Monsieur leCrêpe edo hitzaren boxeoa


2025eko azaroaren 5ean
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Venta aundi
Monsieur leCrêpe 
Autoekoizpena, 2025

---------------------------

Isidro Izzy Gaztañaga Ibarrako mailua boxeolari famatua izan zen joan den mendeko lehenengo erdialdean. Ondare horrekin, Juantxo Arakama Monsieur leCrêpe bihurtuta. Duela urtebete agertu zen glaukomatar ohia zortzi minutuko masterclass batekin, eta, oraingoan Venta Aundi disko laburrarekin. Laburra iraupenez, baina esatekoak esaten ditu tipoak, minutu batean, besteek diskografia osoan baino askoz gehiago.

Halaxe gastatzen du “arbola bat orriko, behetik gorako erreka”. Oinak lurrean jarrita eta aizkora zorrotz: “Amonak betidanik esan dit 'Galtzak gorago jantzi!' eta orduan ez nituenez igo, orain ez dauzkat zertan jaitsi”. Euskal Herriko panorama kultural eta politikoaren gainean egiten du “txala”. Eneko Goia Donostiako alkate ohiari beef-a, bideoklipean zuzendu du aldaketa eta aipatu du Jon Insausti alkate berria. “Segun eta barrikadako zein aldetan zauden, begira zein dauden parean: Make Euskadi Great Again”.

Unidad Alavesak abestu zuen “oh, cryer”, euskal musikari askok izan ohi dituzten “kexati” jarrerez. Pandemia garaian areagotu zen kexa, artea entretenimendua baino gehiago zela argudiatuta. Bizibide bat, alegia. Musikaren profesionalizazioa zilegi ez ezik, beharrezkoa da, mota ezberdinetako eta kalitateko kultur sistema batentzat. Ordea, kapitalismoaren legeen arabera izateak problematika betikotu baino ez du egiten. Alegia, merkatuaren legeen araberako musika-merkantzia ekoiztea, marketinean inbertituz zure irabazi apurrak. Ondo doanean pozik. Gaizki doanean kexati. Apur bat gehiago eskatu dakioke kulturgile bati, ezta?

Esango nuke ardura horretatik dabilela Juantxo: “Biniloak saltzen ditut, nire burua ni pala”. Artistaren ardura merkatu logiketatik harago pentsatzeko beharra. Eta noski, intsumisio ariketa bat da hori: “Zureak ez dira fanak, bobo, bezeroak dauzkazu: Euskadi tropikal honetako udaletxe batzuk”.

Hainbeste urteren ondoren, Euskadi ez libre eta ez tropikala, eta denok ogi apurren zain. Simulakro bat da euskal kultura deitzen diogun hau, klase ertainari sosak ateratzeko teklekin asmatu dute makroebento sinfoniko eta historikoekin, eta kulturaren alderdi kritiko-askatzailea abandonatu da espektakulu eta entretenimendura bideratuz azpiegitura profesional eta publikoak: “Euskaraz egin dena ez dago eta kritikatzerik. Eta hola goaz! (…) Hemen Gaztea bada liderra zer mierda aterako da? Atera abakoa, ganorabakoa, beste baten kalkoa”.

Halaxe artistentzat etxeko-lanak jartzen dizkigu Juantxok: “Ez da bakarrik dantzatu dezaten. Zenbat porrot eta zenbat garaipen, betidanik balak dabiltza airean. Ez ahaztu non zauden jartzen zarenean mikrofono baten atzean, again”. Nik nahiago kasu egin Tolosako mailuari...


Eguneraketa berriak daude