Ion Andoni del Amo, 'Party & Borroka' liburuaren egilea

"Kultura ez da apurtzaile izateko lehen bezain tresna eraginkorra"

  • Txosna eta jaialdietan beti musika berbera entzuten dela, oraindik ere 80ko hamarkadan sortutako korronteetatik ari garela edaten, gero eta gehiago direla ingelesez sortzen duten musikariak… Tabernazulo (fisiko zein digitaletako) tertulietan gero eta ohikoagoak diren hariak dira. Haietatik tiraka jarri da Ion Andoni del Amo. Tesian lehenengo, eta hura laburtuz Txalapartarekin kaleratu duen
    Party & Borroka liburuan ondoren.

Lander Arretxea @larretxea
2017ko ekainaren 11
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Gaur egunera etorri aurretik, 60ko hamarkadako Euskal Kantagintza Berria eta RRVa aztertu dituzu. Ezaugarri bertsuak omen dituzte.

Oso estilo desberdinak dira, baina hiru ezaugarri komun dituzte. Lehenak hartu zuen momentuko abangoardia kontrakulturala, Bob Dylan eta abar, eta punkak ere bere momentuko abangoardia ekarri zuen hona; izaera kontrakulturala zuten bi mugimenduek; eta hirugarren elementua, euskara edo Euskal Herriarekiko konexio kulturala da. Punkaren kasuan hizkuntzaren lotura ez da hain nabarmena, baina hala ere bazegoen euskaltasunarekin lotzeko joera bat. Denborarekin, euskararekiko loturak eta gune alternatibo horiek egin dute beren bidea, baina gutxien garatu dena abangoardia musikalekiko lotura izan da.

Zuri atentzioa eman zizuna hori da: Europako beste herrialde batzuetan ez bezala, Euskal Herrian urte luzez musika mota berbera entzun izan dela.

Bai, ikusi nuen 25 urtez musika mota berbera izan dugula gune alternatiboetan, eta gainera, gero eta jende gutxiago hurbiltzen zela bertara. Beste herrialde batzuetan hala ez zela ikusita, hori aztertzeko gogoa piztu zitzaidan, eta master amaierako lan gisa garatu nuen. Gero, behin hasita, gehiago garatu dut tesian, eta gero berriro laburtu, liburua egiteko. Nire iritzia aldatu da ibilbide horretan, eta baita errealitatea ere. Azken bost urteetan aldaketa asko izan dira, txosnaguneetan batik bat.

“Kanon rockero bat eraiki da bi ildo dituena, hard-rock metaleroa, Berri Txarraken estiloan, eta airezko instrumentuduna, Betagarriren ildoan”

Transgresioaren izenean, kulturalki kontserbadoreak izan dira esparru batzuk?

Leire Lopezek oso ongi adierazten du. 20 urtez gauza berak esatea, erritmo berean, ez da transgresiboa. Mezu horiek galdu dute bere unean zuten gaitasun apurtzailea, eta baita politikoa ere, “estribillo” hutsak izateraino. Bitxia da gune eta jaialdi alternatiboetan eman den fijazio hori, beste estilo batzuk eta euren gaitasun eraldatzailea gutxiestekoa.

Bestalde, egia da retromaniarako joera, aspaldiko musikara itzultzekoa, fenomeno unibertsala dela gaur egun. Baina hemen are gehiago gertatu da, retromania horretan instalatuta egon gara. RRVaren inguruan eraiki zen nortasun eta identitate oso bat, eta horregatik indartsu mantendu da. Errepikatu ditugu eskema berberak transgresioaren izenean, eta beste elementu transgresore batzuk sortu direnean, horien kontrako jokabideak garatu ditugu. Mantendu dugu apurtzaile izateko kanon jakin bat: rockeroa, maskulinoa… Asko kosta da horri buelta ematea.

Horrela ulertzen da, besteak beste, musika elektronikoak Euskal Herrian izan duen bide zail eta berantiarra. Hemendik At-en adibidea aipatzen duzu liburuan.

