ARGIA.eus

2020ko ekainaren 06a
Alejandro Tapia

Sotil eta bare

Xabier Gantzarain @gantzarain
2017ko abenduaren 03a
Izenik gabe (2006). Olioa, 18 x 22 cm.
Izenik gabe (2006). Olioa, 18 x 22 cm.

Usurbilgo Sutegi aretoan egon da ikusgai, azaroaren 3tik 12ra, erakusketa isil eta delizios bat. Usoa Zumetak egin ditu komisario lanak, artistak estudioko leku kuttunean gordeta zeuzkanak hartu eta jartzea besterik ez duela egin esanez agertu da umil, baina loriatzen du erabakiak, soiltasunak mesede egiten zion, ez zuen gehiago behar.

Lanak ere halakoxeak dira, soilak, sotilak, isilak, bareak. Zaratarik egin gabe joan zen Alejandro Tapia Aiestaran (Aginaga, 1930eko azaroaren 26a – 2016ko abenduaren 24a). Bere omenez jarri dute erakusketa, atera dute katalogoa, banatu dute bisitarien artean. Eta ikusleak eskertzen du, baina pena ere ematen dio, papereko argazkiak koadro hau ikusi zuen instant hura ekartzen baitio gogora, eta harekin batera, eta batez ere, hura berritu ezina.

Anjel Lertxundik eta Bernardo Atxagak idatzitako bi testu dakartza katalogoak, eta halaxe jasotzen du Atxagarenak: “Batzuetan, Basho eta bere lagunen poematxoetan bezala INSTANT bat jasotzen diate, zeru baten azken argia”. Naturari begira bizi izan da artista, dena egiten zaio miragarri bere soilean, paisaia beti da bere barne paisaia.

Atxagarena da hau ere: “Baserriko seme, langile Tolosa eta Donostiako errestaurazio tailerretan hamalau urtez geroztik, Tapiak 1962an erabaki zuen bere burua osoki pinturara ematea, garai hartan ospetsua zen Eguberritako Saria irabazi ondoren. ‘Lana utzi behar duk?’ –esaten omen zioten etxean inguruko mundua gogoan hartuz. Ez baitzegoen inguru hartan ez pinturarako girorik eta ez koadro erosle jakinik. Ordea berak barne-barneko aspirazioa zuen pintura, ezin zuen nahi hura burutik kendu, eta arriskatzea erabaki zuen”.

Eskerrak batzuek arriskatzea erabaki zuten, eskerrak batzuek edertasunaren alde egiten duten.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Pintura  |  Usurbil

Pintura kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2017ko abenduaren 03a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude