Sagarraren "azken mohikanoek" badute segidarik Baztanen

  • Azaroa izateko epel xamar dagoen arratsalde batean iritsi gara Baztango Arizkun herri txikira, eta frontoiko mural erraldoiak herriak sagarrarekin duen loturaz zerbait esan digu segituan. Batzabalea izeneko etxean sagarraz asko dakien gizon bat bizi dela kontatu digute: Pello Mendikoa Maritorena, “azken mohikanoa” edo “zuhaitzak landatzen dituen gizona”, elkarrizketa aurretik berari buruz kontatu digutenaren arabera.

Pello Mendikoa Maritorena eta Xabi Torres / Argazkia: Garazi Zabaleta

Pellori erreleboa hartu dion Xabi Torres Letona gaztea eta Mirentxu Mendikoa Mariezkurrena alaba ere batu dira tertulia forma hartu duen elkarrizketara, eta sagarraz hitz egiteko aitzakiarekin elkartu arren, beste hamaika kontu ere atera dira mahai bueltara: garai bateko bizia, anaiak Ameriketan izandako pasarteak, Baztanen urre bila aritu ziren alemaniarrei buruzkoak... gustura entzun ditugu denak, eta txorixo, gazta, sagardo eta sagar zukuak lagunduta, oharkabean —nola ez ba— pasatu zaigu arratsaldea. Pelloren Baztango hizketa azkarra harrapatzea zertxobait kostatu arren hasieran, ohitu da belarria. Kazetariak ez ezik, Xabik eta Mirentxuk ere egin dizkiote galderak.

Hemen, Arizkungo Batzabalea etxean jaio eta hazia zara. Nola zen inguru hau zure gazte garaian, sagarrondo asko izaten al zen?

Pello Mendikoa: Ni hazi eta sagarrekin hasi nintzenerako, asko aldatuta zegoen dena, errestoa zen gelditzen zena. Sagardietan sagarrondoak erortzen ari ziren, dena desegiten. Azkenean, galdu zen lehenagoko sagarraren behar hori, lehen sagarra eta gaztaina izaten baitzen elikaduraren oinarria inguru hauetan. Garai hartan sagar asko erreta jaten zen: ekonomikan erre eta errazioetarako edukitzen zuten. Han ez zen bromarik! Orain badugu denetarik, baina orduan, 1950eko urteetan, ez zen auserkitasunik [oparotasunik]!

Nondik nora piztu zitzaizun zuri sagarrondoekiko interesa?

P.M.: Ohartu nintzen ondo asko zahartuak zeudela eta sagarra ematez uzten ari zirela. Pentsatzen nuen, ‘lehengo sagar hura…’, baina falta zen, inon ez harrapatzen! Beste bat ere, hurrengo urtean, haizeak botata, berdin, gauza bera, galdua! Orduan hasi nintzen pentsatzen, zergatik ez dut neronek plantatzen eta hemengo sagarrak sartzen? Golden, reineta eta horiek nik ez nituen sartu nahi, horiek industrialak ziren eta baziren. Garai hartan hemen inguruan plantak saltzen zituztenek esaten zuten: “Lo mejor es golden o reineta…” (onena da golden edo reineta), eta jendeak hortik hartzen zuen. Hemengo klaseak, berriz, galtzen eta galtzen! Horregatik hasi nintzen.

“Hasi nintzen pentsatzen, zergatik ez dut neronek plantatzen eta hemengo sagarrak sartzen? Golden, reineta eta horiek nik ez nituen sartu nahi, horiek industrialak ziren eta baziren”. Pello Mendikoa

Zuk ezagututako lehengo sagar horiek galtzeko kezka zenuen, beraz...

P.M.: Bai, lehenbizikoa pena eman zidana badakizu zein izan zen? San Juan gorria. Bazen arbol ttar bat hemen hurbilean, gorri-gorri paratzen zen, behorrekin etortzen nintzenean jaten nuen eta, “bai sagar goxoa!”. Ondoko urte batez ez zuen, bada, haizeak bota, eta, adios! Ni gaztea nintzen, eta orduan hasi nintzen ohartzen, gustuko nuen sagar hura falta nuenean. Juan Kruzi esan nion lehenbailehen esateko zein sagar ziren, zeren, zenbaitetan entzuten bainituen sagar horien izenak, baina ez nituen ezagutzen, eta ezagutzeko lehenbailehen klase horiek txertatu behar ziren. Zuk nahi duzu sagarrondo bat? Bada, behar duzu jakin! Badakizularik, astia hartzen duzu, bertze planta bat sartu, txertatu...

Barietateak sagar basaren oinean txertatzen zenituzten?

P.M.: Zenbaitzuk bai, baina beste batzuk ez. Hor badakizu zer pasatu den? Oraingo mendeetan, nahi dugu lehenbailehen egitea, eta sagar basak behar du sei-zazpi urte esperatzea. Niri, orduan, komeni zitzaidan lehenbailehen ematen hastea, biltzen nituenak zein sagar ziren ezagutzeko. Beste oin batzuetan txertatuta, hiru-lau urtetarako ematen hasten ziren, eta… “Aiba! Hau halako sagarra da, eta beste hau holakoa…”.

Xabi Torres: Badira txertatu eta berehala sagarra ematen hasten diren oin batzuk, kasik urte batera edo bira, baina sagarrondo horiek bost, zortzi, edo hamar urte irauten dute. Badira beste batzuk mantxoago hazten direnak, baina horiek hamabost, hogei edo hogeita hamar urte irauten dute. Sagar basan txertatutako landareak mantxo-mantxo joaten dira, baina 100, 150 edo 200 urte ere iraun dezakete batzuk. Arbola handi eta indartsuak egiten dira.

Eta, lehen aipatzen zenuen San Juan gorria lortu al zenuen azkenean, edo galdu egin zen?

P.M.: Behin behorrei bazka ematen, harizti batean, hortxe ikusi nituen bi sagarrondo eginak, eta kuriositatez, ea zer ziren... bat basa zen, eta bestea San Juan gorria. Ez zen ikusten ordurako sagarrondo hori, eta ez nuen nik menturik! Baziren hemen bi anaia zurgin, eta haietako bati erran nion: “Baduk hori txertatzeko manerarik?”. Txertatu zuen, hartu zion, eta handik bildu nuen nik gero. Orain gutxi proba genetikoak egin dizkiote eta, badakizue nondik heldu den sagar hori? Enteratu berri naiz… Errusiatik! Kar, kar, kar.

Bertako zenbait sagar motari izena zerorrek jarri omen diozu...

P.M.: Noski, zer egin behar dut, bada! Iduzki sagarra, adibidez. Badakizu zergatik asmatu nuen izen hori? Sagar xabala da, Gartzabalaren tipokoa, baina azal hori-horia du, eta marra gorria, oso polita… eguzki aldera ateratzen zitzaizkion marra gorriak, eta horregatik jarri nion izen hori!

X.T.: Bai, eta bertzea ere, Ixursagarra, ez zenuen Aritzakundik hartu?

P.M: Hori ez al da Negu sagarra? Hemengo borda batetik atera genuen eta baratzean sartu. Ixursagarra deitzen da isurtzen delakoz, sahatsa bezala makurtzen delakoz. Sagar samina da, baina gozatzen denean ona da. Hemen inguruan baziren gehiago, eta behin solasean, “baina ez al da Negu sagarra hau?”, “Ez ba, Ixursagarra da!”. Ohartu ginen, sagar bera dela, baina aldika bi edo hiru izen ematen zaizkio.

X.T.: Bai, eta alderantziz ere pasatzen da batzuetan, zenbaitzuk izen bera erabiltzea sagar diferenterako…

P.M.: Hori bera pasatu zitzaidan Burdintxerekin. Gure aita beti Urtesagarra gora, Urtesagarra behera… eta behin, herriko batek bere etxera eraman ninduen sagarrak erakustera, eta galdetu zidan: “Ezagutzen dituzu sagar hauek?”, eta nik, baietz: “Zenbaitzuk esaten diote Burdintxe, eta beste batzuk Urtesagarra”. Bi izen erabiltzen ziren, sagar batentzat! Tira, niretzat Urtesagarra beste bat da, baina jendeak izen bera erabiltzen zuen bietarako.

X.T.: Egonsagarra da beste bat…

P.M.: Bai, baina egonsagarra ez da sagar klase bat, sagar konkretu batzuen ezaugarria da. Irauten duten sagarrak dira, luze irauten dutenak. Burdintxe, adibidez, luze egoten da, eta Negu sagarra ere bai. Horiek dira egonsagarrak. Askotan, hostoak fiteago galtzen dira sagarrak baino!

Norekin ikasi zenuen zuk sagarrondoez, Pello: horiek zaintzen, txertoak egiten…?

P.M.: Aitak bazekien, hark mizpira txertatzen zuen, eta horrela, ikusiz ikasi nuen. Gogoratzen naiz egin nuen lehendabiziko txertoa hemen izan zela, baratzean, eta ez oinean eh, goitian, adar batean izan zen! Ondoa aitarendako zen, niri ez bazidan ongi hartzen ondoa izorratzen baitzen! Badaezpada… eta horrela, adar batean egin nuen lehenbizikoa, eta hartu zuen! Hara ez zen orkatzik iristen, gainera! (barreak). Behin ikasita, gero zerorrek egiten duzu, batzuk ateratzen zaizkizu, ondoko aldean beste batzuk agian ez… bada, ariz ikasten da!

Nola izaten da txertatzeko prozesua?

P.M: Mentua ateratzen da lehenik, urtean bertan atera den adartxoa.

X.T.:  Pellok errana dit niri mentua nola atera: moztu, trapu heze batekin inguratu eta lurpean sartzen da, eta hor hamabost egunez edukitzen da, mentua lo egotea nahi dugulako. Txertatu behar den ondoa mentua baino piztuago egotea nahi dugu, eta berotzen edo pizten hasten den momentuan… taka! Txertoa egin, eta mentua ere pizten du oinak.

Eta nondik ikasi zenuen zuk, Pello, metodo hori?

P.M.: Nik ez dut ezer asmatu, hori beti ezagutu izan da. Aunitz da gauzetaz ohartzea. Leituko duzu aunitz agian, baina behar duzu ohartu gauzetaz, behatzailea izan, bestela ez zara deustaz enteratzen.

Mirentxu Mendikoa: Bai, eta hori da aitaren izaeraren gauzetako bat, bertze begiratzeko modu bat duela, bertzeok ohartzen ez garen gauza askotaz ohartzen da bera.

Orain arte sagarrondoez bakarrik aritu gara, baina pentsatzen dut beste landare eta arbola askok ere jasoko zutela begiratu berezi hori, ezta? Txikitatik datorkizu interesa?

P.M.: Nik bederatzi bat urte nituela, baziren mindeitziak (mintegiak) inguruotan, eta horietako batek bizpahiru mila haritz planta sartu zituen hemendik hurbil, hiru urteren buruan saltzeko. Hark erakutsi zion ni nintzen bederatzi urteko mutikoari adartxoak nola moztu: “Erdikoa, xuxenena, utzi ezazu, eta beste bazterrekoak moztu”, esplikatu zidan. Hor sartu zitzaidan afizioa! Ostegun arratsaldeak libre genituen eskolatik, eta hantxe joaten nintzen kimatzera, klax-klax-klax… pentsa, milaka ziren!

M.M.: Istorio polita dago hor, gainera. Gaur egun harizti horrek 60 urte inguru izanen ditu, eta horietako batzuk hemen, gure etxean ere landatu ziren. Bada, haizeak bat bota zuen duela gutxi, eta teilatua berritzera gindoanez, estruktura berrian sartzeko aprobetxatu genuen haritzaren zura. Polita da aitak prozesu guztia ikusi izana: berak umetan landatutako landareen zura dugu orain etxeko teilatuan, zikloa itxi da.

Anaiarekin partekatzen omen zenuen zuhaitzekiko zaletasuna…

P.M.: Bai, nik eta anaiak, biok genuen afizioa. Anaia apaiza zen, eta Ameriketara joan zen misiolari, Massachusetts aldera, baina udaro etortzen zen, eta egun batean Bertizera joan ginen. Han, arbolei begira, bururatu zitzaigun: “Joño, hemen egiten badira, etxean ere eginen dira!”. Anaiak esan zidan Ameriketatik bidaliko zizkidala haziak, nik nahi nituenak, eta Aritzakuneko bordan hasi nintzen arbolak jartzen: badira sekuoiak, gereziondo japoniarrak, zedro gorria, Afganistango izeia, Indiako pinua, Libanoko zedroa, Sitkako izeia, pantano altzifrea… hektarea bat dago hor landatua.

“Aitak mizpira txertatzen zuen, ikusiz ikasi nuen. Egin nuen lehendabiziko txertoa hemen izan zen, baratzean, eta ez oinean eh, goitian, adar batean izan zen! Ondoa aitarendako zen, niri ez bazidan ongi hartzen ondoa izorratzen baitzen!”. Pello Mendikoa

Eta, hurbileko jendeak ulertzen al zuen zure afizio hura, zer esaten zizuten?

P.M.: Ja! Ez zuten deus erraten… nik uste nuen basozainek galdeginen zidatela, baina ez, inor ez zen etorri. Interes falta izanen zen, seguru. Garai batean ez zegoen oraingo presarik, jendeak plantatzen zuenean badakizu zer erraten zuen? “Norbaitek harrapatuko dik!”, ez zuten pentsatzen “Nik ez badut hartuko ez dut plantatuko…”. Hori akats bat da. Baina oraingo jendeak ez du ulertzen. “Zertarako?”, galdetzen dute. Garai bateko mentalitate hori galdu da guztiz.

Baina, halako batean, Xabi eta konpainia agertu zitzaizkizun jarraipena emateko gogoz. Zer pentsatu zenuen? Zeren, zuk gordetakoa galtzeko kezka ere izanen zenuen…  

P.M.: Nik beti pentsatu nuen, “hemendik 20 urtetara norbait agertuko duk!”. Bai, beti pentsatu nuen hori. “Ni joanen naiz, baina beste norbaitek jarraituko du”. Hi bezala (Xabiri zuzendu zaio), noizbait umeak-eta badituk, igual ez duk hik segituko, baina izanen duk beste norbait, eta hire jakintasun hori, hik ikasitakoa pasatuko diok beste norbaiti. Bai, bai, beti pentsatu nuen nik hori, eta begira, agertu ziren!

Eta zuek, Xabi, nondik nora iritsi zineten Pellorengana, zerk mugituta?

X.T.: Ni 97an txalaparta klaseekin hasi nintzen Larraldetarrekin, eta hortik kirikoketa ezagutu nuen: euskal perkusioko aldaera bat da, sagarra jotzeko pisoiak hartu eta patsola gainean laneko tresnekin egiten zuten musika. Kirikoketa ikasi eta hasi ginen pixkanaka bertakoari balioa ematen, musika tresna lanarekin lotzen. Hemen bazen dolaredun etxe zahar bat, eta hura berritzeari ere ekin genion, gerora gure kultur taldearen egoitza bihurtu zena, Gamioxarrea. Pentsa, lehen ez nekien hemen sagardoa egiten zenik ere, baina begira noraino dauden gure eraikinak eta historia horretan oinarrituak. Sagar batek atzean aunitz du kontatzeko. Horrela, kirikoketatik kantutegia ezagutu genuen, arkitektura, paperak, historia… eta ezagutu genuen Pello bezalako jendea ere.

Eta pixkanaka, horien erreleboa hartu duzue…

X.T.: Bai, eskerrak oraindik baden horrelako jendea, guzti honek duen balioa ikustarazten dizuna. Hauek inguruarekin kontaktuan egoteagatik sekulako ezagutza zuten. Azkenean, galtzen da sagarrondo bat eta galtzen da mendeetan metatu den jakintza eta balio bat. Orain da hori ekiditeko momentua, zeren bertzela, Pello bezalako ‘azken mohikanoak’ gelditzen dira, azkeneko oihartzun batzuk, aunitzetan paperetan besterik ez daudenak... Jendea bere hurbilekoaz arduratu da normalean: Gipuzkoan hangoaz interesatu izan dira, Asturiasen berdin... Bada, Baztanek badu bere interesekoa den jakintza metatu handi bat ez dena munduko errealitatetik eskapatzen, eta galtzen ari dena. Beraz, aski dugu elkarren jakintza gero eta gehiago hartzea, hurbileko gauzak hobeki ezagutzea eta ogia lortzeko moduak ere ahalik eta hurbilen edukitzea. Hobe hau dena ez galtzea, bestela, orduan bai egonen garela txatarretan pasiatzen mundu berri honetan…

-----------------------------------------------

TERTULIAKIDEAK

Pello Mendikoa Maritorena

1949an Arizkungo Batzabalea baserrian jaioa eta hazia. Txikitatik izan du landare eta arbolekiko interesa, eta besteak beste, Baztango sagar barietate zaharrak bizirik mantentzeko lanean aritu da, hiltzear zeuden sagarrondoei txertoak atera eta horiek galtzetik libratuz. Bere jarduna eta mimoa ez da sagarretara mugatu, dena dela: borda inguruan kanpotik ekarritako arbola espezie berezi ugari landatu ditu, ‘Bertizen egin badaiteke, hemen zergatik ez?’ ideiarekin. Inguruko zuhaitz zaharren gps-mapa buruan du, eta bera honezkero iristeko gai ez den zuhaitzetarako koordenatuak ematen dizkio Xabi Torresi: “Lekarozko X-bordaren atzeko murruan bada gereziondo oso berezi bat…”, edo “Z-etxean badute udare basa edo malkoa…”.  

Xabi Torres Letona

1981ean Elizondon jaioa, Jo ala Jo kultur elkartearen eta Kirikoketaren bidez hasi zen Baztango sagarraren munduan murgiltzen, gazte zela. Gamioxarreko dolarea eraberritzen aritu dira urteotan, eta horrekin batera, Baztango ondare garrantzitsu den bertako sagarraren inguruko jakintza eta ezagutza biltzeko lanean ere bai. Bide horretan jo zuen Pello Mendikoarekin eta aurreko belaunaldiko beste hainbatekin, harreman politari hasiera emanez. Berriki, Eztibeltza kooperatiba sortu eta Lekarozko Larraldea sagardotegiaren erreleboa hartu du zenbait kiderekin batera. “Orain arte egindakoari zentzua eman nahi izan diogu”, dio. Katea ez da eten, eta berezia da, gainera, belaunaldien arteko transmisioa familiako loturetatik harago eman izana.

Mirentxu Mendikoa Mariezkurrena

Pelloren alaba, elkarrizketa lotzeko eta aberasteko zubi lanak egin dituen pertsona eta mokadu goxoa prestatu duena. Aitaren bideari segidarik eman ez diola dioen arren, nabaria da urteotan harengandik ikasi eta jasotakoari arreta jarri eta bere egin duela.

-----------------------------------------------

BAZTANGO SAGARRAK

Pellok gordetako barietateak eta beste batzuei bilduak jaso ditu Torresek, eta bere baserriko sagardian ditu guztiak landatuak, mapa batean kolorez markatuta bakoitza zein motakoa, nondik ateratakoa eta nork emana den. “Apuntatu ze barietate ditugun!”, dio Pellok. Hor doa zerrenda: San Juan zuria, San Juan gorria, Amabirjinsagarra, Anis sagarra, Iduzki sagarra, Gartzabala, Burdintxe, Eztigorria, Eztizuria eta Eztibeltza (azken horri hartu dio izena Xabi eta konpainiaren kooperatibak), Ixursagarra, Negu sagarra, Reina de reinetas, Zizperrikobordako sagarra (Pelloren aitaren sortetxeari erreferentzia egiten diona), Udare sagarra, Fransagarra eta Mokatia. Eta ondokoak gehitu ditu Torresek: Narbarte gorria, Azukre sagarra, Irasagarra, Enaburua, Idaborro gorria, Buztinaga gorria, Iputzenea, Xuburu, Indatxipia… “Azken horiek sagarrok eman dizkiguten pertsonen edo tokien izena daramate, baina tira…”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sagarrondotik
2023-12-17 | Jon Torner Zabala
Stalinen mandatupean gatibu hil zen botanikari sobietarra

Nikolaï Ivanovich Vavilov, Moskun jaioa 1887ko azaroaren 25ean. Hainbat elikagai kultibaturen jatorria identifikatu zuen botanikari eta genetista. 1940an, Ukrainako lurretan haziak biltzen ari zela, polizia sekretuak atxilotu egin zuen, eta 1942an gulag batean sartu zuten... [+]


2023-12-17 | Jon Torner Zabala
Sagarrondu
Sagastia okupatu, hura biziberritzeko

Jaiotzez hangoak ez baina Donostia inguruan bizi diren zazpi-zortzi neska, trans eta bollerak osatzen dute Sagarrondu “desjabetuon ekoizpen taldea”. 25-30 urteren bueltakoak dira ia denak, kaletarrak, baina lurrarekin lotura dutenak; bakarren bat aritua da lehen... [+]


2023-12-17 | Jon Torner Zabala
Usurbilen, esperientzia parte-hartzaile eta burujabea

Usurbilen (Gipuzkoa), 30 urteren bueltan dabiltzan bost gazte sagardoa egiten hasi ziren duela zortzi bat urte. Beñat Irazusta, Mikel Rosales, Josu Furundarena, Aitor Pagola eta Joxe Mari Zubimendi –“kalekumea ez den bakarra”, Irazustak esan... [+]


2023-01-22 | Jon Torner Zabala
Eduardo Zubiria
Sagarrondoak 1.000 metrora landatu dituen eskultore matematikoa

Eduardo Zubiria, Iruñean jaioa 1963an, sagardogile eta artista matematikoa. Ama, oskoztarra; aita muskiztarra. Sustrai imoztarrak, Ultzamaldean. Badauzka han 100 urteko sagarrondoak, baita beste sagasti bat ere Erronkarin, mila metrotik gora. Artista moduan egurra lantzen... [+]


2021-12-26 | Jon Torner Zabala
Trebiñu sagardotegia
Udaberriko izotzetara egokitutako sagarrondo berantiarrak

650 metroko garaieran, izotza sarri, Araba erdian baina Burgosen, “lurralde ahaztua”. Trebiñuren bereizgarriek derrigor markatzen dute hango laborantza, sagarrarena tartean, 1998an Askartzan ireki zuten sagardotegiaren ibilbideak erakusten duenez.


Eguneraketa berriak daude