Etxean uso kanpoan kondor

  • Indarkeria militarrak munduko edozein txokotan jendea hiltzea negozio da Euskal Herriko ehun bat enpresarentzat. Ez alferrik, erakunde publikoek industria hau sustatzen dutela azaldu digu Gasteizkoak kolektiboak. Aldiz, herritarrok zeharo hunkitzen gara, eta asaldatzen, arma hauek sortzen duten tragediaren irudiak ikustean. Gertaera horietan Euskal Herriak duen parte-hartzea ezkutatzen zaigu, edo ez jakitea dugu nahiago? Bitartean, euskal herritarron eguneroko bizitza ere gero eta militarizatuago dugu.


2017ko irailaren 24an
PREDATOR B/MQ-9 REAPER
Erasorako dronea da, gidaririk gabea. Espainiako Armadak horrelako lau hegazkin erosi ditu. General Atomics estatubatuarra da ekoizten dituena, eta Sener da bere sozio teknologikoa Reaper-a Espainian sartzeko: Berak lideratuko du e
PREDATOR B/MQ-9 REAPER Erasorako dronea da, gidaririk gabea. Espainiako Armadak horrelako lau hegazkin erosi ditu. General Atomics estatubatuarra da ekoizten dituena, eta Sener da bere sozio teknologikoa Reaper-a Espainian sartzeko: Berak lideratuko du estatuko produkzioa.

Urte onak izaten omen dira “krisiak” arma industriarentzat. Hala azaldu digute Gasteizkoak kolektiboko kideek, eta hala dute kontatua 2016an argitaratu zuten Estas guerras son muy nuestras liburu txit gomendagarrian. “Krisi garaietan nabarmena izaten da gastu soziala murriztearekin batera nola handitzen den eremu militarreko gastua. Hala egin zuen Espainiako Gobernuan Felipe Gonzalezek, eta Euskal Herriko armagintza berpiztea ekarri zuen. Ondoren José María Aznarrek gauza bera egin zuen Armamenturako Programa Bereziak (PEAS gaztelerazko sigletan) martxan jarrita”. Liburuan kontatua dute Armamenturako Programa Berezi horien sorreran Getxoko Pedro Morenes izan zela bultzatzaile nagusietakoa, aurretik Sapa arma enpresako kontseilari izana eta Estatuko Defentsa Idazkari kargua zuena. Eta delako programa hauek 30.000 milioi eurotik gorako zor publikoa eragin dutela. “Gaur egun Programa Berezi horiez gain, estatuak Europako Horizon 2020 programarekin bat egin du, eta enpresak esportazioetara jarrita daude”. 

PIZARRO ERASORAKO ORGA
2004tik 139 orga ekoitzi dituzte Espainiako Armadarentzat. Orga hauen transmisioa diseinatu du Sapak eta proiektu honetan harremana egin zuen Amerikako Estatu Batuetako Armadarekin. Horren ondorioz, 2015ean lau urterako 30 milioi euroko kontratua sinatu zuen Sapak US Army-rekin, etorkizuneko bere orgetarako transmisioak diseinatzeko.

2017an, gainera, aldaketa handi bat onartu du Espainiako Kongresuak, Gasteizkoak kolektiboaren hitzetan: “Orain arte gastu militarraren zati bat baizik ez zen Gobernuaren aurrekontuetan agertzen, eta urtean zehar %30 gehiago gastatzen zuten Armamenturako Programa Bereziekin. Alegia, gastu militarra mozorrotu egiten zuten. Aurten, ordea, diru partida osoa Gobernuaren aurrekontuetan sartu dute eta beraz, Defentsa Ministerioaren aurrekontua %30 handitu da. Ikusi beharko da urte amaieran benetan gastatutakoa hori den edo are gehiago den. Krisialdi betean egonda ere, tamalez, ez du batere eztabaidarik piztu Defentsa Ministerioaren aurrekontua heren bat handitu izanak”. 2017an munduan I+G-ra bideratu den inbertsio osoaren heren bat eremu militarrekoa izan da, “krisialdian” Gobernuek ekonomia suspertzeko zeren aldeko apustu egiten duten adierazten duena.

F110 FRAGATA
Espainiako Armada lau fragata egiteko prozesuan sartua dago. Programa teknologikoa garatzeaz arduratzen da Protec 110 Aldi Baterako Enpresa Elkartea (ABEE) Navantia eta Indra-k osatua. Senerrek ere parte hartzen du programa teknologikoetako batean.

Aipatutako Programa Bereziek, arma industria sustatzeko, Espainiako Armadaren gailuak berritzea edo gehitzea bilatzen dute eta Euskal Herriko enpresentzat kontratu handiak dira hauek. Europan Horizon 2020 Programak antzeko funtzioa betetzen du: webgune ofizialaren arabera, ikerketa eta berrikuntza du helburu, gizartearen erronkei erantzuteko, eta praktikan, azalpen orokor hori konkretatzen da, beste askoren artean, gailu militarrak garatzean. Argazkietan dituzu Espainiako eta Europako programa horien barruan egiten diren hainbat gailu. Ezagunenak soilik, guztira askoz ere gehiago baitira.

TYPHOON EUROFIGHTER
Proiektu europarra lau herrialde eta hiru enpresak osatzen dute: Erresuma Batua (%33ko parte-hartzea) BAE Systems enpresarekin; Alemania (%22) eta Espainia (%13) Airbus DS enpresarekin biak; eta Italia (%21) Leonardorekin. Eurofighter da erasorako erabiltzen duten hegazkina herrialde hauek: Erresuma Batua, Alemania, Italia, Espainia, Austria eta Saudi Arabia. Euskal enpresa hauek parte hartzen dute hegazkinak egiten:
Aeroegiturak: Aciturri, Aernnova, Alfa Precision Casting, Metraltec.
Motorrak: Aciturri, Aeromec, Electrohilo, TTT Taldea, Imedusa, ITP, Novalti (ITPrentzat), Nuter (ITPrentzat), Siegel (ITPrentzat), Wec (ITPrentzat), Sistemak eta ekipamenduak, DMP, Orbital Critical Systems.
Sistemak eta ekipamenduak: Sener.
Mantenimendua: ITP.

Eta Euskal Herrian? Gasteizkoak kolektiboak ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Barne sailera bideratzen duten diru partida ez dutela batere murriztu: “Bere garaian erakundeek esaten zuten ETAren indarkeria zela arrazoia baliabide gero eta gehiago bideratzeko. Ofizialki 6 urte omen dira bakean gaudela eta Barne saileko diru partidak ez dira murriztu”. Jihadisten Kataluniako atentatuen ostean, “segurtasunaren” izenean kontrol poliziala are gehiago handituko duten susmoa du Gasteizkoak kolektiboak, eta kontrol hori puntako teknologia garatuz egingo dela.

Jaurlaritzak zer dio?

14/2007 Legeak, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutuna denak, hauxe dio 3. artikuluko 3. puntuan: “Enpresak lagundu eta sustatzeko politikan, Eusko Jaurlaritza ez da inolaz ere elkarlanean arituko armen ekoizpen, merkaturaketa eta finantzaketan ari diren pertsona fisiko edo juridikoekin”. Gasteizkoak kolektiboak Estas guerras son muy nuestras liburuan azaldua du lege hori buletin ofizialean argitaratu eta handik astebetera publiko egin zela Jaurlaritzak Sapari emandako diru-laguntza, “Saparen produkzioa ia bere osotasunean militarra denean”.

IRIS-T MISILA
Airetik airera botatzen den misila da eta 12 kilometrora iristeko gaitasuna du. Europako proiektua da, eta berau ekoizten partaide dira Alemania (40,5%), Espainia (21,3%), Italia (14,7%), Grezia (10,4%), Suedia (8,1%) eta Norvegia (5%). Espainiako Estatutik Sener izan zen industria bazkide hautatua, eta bere ardura da misilen hegoak eta misilen hegaldia kontrolatzeko sistemaren eragingailuak ekoiztea. Iris-T misilak Eurofighter hegazkinetan erabiltzen dituzte.

Armagintzako enpresei diru-laguntzak emateaz gain, lehendakari zein sailburuek “herrialde beroetan enbaxadore lanak” egiten dituztela adierazi dute: “Brasilen izan da Jaurlaritza, baita Arabiar Emirerrietan ere, Kolonbian, eta Turkian. Berarekin joaten diren enpresen artean baten bat izan ohi da armak ekoizten dituena”, merkatu berrietarako harreman sareak zabalduz: “bidaia horien ostean kontratuak agertzen dira”.

Jaurlaritzak arma ekoizpenarekin duen inplikazioa lehen era agerikoagoan egiten zuela adierazi dute: “ITP arma enpresaren akzionista ere izan da garai batzuetan”.

TAURUS KEPD 350 MISILA
Airetik lurrera botatzen da eta 350 kilometrora iristeko gai da. Hegazkinetik botatakoan, telegidatu daiteke misil hau. Alemania-Suediako Taurus Systems GMBH enpresak ekoizten du eta Sener da kontratista nagusia. Hau ere Eurofighter hegazkinetan erabiltzen dute.

Erakunde publikoek armagintza sustatzeko duten beste modu bat, enpresa hauetako buruak prestigiatzea dela diote: “Enpresari eredugarritzat aurkezten dizkigute. Senerreko jabe Sendagorta sendiari era guztietako sariak eman dizkiete, ITPren urteurren ekitaldira Ibarretxe Lehendakaria joan zen...”. Gizartean enpresari hauek duten zilegitasunaren adibide gordinena, Gasteizkoak kolektiboarentzat, Jokin Aperribay da: aldi berean Sapako eta Realeko lehendakari da.

Kargu politikoen eta arma enpresen arteko lotura ikusteko, Sapa da kasu nabarmenena, garaian garaiko Gipuzkoako politikariei leku egin baitie enpresako karguetan: Ramon Labayen Donostiako alkatea; Francisco Asís Alonso Donostiako teniente-alkatea; Justo Espín Andoaingo alkatea; eta azkena Jose Ignacio Asensio, 2015 arte Sapako zuzendari komertziala zena eta egun Aldundiko Ingurumen diputatua dena.

AIRBUS A400M
Garraio militarrerako hegazkina eta hegazkin zisterna. Europako proiektu honetan kide dira Frantzia, Alemania, Italia, Espainia, Erresuma Batua, Turkia, Belgika eta Luxenburgok. Honen zatiak egiten dituzten euskal enpresak:
Aeroegiturak: Aciturri, Alestis, Ayesa Air Control, TTT Taldea, Khegal Aeronautica, LTK Taldea, Aernova.
Motorrak: Aciturri, Astorika (ITPrentzat), Batz (IPTrentzat), Electrohilo, Imedusa, ITP, Novalti (ITPrentzat), Nuter (ITPrentzat), Siegel (ITPrentzat), WEC.
Sistemak eta ekipamenduak: CTA, Nuter, Orbital Critical Systems, WEC, Sener.
Mantenimendua: Orbital Critical Systems.
EHUk ere kolaboratzen du

Irailaren 7an jakin genuen, Gasteizkoak kolektiboaren eskutik, Euskal Herriko Unibertsitatea I+G garatzeko elkarlanean aritzen dela ITP arma enpresarekin. Informazio honen iturria Ikerketa Estrategikoetako Espainiako Institutuak (gazteleraz IEEE, Espainiako Defentsa Ministerioaren erakundea da) argitaratzen duen Cuadernos de Estrategia da. Cuadernos de Estrategia honek oso argi azaltzen du unibertsitateek arma industriarekin kolaboratzeko duten modua: “Kolaborazio hau formalizatzen da hitzarmenen bidez, bai modu zuzenean edo zentro teknologikoekin kolaboratzearen bidez. (...) Modu berean, ITPk kolaboratzen du EHUko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoarekin, zeinetan nabarmen sustatzen diren Aeronautika Gela eta praktikak egiteko bekak. Gainera, kolaborazio honek sustatzen du Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolarekin doktorego tesiak egitea, karrera amaierako proiektuak eta laborategiko jarduerak. Hauen artean nabarmentzen dugu Zentro Teknologikoen ITP Jardunaldien lehen edizioa, 2015ean egindakoa (...). Jardunaldi hauetan izan ziren ITPrekin kolaboratzen duten erakunde hauek: Zamudioko Aeronautika Teknologien Zentrua, CEIT-IK4, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Madrilgo Unibertsitate Publikoa eta IMDEA Materialak”.

LEOPARD 2E ERASORAKO ORGA
2008an 239 Leopard 2E orga egin zituzten Espainiako Lurreko Ejertzitoarentzako. Orga hauek 2025era arte martxan ariko direla aurreikusten dute. 2017an hauetako sei orga Letoniara eraman dituzte, NATOrekin. Sapa dago egileen artean.

Gasteizkoak kolektiboak irailaren 7an beste informazio bat ere zabaldu zuen, 2016ko azaroaren 14ko Estatuko Aldizkari Ofiziala duena albistearen iturri: EHUk Espainiako Defentsa Ministerioarekin hitzarmena duela segurtasun eta defentsari buruzko jardunaldiak antolatzeko eta garatzeko. Horren emaitza dira Udako Ikastaroetan aurtengo irailean egin zituen jardunaldiak, Segurtasuna eta defentsa Europan izenburupean.

EHUk ITP arma enpresarekin eta Espainiako Defentsa Ministerioarekin kolaboratzen duela agertzeaz gain, Gasteizkoak kolektiboak irailaren 7an hau ere jakinarazi zuen, informazio iturri duena EHUren erabaki organu nagusia den Gobernu Kontseiluaren urtarrileko akta: organu horrek onartu zuela EHUk parte-hartzea Espainiako Plataforma Teknologiko Aeroespazialean. Plataforma honen bederatzi sozioetatik hiru hauek dira: INTA, alegia, Defentsa Ministerioaren erakunde autonomoa I+G+B-rako; TEDAE, Espainiako armagintza sektorearen patronala; eta DGAM, Defentsa Ministerioko Armamentu eta Materialaren Zuzendaritza Orokorra.

EUROCOPTER EC665
Erasorako helikopteroa, Tigre izenez ezagutzen da. Airbus Helicopters-ek ekoizten du, Frantzia-Espainia-Alemaniaren arteko elkarlanean. Bere zatiak egiten dituzten euskal enpresak:
Aeroegiturak: Aernnova.
Motorrak: DMP (ITPrentzat), ITP, Novalti.
Sistemak eta ekipamenduak: Sener.
Lanpostua sakratua baita...

Bai arma industriarentzat ikertzen dabiltzanak eta bai lantegian piezak egiten dituztenak, lehenago edo geroago denek dakite zertarako ari diren, Gasteizkoak kolektiboko kideen esanetan. Jakin orduko lanari uko egin eta enpresa utzi duen kasu gutxi horietakoren bat gogoan dute, “eta gainerako langileek lanaldia bete, soldata ederra etxera eraman eta bere lanaz harro ez egotea erabakitzen dute”. Estas guerras son muy nuestras liburuan kritika zorrotza egiten diete sindikatuei ere, bere borroka enpresa militarretako langileen lan baldintzak hobetzera mugatzen dutela iritzita.

Duela 20 urte Araban zegoen Expal enpresarekin izan zuten esperientzia mingotsa kontatu dute: Bakearen Ikerketarako Delás Zentrua Gasteizkoak kolektiboarekin harremanetan jarri zen Expal enpresaren konbertsioa lantzeko. Proiektua finantzatzeko prest zegoen Delás, baina Expaleko langileek prozesuan parte hartzea jarri zuen baldintza. Gasteizkoak kolektiboak ere hala behar zuela irizten zion. Langileekin harremanetan jarri, eta ez zuten lortu proiektuan parte hartzerik, 2-3 langile baino ez baitziren prest agertu. “Zergatik? Konbertsioa eginez gero, langileek zuten soldataren ordez administrazioko langileena eskaintzen zien proiektuak, eta hiru aldiz txikiagoa zen”.

VCR 8X8 ERASORAKO GURPIL GAINEKO IBILGAILUA
Espainiako Lurreko Ejertzitoak 348 ibilgailu egitea agindu du. Hauek egiteko ABBE osatzen dute Sapa, Indra eta Santa Barbara Sistemas-ek.

Saiakera hark huts egin bazuen ere, irtenbide zentzuzkoena hori dela berretsi dute Gasteizkoak-ekoek: “Enpresa txikienak itxi, langile horientzat beste lanpostu bat bilatu, eta enpresa handienak jarduera zibilera soilik mugatu”. Egingarria dela diote: “Aski dute erakunde publikoek jarduera militarra duten enpresei diru-laguntzak eta era guztietako laguntzak kentzea”. Sindikatuek ere borroka esparrua baluketela diote: “Konbenioan objekzio laborala eskubide gisa onartzea landu dezakete, hau da, langileek eskubidea izatea enpresaren proiektu zibiletan bakarrik lan egitea erabakitzeko. Horrek eztabaida irekiko luke enpresetan, konbertsio prozesuei atea irekiz”.

Bestaldera begiratzearen arazo bakarra

Antimilitarismoa jorratzen du 26 urtez Gasteizkoak kolektiboak, eta armagintzaren arazoa bere sakonean lantzeko, hainbat galdera pausatu dituzte elkarrizketan zehar: Gerren aurka egin dezakegun ekarpenik handiena ez ote da armak ekoizteari eta finantzatzeari uztea? Euskal herritarrok gure kontsumo mailari eusten jarraitu dezakegu, beste herrialde batzuei gerren eta armen bidez baliabideak kendu gabe? Gerrarik ez dagoen lekuan bakea dago? Nola deseraiki hain errotuta ditugun jarrera eta balio militaristak?

NH90 HELIKOPTEROA
NHIndustries enpresak ekoizten du. Enpresa honen jabe dira Eurocopter (%62,5), Leonardo (izen hori hartu du 2017an, Finmeccanica zenak) eta Stork Fokker Aerospace. Bere zatiak egiten dituzten euskal enpresak:
Aeroegiturak: Aciturri, Aernnova, Dyfa.
Motorrak: ITP.

Gizartean hausnarketa bultzatzeko, “militarismoaren aurpegi ezkutuak argitzeko” unitate didaktikoa prestatu dute, DBHko 2. eta 3. mailetan lantzeko. Ikasturte honetan proban jarriko dute hainbat ikastetxetan, eta hauengandik jasotzen dituzten iradokizunak kontuan hartuta, hurrengo ikasturtean ikastetxe denen eskura jarriko dute.

PISTOLAK ETA KARTUTXOAK
Berettak Espainiako Polizia eta Guardia Zibilari saltzen dizkie kartutxoak: 9 mm-ko kalibreko parabellum blindatuak eta 9x19 mm-ko NATO arruntak. Eta pistolak: 92 PS eta FS modeluak.

Herritarrok jarrai dezakegu gure buruari kontraesanak loratzen dizkiguten galderak egin gabe, begirada albora makurtuta. Honek arazo bakarra duela oroitarazi zien BBVAko zuzendariari eta akzionistei Maria de Lluc Bagur-ek, 2017ko martxoaren 17an egin zen BBVAko akzionisten batzarrean, erakunde hauen izenean hitza hartuta: Delàs Zentrua, Setem, Justícia i Pau, Globalizazioko Zorraren Behategia eta RETS kolektiboa: “Zuen inbertsioek munduan zer sortzen duten ez bazaizue zipitzik axola, jarrai ezazue armagintzaren eta militarizazioaren munduko finantzatzaile handienetakoak izaten. Dudarik gabe, aberatsagoak izango zarete, baina jakin behar duzue zuen arduragabekeriak dakarrela gu guztiok, zuek barne, geroz eta segurtasun gutxiago duen munduan bizi izatea”.

Gai honi lotutako eduki gehiago:

Euskal Herriko enpresek esportatutako armamentua

Armak ekoizten dituzten Euskal Herriko enpresak

Euskal bankuek arma enpresei bideratutako dirua

 


ASTEKARIA
2017ko irailaren 24a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Armagintza
“Heriotzaren merkatariak jada ez dira ezkutatzen, euskaldunak ere ez”

Ezohiko irudia ikusi zen Madrileko Moncloako jauregian martxoaren 18an: estatuko industria militarraren buru nagusiak Pedro Sánchez presidentearekin eta Margarita Robles Defentsa ministroarekin bilduta. Bertan ziren ere Hego Euskal Herriko enpresa militarretako buru... [+]


Europak armak erosiko ditu, zuri pentsioa kenduta

Badator gerra handi bat. Gastu militar ziztrin horiekin ez goaz inora. Trumpek bakarrik utziko gaitu oraingoan. Herritarrek prest egon behar dute Putinen aurrean... Europar Batasuneko agintarien artean nagusitzen ari den diskurtso hori, hitz bakarrean laburbiltzen da:... [+]


Europako Banku Zentralak "erreforma estrukturalak" iragarri ditu, defentsarako gastuei aurre egiteko

Europako Banku Zentraleko lehendakari orde Luis de Guindosek Europak dituen "mehatxuez" hitz egin du Bartzelonan: "Berriz ere erreforma estrukturalen inguruan hitz egin behar dugu".


ANALISIA
Ukraina EAEko kanpainan

Bi urte joan dira Errusiak Ukraina ofizialki inbaditu zuenetik eta denak adierazten du Errusiak lortu duela aurrea hartzea Ukrainari. Errusia gai izan da gerra industria baliatzen herrialdeko ekonomia haizatzeko, bere baliabide energetikoei beste aterabide bat bilatzeko eta... [+]


Eguneraketa berriak daude