Hibridazioa: noiz ardoa eta noiz kalimotxoa?

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Lagun artean garela probestuz, aitorpen pertsonala egingo dut. Oso pertsonala. Kalimotxoa gustatzen zait. Ardoa ere bai. Coca-Cola ez hainbeste.

Literaturari buruz idatziko dudanez, ez dut irakurlea uxatu nahi. Horregatik hautatu dut horrelako metafora txoznatarra.

Ongi dakigun bezala, ardo-upel batean Coca-Cola tanta bat botatzen badugu, bertan dagoena kalimotxoa bihurtzen da. Ordutik, ezin dugu ardoa deitu, upel osoko edukia aldatu delako, oso Coca-Cola gutxi badago ere.

Ongi dakigun bezala, edale bezainbeste kalimotxo mota daude: ardo asko edo gutxiagorekin, Coca-Colarekiko proportzioa oso erabaki pertsonala da, norberaren nahierara. Horretan, zientziak ez du ezer esaterik. Alderantziz, ardo tanta batekin ere kalimotxoa egin dezakegu. Txarra, baina kalimotxoa azken finean, eta ez Coca-Cola.

Metafora agortuta, mamira goaz. Literaturara. Asko gustatzen zait irakurtzea (idaztea baino askoz gehiago, eta hobeto egiten dut, zalantzarik gabe). Fikzioa (eleberriak, ipuinak..) eta ez-fikzioa (saiakerak, biografiak…) oso gustura irakurtzen ditut, eta inoiz ez dut ulertu bien arteko mugak lausotzeko edo bortxatzeko beharra.

Uler dezaket idazle batzuek publizitatea, marketin eta abarreko tresnak erabiltzea, betiere euren burua nonbait kokatzeko ahaleginean (abangoardian, mutil gaiztoen kuadrillan, generoen arteko purgatorioan, arauak apurtzeko irudi iraultzaile batean…).

Tira, guztiontzako etiketak daude: auto-fikzioa, hibridazioa, benetako gertakarietan oinarritua, biografia nobelatua eta abar luze eta aspergarri bat.

Fikzioa eta ez-fikzioa oso gustura irakurtzen ditut, eta inoiz ez dut ulertu bien arteko mugak lausotzeko edo bortxatzeko beharra

Hala ere, ardo-upel batean Coca-Cola tanta bat botatzen baduzu, kalimotxo-upela izanen duzu, eta ez ardoa. Biografia bat nobelatzen baduzu, eleberri bat (eta ez oso ona, ziurrenik) izanen duzu, baina ez biografia. Pertsona baten historian egiaztatu gabeko datu bakar bat sartzen baduzu, historia osoa fikziozko historia bihurtzen da, eta era horretan irakurri behar da. Horixe da idazle eta irakurleen arteko idatzirik gabeko ituna. Eta zer esan saiakera historiko batean pertsonaia asmatuak txertatzen badira, ala pertsonaia historikoak eleberrietan sartzen direnean… Léon Tolstoiren Gerra eta Bakea liburuan Napoleon bera agertzen bada ere, kontakizun historikoa denik ez duela inork defendatuko...

Ipuina ala eleberriak dira, erabateko fikzioa. Fikzio oso ona batzuetan (Gerra eta Bakea kasu), baina ezer gehiagorik ez. Fikzioak ez dituelako gertakari edo pertsonaia historikoak behar, baina sar daitezke. Alderantziz, ez: ez-fikzioak ez du guk asmatutako ezer onartzen, ardoa kalimotxoa bihurtzen delako. Kalimotxoa oso ona izan daiteke, baina ardoa eskatzen dugunean, ardoa nahi dugu.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!