Amerika Kapitaina nazi bihurtu da: komikizaleen errebolta Trumpen AEBetan

  • Nola ote dago kontua AEBetan, Amerika Kapitaina ere esplizituki faxista bihurtu bada komikiaren azken zenbakietan. 1940ko hamarkadan sortutako pertsonaia nazien aurkako ikonoetako bat izan zen II. Mundu Gerran. Orain, Marvel etxearen azken erabakiak sutan jarri ditu komikizaleak.

Iazko uztailetik bolanteari gogor eutsita gidatzen ari dira Marvel argitaletxea, ekaitza noiz pasako zain. Arrazoia: iragarri zutela marraz eta izarrez jantzitako heroi amerikar erabatekoa, Amerika Kapitaina, Hydra taldeko kide dela; alegia, talde terrorista kripto-nazi bateko partaide. Pertsonaiaren jarraitzaileek ezin izan dute jasan eta sare sozialetan haserrea adierazi dute, Marvelen kontrako boikota eskatzeraino.

Dena esaten hasita, badira ñabardurak: Hydra ez da zehazki talde nazi bat, nazi ohi batek sortu zuen arren –Wolfgang von Strucker baroiak– eta zeregin horretan lagun izan zuen arren Red Skull, Amerika Kapitainaren antagonista nagusia, eta hau bai, nazi petoa. Beraz, tira, ez dago diferentzia handiegirik, ezta? Milaka zalek behintzat ez dute alderik ikusten eta haien haserrea puztu da aurtengo martxoan, Marvelek Hydraren tixertak bidali dituelako komiki-dendetara, saltzaileak animatuz haiek janztera pertsonaiaren bando-aldaketa kontatzen duen Secret Empire seriea komertzialki sustatzeko. “Portaera antisemitak hedatzen ari dira munduan oraintxe. Egin nahi dudan azkeneko gauza da ‘Hail Hydra’ dioen kamiseta bat nire langile judutar zernahiari jantzaraztea”, adierazi dio Utah-ko komiki saltzaile batek The Guardian egunkariari.

Gai honek sortu duen zalaparta ez da ulertzen AEBetako eskuin mutur berriaren goraldiaren testuingurutik kanpo

Argitaletxearen bertsioa bestelakoa da. Ziurtatu dute zaleen kexak entzuten ari direla eta eskatu dute itxaroteko, ikusteko istorio-lerro honen bukaera zein izango den eta orduan ateratzeko konklusioak. Amerika Kapitainaren twist naziaren arduradun nagusiak, Nick Spencer idazleak, zera txiokatu du: “Benetan badiogu ‘ez gaitzazue eraman istorioetako gertakari txarretatik, bukaeran dena konpondu arren’, orduan istorioek ez dute biziraungo”. Argudio ona da, nork uka, eta auziari fikzioaren ikuspegitik helduz gero, badirudi Spencerrek arrazoia daukala.

Baina, puntu honetara iritsita galdetu daiteke ea istilu honen muinean fikzioaren mugei buruzko desadostasunak bakarrik ote dauden edo, kontrara, zerikusi handiagoa daukan AEBetako klima sozialarekin, zeinak azken hauteskundeetan Trump presidente bihurtu duen, eskuin muturra normalizatu eta “alt-right” izen komertzialarekin plazaratu diren neonazien presentzia areagotu. Nazi berri horiek Amerika Kapitaina erabiltzen dute orain supremazismo zuriaren alde eta, Marvelek erabilera horiekin zerikusirik ez duela dioen arren, sinesgarritasun handirik gabe geratu da jakin denetik argitaletxearen jabe den enpresako zuzendari exekutiboak, Ike Perlmutterrek, Trumpen kanpaina finantzatu zuela milioi bat dolarrekin.

Hori ikusita, ulergarriagoa dirudi komikizaleek zentimo bat gehiago jarri nahi ez izatea halako super-bilauaren planak ordaintzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Komikiak
2023-12-15 | ARGIA
'Ño' komikiaz solasaldia, gaur Bilboko La Sinsorga kulturgunean

Ño komikiaren testuen egile Miren Artetxe eta Eli Pagola, eta Maitane Gartziandia ilustratzailea Bilboko La Sinsorga kulturgune feministan (Askao Kalea, 9) izango dira gaur, arratsaldeko 19:00etan, haien lanaz hitz egiteko.


Euskarazko komikien HernaniKomik II. azoka

Azaroaren 17an eta 18an izango da, ostiralez eta larunbatez, Hernaniko Atsegindegi plazan


Mikroa eskuan eta irribarrea ezpainetan

Ño!
 

Testuak: Eli Pagola eta Miren Artetxe
Ilustrazioak: Maitane Gartziandia
Argia, 2023

------------------------------------------------------

Komikia hasi aurretik eta amaitu ondoren bai azal eta kontrazalean, bai tapa eta barruko tapetan informazio... [+]


2023-09-27 | ARGIA
‘Ño!’ komikiaren erakusketa inauguratuko dute ostegunean Hernanin

Maitane Gartziandia, Eli Pagola eta Miren Artetxe egileek komikiaren lan prozesua eta mamia azalduko dituzte Kulturarteko Plaza Feministan irailaren 28an, komikiaren marrazki originalez lagunduta. Urriaren 5ean Iruñeko Laban aurkeztuko dute beren lana egileek.


Eguneraketa berriak daude