Emakumeak borrokan
Errekaleor

Euskararen arnasgunea itoko du Gasteizko Udalak auzoa eraisten badu

  • Errekaleor Auzo Askearen laugarren urteurrena betetzera doanean, Gasteizko udal-gobernuak auzoa eraisteko prozedura azkartu du berriki, aste gutxiren buruan gazte batzuek sortu zuten bizitzeko espazio alternatiboa desagerrarazteko asmoz. Gauza asko gertatzen ari da Arabako inguru horretan, eta horietako bat euskararentzat sortu den arnasgunea da. Hori ere galduko litzateke asmo ezkutuekin abiatutako eraiste-agindua gauzatzen bada.

Be˝at Garaio
2017ko urriaren 08a
Euskara batez ere eremu formaletan bermatzen dute Errekaleorren eta gaztelania errazago entzuten da espazio informaletan. Argazkia: DosPorDos.
Euskara batez ere eremu formaletan bermatzen dute Errekaleorren eta gaztelania errazago entzuten da espazio informaletan. Argazkia: DosPorDos.

Nork esango zien 60ko hamarkadan Espainiako Estatutik Gasteizera lanera etorri ziren familia horietako batzuei hain baldintza txarretan bizi beharko zirela? Oinarrizko zerbitzuak doi-doi zituzten etxe batzuetan bizi ziren, beren lantokietatik gertu, baina Gasteizko erdialdetik hain urrun. Orduan ere txakurrak oinutsik ibiltzen ziren Euskal Herrian eta Gasteizko Un Mundo Mejor auzoa, hau da, Errekaleor, bertako biztanleek hornitu, aberastu eta hobetu zuten, auzolanean, nola bestela. Nork esango zien gaztelaniaz mintzo ziren Extremadura eta Gaztelako langile-familia horiei euren auzoan desjabetze masiboak egingo zituztela espekulazioaren izenean, eta ondoren, euskaraz mintzo ziren gazte batzuek okupatuko zutela Errekaleor, mundu hobe bat egunerokoan praktikan jartzeko asmoz?

30 bat lagun elkartu dira Errekaleorreko gaztetxean antiespezismoari buruz eztabaidatzeko. Euskaraz da eztabaida eta euskaraz ez dakitenen ondoan auzokide batzuk eseri dira esandakoak gaztelaniara itzultzeko. Errekaleor Auzo Askea da hau, Gasteizko euskararen arnasgunea.

Familia transmisioz sortua ez den arnasgunea

Manex Agirrek 2017ko maiatzean Arabako Alean idatzitako Errekaleor: inpaktu linguistikoa artikuluan ohartarazi zuen Errekaleorreko arnasgunea birrintzeak izango zuen inpaktu linguistikoaz eta arrazoi (potolo) bat gehiago eman zuen bizi-eredu alternatiboa posible den oasi hau sostengatzeko. Bere hitzetan, baina, Errekaleor bestelako arnasgunea da UEMAko udalerriekin –eta bertan egoteko baldintzak betetzen dituztenekin– alderatuta. Izan ere, arnasgune sortu berria da, erabaki esplizitu batetik sortu dena eta ez familia transmisiotik sortua. Errekaleorrek eta bertako euskaldunek, Agirreren hitzetan, erakutsi dute euskaraz bizi daitekeela esparru sozial ireki eta autokudeatu batean, erakundeen beharrik gabe eta hiztunen hautu pertsonal batetik abiatuta.

Egiari zor, arnasgunea da Errekaleor, euskaraz hitz egiteko gaitasuna dutelako bertan bizi diren gehienek, eta euskaraz mintzo direlako askotan. Hala ere, UEMAk arnasguneak maila ezberdinetan sailkatzen dituen bezala, Errekaleor ere arnasgune berezia da, bere indargune, antzekotasun eta ñabardurekin.

Gehienak testuinguru euskaldunetatik datoz

Auzoko indarguneetatik hasiko gara: auzo euskalduna da ezbairik gabe eta Errekaleor Auzo Askea osatzen dutenen gehiengoa testuinguru (oso) euskaldunetatik datorren gazte jendea da. Gasteizera ikastera joan eta ikasketak amaituta auzoan gelditu diren gazte euskaldunak dira muina. Horientzako euskaraz hitz egitea modu naturalean sortzen den jokabidea da, ohitura horrelakoa delako eta erosoago mintzo direlako. Horrek bermatzen du euskararen erabilera altua izatea eta horrek bermatzen du euskaraz ez dakiten madrildar eta txiletar batek euskaraz ikastea han. Baina horren gainetik, gehiengoa den euskaldun osoen multzo honek ahalbidetzen du euskararen garrantzia Errekaleorren, horiek erabaki dutelako auzokideek ‘marko formala’ deitzen dioten horretan euskara nagusi izatea, hau da, euskara izatea Errekaleorreko “hizkuntza ofiziala” (asanblada, eztabaida eta abarretan).

Hala ere, Euskal Herriko beste arnasgune batzuetan bezala, badaude euskarak irabazteko dituen espazio batzuk. Lehenik eta behin, auzokidea eta bisitaria ohartuko dira elkarrizketa informal ugari gaztelaniaz direla, ez baitira gutxi gaztelaniaz euskaraz baino hobeto moldatzen direnak –gehienbat testuinguru ez hain euskaldunetatik datozenak, bereziki Gasteiztik–. Egitasmoak duen erakargarritasunarengatik jende ez euskaldun asko iritsi da auzora eta horregatik jatorrizko euskaldun asko gaztelaniara pasatzen ari dira. Hortaz, esparru formalean euskara nagusi den bezala, hortik aterata gaztelaniak garrantzi gehiago hartzen du. Ohikoa da, adibidez, lan-talde txikietako bilera batzuk gaztelaniaz izatea, batzuk “e, bilera osoa gaztelaniaz egin dugu!” esan arte.

Errekaleortarrak hainbat lan-taldetan murgilduta daude, izan ‘Ongi Etorri’ edo izan baratzea, eta euskararen alde lanean aritzeko denbora atera duten auzokideak ez dira asko, eta bere gain hartu behar izan dute zama osoa. Euskararen aldeko ekintzaileak errespetatuak dira eta auzokideek euskaraz egiten dute beraiekin euren hizkuntza gaitasunak uzten dien neurrian, baina euskaltzaleak elkarrizketan ez daudenean hizkuntza hautuaren logika aldakorra itzultzen da. Gaztelaniaz ondo moldatzen ez diren euskaldunekin edo bigarren hizkuntza frantsesa dutenekin gauza bera gertatzen da. Horiek inguruan dabiltzanean euskararen erabilera nabarmen igotzen da, errekaleortarrek saiakera egiten dute euskaraz egiteko haiekin.

Alabaina, euskalduna da Errekaleor: euskara eskolak antolatu dituzte ez dakitenek ikas dezaten, joan den udan ‘Asketegia’ antolatu dute euskaraz hitz egiten askatzeko, euskara da hizkuntza nagusia auzoan eta euskaratik eraikitakoa da Errekaleorren ahotsa.

Zer gertatzen da, baina, Errekaleorren euskara gehiago ez hitz egiteko? Hasteko, eta hau azpimarratzea garrantzitsua da, kolokan dago auzoaren etorkizuna eta hori da lehentasuna aspaldian. Ez dago euskararen inguruan eztabaida sakonik antolatzeko eta auzoko hizkuntza ideologian eta praktiketan moldaketak egiteko girorik. Hainbat ‘fronte’ irekita dauden heinean, euskararena batzuetan bazterrean gelditu da, eta adibidez, auzokide berri bat sartzean hau ez da beti euskalduna.

Ama Zuriaren enparantzan ekitaldia euskaraz

Gasteizko urbanizazioaz arduratzen den Ensanche 21eko bilera egin zuten irailaren 14an eta Errekaleor Bizirik mugimenduak asanblada irekia antolatu zuen Gasteizko Ama Zuriaren Enparantzan auzoaren aldeko sostengua indartu zedin. Bilera horrek Errekaleor auzoak duen hizkuntza egoeraren irudi ezin egokiagoa eskaini zuen: ekitaldia ia bere osotasunean euskaraz, aldi bereko itzulpena euskaraz ez dakitenentzako eta asanbladan zegoen jendea bere horretan euskaraz eta gaztelaniaz egiten, pertsonen eta taldeen ezaugarrien arabera.

Hurrengo asteak funtsezkoak izango dira Errekaleorren biziraupenerako, izan ere, Gasteizko Udalak martxan jarri du auzoa eraisteko prozesua, BIM Survey enpresari emanez prozedura abiatzeko enkargua. Errekaleor Auzo Askeari iraungitze data jarri diote egitasmoarekin eroso ez daudenek, noiz eta okupazioak ekarri duen egitasmo iraultzaile honen laugarren urteurrenarekin batera. Elikadura burujabetza, energia garbietarako trantsizioa, feminismoa, eta beste daude jokoan. Euskarak ere asko du jokoan, Gasteizko euskararen arnasgune nagusiena (edo nagusienetako bat, bestela ere) indartuz joan baitaiteke Errekaleorrek bizirik jarraitzen duen egun bakoitzeko. Zer esanik ez igarotzen den urte bakoitzeko.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Errekaleor  |  Gasteiz  |  Euskararen erabilera

