Ziri-demarako prest

  • Auzoa dira Gipuzkoako Herriartekoan finalera iritsi diren bi taldeak. Am...ona (Amasa-Villabona) eta Karidadeko Benta (Zizurkil-Asteasu). Amaia Agirreren ikasle izateak elkartu zituen txikitan, eta Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeak lotzen ditu gaur. Beren bertsokerak otañotarren, Pello Errotaren edo Zabalarenetik gehiago du azken hamarkadetan Euskal Herrian nagusitutako joeratik baino. Entzuteko, maiatzaren 27an Azpeitian duzu aukera.


2017ko maiatzaren 28an
Am...ona! (Villabona-Amasa) eta Karidadeko Benta (Asteasu-Zizurkil) taldeen lotura den zubian elkartu dira bi aldeak. Ezkerretik eskuinera: Beñat Iguaran, Ander Goikoetxea, Igotz Alkorta, Mikel Maiz, Haritz Mujika, Amaia Agirre eta Unai Mendizabal.
Am...ona! (Villabona-Amasa) eta Karidadeko Benta (Asteasu-Zizurkil) taldeen lotura den zubian elkartu dira bi aldeak. Ezkerretik eskuinera: Beñat Iguaran, Ander Goikoetxea, Igotz Alkorta, Mikel Maiz, Haritz Mujika, Amaia Agirre eta Unai Mendizabal. Argazkia: Estitxu Eizagirre.

Villabonako Amasa kafetegian elkartu gara bi taldeetako bertsolariekin (Joseba Otaegi salbu, lan erreleboan baitzen). Euskal Herriko punta bateko eta besteko bertsolariak sartu-atera dabiltza kafetegian, Bertsozale Elkartearen egoitza, Mintzola etxea, ondoan dagoen seinale. Elkarrizketa josiz erantzun dituzte galderak, eta tartean sartu dira, batzuetan kolpean eta bestetan zeharka, kideen ziriak. Hizlari trebeak dira eta bizitza arpajotzea dela sentitzen du batek hauen artean.
    Herriartekoan 38 taldek hartu dute parte eta bertsozaleen artean sarea josteko balio izan duela kontatu digute. Ander Goikoetxea Arana da, bertsolarietan, horren adibide; bera da salbuespena, txikitatik Amaia Agirreren irakasle izan ez dena: “27 urterekin helduentzako bertso-eskola antolatu genuen Villabonan. Geroztik, tarteka, lagunartean eta aritzen ginen. Herriartekorako Amona taldeko antolatzaile aritzeko deitu zidatenean, nik kantatu egingo nuela esan nien”. Oihana Iguaranek berehala: “Bagenekien bertsotarako deituta ez zenuela onartuko, eta antolatzeko deitu genizun, ondoren bertsotarako zirikatzeko asmoz”.
    Herriko zaleenak gai-jartzen eta epaile lanetan lotu dira bertsolariekin eta saioetan eta prestaketetako bileretan “ederki gozatzen” ari dira. Beste herrikide batzuek, kalean pasatuta “bertsolari!” ezagutzen dituzte orain, sekula saioetan ikusi gabeak Herriartekoan entzule izan dituzte eta lehia nola doan interesaturik dira: “Zizurkildarrak oso zizurkildarrak dira, eta Asteasukoak zer esanik ez! Horrelako herrietan Herriartekoak tira egiten du, bai pelotan eta bai bertsotan” kontatu du irri-erdika Unai Mendizabalek. Jende asko mugitu du Zizurkil-Asteasuko Pello Errota taldeak.

 

Karidadeko Benta taldea. Ezkerretik eskuinera: Igotz Alkorta (gai-jartzailea), Joseba Otaegi, Unai Mendizabal, Haritz  Mujika, Mikel Maiz (ordezkaria) eta Jon Ormazabal (epailea). Argazkia: XDZ


    Bi talde hauetako bertsolari gehienek probatu dute bestelako txapelketa, Gipuzkoakoa eta Euskal Herrikoa. Herriartekoa “beste zerbait” dela kontatu dute, “ikusteko gutxi” duena bakarkakoarekin. Batez ere, taldean eramaten delako ardura, emaitzaren erantzukizuna partekatua delako, gozoak eta gaziak taldean bizitzen direlako eta helburuak jartzerakoan hain estu hartu ez dutelako: “Alegiko saioan gertatu zitzaidan, ez nuen egun onik izan, baina ‘besteak ondo ari dira’, horrek lagundu zidan eusten”. “Hi, bada, espabilatu hadi, ze ez diagu beti bestek eutsiko, e!”. Agirrek gehitu du bertsolari bakoitzak zer ariketa egingo dituen aukeratu ahal izatea luxu handia dela bertsotan, “ongien egiten dakizunera jartzeko aukera ematen baitizu”. Baina bertsolari bakoitzak 6 bertso kantatzeak “luzitzeko tarte txikiegia eta huts egiteko tarte handiegia” dakarrela dio. Zentzu horretan, txapelketa arruntetan norberaren lanarekin gusturago geratzeko aukera egoten dela. “Herriartekoan agurra berezia izatea garrantzitsua izan da zentzu horretan, agurra prestatzen ederki pasatu baitugu, eta oholtzan kantatzea ere gozamena izan da” gehitu du Oihana Iguaranek. Bi talde hauen agurrak entzule askoren memorian gelditu dira. “Gure artean prestatzeko bildu, eta bertsotan baino denbora gehiago eman izan dugu agurra prestatzen!” aitortu du Beñat Iguaranek. Bertsoa ez dela hitza soilik agerian geratu da ariketa horretan zer elementu prestatzen dituzten galdetuta: “Uste dut doinuarekin asmatzea dela gakoa. Tractor amarillo hartu genuen batean. Behin doinua aukeratuta, hitzak azkar etortzen dira” bota du Mendizabalek. “Edo hurrengoan, bi ahotsekin jokoa egitea pentsatu genuen...” Mujikak.

    Larunbateko finaleko agurra prestatzen ariko dira honezkero. Amasa-Villabonako Amona taldean lau bertsolari dira, eta hiruk kantatuko dute egun handian. Nortzuk? Azpeitira jo beharko dugu jakiteko, galdetuta erantzun hau jaso dugu-eta: “Aste honetan saioa egin beharko dugu gure artean eta gaizkien aritu dena etxera. Epaile, kontrarioak”.

 

Am..ona! taldea. Ezkerretik eskuinera: Iñaki Otaegi (gai-jartzailea), Oihana Iguaran, Beñat Iguaran, Aritz Garin (epailea), Ander Goikoetxea eta Amaia Agirre. Argazkia: XDZ

 

“EZ GARA POESIA ASKO EGITEKOAK”
Asteasun biltzen zen taldeari txikitatik antzematen zitzaion Amaia Agirreren  eskola. Euren bertsokera definitzeko eskatu diegu: “Hitz egiteko modua ere badugu ezberdina, behar bada bizi garen inguruaren eraginez”, Mendizabalek. “Ez gara gu poesia asko egitekoak”, jarraitu du Mujikak: “Bertsoa saltzen badakigu, mantso kantatzen, egoten. Saiatzen gara hizketan bezala bertsotan egiten. Gure erara egiten, ez gara saiatzen milagroak egiten”. “Entenditzeko moduko bertsoak egiten ditugu”, Beñat Iguaranek. “Ahozkotasunaren ahalik antzekoena egiten saiatzen naiz, euskalkiari ez ihes egiten”, Mendizabalek.

Erreferenteez galdetu diegu. Garai batekoen artean, Joxe Agirre nabarmendu dute. “Lasarteren bertsokerak liluratu ninduen, eta edukiz, Xalbadorrek”, gehitu du Oihana Iguaranek. Jexux Mari Irazu, Unai Agirre eta Aitor Mendiluze aipatu dituzte oraingoen artean. “Onena Maialen!”, gehitu du Mujikak, “baina hori ez dugu erreferente, egiten duena egiten saiatu ere ez gara egiten, urrutiegi dago”, bereizi du Mendizabalek.

 

BAKOITZAK BESTEAREN AURKEZPENA BERTSOTAN

JOSEBA OTAEGI SAIZA
33 urte. Bizitokia: Zizurkil. Egunerokoa: Mekanizatuko langilea.

“Sorpresa” gisan hasi
zena jo eta ke.
ia bihurtu zaigu
taldeko alkate.
Ze kantakera jantzi,
ze arrazoi kate,
oraindikan edonor
harritu dezake.

(Haritz Mujikak jarritako bertsoa)

 

UNAI MENDIZABAL JAUREGI
25 urte. Bizitokia: Zizurkil. Egunerokoa: Bertso irakaslea.

Irakaskuntzan eta
plazan aparrean
eta militantzian
ere indarrean.
Abaniko zabal bat
da jende aurrean
hamaika erregistro
ahots bakarrean.

(Amaia Agirrek jarritako bertsoa)
 

HARITZ MUJIKA LASA
21 urte. Bizitokia: Asteasu. Egunerokoa: Haur Hezkuntzako ikaslea eta bertso irakaslea.

Arrazoiak eskaini
ditzake lerruan
edo barreak bildu
bertso amarruan.
Nahiz eta aingeru bat
dirudin larruan
deabru bihurri bat
darama barruan

(Unai Mendizabalek jarritako bertsoa)

 

OIHANA IGUARAN BARANDIARAN
26 urte. Bizitokia: Amasa. Egunerokoa: Bertsoaren agenda doktore-tesia egiten ari da.

Hanka puntetan dantzan
hasi zen haur hura
oinak puntutan dator
hazi zen mundura.
Sarea du oinarri
talde bat aingura
ta nahi duen puntura
Harituz heldu da.

(Amaia Agirrek jarritako bertsoa)
 

BEÑAT IGUARAN AMONDARAIN
28 urte. Bizitokia: Amasa. Egunerokoa: Montatzailea.

Zirtoa dago bere
dohainen ilaran
baina askoz gehiago
da Beñat Iguaran
hitz neurtuen pizti hau
ehiztari nola dan
kartutxo bat prest dauka
beti rekamaran.

(Oihana Iguaranek jarritako bertsoa)
 

ANDER GOIKOETXEA ARANA
33 urte. Bizitokia: Villabona. Egunerokoa: Unibertsitateko elektronika irakaslea.

Buruz argia eta
zorrotza eztena
sorpresa bihurtu da
erokeri zena.
Orain arte dotore
egin arren dena
Azpeitin egingo du
saiorik onena.

(Beñat Iguaranek jarritako bertsoa)
 

AMAIA AGIRRE ARRASTOA
39 urte. Bizitokia: Asteasu. Egunerokoa: Bertso irakaslea.

Bertso munduan ez da
ibili gordea
ofizio danetan
abila ordea.
Sakonean sakona
fina umorea
gai-jartzen ona eta
bertsotan hobea.

(Ander Goikoetxeak jarritako bertsoa)


Bailaran ereindakoaren uzta


Irakaslea bere ikasle ohiez inguratuta ikusiko dugu Herriartekoaren finalean. Agirrek kontatu du taldea osatzea izan zela bere helburua: “Ni hasi nintzenean Tolosan eta Hernanin zeuden bertso eskolak. Tartean ez zegoen ezer. Hernanira eta Tolosara joaten nintzen, ederra izan zen bide hura baina neketsua ere bai. Horregatik egin nuen ahalegina duela 20 urte nire herri inguruan (Villabona) bertso eskolak sortzekoa. Inguruko udaletxeetara jo eta zain zeuden nork horrelako zerbait eskainiko! Ordu erdiko bileran lotzen genituen egoitzak eta aurrekontuak. Bertso eskolak jarri genituen Asteasun, Villabonan eta Zizurkilen, oso erraz! Urte batean 13 bertso eskola ematera iritsi nintzen, nola heldu nola ume, pentsa! Horietako bakoitzean aurrera jarraitzen zutenak, Asteasuko taldera ekartzen nituen kotxean. Taldearen babesa da gakoa aurrera egiteko”. Gaur egun egoera oso ezberdin ikusten du, Bertsozale Elkarteak hezkuntza arautuan zabaldu duen sarea asko estimatzen du, bertso eskolak badira, ondoren Tolosaldeko gazteak biltzen dituen Harituz Bertsozale Taldea...
    “Bi lo eta bertso-eskola” asteazkena noiz iritsiko pasatzen omen zuten astea txikitan, denek xamurki gogoratu dutenez: “Lau orduko bertso eskolak egiten genituen, bertsoaz gain beste gauza pila bat eman dizkigu eta horregatik lotu gintuen Amaiak bertsotara” kontatu du Mujikak. Talde giroa elikatzeko, bertso eskolak eskolatik gutxi eta ongi bizitzetik gehiago izan zuela azaldu du Agirrek: “Gaztetxotatik eramaten nituen bertso afaritara, egunpasak egiten genituen elkarrekin...”. Agirreren ikasle izandakoak irakasle dira egun, eta Asteasuko taldea daraman Mujikak eskola horri jarraitzen dio: “Saioetara hamar minutu lehenago ez, pare bat ordu lehenago joaten gara, beste herrietako jendea ezagutu, litxarreria batzuk jan...”. Beren herrietan bertsolaritza bizi egiten dela eta urtean behingo saio nagusiak indartsuak direla estimatzen dute. “Gauza handia da txikitan herri saio handi horretan buruz ikasitako bertsoak kantatzea. Horrela hasi ginen plazaratzen” kontatu du Mendizabalek. “Eta bertsotan idoloak dituzun horien ondoan egotea! Futbolean ari den umeari Xabi Prieto eskolara etortzea bezala”, jarraitu du Mujikak.
    Gaztetxotan, Tolosaldean Harituz Bertsozale Taldea martxan jarri zuten, egun bailarako bertso eragile nagusietakoa bihurtu dena: “Bere garaian Hamaika Bertute ekimenak elkartzen gintuen bertsozaleak. Hura bukatu zen, eta bailarako herrietako bertsolariek eta zaleek beharra sentitzen genuen elkartzeko, herrietan sakabanatuta baikeunden. Elkarrekin biltzeko, eta herrietan saioak eta ekimenak antolatzeko” kontatu du Beñat Iguaranek. Ibiltaria egiten dute, astero herri batean bilduz. 15 bat bertsolarik parte hartzen dute Harituzen eta era askotako ekimenak antolatu dituzte, esaterako, bertso eskolak, urtero egiten duten bertso jarrien afaria... Hurrengo ikasturtean beste urrats bat eman nahi dute, Tolosaldeako ahalik herri gehienetan bertso eskolak jarriz: “Ni naiz taldean gazteena, eta hamalau bat urteko hutsunea ikusten dugu. Bertso eskolak sustatuta belaunaldi berriak ekarri nahi ditugu Harituzera” kontatu du Mujikak. “Herri txikietan ere lau bat umeko taldea osatzeko aukera ikusten dugu, eta kozkortzen direnean bailarako dinamika ibiltarira batzekoa”. Herriartekoak ekarri dien oihartzuna ere alde izan dezatela. Aisialdian ere “konpetentziak” pilatzeari garrantzia handia eman zaio beti, eta bertso eskolak jarraitzen du “umorea”, “hizkuntzaren plazera”, “elkarrekin gauzak antolatzea”, “lagunartea” estimatzen dutenentzat luxuzko esperientzia izaten. Gazte hauek bota digute aurreko belaunaldiak ere kontatzen duen sentipena: “Gure garaian bertso eskolara joaten ginenok arraroak ginen”. Denbora-pasaren artearekin gozatzen duen arraro horietakoa bazara, adi, hurrengo ikasturtean izan dezakezu aukera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolaritza
2024-04-09 | Bertsozale.eus
Apirilaren 25ean hasiko da Gipuzkoa Bertsotan, Eskoriatzan

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea hastera doa: 20 saio jokatuko dira, bi itzulitara. 74 bertsolari ariko dira kantuan, eta horietatik 48 sailkatuko dira bigarren itzulirako; udazkenerako txartela, aldiz, 34 bertsolarik lortuko dute.


2024-04-08 | Cira Crespo
EUROPAKO TXIKI(TU)AK
Bertsolari ijitoak


Aroa Arrizubieta txapeldun

Manex Agirre txapelaren ertzean


Larunbatean izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala

Gasteizko Printzipal Antzokian izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala, 17:30ean. Ez da inoren estreinako aldia izango finalean.


Eguneraketa berriak daude