“Milioika hegazti hil dituzte, arazoaren zinezko kausari buru egin gabe”

  • Auzo baten etxean hegazti gripea agerturik, beste hainbat laborariren gisara, prebentzioz ahateak hiltzera behartu zuten Jean-Michel Berho. Neurria ez onarturik, etxaldera zetozen Frantziako Estatuko osasun zerbitzuko ordezkariak oztopatzen aritu zen, kontsumitzaileak eta ELB sindikatuko laborariak zituela ondoan. Borroka irabazirik, irakaspen bat atera dela dio: “Ekoizleek badakite kolektiboki garaitu daitekeela makina administrazio pisu hau”.

Hegazti gripe birus bortitzak hazkuntza industrialetan garatzen direla dio Jean-Michel Berhok. Ez da ordea bere hazkuntza hautua; ahateak kanpoan ditu, eremu zabalean bizi dira. (Arg.: Roger Aincy)
roger aincy
Hegazti gripe birus bortitzak hazkuntza industrialetan garatzen direla dio Jean-Michel Berhok. Ez da ordea bere hazkuntza hautua; ahateak kanpoan ditu, eremu zabalean bizi dira. (Arg.: Roger Aincy)

Hegaztien gripea hor dago.

Gure marranta bezain ohikoa da. Une eta gune berean hegazti gripe forma bat baino gehiago daude. Baina azken urteetan agertzen diren gripe oso bortitz horiek hazkuntza kontzentratuei lotuak dira. Forma bortitz horiek ezin dute naturan edota dentsitate txikiko hazkuntzetan hazi, hegaztia berehala hilen delako eta ez delako hedatzeko aukerarik. Haatik, abereak elkarren gainean diren hazkuntzetan bai, genetikoki biziki hurbil eta kasik klonak diren hegaztiekin bai. Duela milioika urte existitzen dira hegaztiak eta gripeak, hazkuntza txikiak ere duela milaka urte. Nolaz dira orain agertzen epidemia horiek? Aldaketa da nekazaritza industriala geroz eta inportanteagoa dela, garraio gehiagorekin, kontzentrazioaren eraginez. 

Garraioaren bidez hedatu da.

Hamar milaka hegazti diren guneetan birusaren kontzentrazio erraldoia kausitzen dugu. Naturan libratua dena, eraikinetan izan arren, aire kantitate alimalea hartua eta kanporatua delako, arnasa hartu behar dutelako eta ongarrian den amoniakoa atera behar zaielako. Gainera, hiltegietara edota gizentze guneetara garraiatuak dira, eta haien luma likistuak naturan hedatzen dira.

Hegaztiak hiltzea da emandako erantzuna.

Izurrite bortitz bat denean, normalean funtzionatzen duen egin-molde bat da. Gaur egun arazoa da hiltze sistema askoz zabalagoa finkatu arren garraioa ez dutela gelditu. Eritasuna hedatu da, eri ziren hegaztiak garraiatu dituztelako.

Eta ahateen hiltzea inposatua zaizu.

Prebentziozko hiltze gune batean naiz. Milioika hegazti hil dituzte, arazoaren benetako kausari buru egin gabe. Funditze alimale horren aurka borrokatu gara.

Etxe ekoizleentzat da zailena.

Jomugan gaituzte. Alta, ez dugu ezer garraiatzen, hegaztiak baserrian bertan haziak, galkatuak eta hilak dira. Horregatik ditugu prebentziozko hiltzeak errefusatu.

Sostengu jendetsua jaso duzue.

ELBren baitan sortu genuen iaz hegazti gripeari buruzko gogoeta talde bat. Jada genioen garraioa zela epidemiaren arrazoi nagusia. Industrialak erotuak ziren, arras ongi zekitelako baina isilean atxikitzen zutelako. Garraioa geldituz arlo industrial guztia da erortzen. Hipokritak dira zeren udaberria etorri zaigu eta horrek du kontaminazioa txikitu.

Arriskua da datorren neguan berdina gertatzea.

Guk hori diogu. Komedia zabal hori bukatu eta oinarrian den arazoari begira jarri behar gara, hots, hazkuntza industrialari eta garraioari.

Alerten datu basea estatuak kudeatzea nahi duzue.

Interprofesionalaren esku da, industrialez osatua, eta neurri guztiak dira ekoizle txikiak suntsitzeko. Guk osagarri sistema segurua dugu, ez ditugu neurri ultra-higienista horiek behar. Neurri horiek segitu dituzten hazkuntza erraldoiak dira birusaz lehenik hunkiak izan. Argi da ez dela soluzioa. Ekonomikoki oso pisua da eta prozedura astuna. Anitz ekoizle txikik dute etsiturik lanbidea utziko. Ezin onartuzkoa da, jakinez gainera jendarteak ekoizpen eredu hori duela geroz eta gehiago eskatzen.

Lanuzteari buruzko zifrak dauzkagu?

Ez, ministerioak gorderik atxikitzen ditu. Ez dugu datuen berririk, nahigabean eskapatzen zaizkielarik jakiten ditugu. Iaz hazkuntza industrialen bi herenak kontaminatuak zirela horrela jakin genuen. 

FDSEA sindikatua jakinean da?

Noski.

Zein izan da haren joera azken mobilizazioan?

Sekulako presioa jarri dio prefetari, hiltzeak behartzeko. Alta, prefetak gu entzunez du deskubritu egoera eta aterabide edo erdibide bat atzeman nahian zen. Laborantza ministeritzan, DGAL Elikaduraren Zuzendaritza Orokorraren mailan teknokratak daude eta haiek dute desagerrarazteko politika erabakitzen. 

Nolakoak dira kalte-ordainak?

Hor ere industrialek presioa egin zuten ordainak haien ekoizleei banatzeko. Hainbeste non eta aurten batzuek zioten berriz hegazti gripea hartuko luketela, diru-sartzea dutelako lanik egin gabe. Haatik etxe ekoizleok ez gara hainbeste lagunduak.

Zein da arrazoia?

Lobbyak dituztela parean. Indar harreman bat da, industrialek daukatena eta guk ez. Horregatik dira ekoizle txikiak deskuraiaturik. Gainera, biosegurtasun neurriekin inbertsioak emendatzen dira.

Azkenean borroka irabazi duzue.

Hilketa oztopatzeko prest izango zen jendea genuen ondoan. Harrituak izan gara, batez ere bigarren aldian. Bezpera gauean jakin genuen 6:30ean etorriko zirela eta mobilizatzeko tartea txikia izanda ere, lehen aldian baino gehiago ginen. Landetako ekoizleek erran ziguten “lasterregi utzi ditugu hegaztiak hiltzera, banaka hartu gintuzten, beldurra sarraraziz eta ez ginen kolektiboki antolatuak. Datorrenean erresistentzia adieraziko diegu”. Irabazi izana eredu izan da.

Eskolan ikasitakoari bizkar

“Eskolan ikasitakoa egin nuen hasieran, arras espezializaturik. Laborantza industrialaren printzipio bat da espezializazioa. Ongi zihoan baina laster okertu zen. 1989an etxe ekoizleen elkartea sortu genuen eta nirea beste begirada batez so egiten hasi nintzen. Berea inposatzeko naturari gerra egiten dion sistemarik ez nuen nahi. Badu hogei urte pasa ez dudala gehiago erremediorik, txertorik ala desinfektatzailerik erabiltzen. Eta ahateak osasuntsu ditut”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hegazti gripea
Pettan Prebende, laboraria
“Agroindustriarentzat pentsatu araudiak dira eta emeki-emeki hiltzen gaituzte”

Azken urteetan errepikatzen den gaitza dute hegazti gripearena laborariek. Frantziako Estatuak bideratu aterabideak –hegazti guzien hilketa prebentiboak eta kabalak barnean atxikitzea– gogorki gaitzesten ditu ELB sindikatuak. Egoeraren larritasunaz ohartarazteko eta... [+]


Hegazti gripeaz Frantziako Gobernuak egin duen kudeaketa salatu du ELBk

Animalien osasunaz arduratzen den DDPP departamendu mailako zerbitzuak Pauen dituen bulegoak okupatu dituzte ekainaren 8an, ELBk eta Biarnoko Modef eta Confederation Paysanne sindikatuek ere. Poliziak kanporatu ditu.


2023-06-02 | Euskal Irratiak
Hegazti kutsatuak Behe Nafarroara ekartzearen lanjeraz ohartarazi du ELBk

ELBk berriz ere bere arrangurak agertarazi ditu hegazti gripeari begira. Euskal Herriko Laborarien Batasunak jakitera eman duenez, iragan hiru asteetan 70 kutsadura kasu aitortu dira Aturri arroko etxaldeetan, horietatik 50 Gersen, hemezortzi Landetan eta bi... [+]


Etxalde bateko ahateen prebentziozko hilketa saihestea lortu du ELB sindikatuak

Ehundik gora lagun elkartu dira Ilharren (Nafarroa Beherea) Bidarteberria etxaldearen aitzinean, zerbitzu sanitarioko ordezkariei bidea mozteko. Hegazti gripearen testuinguruan, 200 ahateren hiltzea oztopatzea lortu dute.


2022-01-25 | ARGIA
Hegazti gripearen kudeaketa “porrota” dela salatu du ELBk eta mobilizazioa deitu du

Kanpoan hazten diren hegaztiak hiltzea da Frantziako Gobernuak darabilen estrategia, hegazti gripeari aurre egiteko. Euskal Herriko Laborarien Batasunak (ELB) ohartarazi du estrategia hori antzua dela eta etxalde txikiek ez dituztela kudeaketa txarraren ondorioak pairatu behar... [+]


Eguneraketa berriak daude