Errekaleor kanaletik interesatuko zaizu...
2019-03-29 | ARGIA
Ertzaintzak Mozal Legeaz zigortutako lehen kazetariaren epaiketa apirilaren 2an izango da

Hala Bedi irratiko Mikel Saenz de Buruaga kazetariari "Herritarren Segurtasun Legea" (Mozal Legea izenez ezaguna) aplikatu zioten Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzak, 2017ko maiatzean Errekaleorren polizia operazioa grabatu izanagatik. Alegazioetarako bide administratibo guztiak agortu ostean, Hala Bedik 2018ko apirilean iragarri zuen auzitegitara joko zuela, "informatzeko eskubideari eginiko erasoa delako". Apirilaren 2an izango da epaiketa, eta Hala Bedik elkarretaratzea... [+]


2019-03-01 | Hala Bedi
Bideoa
Martxoaren 3a, defendatu beharreko memoriaren barrikada

Letra eta irudiekin bildu ditu Errekaleor Bizirik!-ek Gasteizko Martxoaren 3ko gertakari lazgarriak. Igandean 43 urte beteko dira sarraskia gertatu zenetik, orduko irudiak erabili ditu auzo askeak Romualdo Barroso bizilaguna eta gainontzeko langileak oroitzeko.


2019-03-01 | Arabako Alea
Margolan berria Errekaleorren: Martxoaren 3an hil zuten Romualdo Barroso bizilagunaren eraikinean

Romualdo Barrosoren etxearen horman egin du margolana Irantzu Lekuek.


Demagun Errekaleor dugula etorkizun

Ez omen dira utopiarako garaiak. Aski da etxeko leihotik begiratzea kalera, edo mugikorraren pantailatik so egitea munduko panoramari, eta argi dago: ez da giro. Ezer ikustekotan, distopia dakusagu zeru ertzean, distopia etorkizunean.


Euskara Errekaleorren
MULTIMEDIA - erreportajea

Euskara gehien erabiltzen den Gasteizko auzoa da  Errekaleor. Bide honetan azaltzen dute euskara auzo autogestionatuko bizilagun guztiei bermatzeko zer urrats egiten ari diren.


2018-10-05 | Topatu.eus
Ospatzeko eta aldarrikatzeko, OkupaTU Gasteiz
MULTIMEDIA - erreportajea

Aurten urteurren borobilak dituzte Hala Bedi irratiak, Gasteizko Gaztetxeak, Auzolana pilotalekuak eta Errekaleor auzo askeak. Urriaren 6an ospatuko dituzte OkupaTU Gasteiz egunean. Udalaren debekuen gainetik, ospakizun eta aldarrikapen egunera gonbidatu dute jendea, kalea denona baita.


2018-10-05 | Hala Bedi
OkupaTU Gasteiz Eguna: debekatu nahi izan duten egun baterako gida praktikoa

Nola izango da urriaren 6ko bazkaria? Zein izango da eguneko ekimen nagusia? Zenbat zutabe daude antolatuta? Zein da eguneko eskaintza kulturala? Galdera hauek eta askoz gehiago erantzun ditugu larunbateko OkupaTU Gasteiz Eguneko gida praktikoan.


Okupatu Gasteiz Egunaren antolatzaileek: "Ukatzeko arrazoi bakarra izena da".

Okupatu Gasteizeko kideek Okupatu Gasteiz Egunera gerturatzeko deia mantendu dute, debekua “zentsura politikotzat” jo eta Gasteizko Udalaren jarrera salatu dute.


2018-09-17 | Hala Bedi
'Errebeldiaren mapa' aldarrikatuko du Errekaleorrek bostgarren urteurrenean

5 urtez errebeldiaren mapan lemapean bostgarren urteurrena ospatuko dute errekaleortarrek irailaren 28an eta 29an. Astebete beranduago, urteurren bateratua: OkupaTU Gasteiz.


2018-08-01 | Topatu.eus
Argazki bilduma
Errekaleorreko makro auzolana iruditan

Auzolana ardatz hartuta, auzoa margotzeko erronka jarri zieten euren buruei Errekaleorren, bostgarren urteurrenaren atarian. Uztailaren 23tik abuztuaren 3ra luzatuko da hau eta, beraz, azkenengo txanpan murgildu dira jada. Gainera, auzotik kanpoko jendea ere hurbildu da egunotan, lo egiteko aukera zabaldu baitzuten.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude