Herrigintza auzolanean

  • Zuberoako Maskaradak Gipuzkoako Aiztondo bailaran aritu ziren maiatzaren 6an eta 7an. Asteburuaren kronika.


2017ko maiatzaren 14an
Buhamea
Argazkia: Aitor Atxega.

Ez da gaurkoa ereindakoa jaso egiten dela. Aiztondon nahiko zalaparta eta iskanbila izan dugu bi egunez. Orain, festak Xiberoranzko buelta-bidea hartu eta bailara baretu denean, irakaspen bat darabilt bueltaka burutik kendu ezinik: erein duguna jaso dugula.
    Orain urtebete pasa hasi ginen pentsatzen ederra izan zitekeela Maskarada jokoak ikustea, eta batez ere, bizitzea. Eta ereiten hasi ginen, lanean. Presarik gabe, ahalik eta alderdi edo aspektu gutxien ahaztuz, jendea biltzen hasi ginen, eta lantalde eder bat osatu genuen. Hain garaikide kontsideratzen ditugun zenbat eta zenbat kontzeptu bizi izan ditugun erabateko normaltasunean: adin desberdinen arteko elkarlana –parte hartu duen gaztenetik zaharrenera 50 urtetik gorako koska dago–, transmisioa, euskara, Euskal Herria, askotariko diziplina artistikoen topo egitea, konstantzia, udalen arteko lana, bailarako eskolatako haurren lana, musika, kantua, bertsoa, dantza ikastaroa, auzogintza, herrigintza, Xiberora egindako bueltak, honen herrenak, haren ahanzturak, udal teknikari eta langileak, herrietan barrikadak osatzeko ekimenak… Eta abar, eta abar.
    Eta ez dugu gure buruentzat jardun! Beraz, lehen burutazioa eskaintzea da. Aiztondo bailarak bizi izan duen antolaketa-prozesua Euskal Herriko edozein herriren esku jartzea benetan plazer genuke. Ez litzateke inor damutuko. Datorren sasoirako Muskildi prest da!
    Arizale taldea joan den larunbatean iritsi zen eta ostatu hartu ostean ongietorria egin zitzaien. Maskaradak duen sotiltasun eta estetika baliatuz, apal-apal, bisita eskertu zitzaien hitza hartu zutenen eskutik. Ondoren kalean ibili ginen kantuan, bertsotan eta dantzan eguzkia lagun. Asteasuko frontoian afaldu genuen, kantatu eta dantzatu ugari, eta badirudi inork ez dakiela noiz bukatu zen gaua.
    Igande goizean barrikadak izan genituen. Lau herrietan, Aduna, Alkiza, Asteasu eta Zizurkilen, bertako jendeak prestatuta errezibitzaile lanak ikusi genituen. Herrietako gazte eta helduek elkarrekin, oso pieza politak eman zituzten: fandango eta arin-arinak, agurrak –dantzan eta abestuta–, Santa Ageda usadioaren arrastoak, azeri dantzak, xorrotxen bertsoak eta hemengoen erantzunak… Eta atzetik, eguzkiak arropei distirarik ederrena ateratzen ziela, aitzindarien saioak; maskarada gorriko dantzari onenak! Zizurkilen eman zen azkeneko barrikada eta usadioa jarraiki marexalen jokoa izan zen. Nola ez, janari eta edari artean joan zen goiza.
    Arratsaldean ofizioak izan ziren Larraulgo plazan, Maskarada egunen gailurra. Xiberütarrak pozik ziren arretaz entzun zirelako buhameen eta kauteren pheredikiak. Kabana nagusiak umore finaz airatu zituen bailarako zenbait kontu: Zizurkilgo elizako kanpaia lapurtu dutela, Larraulgo alkateak bailarako beste herri batean ireki duela komertzioa, Alkizan ireki den Fagus zentroa, Asteasuko muskerraren bidea…
    Eta horrela bukatu zen astebukaera. Ondoren autobusean sartu ziren, eta beraiek barruan, azken kantua eta azken dantza egin genituen autobusa Aiztondon barrena galtzen ikusi genuen arte.
    Sarri arte lagunak!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Maskarada
2023-12-01 | Euskal Irratiak
Maskarada bueltan da Pagolan ehun urteren ondotik

Xiberoa eta Baxe Nafarroa artetik jalgiko da aurten maskarada. Ehun urteko etenaldiaren ondotik, xiberotar usaia berreskuratuko dute aurten Pagolako gazteek.


2023-01-19 | Lide Iraola
Ez da buhamerik izango maskaradetan aurrerantzean, arrazakerian oinarrituta zegoelako

Hasi dira maskaradak Zuberoan, urteroko tradizioari jarraiki. Alabaina, tradizioak aldatu daitezkeela erakutsi dute aurten Maulen: lehen aldiz, ez da buhamerik izango. Pertsonaia horiek ijitoak ziren, eta estereotipoetatik eta arrazakeriaz antzezten zirela salatu izan dute... [+]


2022-12-16 | dantzan.eus
Zuberoako Maskaradak 2023 egutegia

Urtarrilaren 15ean hasi eta apirilaren 22an bukatuko dira 2023ko maskaradak, Maule-Lextarreko gazteek emanak. Guztira hamabost emanaldi lotu dituzte. Lau hilabetean zehar, asteburuz asteburu, Zuberoako hamahiru herri bisitatuko dituzte hiriburuko gazteek. Ohi den legez, lehen... [+]


Eguneraketa berriak daude