ARGIA.eus

2020ko apirilaren 08a
Jean-René Etchegaray, Euskal Elkargoko presidentea

"Apirilaren 8ko biharamuna lasaitze eta elkarrizketa sinonimo izatea espero dut"

  • Apirilaren 8aren biharamunean, hots, ETAren armagabetzearen biharamunean, bai ala bai, estatuek blokeo joera alde batera utzi eta elkarrizketari lotu beharko zaizkiola dio Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko presidenteak. ETAren armagabetzean egonen da, dioenez, bake prozesua aitzina eramateko funtsezko urratsa delako. Guztiei luzatzen die bertaratzeko gomita.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B
2017ko apirilaren 09a
“Trantsizio justiziaren parte diren mekanismo eta urraspideak erabili beharko ditugu”

Miarritzeko “armagabetzea, bake prozesuaren zerbitzura” foroan egon zinen. “Hartu beharreko arriskua kolektiboa dela, eta bakoitzaren ardura morala ere badela apirilaren 8ko egunean egotea”, erran zenuen. Anitzek diote bake artisauen deiari baikor erantzun. Zer diozu mugimendu horretaz?

Egia erran, mugimendu horrek ez nau harritzen. Euskal Herrian kultura hori dugu, Euskal Herriarentzat funtsezkoak diren erronken parean mobilizatzeko gaitasuna dugu. Historikotzat daukadan momentu honetan ere horrela gertatzen ari da.

Apirilaren 8an burutuko den ETA egituraren armagabetzean egonen zirela plazaratu zenuen foroan. Zein sentimendu duzu arrisku honi begiratzean?

Determinazioa batetik, eta bestetik, kontzientzia, gure herriaz benetako kontzientzia politiko bat. Arriskuaz erran izan dut eta berriz diot Frantziako eta Espainiako estatuen blokeoa dela eta, Luhusoko iniziatiban egondakoek sekulako arrisku pertsonala hartu zutela. Arrisku hori partekatua izateko ordua da, arriskua kolektiboki hartzeko ordua. Apirilaren 8an estatuak ez baldin badira hor, jendartea egonen da.

Frantziako Estatua mugi daitekeela uste duzu?

Lerroak mugitzen ari direla iruditzen zait eta pozten naiz. Frantziako lehen ministroarekin solastatu nintzen eta atea erdi ireki duela erran dezaket. Batzuen iritziz ez da aski. Baina, Bernard Cazeneuve ministroak interesa erakutsi du, interesa baino gehiago, nahikaria erakutsi du, Frantziako Estatuak prozesuan parte hartzeko borondatea adierazteko egon daitezkeen pistak imajinatzen saiatzeko nahikaria. Afera ez da bukatua, ez gara apirilaren 8an oraindik eta ondoko egunetan, bezpera arte, gauzak gertatu edota aldatu daitezke. Hala izan ezean, hautetsien eta jendarte zibilaren mobilizazioa izanen da apirilaren 8a.

Hautetsien, jendarte zibilaren baita instituzioena ere. Ala azken horien parte hartzea ezin dugu segurtatu?

Bai, baliteke. Baina, hautetsiak aipatzen ditudanean instituzioak aipatzen ditut, zeren modu pertsonalean hor egonen dira, baina azkenean, hautetsi gisa edota Euskal Elkargoko kide gisa ere.

Desarmeari buruzko foroko parte-hartzaile batek zioen estatuek iraganeko joeran segitzen dutela, gaur egungo testuingurua erabat ezberdina izan arren. Apirilaren 8aren biharamunean joeraz aldatuko dutela uste duzu?  

Orri bat itzuli nahi dugu egun horrekin; hori baino gehiago, liburuz aldatu nahi dugu. 60 hamarkadaz geroztik krisi egoera batean bizi gara, nahiz eta 2011n ETAren armak isildu. Alta, gatazkaren orria ez dugu oraindik itzuli eta hori da gure helburua. Desmilitarizatze fasean egon nahi dugu, ETAren armagabetzea hori delako, gatazka armatuaren orria itzultzea. Beraz, bake prozesuan aitzina joan ahal izateko funtsezko urratsa izango da apirilaren 8koa. ETAren disoluzioa eskatzen ari dira batzuk, baina armagabetzea ikusirik pentsa daiteke hori ere gertatuko dela. Ikusirik 2011z geroztik ez dituztela armak erabili, nik uste dut garaian erakundeak harturiko engaiamenduari sinesgarritasunez begiratzen ahal diogula.

Beraz, estatuek joeraz aldatuko dutela uste duzu?

Nik ezin dut Frantziako Estatua epaitu, haren partetik zerbait itxoiten dugun une honetan haren argudioak ulertzeko gaitasuna behar dugulako. Bere postura azaltzeko orduan, zuzenbide estatuaren diskurtsoaren duintasunaz jantzi da Estatua. Estatuak autoritatea erakutsi nahi izatea eta zuzenbide estatua nagusitzen dela ohartaraztea nahiko normala da. Baina, dioguna da zuzenbide estatuaren logikan egon daitekeela ETAren desmilitarizatze prozesuan eta armategien desegitean parte hartuz ere. Espainiako Estatuak ETAren armagabetzea ez duela oztopatuko irakurri dut komunikabide espainiarretan; Frantziako Estatuaren partetik ere postura bera dugu. Hori horrela, ongi da, puntu horri buruzko adostasuna ez lortzeko arrazoirik ez dugu.

Baldintza teknikoei buruzko kezkak dira nagusi.

2011z geroztik, Nazioarteko Egiaztatze Batzordea armategien desegiteari buruzko dosier honekin lanean ari da. Batzar honek lan hori eginik, pauso hau modu objektiboan hartzeko elementuak ditugu eta normalean, estatuak segurtatuak izan behar lirateke. Baina hor ere, kontua da estatuek ez dutela orain arte Nazioarteko Egiaztatze Batzordea ezagutu eta onartu nahi ukan. Gaur egun iduri luke, ongi diot –iduri luke– Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak egindako lanaren balioa ezagutzeko joera batean daudela estatuak.


Estatuak lasaitzeaz gain, apirilaren 8a antolatzen dabiltzan bake artisauak lasaitzeko baldintza teknikoak ere behar dira. Besteak beste, atxiloketarik egongo ez denaren segurtapena.

Pertsona anitz dira segurtatu behar. Nola ez, biktimak. Berradiskidetzerako biziki inportantea den igarobidea da biktimen segurtatze hori. Trantsizio justiziaren elementu nagusia da berradiskidetzea. Presoak eta horien senideak gogorki hunkiak izan dira, eta noski, kontuan hartu beharreko gai bat da. Bistan da, diozun bezala, armak berriz ezartzeari buruzko baldintzen galdera ere hor da. Arma batzuk toki pribatuetan daude. Estatuak elkarrizketari lotzea da galdera horiei erantzun ahal izateko baldintza.

Nolakoa izan behar luke apirilaren 8 biharamunak?

Apirilaren 8aren biharamuna lasaitze eta azkenean, elkarrizketa sinonimo izatea espero dut. Elkarrizketa dugu desio, hori gabe berradiskidetzerik ez delako posible. Berriz diot elkarrizketa eta berradiskidetzea ez direla zuzenbide estatuarekin kontraerranean, erabat koadro legalean egin daitezkeelako. Bestalde, azaldu beharko dugu ere hortik aitzina justizia nolakoa irudikatzen dugun. 60. hamarkadatik geroz izandako gatazkari bukaera ematea ez da sinple; ezin da konpondu zuzenbide komuneko krimen baten gisara. Pertsona batzuk ditugu, gatazka zinez gogorraren biktimak, bi aldeetan. Horregatik ditugu trantsizio justiziaren parte diren mekanismo eta urraspideak erabili beharko.

“Espirituen iraultzaren beharra” azpimarratu zenuen Bake Foroan.

Bai, gure kontzientziak maila ezberdinean galdekatzea eskatzen duelako berradiskidetzeak. Guztiontzako balio du elementu horrek: haien kontzientzia eta gorputza gatazkak markaturik dituztenentzat, baita ni bezalako herritarrentzat ere, hots, orain arte gehienbat behatzaile egoeran ginenok eta orain, bake prozesuaren eragile izan nahi dugunontzat. Bake prozesuaren eraikuntzak herritarron eta hautetsion kontzientziari ere dei egiten dio.

Baionan eginen da ETAren armagabetzearen kari ekitaldia. Une inportantea eta historikoa. Auzapez gisa, zer diozu?

Ipar Euskal Herriko hiriburu gisa, bere eginkizuna beteko du Baionak. Xumetasunez jokatu behar dugu afera honetan. Berriz ere guztiei luzatzen diet apirilaren 8an Baionara hurbiltzeko deia. Guztiei, Frantziako Estatua barne: espero dut soluzio bat atzemanen dugula eta Frantziako lehendakaria eta lehen ministroak apirilaren 8aren parte izanen direla. Perspektiba hau ez dut oraindik baztertzen.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: ETAren desarmatzea

ETAren desarmatzea kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude