Amets Arzallus Antia

"Finalerako sorpresa bat bera ere ez egotea izan da sorpresa"

  • Abenduaren 17an BECen ikusiko dugu zein izango den hurrengo lau urtez Euskal Herriko txapeldun. Gaur gaurkoz, Amets Arzallus da txapeldun nagusia: 30 urterekin jantzi zuen lehena eta bigarrenaren bila joko du igandean. BECen kantatu duen hiru finaletan gailurra zanpatu du: hirugarren egin zuen 2005ean, Andoni Egañak Unai Iturriagarekin buruz-buru arituta bere azken txapela jantzi zuen urtean; Maialen Lujabiorekin buruz-buru arituta bigarren geratu zen 2009an, lehen emakumeak txapela jantzi zueneko hartan; eta Lujanbiorekin buruz-buru arituta jantzi zuen Arzallusek 2013an. Finalean entzungo dugu lehen aldiz kantuan aurtengo txapelketan, eta beraz, kanporaketetako saioak gertutik jarraitu dituzten bertsozaleen inkognita nagusietakoa horixe da: “Nola ote dago Amets?”.

Kattalin Miner @MKattalin
2017ko abenduaren 17a
Amets Arzallus eta Kattalin Miner. (Argazkia: Dani Blanco)
Amets Arzallus eta Kattalin Miner. (Argazkia: Dani Blanco)

Txapelketaren azken txanpan sartuta, nola zaude?

Ba ohiko plazako jardunean segitzen dut, normal. Neure burua hor entzuten dut eta hein handi batean probatu ere probatzen dut, baina nik ere badut gogoa neure burua nola dagoen jakiteko, zeren eta benetako momentua iritsi arte, eta txapelketaren estualdi eta estutzeko modu horiek guztiak presente eduki arte, ez duzu gehiegi jakiten nola erantzungo duzun.

Nola bizi izan duzu txapelketa orain arte?

Aski lasai, nahiko hurbiletik, saioetara joan naiz ahal izan dudan guztietan, eta orduan, barneratzen duzu pixka bat txapelketaren mugimendu hori. Beharbada, hainbeste joan naiz saioetara, azkenean tentsio horretara ohitu eta lasaitasun puntu batez segitu ditudala azken finalerdiak.

BECeko argazkia osatu da, eta esan dezakegu aldaketa eta sorpresa handirik gabe osatu dela.

Niretzat sorpresa bat bera ere ez egotea izan da pixka bat sorpresa. Hau da, finalista denak pasa dira finalera eta hori ez da hain erraza; final laurdenetatik datorrenak tentsioaren zama luzea dakarrela uste dut eta finalerdietan beharbada besteak freskuraren abantaila baduela, baina hala ere, finalistarik ez erortzea ez da batere-batere erraza. Nik ikusi ditut, finalistei buruz hitz egiten hasita, denak ere finalerdietan beren burua aski ongi defendatu dutela, ez dira txapelketako egoera guztiak errazak, eta aski ongi ikusi ditut kantukideak.

Esan dezakegu ondo prestatuta etorri direla, baina txapelduna, nola prestatzen da?

Egia esan, nahiko bakartia naiz nire prestakuntzan eta nahiz eta bertso-eskolan txapelketako simulazio bat egiten dugun, ez naiz asko aritzearen zalea, nahiz ondo datorren kontrastatzeko zure prestakuntza bakarti hori.

Kasu honetan nahiko bakarrik aritu naiz prestatzen, etxeko lanetara zentratua, neure gogoetak, neure irakurketak, idazketak egin ditut eta bertsoaren forma aldetik esperimentazioak… Neure lantxo horiek egin ditut eta ez naiz gehiegi elkartu ingurukoekin.

Akorduan daukat orain lau urte Aitor Mendiluzek agurrean hala esan zizula: “Txapela badoa eutsiko dion kaskora”. Nola bizi izan du kasko horrek txapelaren zama?

Gogoratzen naiz, hasieratan batez ere, pixka bat neure burua estutzeko joera hartu nuela eta horrek saio ostetan indigestio batzuk eman zizkidala. Hasieran, geure harremana pixka bat gatazkatsua izan zen eta nik uste denbora behar izan dudala doitzeko, egokitzeko, eta neuk ere gauzak lasaixeago hartzeko, eta esango nuke txapelaren itzal puntu horri bake pixka bat eman diodala, eta lau urteren ondoren, elkarbizitza nahiko onean iritsi garela honaino.

Nola ikusi duzu txapelketa? Zein usain, zer tenperatura hartu diozu aurtengoari?

Forma eta diskurtsoaren eztabaidan sartuz, uste dut azken urteetan bai izan dela ondorengoengan joera bat forma aldetik eta teknika aldetik bertsogintza oso teknifikatua egitekoa. Hain teknifikatua, bertsoaren inguruko hainbeste aldamio, ezen aldamioen atzekoa nekeza baitzen ikusten –exajeratuki esanda–. Eta nik uste dut pixka bat kontrako joera bai sentitzen dela, aldamioa pixka bat kendu, eta gehiago erakutsi barruan zer esan dezakeen bakoitzak edo gaiekiko ikuspegian eta hori ildo interesgarria da. Gero bakoitzak ditu bere gustuak eta bere motibazioak eta horiei segitzen die.

Sarri “belaunaldi berriez” hitz egiten dugu, baina, zertaz ari gara? Zein da zehazki belaunaldi berri hori?

Izan liteke bertsogintzaren joera desberdin bat dakarren belaunaldi baten kontua, nik ez dut uste modu hermetiko batean horrela denik ere. Belaunaldi gazteagoetan adibidez, gaur egun puri-purian dagoen gai bat aipatzeko, diskurtso feminista bat dago eta horrek badu bestelako bisualizazio bat, bestelako espazio bat, ikusten da kezka hori presente dagoela, eta gaietara eramana dagoela, baina uste dut belaunaldi zaharretik badatorrela bidea zabaltzeko lan hori.

Agian definitzeko modu ulergarriena izan daiteke, orain arte finalera pasa den belaunaldia eta orain arte finalera pasa ez den belaunaldia. Zeren eta bestela, esango nuke, plazan erreleboa emanda dagoela, belaunaldi berri hori lehengo batzuekin batera dabilela.

Gogotsu al doa Amets Arzallus BECera? Zer utzi eta kontatu nahi digu?

Bai, gogotsu noa, neure gogoetekin eta neure lanketak eginda, eta hori pixka bat azaltzeko irrikarekin. Gero, txapelketa oso-oso terreno mugatua da, ez da erraza han, egun batean, azaltzen zure pentsamenduen erradiografia general bat eta batzuetan esan nahi ez dituzunak ere ateratzen dira, eta hortik erradiografia ere egin diezazukete. Nire kasuan, uste dut jendeak aski ezagutzen nauela lehendik –hurbileko bertsozaleak behintzat–, eta ez du beste pertsona bat aurkituko. Izatekotan, nahiko nuke sakonago iritsi, lehengo bertsokerari eutsi, oraingo garaira egokituta: garaiko testuinguru politiko, sozial, kultural eta orotara. Uste dut bertso bakoitzak bizi garen garaiaren lekukotasuna ematea zor duela, eta nik, bizi dugun momentu honekiko nire kezka eta niri zer pentsatua eman didaten gaietatik zer pentsatu pixka bat eragin nahi dudala. Eragiten badu bertsoren batek zer pentsatu tanta bat norbaitengan, eguna justifikatua gelditzen da.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Bertsolaritza  |  Bertsolari txapelketa 2017

Bertsolaritza kanaletik interesatuko zaizu...
2019-03-13 | Dabi Piedra
Bertso Errondako finala
Gazte ikaragarriak

Bertsolarri lelopean, izuaren gaua antolatu zuten 7Katu gaztetxekoek Bertso Erronda txapelketako finalari ongietorri beldurgarria egiteko. Heriotzarekin lotutako mozorroak, armiarma-sareak hormetan behera, soinu misteriotsuak... bederatzi finalista gazteek panorama hori aurkitu zuten agertokira igo eta berehala. Gaitzerdi, beraiek ere mozorrotuta etorri ziren.


2019-03-05 | Bizkaie
Emakume bertsolarien lekukotzak batu ditu Uxue Alberdik

Plazan topetan dituen mugak identifikau ditu Kontrako eztarritik saiakeran.


2019-03-04 | Bertsozale.eus
Eneko Lazkozek irabazi du Atarrabiako finalaurrekoa, eta zuzenean sailkatu da finalera

Martxoaren 23an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den finalerako txartela lortu du Etxarri Aranazko bertsolariak, Atarrabian gaur izandako finalaurrekoan 399 puntu bildu eta saioa irabazi ostean. 250 bertsozale inguru elkartu dira herriko Kultur Etxean, saioa bertatik bertara jarraitzeko.


Xanti Zabalari omenaldia martxoaren 16an
Bertso idatziei ahotsa emateko garaia

2019-03-03 | Miren Osa Galdona
Zeruko Argia eta ARGIAko bertso jarriak
Xanti Zabala "Lexo"ren emaria

2019-02-25 | Bertsozale.eus
Arabako 3. final laurdena jokatuta definitu da hurrengo fasea

Aramaioko Kultur Etxean 170 lagun bildu ziren txapelketako bigarren saio honetan.


2019-02-18 | Bertsozale.eus
Zigoitin jokatu zen 2. final laurdena

Zigoitiko Kultur Etxean 80 lagun bildu ziren txapelketako bigarren saio honetan.


2019-02-18 | Bertsozale.eus
Joanes Illarregik irabazi du Iruritako final-laurdena, eta zuzenean sailkatu da finalaurrekoetara

Martxoaren 10ean Lesakan jokatuko den finalaurrekorako txartela lortu du egungo txapeldunak. 200 bertsozale inguru bildu dira Iruritako Gizarte Bilgunean, saioa bertatik bertara jarraitzeko.


2019-02-18 | Bertsozale.eus
Josu Sanjurjo nagusitu da Lizarran jokatutako azken final-laurdenean, eta osatu dira txapelketako finalaurrekoak

Martxoaren 10ean Lesakan jokatuko den finalaurrekorako txartela lortu du Lesakako bertsolariak. Behin final-laurdenak bukatuta, osatu da txapelketako finalaurrekoetan ariko diren 18 bertsolarien zerrenda. 130 bertsozale inguru bildu dira Lizarrako Gazteriaren Etxean, azken final-laurdena zuzenean jarraitzeko.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude