"Luhuso efektua armagabetze bidean izan zena izatea nahi dugu Parisko manifestazioa"

  • Baiona, 1979. Hazparneko Herriko Etxean hautetsi abertzalea da egun, bertakoa da izatez. Presoen aldeko Askatasuna elkarteko kidea izana. Bake Bideako presidentea da, Aieteko Bake Konferentziaren ondoren sortu zen mugimendua. Aiete lehenik, Luhuso herriko gertakariak ondoren eta Baiona  erdigune izanik ETAren armagabetze ekimenak mugarri izan dira Ipar Euskal Herrian. Anaiz Funosasek erran digunez, “Parisen, abenduaren 9an, manifestazioa beste mugarri bat izatea” espero dute.

     

“Ez dezagun inor tronpatu, euskal afera ez dago Barne Ministerioaren agendan, Frantziako Estatuaren agendan”

Aieteko Nazioarteko Konferentziatik sei urte iragan dira; 2011ko urrian egin zen. Iparraldeko jendartearen ordezkaritza zabala bildu zen bertan, hainbat hautetsi barne. Bake Bidea haren ondoren sortu zen. Ipar Euskal Herriko eragile politikoak euskal gatazkaren konponketan aitzindariak izan dira harrezkero.

Zer ekarri du Bake Bidea mugimenduak azken sei urteetan?

Hasteko, bake prozesua aitzina eramateko kontzientzia hartze gisako bat. Jendarteak bake prozesuan toki bat duela eta bere parte-hartzea funtsezkoa dela   sinestea erdietsi dugu. Aieteko Adierazpena izan zenean, eragile ia guztiek bakea negoziazioaren eskemaren baitan bideratuko zela pentsatzen zuten, hots, gobernuen eta talde armatuaren arteko elkarrizketen logikaren bidean. Aieten aldaketa eman zen, zeregin hori delegatu baitzen. Aldaketa ez da gure lanaren ondorioz bakarrik eman, baina logika hura aldatu da. Bidez bide, jendarteak ulertu du zein den egin beharreko bidea, poliki-poliki urratzen ari dena; hots, bidea gero eta adostuagoa bada, bake justu eta iraunkorrago batera iritsiko gara. Iparraldean hori gauzatzeko oztopoak izan ditugu bistan da, alta, horiek helduleku izan daitezen lan asko egin dugu. Etapaz etapa, beste etapa batera iristeko asmoz, adostasuna lortzeko bidean, ikasiz. Lehen ideia hauxe izan zen: adostu dezagun bide bat eragile politiko guztien artean, lurralde honek Frantziako Estatuari zer eskatzen dion garbi adierazteko.

Aieteko adierazpena Hegoaldean izan zen, baina Iparraldean zinez mugarria.

[Donostiako] Aieten bizi izan zenak inarrosi zuen Iparraldea. Adierazpenak hemen behar genuen bidea irekitzen lagundu zigun. Hautetsien eta mugimendu sozialaren artean bide bat adostu izana urrats handia izan zen. Gatazkaren soluziorako irtenbide moduko bat ikusarazi zigun. Ondorioz, Frantziako Estatua euskal gatazkaren inguruan kontzientzia gisako bat hartzen joan dela erran dezakegu. Duela sei urteko giroa eta egungoa ez da bera. Bake Bidea-ko kideok inoiz baino argiago ikusten dugu bake prozesuak nondik pasa behar duen…

Nondik pasa behar du?  

… bada armagabetzea egin ondoren, presoen auzibideari konponbide bat emateko behar diren mekanismoak ongi aktibatu behar ditugu, ondoren, prozesua bermatzeko. Bake bide honetan lehentasuna Iparraldeko eragile guztientzat, presoen auzia konponbidean jartzea da, baina, presoen auziaz batera, biktimen arazoari kasu eman behar zaio prozesuan. Bake Bideak presoen kolektiboak [EPPK-k] uztailean ezagutarazi zituen gogoetez balorazio baikorra egin du. Horrek presoen auziari irtenbide integral bat ematen lagundu dezake fase berri honetan. Izan ere, sei urte pasa dira Aietetik hona, eta presoen auzian ez da aldaketarik izan, familiek segitzen dute dispertsioaren politika pairatzen. Presoen auziak lehentasuna dauka. Horretarako dator abenduaren 9ko Parisko manifestazioa.

Aieteko Adierazpenaren ondoren, Luhusoko atxiloketak eta ETAren armagabetzea ekimen mugarriak izan dira.

Beharbada, Hegoaldeko jendea ez zen arras ohartu hemen urratzen ari zen bideaz. Luhusoko gertakariek iraganaren eta geroaren arteko mugarri bat ezarri zuten prozesuan, bereziki, hainbat jendek arrisku handia hartu zutelako. “Luhuso efektua”-k Hegoaldeko jendartean eragin zuen. Iparraldean denok bagenekien, goiz ala berant, hemengo gizarte zibilak iniziatiba hartuko zuela. Baina lehen urratsa, berriz diot, Aieten eman zen, hemengo eragile politikoentzat mugarria izan zen. Lehen aldikoz, Frantziako Estatuan Iparraldeko jendartea eta hauen ordezkaritza bakea sustatzeko eragile bezala kontuan hartu da nolabait.

Luhuson jende esanguratsua atxilotua izanak –bakegileak izendatuak– jendartean eragin du bereziki.

Aldaketarako ukaldia orduan eman zen. Teorizatzeaz harago, bake bidean gizartea aktibatua izatea zein garrantzitsua den agerrarazi baitzuten atxilotuek. Luhuson gertatua gogoeta partekatua izan da jendartean: armagabetzea gizarte zibilarekin batera egin behar dela berretsi zen, prozesua jendartearen babesarekin egin behar dela. “Luhuso efektua” deitua izan da horregatik, eta horregatik aitzina hartu zutenei eskertu zaie behin baino gehiagotan, arriskua hartu izateagatik. Arrisku horiek bake prozesua bideratzeko ezinbestekoak izan dira.

Egun zein unean dago bake prozesua? Bakea ideia lausoa baita, betiere.

Engaiamendu hau hartu dugunok badakigu, armagabetzea berez ez dela bakea. Baina, arriskuak arrisku, gero eta gehiago engaiatzeko unean gaude. Bakegileek erakutsi duten filosofiaren ildoan bidea areago irekitzen lagundu behar du jendarteak, jendeak badaki armagabetzeak ez duela bakea ekarriko. Izan ere, armagabetzea bake prozesuaren ondoren gauzatu izan ohi da, akordio baten baitan. Aldiz, hemengo bake prozesua eta beste herrialde batzuetan eman diren bake prozesuak ez dira berdinak. Euskal Herrian bake prozesu batean gaudela dio Bake Bideak, ez negoziazio eskema batean, beraz, gure engaiamendua elkarbizitza eraikitzeko bitartekoak lantzen joatea da, elkarbizitza sustatzeko bide bat osatzea.

Armagabetzea eman ondoren, jendartearekin batera, bakegileak, gizarte zibila eta lurraldeko hautetsi gehienak engaiamendu baten baitan ari gara. Kontziente gara, auziari irtenbidea emateko, mekanismoak ezarri behar ditugula justizia trantsizionalaren baitan.

Iparraldean beste kultura politiko bat dagoela ohartu dira Hegoaldeko eragile politikoak. Zer iritzi duzu horretaz?   

Hainbat arrazoi daude horrela pentsatzeko. Adibidez, ni Askatasuna mugimenduko bozeramaile izan naiz, hemengo hautetsi batzuk seinalatu nituen errepresio garai latzenetan. Baina, Aietez geroztik elkarrekin lan egiten hasi ginen eta elkar onartzen ikasi dugu. Alta, horrek ez du erran nahi ados garela gure helburu politikoetan, baina ados jarri gara elkarbizitza sustatzeko. Gure konbentzimendua da, bake prozesua gero eta determinatuagoa bilakatu ahala, bake prozesuaren helburua zehatzagoa izan daitekeela, eta horrek berme gehiago ematen digula agertoki ahalik eta justuenera iristeko.

Ipar Euskal Herriko ordezkaritza esparru politikoko jende esanguratsuak osatua dago. Euskal Elkargoko lehendakari eta Baionako auzapez Jean-René Etchegaray, Giza Eskubideen Frantziako Ligako ohorezko lehendakari Michel Tubiana, Laborantza Ganbararen sortzaile Mixel Berhokoirigoin, Pirinio Atlantikoetako diputatu Vincent Bru, baita zu ere. Zer iritzi duzu beraietaz?

Lehenik eta behin, ardura politikoz ari den jendea da. Garai batean ematen zuen ezin zutela edo genuela [hautetsia da bera ere] gure erantzukizun hau hartu, alabaina, erakutsi dute posible dela, eta nik hori errekonozitzen diet. Kontzientzia hartze kolektibo bat eman da hemen. Hegoaldean, sektore politikoen arteko aldeak “definituagoak” daude, alde bat hemen eta bestea hor. Hemen ez dago ezagupen instituzionalik, ez da egon gatazka politiko baten bizipen azkarra. Hala ere, Aieteko adierazpenaren ondoren, hemengo sektore politiko guztiek onartu zuten gatazka politiko baten existentzia, hori izan da gakoa. Pausoa izugarria izan zen, euskal auziari zein soluzio eman behar zaion, denon artean adostu behar baitugu. Eta zeregin horretan, bidean denok zerbait jarri dezakegula sinetsi behar dugu, baita sinetsi ere Frantziako Estatuak ardura hartu behar duela bide horretan. Sinetsi behar dugu bide hori egiteko gaitasuna dugula, bide bat eraikitzen dela iraganean gertatu zena alde guztiek kontatua, ez baitugu interpretazio bera eginen, baina batak bestearena ulertu behar du gutxienez.

“Parisko Gobernuaren jarrerak ustekabean hartu gaitu. ‘Lan esparru berria’ zabaldu da euskal preso politikoaren auzian. Irekidura gisako bat da”, esan zenuten iragan astean. Itxaropen handia dago, antza.

“Ustekabea” ez da hitz egokia. Bake Bideak ez du hori erran. “Lan esparru berri” bat eraikitzera pasa garela “ustekabea” baino, azken urtetako lanaren ondorio bezala hartzen dut nik. Ipar Euskal Herrian eraikitako lan eskemari lotua dena, hau da, gogoetatu duguna praktikan jarri da gizarte zibilean, eta instituzioek eta hauen hautetsiek bide horretan batera aritzeko unea iritsi da. Batzuetan, hautetsiak eta eragile sozialak elkarren kontra jarri nahi baitituzte…

Nork nahi ditu elkarren kontra jarri?

Erran nahi dut, zenbaitetan instituzioek edo ordezkari politikoek beldurra diotela gizarte zibilari, batzuek bederen. Hemen, bake bidea abiatu zenean, ez zegoen, demagun Euskal Elkargoa. Gizarte zibilak ez zuen deusik, baina berak bultzatuta abiatu zen instituzioa, eta bidean noski, hainbat gorabehera izan dira. Bakegintzan ere, beti dira gorabeherak, baina bi aldeek ulertzen dute elkar eta aitzina goaz.

Apirilean hasi zen antolatzen abenduaren 9ko manifestazioa. Denbora luzez prestatzen ari den ekimena.

Hori da Ipar eta Hegoaldearen arteko desberdintasunetako bat, bizi ditugun bi erritmoen adierazlea. Hemen pauso esanguratsuak emateko badakigu denbora luze behar dela, presaka ibili beharrean, luzera begira aritu behar izaten dugu, emango den urratsa atzeraezina bilakatu dadin. Gu emeki ari gara, baina aitzina aldi orotan. Abenduaren 9ra begira lanean jarri ginenetik indar harremanak metatzen eta koordinatzen aritu gara, areago, aldi honetan Euskal Herriaz harago goazelako, Pariseraino. Ahalik eta bide zabalena ireki nahi dugu, ekitaldia mugarria bilakatu dadin. Orain arte une mugarri batzuk bizi izan ditugu, eta une mugarriak izanen dira berriz ere, konfiantza sendotzeko eta gizarte zibila areago aktibatzeko. Frantziako Gobernuak eman duen lehen pausoaren ondoren [Euskal ordezkaritzarekin biltzea] pauso finkoago bat ematen badu, une mugarri berria izanen da.

Manifestazioan zuhurtziaz jokatu behar da, beraz.  

Bai. Abenduaren 9ko manifestazioa ez dugu manifa soiltzat jo behar. Mugarri berri baterako beste urrats handi bat izatea nahi dugu. Luhuso armagabetze bidean izan zena izatea nahi dugu, une azkar bat, bihurgune bat, beste alde batera eramanen gaituena. Lana badago, zeren eta, esaterako, Madrilek ez digu uzten aitzinatzen, mugimenduak blokeatzen entseatzen da.

Pausoz pauso, baina pausatuki.

Bai, baina aitzina beti. Adibidez, Frantziako Gobernu berria apirilean osatu zen, baina euskal ordezkaritza ez zen gobernuak nondik nora joko zuen begira gelditu. Parisera joan ginen eta atean jo. Alabaina, ez dezagun inor tronpatu, euskal afera ez dago Barne Ministerioaren agendan, frantses estatuaren agendan.

Orduan?

Bada, guk “inposatu” behar dugu agendan egotea. Eta inposatzeko, Ministerioaren dosierrak mahai gainean ezartzen ari ziren unean, gu han egotea izan zen eragingarria. Euskal Elkargoa sortu berria zen unean, Jean-René Etchegaray presidentearekin batera joan ginen, Elkargoaren irailaren 23ko Batzar Nagusiaren mandatuarekin, halaber, Vincent Bru diputatu berria bertan zegoela. Beraz, ordezkaritza anitzak sostengaturik hauxe esan genien: Euskal auzia Asanblea Nazionalera eraman behar da. Frantses diputatuek gaia kontuan hartu behar dute, hasteko eta behin, giza eskubideak aintzat hartzeko. Baita erran genien ere, sei urte direla Aieteko adierazpena eman zenetik, bake nahia dagoela gure herrian eta horri begira hainbat urrats eman direla, hala nola, ETAren armagabetzea. Ez dela abiatu zen trena aldentzen eta joaten utzi behar.

Kuraia eta esperantza behar dira.

Kuraia bai, baina esperantza baino gehiago sinesmena behar da. Sinetsi behar dugu, sinetsi gabe ezin dugu aurrera egin. Ipar Euskal Herrian badugu sinesmen hori, gure baitan sinesten dugu, eta sinestearen poderioz sortu dugu egungo eragile politikoen arteko harremana. Gure konbentzimendua da gaitasuna dugula jendartea mugiarazteko. Sinestea da gakoa.

Aldaketa zazpi presoen estatusetan

Didier Agerre, Ibon Fernandez Iradi, Itziar Plaza, Jon Bienzobas, Zigor Garro, Asier Borrero eta Jon Salaberria euskal presoei DPS estatusa (Preso Bereziki Atxilotua) kendu zieten azaroaren 12an. Preso hauek partikularki seinalatutako zerrendatik kendu izanak esperantza zabaldu du bake prozesua bermatzeko lanean ari direnen artean. Frantziako Justizia Ministerioaren eta Euskal Ordezkaritzaren artean zabaldutako “lan esparrua”-ren lehen emaitza gisa ulertu daiteke. Bake Bideak aditzera eman duenez, Parisko manifestazioa urrats lagungarria izanen da.

Presoen gaia Frantziako Gobernuaren ordezkarien eta Euskal Ordezkaritzaren agendan dago, baina tentu handiz tratatua izan da orain arte. “Gaixo diren presoak”, “euren hurbiltzea” edota “zigorra  bukatzen ari direnen egoera” ongi bideratzea izan dituzte eztabaidagai mintzakideek. Horiei irtenbide egokia ematea omen da euskal ordezkaritzaren eskakizunen artean.

Aipatutako zazpi presoak DPS estatusaren barrutitik atera izana pauso garrantzitsutzat jo behar da. Hasteko eta behin, neurri horrek presoen eguneroko bizitza errazten du, baita euren mugimenduak askeagoak izatea ere. Esaterako, DPS estatusak EPPK-ren (Euskal Preso Politikoen Kolektiboa) ordezkari lanetan ari direnei modu eraginkorrean aritzea oztopatu izan die orain arte.

Orain, galdera da, Frantziako Estatutik heldu den neurri aldaketa honek nola eragin dezake Espainiako Gobernuaren jarrera immobilistan?

Mikel Asurmendi


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal bake prozesua
Atristain eta Inziarteren kartzelatzeekin hirugarren gradua fiskalaren esku dago, espetxearen esku egon beharrean

Xabier Atristain eta Juan Manuel Inziarte euskal presoak Martuteneko espetxera itzuli ziren joan den martxoaren 13an, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzak haien hirugarren graduei fiskaltzak jarritako helegitea onartu ondoren.


Blokeo egunaren harira, gibelapenezko 800 euroko isuna jaso dute bederatzi bakegileek

Otsailaren 2an epaituko dituzte beste hamaika bakegile, uztailaren 23an autopista blokeatzeagatik. Elkarretaratzera deitu du Bake Bideak, datorren ostegunean 13:00tan jarriz hitzordua Baionako auzitegi aitzinean.


2022-11-15 | ARGIA
Urtarrilaren 7an Bilboko kaleak betetzera deitu dute, euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko

Etxera bidea gertu lelopean manifestazio bateratua egingo dute Sarek eta Bake Bidea-Bakegileek, pandemiagatik bi urtez mobilizazio jendetsu hori egin gabe egon ostean. “Duintasuna eta bizikidetza lortzeko itxaropena” ere izango dituzte aldarri, euskal presoen... [+]


2022-06-23 | ARGIA
Uztailaren 23an Ipar Euskal Herria blokeatuko dute Parot eta Esnal aska ditzaten

Hori adierazi dute Bake Bideaneko ordezkariek ostegun honetan Luhuson egindako agerraldian. Azkenekoz, ekainaren 9an eta 15ean aztertu zuen Frantziako justiziak Ion Parot eta Jakes Esanen askatasuna, eta epaileek haien baldintzapeko askatasunaren alde egin zuten, baina... [+]


Anaiz Funosas, Bake Bidea
"Onartu daitezkeen baldintzapeko askatasun horien aitzinean harresi bezala jokatzea deliberatu dute"

Jakes Esnal baldintzapean aske uzteari buruzko erabakia uztailaren 21era atzeratu dela jakin aitzin izan da ARGIA Anaiz Funosas Bake Bidearen bozeramailearekin –Ion Paroten kasuan, datorren astean jakinen da erabakia–. Badu 32 urte kartzelan direla. Pairaturiko... [+]


Eguneraketa berriak daude