Emakumeak borrokan
Francisco Iturrino

Abangoardia halako bat

Xabier Gantzarain @gantzarain
2017ko uztailaren 02a
Sena, Paris (1895-1898). Olioa mihisean, 53 x 64 cm.
Sena, Paris (1895-1898). Olioa mihisean, 53 x 64 cm.

Aita zuen Mutrikukoa, farozain bidali zuten Kantabriara, han jaio zen Francisco Iturrino Gonzalez (Santander, Espainia, 1864ko irailaren 9a - Cagnes-sur-Mer, Frantzia, 1924ko ekainaren 20a). Bilbon bizi izan zen oso gaztetatik. Gerora mundua izango zuen bizitoki, bizigarri, bizibide.

Liegen egin zituen ingeniaritza ikasketak, Belgikan, familiak hala nahita, eta 1895ean iritsi zen Parisera. Emaztea haurdun duela, pintore izatea erabakita. Hor dago, normala da, Notre Dame da liluratzen duena, sinbolo bat ordurako seguru asko, postal bat ere bai, hemen egon naiz, ikusi dut mundua.

Baina artistari askatasunaren alde egitea aitortu behar zaio. Zeru horiek, gorde gogoan zeru horiek.

Ez dira urte asko Van Goghek bere buruaz beste egin duela. Espresionismoaren urterik oparoenak urrun daude oraindik ordea. Paris bolborategia da, eztanda egiten du tarteka, joera berriak sortzen dira sarri-sarri, Toulouse-Lautrec bat, Vuillard bat, Bonnard bat; mugimenduak daude, aldizkariak, esfera publikoa artearen balioaz eztabaidan ari da.

Ambroise Vollard galeristak erakusketa eskaini zion, 1901ean, orduan inork ezagutzen ez zuen pintore batekin: Pablo Ruiz Picasso. Batzuk diote Picassoren espainoltasuna azpimarratzeko baino ez zuela aukeratu Vollardek Iturrino. Berdin da. Ez da edozein. Vollard bera izan zuen erosle nagusia garai batean.

Aldaketa garaia da, aldatzen ari da Iturrino ere, ez dio estilo bati eusten itsu-itsuan. Eraginen arabera ari da hazten, batzuk nabarmenak dira: Cezanne, Matisse. Laguna du. Berekin egiten du bidaia Marokora. Liluratuta daukate argiak eta emakumeek. Tarteka paisaiak egiten ditu, Mutriku, Algorta, baina gehienbat figurak, emakumeak. Eta figurak diruditen jardinak, hangoak eta hemengoak, kolorez gainezka, fauvismoaren abisu.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Pintura

Pintura kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude