"30 urteotan denen kontra egin dugu, eta denen alde ere bai zenbaitetan"

  • 1987ko ekainaren 4an plazaratu zen TMEO komiki-aldizkariaren lehenengo zenbakia. Azaleko irudian, zezen-plaza bat, eta toreatzailea lurrean zerraldo, odoletan blai. Haren alboan, zezena zutik, gizonaren belarriak eskuetan, ikusleen txalo eta biba artean. 30 urteotan aldizkariak ikur izan dituen izaera zirikatzailea eta umore garratza ederki islatzen ditu Ernesto Murilloren marrazki historikoak.

Iñaki Larrinbe “Larry” eta Joaquin Delgado “Kini” TMEOko kide beteranoak, Gasteizko Errementari kaleko egoitzan, zenbaki berria eskuetan. 
4.000 aleko tirada du gaur egun TMEOk.
Iñaki Larrinbe “Larry” eta Joaquin Delgado “Kini” TMEOko kide beteranoak, Gasteizko Errementari kaleko egoitzan, zenbaki berria eskuetan. 4.000 aleko tirada du gaur egun TMEOk.

Iruñeko Media Luna parkean aurkeztu zuten TMEO aldizkariaren zero zenbakia, zezen-plazatik metro gutxira (alubak!), Tijuana in Blue taldearen akordeak lagun. Nafarroako hiriburuan argitaratu zen lehendabiziko bost urteetan, eta Gasteizen 1992az geroztik, bi hilean behin, Ezten Kultur Elkartearen eskutik. Alde Zaharreko etxabe batean dute egoitza, Errementari kaleko 54an. Atean errotulu edo logorik ez ikusteak harritu egin gaitu. “Lehen bagenuen karteltxo bat zintzilikaturik, baina Charlie Hebdorena gertatu zenean kendu egin nuen, eta gaur arte”, esan digu Joaquin Delgado Kini TMEOko marrazkilari beteranoak: “Orain irudi dezake tontakeria bat, baina beldurtu egin nintzen. Blokeatu egin ninduen, ulergaitza zitzaidan, amorru handia sentitu nuen”. Iñaki Larrinbe Larry du alboan Kinik, aldizkarian denbora gehien daraman kideetako bat. Eurek kontatu dizkigute TMEOren 30 urteko ibilbidearen ingurukoak, geldialditxoa eginez umoreak jokatzen duen paperaz hitz egiteko.

30 urte jada. Zer aldatu da denbora honetan guztian?

Iñaki Larrinbe ‘Larry’: Zer ez den aldatu esango dizut: era nahikoa kaotikoan egin dugu lan hasieratik. Badugu modu asanblearioan funtzionatzen duen zuzendaritza batzordea, baina gaur egun kide bakoitza hiri batean dago: Kini eta biok Gasteizen, Abarrots Bartzelonan, Mauro Entrialgo eta Alvaro Ortega Madrilen, Furillo Zaragozan... Lehen gehiago ikusten genuen elkar, baina orain, Internetekin-eta... Internet, horrek bai, horrek ekarri du aldaketarik; kolaboratzaileekin harremanak erraztu ditu. Lehen marrazkiak bere modura bidaltzen zizkizun bakoitzak. Maketazioan ere asko aurreratu da. Salmentari dagokionez, taberna-sarea hasieratik izan da garrantzitsua guretzat, eta egia da giroa biziago zegoela lehen, zuzeneko kontzertu gehiago, fanzineak...

Joaquin Delgado ‘Kini’: Maurok [Entrialgo] dioen bezala, “inspirazioa tabernetan aurkitzen nuen lehen, eta Interneten orain”. Taberna mitiko piloa itxi dituzte Gasteizen, TMEO ugari saltzen zituztenak. Ia egunero zeuden tabernak lepo lehen, eta orain badira soilik ostiral eta larunbatetan irekitzen dituztenak.

Larry: Horregatik aldatu dugu aldizkaria banatzeko sistema. Ikusi dugu komiki-dendetan egon beharra daukagula, baita kioskoetan ere, gure belaunaldiko jendea ez delako tabernara joaten TMEO erostera. Tabernak, dena den, oinarrizkoak dira oraindik ere. Batez ere haiek eta saltoki txikiek paratzen dituzte iragarkiak gurean, militantziaz. Bada jendea 30 urte daramatzana publizitatea jartzen.

Kini: Ez dakit zenbat zerbeza gehiago zerbitzatuko dituzten gurean iragartzeagatik...

Larry: Diru-laguntzarik ez dugu eskatzen, eta ez dugu onartzen enpresa handi, banku edota alderdi politikoen publizitaterik.

Kini: Eskaini ere ez digute sekula eskaini... Itxaron, bai, hasierako garaietan jarri genuen zerbait, Nafarroako Gobernuarena. Drogaren aurkako kanpaina bat zen. Eztabaida sutsua izan genuen, onartu beharko genukeen ala ez; azkenean sartu genuen, hain baitzen barregarria, TMEOren txiste bat zirudiela. Instituzioak saiatzen direnean kalearen mailan jartzen... [barrez hasi da].

Banaketa-sistema aipatu duzue. Zer aldatu da?

Larry: Lehen guk banatzen genuen leku guztietan. Orain, Euskal Herriko kioskoetara enpresa batek eramaten ditu, Espainiako Estatuko komiki-dendetara beste batek, Elkarrek bere saltokietan paratzen du… Duela zenbait urte ekonomikoki porrot egin genuen, saiatzeagatik aldizkaria Estatu osoan masiboki banatzen. Bi sari jaso genituen [1988an Europako fanzine onenaren saria Grenoblen eta 1989an espainiar fanzine onenarena Bartzelonan] eta, noski, kristorenak ginela sinetsi genuen. 1991n banaketa erraldoi hura egin eta 92an behea jo genuen.

Kini: Tira, sekula ez dugu sosik izan. Zenbaki batzuek hobe funtzionatzen dute, baina furgonetarentzat bi gurpil erosi eta listo, akabo dirua. Orduko hartan galtzerdiak salbatu gintuen.

Galtzerdiak?

Kini: Bai, ez genuen dirurik margoak erosteko ere. Orduan, TMEO Iruñean banatzen zuen tipoak esan zigun etxean bazuela galtzerdi bat, arropa zikinarentzako saskian denbora zeramana, non gordetzen zituen saldutako aleengatik jasotako txanponak eta txeke batzuk. Saskian begiratu eta 40.000 pezeta bildu zituen. Ba horri esker.

Iñaki Larrinbe ‘Larry’: “Hiru gauzarekin jokatu behar duzu tentuz: Koroarekin, Elizarekin eta terrorismoaren biktimekin. Beno, guk ez dugu tentuz jokatzen...”

Tabernak-eta aipatu dituzue. Komiki edo liburu azoketara joaten al zarete? Durangora adibidez.

Larry: Durangora joan izan gara orain arte, baina aurrerantzean zer egin planteatzen ari gara. Mahaia jartzeak 2.000 euroko kostua du, eta horri gehitu behar zaio langileari ordaindu beharrekoa. TMEOak 4 eurotan ditugu guk. Liburuak 15-20 eurotan saltzen dituenak badu marjinarik, baina guk... Bartzelonan izan gara, Zaragozan, Getxon –25. urteurrenean omenaldia egin zigutenean–… baina ez du funtzionatzen. Komiki azoketako publikoa ez da TMEOren irakurlea.

Kini: Durangon rara avis samarrak gara, guztiak euskarazko produktuekin eta gu hor.

Gaztelania hutsean plazaratzen da TMEO, istorio bakarren bat salbu. Euskarari tarte handiagoa emateko asmorik baduzue?

Larry: Arazoa da Estatura zabaltzen dela. Onena litzateke bi edizio izatea, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz, baina lan handia eskatzen du horrek, itzuli, errotulatu… Diru-laguntzarik ez dugu eskatuko gainera; planteatu izan dugu, baina ez dugu Jaurlaritzaren logoa txertatu nahi eta...

Kini: Barra-kodea jartzeko ere barne-eztabaidak izan genituen. Askorentzat iraingarria zen. Horrekin lotuta, fanzine batzuetatik maltzurki esan izan digute: “Lege-gordailua eta guzti duzue eta!”. Garai batean bazegoen jende euskalduna, Machas, Abarrots, Patxi Huarte… Iruñeko jendea. Orain soilik Txako dago, baina bizpahiru gehiago baldin badatoz ez diegu betoa jarriko.

TMEO oso “maskulinoa” da, emakume eta gizonezko kolaboratzaile kopuruari begiratzen badiogu bederen...

Kini: Bai. Komikiena oro har nahikoa mundu maskulinoa da. Arrazoia zein den? Ez dakit zer erantzun.

Larry: Musikan gertatzen den moduan, adibide bat jartzearren, honetan ere mutil gehiago gabiltza neskak baino. Horrek, noski, edukian isla du. Aldizkariaren ikur diren izaera ganberroa, eskatologia... ziurrenik mutilei zuzenduago daude. Inoiz pasa egingo ginela? Litekeena da. Dena den gurera emakumeak etorri direnean pozik hartu ditugu. Haien ikuspegia gizon askorena baino basatiagoa da gainera.

Ezkerretik eskuinera: TMEOren zero zenbakiaren azala; ETAren armagabetzea eta errefuxiatuen krisia uztartzen dituen azala, Piñatarena (133. zenbakia); Mauro Entrialgoren ilustrazioak, Carrero Blancori buruzko txioak idazteagatik emakume batek jaso duen zigorrari egiten dio, modu berezian, erreferentzia (140. zenbakia).

Iristen zaizkizuen komikien artean nola egiten duzue hautaketa?

Kini: Ez dugu irizpide finkorik, nahiz eta badaukagun hainbat aspektu neurtzeko puntuazio-taula bat. Kontua da TMEO estilokoa izatea, eta guri gustatzea.

Larry: Manga estiloko sei orrialde bidaltzen badizkizute, erraza da erabakitzea.

Kini: Beste batzuetan konplikatuagoa da. Batzuek uste dute, TMEO garenez, ipurdi-titi-zakil-pixa txisteak bidalita argitaratu egingo ditugula. Bada, ez, gauza ez da hori. Txisteek mezua izan behar dute. Marrazki ederrak izan baina ezer ez badute transmititzen, graziarik ez badaukate… Bi zirriborrorekin egindako istorio batzuek sekulako mamia daukate, eta beste kasu batzuetan, ordea…

Larry: Gurea umore aldizkaria da. Hori da filtro nagusia. Kritika dosi bat duen umorea egiten dugu.

Umoreari mugarik jarri behar al zaio?

Larry: Mila bider esan dugu, komikiak dira umorearen irudikapen grafikoa, arte adierazpide bat. Ez dago mugarik, film batean ez dagoen bezala. Antzezlan batek, arteak, mugarik izan behar al du? Ez. Karikatura eta parodiarako eskubideak aitortu egiten ditu legeak.  Komikiak marrazkiak dira, fikzioa da, ez da erreala, inor ez da hil komiki bat irakurtzeagatik.

Kini: Mindu egin zaitzake, ordea.

Larry: Bai, baina ez da existitzen mindua ez izateko eskubidea. Txiste batengatik mintzea, tira, pasako zaizu… Baina artista bat zentsuratu eta kartzelan sartzen baduzu mindu zaituelako... Hobe zenuke ez mintzea zeren eta agian euli bat kanoikadaka hiltzen ari zara. Egia da, halere, herri honetan Auzitegi Nazionala daukagula, eta ezin direla erlijio sentimenduak edota terrorismoaren biktimak iraindu. Hiru gauzarekin jokatu behar duzu tentuz: Koroarekin, Elizarekin eta terrorismoaren biktimekin.

Joaquin Delgado ‘Kini’: “Txisteek mezua izan behar dute. Marrazki ederrak izan baina ezer ez badute transmititzen...”

Zuek tentuz jokatzen al duzue, baina?

Larry: Ez, gu geurera. Irainak koroari? Zehazki zer da, ordea, koroa iraintzea? Behin izan ginen auzitegian [errege-familiako kideen marrazki batzuengatik], baina epaileak ikusi zuen txiste bat besterik ez zela, eta ez zuen ondoriorik izan.

Kini: Garai batean egin genituen azal batzuk nahikoa arrazoi dira gu espetxera bidaltzeko. Litekeena da agintean daudenek TMEO ez ezagutzea. Baietz uste dut nik, baina ziurrenik badakite kristo guztia zirikatu dugula 30 urteotan. Inor errespetatu al dugu inoiz? Nola koroaren kontra? Denen aurka egin dugu, eta denen alde ere bai zenbaitetan. Maiz jolastu dugu anbiguetarearekin, umore intelijentea da. Zuzentasun politikoarena izugarri puztu da azkenaldian; Carrero Blancoren inguruko txiste batengatik inor zigortzea...

Larry: Hor dabil polizia, jendeak Twitterren zer dioen zelatatzen. Txo, atera zaitez kalera eta atxilotu emakumeak hiltzen ari diren gizonak! Normala da gauza batzuek enbarazu egitea, txiste batek, edota euria egiteak, baina mina, iraina, zure baitan daude. Zer nahi dugu, txisterik ez kontatzea? Txistearekin asmatzea da gakoa, lortuz gero edozerrekin egin dezakezu umorea.
Zein txistek funtzionatzen du ondoen?

Kini: Zaila da erantzutea, baina agian autoritateaz barre egiten duten horiek, ETAri buruzkoak-eta. Beno, ETA ez da autoritatea... tira, ez baina bai [barrez hasi da]. Kontua da zerbait gertatu eta berehala 4.000 txiste dituzula Interneten. Funtziona dezan, beste buelta bat nola eman asmatu behar duzu, besteengandik desberdinduko zaituena, izan koroaz edota ETAz.

Armagabetzeak jokorik ematen al du?

Kini: Bai, baina zenbaki berrian ez dugu azalera ekarri. Otsoaren ipuina da. Hiru azal ditugu ETAk armak utzi dituela erakusten dutenak. Gai inportantea da, eta barruko orrialdeetan jorratu dugu, baina ETAk jada hiru bider aldarazi dizkigu azalak. Popatik hartzera oraingoan!

Komikitik bizitzea ia ezinezkoa den garaiotan, TMEOko kolaboratzaileek ere musutruk egiten dute lan, militantziaz. Beste 30 urtez eusteko moduan? Badago lekukoa nori pasa?

Kini: Etorkizuna datorren zenbakia da, 30. urteurrenari buruzko ale berezia [142. zenbakia izango da]. Desastre puta bat gara eta, zer hasiko gara gu ezer planeatzen?

Larry: Kaosa gara. Nik beti esaten dut, “zenbaki hau ez da aterako”, eta atera egiten da.

Euskarazko komiki aldizkariak

40 urte beteko lituzkete aurten Ipurbeltz eta Kili-Kili aldizkariek, 1977an sortuak biak, 2008an desagertua lehena, eta 2003an bigarrena. Haur eta gazteei zuzendutako agerkariak ziren, hamarkada batzuk lehenago ARGIAren itzalean plazaratu zirenak bezalaxe: Txistu aitzindaria (1927an sortua), Poxpolin (1935) eta Pan-Pin (1960).

Mugimenduko biziko 80ko hamarkadak euskarazko uzta ederrak eman zituen: Habeko Mik eta Napartheid, irakurle helduagoei zuzenduak. Lehena 1982tik 1991ra bitartean plazaratu zuen HABE erakundeak; besteren artean Mauro Entrialgo, Alvaro Ortega eta Mikel Valverderen komikiak argitaratu zituen, TMEOren kolaboratzaileak hiruak. Napartheid, bestalde, 1988an sortu eta 2001ean desagertu zen; Mattin, Zaldieroa, Asisko Urmeneta eta beste hainbat egilek kaleratu zituzten bertan komikiak, eta haietako batzuek halaxe egiten jarraitzen dute, bere ibilbidea 2015eko urtarrilaren 28an hasi zuen H28 aldizkarian, esaterako. TMEOk bezala, satira zorrotza ardatz, ezker-eskuin partitzen du agerkariak egurra.

Haur eta gazteentzako aldizkarietara bueltatuta, aipatu behar dira 90eko hamarkadan Ipar Euskal Herrian sortu ziren Xirrista, Kometa eta Nanai; eta, bereziki, gaur arte bete duen ibilbideagatik, Ikastolen Federazioak 2005az geroztik hiru hilez behin argitaratzen duen Xabiroi aldizkaria.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Komikiak
2023-12-15 | ARGIA
'Ño' komikiaz solasaldia, gaur Bilboko La Sinsorga kulturgunean

Ño komikiaren testuen egile Miren Artetxe eta Eli Pagola, eta Maitane Gartziandia ilustratzailea Bilboko La Sinsorga kulturgune feministan (Askao Kalea, 9) izango dira gaur, arratsaldeko 19:00etan, haien lanaz hitz egiteko.


Euskarazko komikien HernaniKomik II. azoka

Azaroaren 17an eta 18an izango da, ostiralez eta larunbatez, Hernaniko Atsegindegi plazan


Mikroa eskuan eta irribarrea ezpainetan

Ño!
 

Testuak: Eli Pagola eta Miren Artetxe
Ilustrazioak: Maitane Gartziandia
Argia, 2023

------------------------------------------------------

Komikia hasi aurretik eta amaitu ondoren bai azal eta kontrazalean, bai tapa eta barruko tapetan informazio... [+]


2023-09-27 | ARGIA
‘Ño!’ komikiaren erakusketa inauguratuko dute ostegunean Hernanin

Maitane Gartziandia, Eli Pagola eta Miren Artetxe egileek komikiaren lan prozesua eta mamia azalduko dituzte Kulturarteko Plaza Feministan irailaren 28an, komikiaren marrazki originalez lagunduta. Urriaren 5ean Iruñeko Laban aurkeztuko dute beren lana egileek.


Eguneraketa berriak daude