortze-plantak sortu zituen, sistema askoz egokiagoekin: lehortzeko labeak eta egurrezko kaxoiak zituzten. Ergobi auzoan zegoen, esaterako, lupulu-lorea lehortzeko planta. Ergobiko lehortze-plantako labea koke ikatzarekin zebilen: “Gure aitak eraman zian gurdikada bat koke Amaratik Ergobira, lupulua lehortzeko plantara”.

Behin lehortuta, lupulua prest zegoen fabriketara eramateko eta garagardoa egiteko erabiltzeko.

Maria Pagola eta Antonino Pagola lupulu-loreak jasotzen Gipuzkoako lehen landaketan, Hernaniko erriberan. Iturria: Revista Agricultura. Argazkia: Vicente Ruigómez.

Lupulu landaketak Hego Euskal Herrian

Antonino Pagolak 1945ean jarri zuen lupulu landaketan Espainiako Gobernuko Dirección General de Agricultura izan zen sustatzailea. Bertan Golding edo Dorada de Kent izeneko barietatea sartu zuten, 1914an Leopoldo Hernández Robredo izeneko ingeniari agronomoak Ingalaterratik Galiziara eraman zuena, hain zuzen ere. Harrituta gelditu zen Galizian erreka ertzetan modu basatian hazten zen landarea, Ingalaterran garagardoa egiteko landatzen zutela ikusita. Honela, A Coruñan lupulu landaketak sortzeko frogak martxan jarri zituen segituan. Modu basatian bazegoen, zergatik ez zen ba bertan landatzerik izango?

Bitartean, gero eta garagardo fabrika gehiago zegoen Espainiako Estatuan eta denek kanpotik ekartzen zuten lupulua. Alemaniatik eta Austriatik ia kasu guztietan. Galizian lupulua landatzeko egin zituzten frogek, ordea, emaitza bikainak eman zituzten eta ikusi zen, gainera, kanpokoa baino prezio hobeagoan ekoiztu zitekeela. Saiakera bat edo beste egin arren, gauzak ez ziren asko aldatu eta fabrikek kanpotik erosten jarraitu zuten.

1930eko hamarkadaren hasieran landaketa proba berriak egin zituzten Galiziatik kanpo, hiru lekutan: Granadan, Bizkaian eta Nafarroan, bertako aldundiek bultzatuta.

Esperientziaren emaitza onak ikusita, 1949an lupulu landaketak zabaltzen hasi ziren: 1950erako Hego Euskal Herrian 20.000 lupulu landare zeuden, 225 nekazariren ardurapean. Bizkaian, Araba iparraldean eta Nafarroako Goizueta herrian eta Baztan, Arakil eta Iruñeko bailaretan ere ezarri ziren. Gipuzkoako hogei herritara ere iritsi zen: Hondarribia, Oiartzun, Astigarraga, Hernani, Usurbil, Orio, Gabiria, Mutiloa, Azpeitia, Mutriku, Oñati…

Baserritarrek aholkularitza behar izaten zuten eta Vicente Ruigómez Velasco izan zen Sociedad Anónima Españolaren izenean aholkulari lanak egin zituena. Eta itxura guztien arabera, herrialde bakoitzean arduradun bat egon zen Ruigómezen azpitik. Gipuzkoan, aurreneko landaketa jarri zuen Antonino Pagola izan zen. Honek koordinatzen zituen ekarri beharreko landareak, jaso beharreko zakuak eta bakoitzari ordaindu beharrekoak. “Gure aita Antoninorekin moldatzen huen, hark esaten ziguken baita jasotzeko garaia noiz huen ere”.

Espainiako landaketa eremuekin alderatuz, ordea, Hego Euskal Herriko kopuruak txikiak izan ziren. Esaterako, Gipuzkoan 1945etik 1958ra 10 hektareatan mantendu ziren landaketak, baina segituan murrizten hasi ziren, eta 1968rako desagertu egin ziren. Nafarroan, 1930ean lehenbiziko frogak egin bazituzten ere, 1956an hasi ziren lupulu landaketak sortzen. 3 hektarea izan ziren aurrena eta segituan 2 hektareatara pasa zen eremuaren azalera, 1966an desagertu zen. A Coruñan, aldiz, 1957an Gipuzkoan baino 12 aldiz lupulu hektarea gehiago zegoen eta Leonen 17 aldiz gehiago.


Iragana ala etorkizuna?

Lupulu landaketek hogei urte eskas iraun zuten Hego Euskal Herriko baratzeetan. Hauetako askok, gainera, bi-hiru urte baino ez zuten iraun. Hasieran diru-laguntzak jaso zituen sektorea indarrean hasi zen, baina pixkanaka desagertzeko joera egin zuen eta garagardo fabrikak, berriro ere, lorea kanpotik ekartzen hasi ziren.

Egun, Euskal Herrian ekoizturiko garagardo artisauak indarra hartu duen honetan, badira bertako lupuluaren aldeko apustua egin dutenak. Agian, Euskal Herriko lupulu landaketak ahaztutako historia baino, etorkizuneko historia izango dira.

Lupulua (Humulus lupulus)

Zerbeza-loria (Gipuzkoa), zerbeza-landaria (Gipuzkoa), otsaihena (Nafarroa) edo bierbelarra (Iparraldea), Cannabinacea familiako landare belarkara da. Lur azpian errizoma izan ohi du eta bertatik, urtero, lupulu landare berriak jaiotzen dira. Igokaria da, aihena, zurtoinean dituen ile txiki eta sendoak erabiliz beste landareetan edo zurtoinetan gora egiten du, sei-zortzi metrorainoko altuerara iritsiz.
    Espezie dioikoa izaki, lore arrak eta emeak landare bereiztuetan izan ohi ditu. Lore emeak (ernaldu gabeak) garagardoa egiteko erabili izan dira XIV. mendetik, izan ere, euren barruan duten lupulina izeneko erretxina da garagardoari usaina eta zaporea ematen diona. Hau dela eta, lupulu landaketetan soilik ale emeak hazten dira.
    Egun dozenaka lupulu barietate dauden arren, Euskal Herrian bada bertako lupulua ere, modu basatian erreka ertz eta hezetasun handiko gune epeletan hazten dena.

Gerrek utzitako herentzia

1944an, II. Mundu Gerraren ondorioz, Alemaniatik ez zen lupulurik iristen eta Espainiako Nekazaritza Ministeritzak dekretua atera zuen 1945eko maiatzaren 23an, landaketei buruzko legeak ezarriz. Garagardo fabrikek Sociedad Anónima Española de Fomento del Lúpulo sortu zuten eta Espainiako lupulu landaketen kudeaketaz arduratu ziren, beti ere Sección de Fomentokoen begiradapean. Garagardo fabriken artean, Hego Euskal Herriko fabrika esanguratsuenak zeuden: Juan y Teodoro Kutz (Donostia), La Cervecera del Norte (Bilbo), La Salve (Bilbo), La Vizcaína (Bilbo), Cervezas Knorr (Gasteiz). Hauen itzalean, pixkanaka lupulu landaketak Hego Euskal Herrian sartu ziren, eta garagardo fabrikak, ahal zuten heinean, bertan landaturiko lupulua erabiltzen hasi ziren garagardoa ekoizteko.

Kanal hauetan artxibatua: Baratzea  |  II. Mundu Gerra  |  Baratzetik mundura

Baratzea kanaletik interesatuko zaizu...
2017-10-01 | Jakoba Errekondo
Hazien tramankuluak

Fruitu sasoia da: gaztaina, hur, intxaur, ezkur, maspil.... Gure paisaietan ugarienak, hala ere, mahatsa eta sagarra. Baliatzen ditugun fruitu etxekotutakoez hitz eginda, alegia. Pentsatuko duzun bezala, hor, han eta hemen, denean, milioika fruitu sortzen ari dira etengabe. Fruitu horiek hazien bidaia-ontziak dira. Haziak hedatzeko eta ahalik eta urruneneko toki egokiren batera iristeko tramankuluak dira fruituak.


"Bizidunek gauean asmaturikoa ulertu behar dugu egunero baratzezainok"

Baratzeari begiratzeko molde berri bat plazaratzen hasi zen Gilles Clement duela 25 urte. 1991n argitaraturiko Le jardin en mouvement (Baratzea mugimenduan) liburuarekin bazterrak inarrosi bazituen ere, laster arrazoia eman zion denborak. Orduz gero, erresistentziarako teoriak eta teknikak plazaratzen dihardu, baratzeko lana sekula bazterrera utzi gabe. Baratzea egitea oraindik ere politika egitea delako.


2017-09-17 | Jakoba Errekondo
Irakurleak galdezka

Kaixo! Baratzea argazkiko belar txarrarekin josita daukagu. Zer da? Ba al dago baratzetik kentzeko modurik? Ahal duzunean erantzuterik izango bazenu eskertuko nizuke.

Asier Altuna (Azkoitia)


Lurraren historia porlanak idatz ez dezan

2012ko urtarrilean okupatu zuten lehen aldiz Andra Mari auzoko Tosu landa. Getxo metropolitarrean porlanak estali ez duen eremuan parkinga ezarri nahi dute, inguruan eraiki asmo dituzten 8.000 etxebizitzen aurrekari. Baratze komunitario zena erresistentzia eta desobedientzia gune bilakatu dute, udal gobernuak (EAJ) obrak berehala abiatu nahi dituelako


2016-12-18 | Garazi Zabaleta
"Etengabeko festa izan da liburuaren sortze prozesua"

Altza Porrun ikusi zaitugu Jakobian eraikineko jabe, intxaurrondo bihurtzen den superheroi moduan… Ez al zaituzte gehitxo xaxatu marrazkilariek?


Ezetz esango nuke. Nik dagoeneko lagun ditut komikilari horiek, eta badakizu zer pasatzen den lagunekin… Liburu honekin gertatu dena da, edozein gauza gertatu zitekeela! Eta ideia horrekin sortu zen, gainera. Nik estutasun batean jarri nahi nituen marrazkilariak: beraiek eraiki behar zituzten gauza asko, ez zitzaien dena egina... [+]


2016-10-30 | Garazi Zabaleta
"Marrazkilariok ere baratzikolak gara"

Zer-nolako esperientzia izan da Altza Porrukoa? Bizi Baratzea liburua askotan kontsultatu behar izan duzu marrazten hasi aurretik?

Esperientzia ederra! Nik baratzean, egia esan, esperientzia zero. Edo are gehiago, zero negatibo! Baina asko ikasi dut. Baratzeak erakutsi dit lurra landu behar dela lanean hasi baino lehen, eta guk ere gauza bera egin beharra dugu: ingurua pixka bat prestatu marrazten hasi baino lehen. Eta gero, pazientzia! Itxoiten jakin behar… Guk marrazki edo komiki... [+]


2016-10-23 | Garazi Zabaleta
"Umorea ere iraultza da, egunerokotasunaren golde"

Jakoba Errekondo zure herrikidearen aurkezpena egitea egokitu zaizu Altza Porrun. Ez al da ardura potoloa?

Bai, testu txikia baina ardura handia izan da. Nabaritu dut erantzukizunaren zama nire gainean, izerdi hotza. Izan ere, pertsona garrantzitsu baten aurkezpena da, motza eta umoretsua izan beharra zuen... Ardura izan da, bai, baina era berean ohorea eta erronka polit bat ere bai.

Jakoba “euskaldunon mesias” izendatu duzu. Zertan oinarritu zara baieztapen hori egiteko,... [+]


2016-07-31 | Garazi Zabaleta
Baserritarrak lehen lerroan

Aramaioko (Araba) eta inguruko baserritarrei zerbitzua eskaintzen dien elkartea da Arbel Kooperatiba (Aramaioko baserritarren elkartea hitzen siglek osatzen dute Arbel izena). Ibilbide luzea du: 1982an herriko baserritarrek sortu zutenetik ez du etenik izan. Egun 90 bazkide inguru eta hiru langile ditu elkarteak.

Pentsu eskaintza ardatz

35 urtez zerealak ekarri eta bertan pentsu naturalak ekoiztea izan da Arbel Kooperatibaren jarduera nagusia. Hasieran herriko baserritarren beharrei... [+]


2016-07-31 | Estitxu Eizagirre
Komikilariak jorran

IRRI BIHURRIZ heltzen diot toalla ertzetik tentatzen nauen komiki liburuari. Baratzea asko maite, bere fruituez gozatu baina praktikatzen ez dugunontzat propio egina dirudi. Zortzi marrazkilari kaletarrek iruditegi oso bat eta egungo gakoetan egindako umorea eman diote baratzeari. Porru eta aza artean ageri zaizkigu istorio bihurturik mundua mugitzen duten indarrak: politika, krimena, sexua... Jakoba Errekondok, asfalto-kumeok ere ulertzeko moduan baratzearen kulturaz azalpenak ematearekin... [+]


2016-07-24 | Garazi Zabaleta
Elikadura ere badelako hezkuntza

Isere departamendura (Rhône-Alpeak eskualdea, Frantzia) bidaia egin zuten, Gure Platera Gure Aukera plataformak antolatuta, Etxaldeko hainbat baserritar, Jata Ondo eta Urkiola Landa Garapenerako Elkarteetako ordezkariak, EHIGE Euskal Herriko Gurasoen Elkarteko kideak, VSF Herrien Bidezko Elikadura GKEko partaideak edota LAB sindikatuko kideak.  

Eskola jantoki eredu berrien bila egin zuten bisita. Etxalde aldizkarian kontatu dituzte bizitako esperientziak.

Eskolan ere, bertatik... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude