Mezulari prekarioak kooperatiban antolatzen Deliverooren aurrean

  • Bartzelonan ari dira bat osatzen, Parisen beste bat kasik prest daukate, Toulousen ba omen dago bat martxan... Hiri handietan jaki azkarrak jatetxeetatik etxebizitzetara banatzen dituzten bizikletazko mezulariak kooperatibetan antolatzen hasi dira, Deliveroo bezalako konpainiek horietako asko kaleratu ostean. Milioika jende prekariotzara kondenatu dituen 'Gig Economy' delakoaren barruan duintasunez bizirauteko ahalegina da, zailtasun askoren artean ernea.

Argazkia: EFE
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Bartzelonan Glovo eta Deliveroon aritutako mezulariak rider kooperatiba berria antolatzen ari dira. Joan den udako grebaren ostean erabaki dute ekonomia sozialeko enpresa bat sortzea etxez etxe jakiak banatzeko. Albistea zabaldu du CNTtik hasita USO arteko sindikatu guztiek babesten duten El Diari del Treball hedabide katalanak.

Bizikletazko banatzaileen eskubideak defenditzen dituen Ridersxderechos mugimenduko kideak ari omen dira kooperatibagintzan. 2018 hasieran martxan beharko lukeen elkartea osatzen ari dira bai oraindik bi konpainietan ari diren batzuk eta baita udako grebaren ostean Deliverook deskonektatutako mezulari batzuk. Neoliberalen zapo-hizkera berrian, langile bat ez dute kaleratzen, deskonektatu baizik. Deliverooren enkarguak egiten zituzten txirrindulariak konpainiari internetez lotutako langile autonomoak zirenez, konexioa eten eta kito.

Kooperatibak azken finean lehengo enpresaren lan bera egingo duenez –orain langileak izanik beren buruen nagusi– bezeroak, jatetxeak eta banatzaileak internet bidez lotuko dituen aplikazioa behar zuen eta dagoenekoz prest omen daukate, funtsean orain arte ezaguna egin den negozio ereduari jarraituz: App hori eskuratzea aski da sistemari lotutako edozein jatetxeri enkargua pasa eta horren berri istantean jasoko duten mezularietako batek berehala jakia etxe atariraino ekartzeko.

Orain artean konpainia handi batek jasotzen zuen etekinarekin jokatuko dute txirrindulariek bai lehiakorrak izateko eta bai beren lan baldintzak hobetzeko. Astean 20 ordugatik 400 euro kobratuz hasi nahiko lukete. Azken urteotan jakiak ez baina bestelako fardelen garraioa bizikletaz egiten duen Trevol kooperatibarekin ere elkarlanean aritzeko asmoa dute.

Parisen ere antzeko proiektu bat eraiki nahian ari dira. Irailaren 20an, Frantzia osoan Emmanuel Macronen lan erreformaren aurka burutuko ziren mobilizazioen bezperan aurkeztu zuten publikoki Coopcycle proiektua, mahaian egon zirelarik bizikletazko mezulariak –tartean CLAP Parisko Mezulari Autonomoen Kolektiboaren sortzailea–, sindikalistak, ezkerreko politikariak eta prekaritzaren aurka ari diren jendeak.

Bildutako 150 pertsonen aurrean eztabaidatu zuten langileei uberizazioak ekarri dizkien arrisku berriez. “Uberizazioa hedatzen baldin bada, langileen babes sistema osoa suntsiaraziko du” esan zen bertan, Fanny Dollberg kazetariak bildu duenez. Uber konpainiak izena eman dion eredu honek taxi, mezulari edo beste edozein zerbitzu burutzen dituztenak langile autonomotzat erabiltzen ditu, elkarren konkurrentzian jarrita haien babeserako sortutako edozein lege edo arau urratzeraino.

Sakabanaturik biziraun behar duten beharginon zintzurra estutzeko edozerk du balio. Deliverook Parisko banatzaileei abuztuan jakinarazi zien ez ziela gehiago pagatuko orduka, egindako enkargu bakoitzeko baizik. Soilik horrekin mandatariek hilero beren soldataren  %30 galdu dezakete. Gainerakoan –Londresen CitySprint konpainia auzitara eraman zuela-eta ARGIAk urtarrilean plazaratutako kronikan azaldu zuenez– ez gaixotasun atsedenaldirik, ez langabezia eskubiderik, ez erretretarik. Horra XIX. mendea XXI.ean.

Bilkuran Parisko Udalean zinegotzi ezkertiarra den Danielle Simmonetek esan zuenez, “uberizazioak suizidio kolektibo baten konplize egiten gaitu, hau kapitalismoaren 2.0 aroa da”.

Irabazle jarrera behar duzu

Uberizazioak ez dirudi fite zimeltzeko lorea, munduan onddoen gisan ugaritzen dira lidergo ekintzaile neoliberaletan blai egindako enpresari-nahi gazteak eta horiek sortutako start-up distiratsuak.

Bizi laburra dute askok. Joan den udan erori da –jaki azkarren bizikletazko banaketaren alorrean jarraitzeagatik– Espainian asko txundituta zeuzkan Jinn konpainia, gazte espainiarrek Londresen kokatua. Europan zabaldutako ordezkaritza guztiak itxi ditu uztailean, eta Londresen zeuzkan 120 langileetatik 20k bakarrik jarraitzen zuten udazkenean, Deliveroo erraldoiari konkurrentzia egiteko lehian hondoratuta.

El Confidencial-ek egina du Jinnen ibilbidearen kronika. Start-up bat nola hasi, hazi eta amiltzen den ulertzeko zenbait pista ematen ditu, baina baita konpainia horietako lider ekintzaileen artean dagoen ideologiaren irudia osatu ere. “Pertsona bati orduka pagatzen badiozu, ez duzu motibatzen lana gogor egin dezan. Enkargu batean ordubete emango du, denborak ez baitio axola (...) Lanerako gogoa duenak dirua irabazten du. Gizakia genetikoki programatuta dago ahaleginean egoskortzeko, baina orduka kobratzen baduzu eta euria hasi, ez zara mugitzen. (...) Irabazle jarrera baldin baduzu ez zoaz manifestazioetara”. Alegia, Jinnek bigunegi jokatzeagatik egin zuela porrot, Londresen ordainketa orduko 9,5 libratik enkarguko 7tara jaitsi zuelako, bitartean Deliverook  mezulariei jaitsi zienean orduko 8 libratik enkarguko 3,5eraino.

Jinn izango zenaren lehen urratsak 2012an eman zituzten hiru gazte espainiarrek AEBetako Richmondeko unibertsitatean. Bidai partekatuetarako App batekin hasita, jo zuten start-upen azeleratzaile batengana, lehenbiziko finantziazio bila. Espezialista honek negozioaren ikuspegia aldarazi eta inbertsio berriak aurkitzen lagunduta, 2014rako 200.000 libra bilduak zeuzkaten. 2016ko martxoan iritsi ziren 20 milioiko inbertsioetaraino. Abuztuan dena joan zitzaien pikutara.

Jaki azkarren banaketako konpainien artean, hainbeste handitze distiratsu eta porrot deigarriren azpian zein negozio eredu dagoen ikertu eta azaltzen saiatu da Corporate Watch, konpainia kapitalisten eragin sozial eta ingurumenezkoak aztertzen dituen elkartea. “Deliveroo, where is the money?” dossierrean erakutsi duenez, Deliveroo dirua galtzen ari da, eta asko: dena kontabilizaturik 129 milioi libra. Kontua da kapitalismoaren fase honetan Deliveroon 600 milioi inbertitu dutenek ez dutela bilatzen urteko etekina, bestelako aposturen batean irabaztea baino. Zer ote dago jokoan?

Batetik, ea Deliveroo izango ote den gero eta zabalagoa den jaki sukaldatu berrien banaketan munduko nagusietarik, familiek etxean sukaldea gero eta gutxiago usatuko omen duten mundu batean; sukaldari eta jatetxeak ere uberizatzen hasi dira. Bestetik, ea jakien banaketaren oinarrian dagoen plataforma teknologikoa zabaldu ahal izango den bestelako banaketetara. Banatzaileek bezeroen bizimodu eta ohiturez bildutako informazio multzoak ere balio handia izango du etorkizunean. Casino Capitalism honetan, dirua inbertitu ez baina jokatzeko beste motibo bat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Prekarietatea
2025-08-28 | LAB sindikatua
38 urteko garraiolari bat hil da Erriberrin

LABek jakin ahal izan duenez, Iruñeko garraiolari bat hil da asteazken goizaldean Erriberrin, lanerako zerabilen kamioia bidetik atera eta irauli ostean.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Bi langile hil dira lan istripuetan pasa den astean

Abuztuaren 13an, 54 urteko Nafarroako garraiolari bat hil zen Bartzelonan deskarga lanak egiten zituen bitartean. Hurrengo egunean, Errenteriako Merkaoiartzunen 58 urteko langilea hil zen istripu ez-traumatiko baten ondorioz.


2025-07-03 | Leire Artola Arin
Marbellako zerbitzari baten egunerokoa: prekaritatea, gehiegikeria eta turismoaren mendekotasuna

Udako opor hauetan ez dira gutxi izango Andaluziako eguzki eta ur epel bila doazen euskal herritarrak. Kontrako bidea egin zuen Ana Geranios (San Pedro Alcántara, Andaluzia, Espainia, 1988) kazetari eta idazleak martxo amaieran, Euskal Herrira etorri baitzen Costa del... [+]


Non daude kaparrak?

Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]


Lan heriotzak salatzeko Jaurlaritzaren Bilboko ordezkaritza blokeatu du LABek

Aurreko astean lan istripuen ondorioz sei behargin hil zirela salatzeko, 60 bat lagunek Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzako sarrera blokeatu dute. Ertzaintzak bertan zeuden pertsonak identifikatu ditu. LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, dagoeneko 26 dira aurten... [+]


Atxondon hildako langilea “diru-gosearen” biktima izan dela salatu du AHT Gelditu!-k

AHT Gelditu elkartearen esanetan, AHTren obretan asteartean izandako heriotza bezalakoen atzean "esklabotza-baldintzak" eta "tratu arrazista umiliagarri eta iraingarriak" baino ez daude. Atxondoko Udalak gertatutakoa ikertu eta argitzeko eskatu du. AHTko obretan... [+]


2025-05-29 | ARGIA
Asteko laugarren langile hila, Bilbon, teilatutik erorita

Ostegun goizean hil da langilea, Bilboko José María Ugarteburu kalean. Astelehenean bi langile hil ziren, Andosillan (Nafarroa) eta Atxondon (Bizkaia), eta asteartean beste bat Amurrion (Araba).


Lan heriotzak ez normalizatzeko deia zabaldu du Aiaraldeko Greba Batzordeak

Dozenaka lagun elkartu dira gaur arratsaldean Aiaraldeko Greba Batzordeak (SOS Aiaraldea) Tubos Reunidoseko lan heriotza salatzeko deitutako mobilizazioan. Laneko heriotzen "odolustea" salatu eta egoera ez normalizatzeko deia luzatu dute.


Eragozpenak errepidean

Pasa den asteko berria dugu: Irunen 67 urteko garraiolari bat hil zen, kamioia kargatzen ari zela. Errepidean izan balitz, “eragozpenak errepidean” entzungo genuke; ondoren, baxu antzean, “kamioilari bat hil da istripuan”. Gipuzkoa aldean trena hartzea... [+]


Inko Iriarte (LAB): “Prebentzio neurriek egiten dute huts behin eta berriz”

"Prebentzio neurriek egiten dute huts behin eta berriz", salatu du LAB sindikatuko lan osasunerako Nafarroako arduradun Inko Iriartek. Atzo izan zen azken lan heriotza. Andosillako lantoki batean karga gainera erorita zendu zen 49 urteko errioxarra. Hamaika egunean... [+]


2025-05-27 | ARGIA
Azpikontratatutako langile bat hil da Amurrion teilatutik behera erorita

Tubos Reunidos enpresan ari zen lanean eta teilatutik behera erorita hil da, sindikatuek jakinarazi dutenez. azken honekin 22 dira 2025ean hil diren langileak.


2025-05-27 | ARGIA
50 urteko behargin bat hil da Andosillan, zama gainera erorita

Foruzaingoaren esanetan, ezbeharra gertatu den lekuan bertan hil da 50 urteko langilea. LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, urte honetan dagoeneko 21 langile hil dira beharrean ari zirela.


2025-05-22 | LAB sindikatua
67 urte betetzear zituen garraiolari bat hil da Irunen
LABek jakin duenez, herenegun, goizaldeko 6:30ean, TRANSDIPE S.L. enpresako S.S. garraiolaria hilik agertu zen Irunen, lanerako prestatzen ari zen kamioiaren aldamenean. Kamioia martxan zegoen, atea irekita eta zantzu guztien arabera, heriotza ez traumatiko baten aurrean gaude... [+]

Eguneraketa berriak daude