Hemendik At-en kasua oso adierazgarria da. Beste talde elektroniko batzuei zera aurpergiratzen zaie: hedonistak direla eta eduki gabeak, drogekin lotura dutela, ez dutela aldarrikapenik egiten… Baina Hemendik At euskaraz zen, oso ildo abertzaleko aldarrikapenez josia… Eta hala ere bazterketa hori bazegoen, alde estetikotik zetorrena. Kanon rockero bat eraiki da, bi ildo dituena: hard-rock metaleroa, Berri Txarrak-en estilora, eta bestea, airezko instrumentuduna, Betagarriren estilora. Hortik kanpo zegoena ez da onartua izan. Antolatzaile eta zirkuito alternatibo askotatik egin da boikota, baina baita publikoaren sektore batzuetatik ere. Hemendik At-en kasuan, jende asko zen “hau ez da gure estiloa” oihukatzen zuena.

Tabernetan edo txosnaguneetan entzuten den musika motaren ateak zabaldu direnean ordea, musika komertzialari ireki zaizkio batez ere.

“Ez dago berez estetika musikal edo kultural bat iraultzailea dena. Antolatzeko modua da batez ere iraultzailea”

Hori gertatu da, bai. Konturatu direnean gero eta jende gutxiago mugitzen zela, berandu zenez gogoeta kulturala egiteko, modako produktu komertziala erosi dute. Abangoardietatik tira beharrean, logika komertzialetik jo da, jendea erakarri eta esparrua salbatu ahal izateko. Bai tabernetan eta bai txosnaguneetan. Aldi berean, egia da rap-a eta musika elektronikoa ere tokia izaten hasi direla.

Pentsatzen dut horrek ekarri duela izaera kontrakulturala galtzen ari ziren espazio horiek, are gehiago urardotzea.

Bai eta ez. Egia da bihurtzen ari zirela komunitate jakin baten esparruak, izaera kultural oso definituarekin, eta hori apurtu da neurri batean. Baina apurketa horretan bi elementu desberdin sartu dira: batetik lortu da espazio unibertsalagoak bihurtzea, transgresorea izateari utzi zion izaera kultural bat sakrifikatuz. Bestetik, horri esker jende gehiago erlazionatu da esparru alternatibo horiekin. Amu gisa ere balio izan du, beraz.

Ez da kezkatzekoa abangoardia kulturalak gune horietan lekurik ez izatea?

Ez horrenbeste. Masa kultura homogeneoa zenean, estetikaren eta kulturaren bidetik iraultza egitea oso indartsua eta garrantzitsua zen. Punkak egin zuen, skin mugimenduak… Identitate zapaldu bat politizatuz ere talka handia lortzen zen. Gaur egun aldiz, logika kultural dominantea aldatu da: bultzatzen duena aniztasuna eta pluraltasuna da, eta beraz, orain aldarrikapen eta jarrera horiek ez dute lehengo indar bera. Bizitza edo kontsumo era moduan hartzen ditu sistemak, gustu moduan. Kultura eta estetika tresna moduan ez dira hain iraultzaileak. Ez du esan nahi garrantzitsuak ez direnik, baina apurtzaileak izateko gaitasuna galdu dute, hein handi batean.

Hori horrela bada, gune kontrakultural edo alternatibo horietan eman diren aldaketak desdramatizatu egin behar dira. Egia da hautu inkontzientea izan dela musika komertziala onartzea kutxa betetzeko, baina horrek ez du esan nahi hautu okerra izan denik.

Argazkia: Dani Blanco.

Ez dago orduan, gaur egun, apurtzailetzat jo daitekeen korronterik?

Ez, ez dago berez estetika musikal edo kultural bat iraultzailea dena. Iraultzailea, batez ere, egiteko eta antolatzeko modua da. Nola, eta ez horrenbeste zer. Auzia ez da musika elektronikoa bai ala ez, aldarrikapen mezuak bai ala ez… Auziak izan behar luke zein den antolatzeko modua, diskografika handiekin erlazionatzen den edo ez, zein jarrera duten taldeek antolatzaileekin…

Bestetik, eredu kultural nagusiak uniformetasuna bultzatzen zuenean, tribu desberdinak sortuz apurtu zen horrekin. Gaur egun aldiz, aniztasuna eta fragmentazioa bilatzen ditu, bai kulturan, bai beste alorretan. Orain musikak zentzu iraultzailerik badu, komunitate sendoak eraiki eta garatzeko gaitasuna da. Horregatik diot txosnaguneetako aldaketak ez direla hain dramatikoak.

