Zergatik du hizkuntza batek beste batek baino botere handiagoa?

  • Udalak euskalduntzen ari diren arren, udalerriak erdalduntzen ari direla adierazi du UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Horren aurrean, herritarren kontzientziazioa eta sentsibilizazioa lantzeko hezkuntza proiektua jarri du martxan UEMA osatzen duten herrietako ikastetxe guztietan. Oñatiko Txantxiku Ikastolan eta Elkar Hezi Ikastetxean izan da ARGIA.

Oñatiko Txantxiku Ikastolako ikasleak. Haien herria UEMAko kide da eta ikasleek aitortzen dute berez ateratzen zaiela euskaraz aritzea. Euskal hiztun izateaz jabetzeko ikastaroa jaso zuten urte hasieran. Argazkia: Ainhoa Ortega Bretos.
Oñatiko Txantxiku Ikastolako ikasleak. Haien herria UEMAko kide da eta ikasleek aitortzen dute berez ateratzen zaiela euskaraz aritzea. Euskal hiztun izateaz jabetzeko ikastaroa jaso zuten urte hasieran. Argazkia: Ainhoa Ortega Bretos.

2015ean ikerketa abiatu zuen UEMAk, udalerri euskaldunetako ikasle eta irakasleek euskararen soziolinguistikaren inguruan duten pertzepzioa ezagutu ahal izateko. Jasotako emaitzekin materiala bildu eta Arnasguneen hezkuntza proiektua izeneko egitasmoa jarri du abian. Helburua ondorengoa da: ikasleak hizkuntzen arteko harremanez jabetzea.

Izan ere, UEMAko teknikariek garrantzitsutzat jo dute ikasleak haur direnetik euskal hiztun gisa ahalduntzea, errealitatearen analisia egin ahal izateko. Horretarako, soziolinguistika gaiak landu dituzte DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. 2017ko urtarrilean eta otsailean izan ziren Oñatiko Elkar Hezi Ikastetxean eta Txantxiku Ikastolan, ordu eta erdiko saio bi talde dinamiken bidez lantzeko.

“Gure hizkuntza gertuko herrietara zabaltzen lagundu beharko genuke”

Hainbat ikaslek azaldu dutenez, hasiera batean ez zuten uste ikastaro horrek eraginik eduki zezakeenik haiengan. Gerora, ordea, garrantzizko lanketa iruditu zitzaiela esan dute. Itziar Alonso Elkar Heziko ikaslearen hitzetan: “Hasieran pentsatzen nuen ez genuela behar, guk euskaraz hitz egiten dugulako beti, naturalki. Baina gero konturatu nintzen gu garela arnasgune ez diren herriei lagundu behar diegunak euskararen erabilera sustatzen”.

Hizkuntza gutxitua normaltasunez erabiltzeko baldintzetan dauden herriak dira, kasu honetan, arnasguneak. Hortaz leku bateko hizkuntza nagusia euskara denean, toki hori euskaldunontzat arnasgunea dela esan genezake. Kontzeptua ez dago zabalduta eta, ondorioz, euskaldunen hizkuntz komunitatearentzat betetzen duten lidergo papera ere ez da ezaguna askotan. Hala ere, euskararen iraupena bermatzeko arnasguneak ezinbestekotzat jo ditu UEMAk. Hori dela eta, euskararen normalizazio prozesuan arnasguneetako herritarren lidergoa kokatzea garrantzitsua dela azaldu du.

Horren harira, Elkar Heziko ikaslea den Jon Aranzabalek uste du oñatiarrek “erantzukizun handia” dutela arnasgune ez diren herriei euskaraz egiteko joera transmititzeko, “beraiena ere bada euskara, eta hori erakutsi behar diegu”. Antzekoa pentsatzen dute Miren Santos eta Leire Egaña Txantxiku Ikastolako ikasleek: “Arnasguneetan bizi garenok paper garrantzitsua jokatzen dugu euskararen sustapenean. Gure hizkuntza gertuko herrietara zabaltzen lagundu beharko genuke”. Izan ere, herritik irteterakoan gaztelaniaz hitz egiten dutela esan dute hainbat ikaslek, bestela ulertuko ez dituztela uste dutelako.

“Erdaraz ikusi behar ditugu telesailak, ez daukagulako beste aukerarik”

Ikastaroan landutako jarduera bakoitza hausnarketa labur bat egitera bideratuta egon da. UEMAk azaldu duenez, ikasle bakoitzak bere ibilbidea, hausnarketa edo iritziak emateko bidea lantzen du proiektuak.

Jordi Sanchez Elkar Heziko ikasleak, esaterako, katalanaren egoerarekin alderatu du euskararena: “Katalanaren erabilera samurragoa da, bertakoek gehiago zaintzen dute hizkuntza, instituzioetatik ere bultzatzen delako. Hemen jendea eroso bizi da gaztelaniaz. Zertarako ikasiko dute euskaraz gaztelaniaz bizitzeko arazorik ez badute?”.

Euskara teknologia eta berrikuntzetara egokitzea oso garrantzitsua dela ere aipatu dute hainbat ikaslek, horiek erdaraz kontsumitzeak “eragin handia” duelako haiengan. Txantxiku Ikastolako Danel Iñurritegiren ustez, oraindik ez dago gazteentzako “kalitatezko programaziorik euskaraz”: “Askotan erdaraz ikusi behar ditugu telesail eta programak, ez daukagulako beste aukerarik, eta horrek ere bere ondorioak ditu, batez ere gazteenengan”.

Literaturaz ere aritu da Elkar Heziko Oihana Urzelai: “Euskal idazle batzuek pentsa dezakete gaztelaniaz idazten badute salmenta handiagoak izango dituztela. Baina gehiago hurbilduko dira bere publikora euskaraz idazten badute”. Izan ere, azaldu du euskara ez dela besterik gabe hizkuntza bat, “euskara kultura da, gure kultura, eta zabaldu beharra dugu, bestela gure euskaldun izate hori galduko dugulako”.  

“Inkontzienteki egiten dugun horrek balore handia du”

Ikastaroa praktikan jarri aurretik, hainbat behar identifikatu zuen UEMAk. Besteak beste, azaldu zuen testuinguru eleanitzean bizi diren ikasleek ez dutela euskararen normalizazio prozesua modu sakonean barneratuta: galera prozesua, berreskuratzeko beharra, hizkuntza hautuak kontzienteki egin beharra, eta abar.

Hori dela eta, ikasleek euren hizkuntza praktikei buruz hausnartzea beharrezkoa dela ikusi zuten. Eta ikastaroaren bidez, euskararen egoeraren aurrean erantzuteko beharra dagoela ikusarazi nahi izan diete ikasleei. 

Horietako gehienek adierazi dute Oñatin euskaraz hitz egitea naturalki ateratzen zaien zerbait dela, eta ez zekitela zer nolako garrantzia duen. Horrela azaldu du Elkar Heziko Ione Urbinak: “Ikastaroak balio izan dit euskarak bizi duen egoeraz jabetzeko, azken batean, guk inkontzienteki egiten dugun horrek balore handia du”.

Horren harira, herritik irtendakoan gaztelaniaz hitz egiteko duten ohitura aldatu behar dutela esan dute askok, eta egunerokotasunean euskaraz hitz egiten ez dutenei lagundu. Txantxiku Ikastolako Aritz Agirreren hitzetan: “Uste baino inportanteagoa da besteak euskaraz hitz egiten laguntzea. Oñatin euskararen egoera ona den arren, zenbait lekutan oso kaxkarra da. Gure herrian ere horrela amai genezake? Ez gara jabetzen gertatzen ari denaz eta eduki ditzakeen ondorioez. Erdarak botere handia du”.

“Botere” horren inguruan mintzatu dira ikasleak. Gaztelaniak indar handia duela eta euskara jan egiten duela aipatu dute batzuek. Beste hainbat galdezka aritu dira: “Zergatik du hizkuntza batek beste batek baino botere handiagoa? Nork ematen dio horrenbesteko indarra gaztelaniari, ingelesari edota frantsesari? Zergatik iruditzen zaigu euskara beste hizkuntza batzuk baino ahulagoa dela?”.

Galdera horiei erantzuna bilatzeko asmoz, horrela azaldu du Elkar Heziko Marina Elorzak: “Joera handia dugu pentsatzeko euskara hizkuntza txikia edo ahula dela. Baina ez da horrela. Ikastaro honetan ikasi dudan gauzarik garrantzitsuenetariko bat da, euskara ez dela ahula berez, ahulduta dagoela zenbait tokitan, eta gure esku dagoela indartzea”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Soziolinguistika
2024-01-23 | Sustatu
Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren hitzaldi sorta herriz herri

Asteartez Zarautzen hasita, Iñaki Iurrebasoren hitzaldi zikloa antolatu du UEMAk. Euskararen egoera ezagutzeko gako berriak ematen dituelako, arnasguneak eta udalerri euskaldunak sendotzea euskararen biziberritzerako giltzarria zergatik den ere azaltzen duelako... [+]


2024-01-19 | ARGIA
1950-1970eko hamarkadetan Altzara heldutako etorkinek euskararekin izan duten harremana aztertu dute

Espainiatik Donostiako Altza auzora migratutako biztanleek euskararekin izan dituzten bizipenak eta jarrerak aztertu ditu Soziolinguistika Klusterrak. Etorkinok integrazio sozialerako eta laboralerako ez zuten euskararen beharrik izan. Euskal hiztunek, berriz, migrazio-prozesua... [+]


2023-08-16 | Ilargi Manzanares
1826ko bertso "berriak", sei emakume haurdun utzi zituen doneztebarrari jarriak

Ricardo Urritzola ikerlariak aurkitu du bertso sorta Nafarroako Errege Artxiboan eta Ekaitz Santaziliak Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek aztertu ditu. Fermin Altxu Beristain maisuari leporatutako salaketa baten harira idatzi ziren.


Euskararen gainbehera zantzuak ageri dira udalerri euskaldunetan

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) berariaz aztertu ditu VII. Inkesta Soziolinguistikoak bere herriekiko eman dituen emaitzak, eta argi-itzalak agerikoak dira berriz ere: herri euskaldunenek euskal hiztunak galdu dituzte.


Eguneraketa berriak daude