“Gero eta gehiago dira ingelesa erabiltzen duten taldeak: sektore askotan euskara bermatutzat ematen da eta ez da hain modu premiazkoan bizi”

Feminismoak, espazio alternatiboetan behintzat, lehen ez zuen presentzia eta indarra hartu du. Horren islarik bada musikan? Aztertu duzu?

80ko hamarkadan, nahiz eta punkak queer teoriarekin-eta lotura izan eta baliabideak eman genero rolekin apurtzeko, ez zen horrelakorik gertatu. Gure punkiak oso matxiruloak eta heteronormatiboak izan ziren. Doctor Deseo izan daiteke garai hartako salbuespen bat. Emakumerik ez zegoen apenas, Las Vulpes, Belladona eta askoz gehiago ez. Geroztik ere, rock munduan oso eskasa izan da emakumeen presentzia eszenatokiaren gainean, eta zer esanik ez atzean, antolatzaile eta teknikari moduan. Musika elektronikoan eta rapean hasi dira emakume batzuk indarrez, Las Tea Party, La Basu… Baina gune alternatiboetan urte luzez estetika oso maskulino bat nagusitu da, eta sartu diren neskek askotan estetika horri jarraipena eman behar izan diote. Azken urteetan hasi da hori zaintzen programatzen denean. Batetik, emakumeen taldeak programatuz, eta bestetik estetika eta performance “matxito” horiek egiten dituzten taldeak kanpo utziz.

Hizkuntzarena da beste gai arantzatsu bat. 80ko hamarkadan ere bazeuden gaztelaniazko talde asko, baina gerora zigortu izan dira ingelesera edo gaztelaniara jotzeko joerak (Lin Ton Taun…). Gaur egun aldiz, asko dira ingelesa erabiltzen hasi diren bertako taldeak, eta joera horrek duen harrera ere aldatu da.

Bai, 80ko hamarkadan gaztelaniaz aritzen ziren talde asko zeuden. Hasiera batean ez ziren euskal taldeak bezala onartuak izan; “conjuntos modernos” bezala agertzen ziren Egin-en, adibidez. Baina mugimendua oso potentea zen, eta “Martxa eta borroka”tik aurrera egoera aldatu zen, eta onarpen horrek hurrengo belaunaldietan aldaketak bultzatu zituen. 90eko hamarkadan, ordea, euskara izan zen hizkuntza nagusia, eta horren inguruan konpromiso militantea egon zen, harrotasuna ere bai. Ondorioz, ingelesera edo gaztelaniara jotzeko joerak gaizki ikusita zeuden; hor daukagu Lin Ton Taun taldeak jasan zuen boikot kanpaina.

Gaur egun, egia da, gero eta gehiago dira ingelesa erabiltzen duten taldeak. Publikoaren aldetik ere harrera aldatu da. Musikariek estilo kontuak aipatzen dituzte askotan, eta konposatzeko erraztasuna, ingelesa monosilabikoagoa baita. Beste kontu batzuk ere badaude atzean. Alde batetik, nolabaiteko apurketa estetikoa, aurreko hamarkadetan egin den euskarazko rockarekin. Bestetik, beste fenomeno orokor bat ere badago, instituzionalizazioari lotua. Sektore askotan euskara bermatutzat ematen da, eta ez da hain modu premiazkoan bizi.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Musika kanaletik interesatuko zaizu...
2018-08-09 | Uztaro Ateliera
E i a - Basabürüko ikastolak 40 urte
MULTIMEDIA - bideo herrikoia

Zuberoako ikastolaren 40. urtebetetzea ospatzeko Xiberoots reggae taldearen eskutik "E i a" abestia eta bideoklipa osatu dute.

Marrazkiak eta zizelanak Alozeko ikastolako eta Uztaro atelierreko ikasleek sortu dituzte.
Soinu grabaketa eta nahasketa: Uztaro
Filmaketa, muntaketa eta animazioa: Oihan Oliarj eta Pette Etxebarria


Ramón Raquello eta bere orkestraren musika
MULTIMEDIA - solasaldia

2017ko ekainaren 24an Eric Baudelaire sortzaileak eta Anna Colin komisarioa solasean jardun ziren Donostiako Tabakaleran "Ramón Raquello eta bere orkestraren musika" erakusketaren nondik norakoak azaltzeko.


2018-08-03 | Baleuko
Estitxu
MULTIMEDIA - dokumentala

Gitarra beti eskuetan zuela, Estibaliz Robles Arangiz (1944 Beskoitze-1993 Bilbo) Euskal Herriak eman duen kantari onenetakoa da. Frankismoaren zentsura pairatu bitartean, Estitxu gogo handiz gonbidatzen zuten Frantzia eta Hego Ameriketako telebistetan.

Garaiko kantaldiak, telebista edo irratsaioak, argazkiak eta lekukotasunak biltzen ditu ordubeteko dokumentalak. Bertan hitz egiten dute Estitxuren senideek eta lagunek, Maite Idirin eta Gontzal Mendibil abeslariek, Juan Carlos Irizar eta... [+]


2018-07-29 | Lander Arretxea
Psilocybe elkarteak 25 urte
Mende laurdena, abiapuntu gisa

Aurten 25 urte dira Hondarribiko musikari gazte multzoa batu eta Psilocybe elkartea sortu zutela. Amute auzoan lortu zituzten entsegu lokaletan izerdia botata trebatu dira Dut, Beti Mugan, Sorotan Bele, Lif eta beste dozenaka talde gogoangarri. 2008tik, kontzertu aretoa eta grabaketa estudioa ere baditu Psilocybenea izendatutako eraikinak. Bertan entseatzen duten taldeetako kideek kudeatzen dute. Urtebetetzearen aitzakian, bisita egin eta haietako birekin elkartu gara: Ortzi Alonso eta Mikel... [+]


Musika Hamabostaldia: nire hautaketa

Abuztuaren 3an hasiko da aurtengo Musika Hamabostaldiko edizioa. Beraz, egun gutxi gelditzen zaigu erabakitzeko zein kontzertutara joango garen. Saio asko, estilo ezberdinak izango ditugu abuztuan zehar, eta arrazoi mila bata edo bestea aukeratzeko. Horrexegatik lerro hauen bidez, lagungarria izateko asmoarekin, ziklo bakoitzetik kontzertu bat gomendatuko dizuet. Halere, nire gomendioak jarraitu edo ez jarraitu, gerturatu zaitezte Musika Hamabostaldira. Ez zarete damutuko.

Kursaal... [+]


2018-07-27 | Kanaldude.tv
Esker 1000
MULTIMEDIA - dokumentala

Rockarekiko deskonexioa eman dela asko hedatu da azken urte hauetan. Ikus-entzunezko ikasketetan ari diren Arrasateko unibertsitateko ikasle talde batek, hori hala ote den frogatu nahi izan du rockaren belaunaldi guztietako partaideen testigantzak hartuz, Esker 1000 deitu dokumental honetan.

Duda horretatik abiatuz, euskal rocka eta musika estiloaren bilakaeran arakatu dute, besteak beste; beti ere, testuinguru soziopolitikoa ardatzean jarriz. Hari beretik, Euskal irratiek sustaturik, Esker... [+]


2018-07-27 | Mikel Asurmendi
Udako kultur gomendioak
Apaiz sinkronizatu bati esker


2018-07-27 | Amaia Lekunberri
Udako kultur gomendioak
Hegazkinean


Udako kultur gomendioak
Diberti gaitezen


2018-07-22 | Iker Barandiaran
Norbere bidezidorretik

Orain dela bi urte eskas ezagutu nuen Arrasateko Perlata taldea. Herrian antolatutako jaialdi batean eman zuen zuzenekoak txunditu ninduen; punka eta rock-and-rolla ulertu eta plazaratzeko moduak, eta batez ere transmititzeko freskotasunak eta erakutsitako jarrerak. Handik gutxira, beraien estraineko Nondik hasi… diskoa eskuratu nuen, baita gogoz entzun ere. Maialen, Ane, Jaione eta Ander bistaz ezagutzen nituen eta jakin banekien, gazteak izan arren, talde askotan ibiliak zirela (Lost... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude