"Gogoeta baldintzatzea erregimen autoritario ororen egunerokoa da"

  • César Strawberry (Madril, 1964) Def Con Dos hip-hop eta rap-metal musika taldeko bozeramailea eta idazlea da; hiru eleberri eta taldearen biografiaren lehen zatia idatzi ditu. Urtebeteko espetxe zigorra ezarri diote, 2013tik 2014ra Twitterren “gorrotoaren solasa elikatu eta terrorismoa goresteagatik”. Sareko gorrotoaren kontra Bartzelonan antolatu dituzten “Bartzelona vs Gorrotoa” jardunaldien atarian solastatu gara adierazpen askatasunaz, gorroto delituaz eta bere gaineko akusazioaz.

(Argazkia: Dani Codina)
(Argazkia: Dani Codina)

Urtebeteko espetxe zigorra ezarri dizute. Nola eman dituzu hilabete hauek?

Gorabeheratsu. 2015eko maiatzaren 19an atxilotu ninduten, udal hauteskundeak baino bost egun lehenago, ustezko Armiarma III operazioaren baitan. Nire abokatuek polizia-agiria eskatu zutenean ikusi genuen operazioa beldurra sustatu nahi zuen Barne Arazoetako Ministerioaren publizitate-lema zela.

“Armiarma III operazioa publizitate-lema zen, beldurra sustatu nahi zuen Barne Arazoetako Ministerioarena”

Nola gogoratzen dituzu egun haiek?

Ikaragarriak. Ezin nuen sinetsi. Bost poliziak atxilotu ninduten bortizki eta ziega batean sartu ninduten hainbat orduz inkomunikatuta utzita. Publikoki agertzera behartu ninduten, sare konspiratzaile baten burua izango banintz bezala. Erokeria.

Ezustean hartu zintuen?

Noski, garai hartan 26 urteko ibilbide musikala nuen eta gutxien espero nuena zen atxilotuta bukatzea. Bi gauza ikasi nituen: batetik, ordura arte sortu nituen kantetan abestutako guztia egia zela egiaztatzearen poza. Ordura arte adierazpen askatasunaren mugen inguruan asko abestu bainuen, eta pentsatzen nuena esaten jarraitzen nuen inork eragotzi gabe. Bestea, noski, beldurgarria izan da, eta emozionalki oso gogorra. Asko ikasi dut azken bi urteetan.  

Ustez hemeretzi atxilotu izan ziren operazioan. Ezagutu dituzu?

Bai, hori da: ustez. Izan ere, polizia argitze-agiririk ez egoteaz aparte, gaur egun bost atxiloketa gehiago izan zirela badakit. Gainontzekoekin ez dakit zer gertatu den. Esan bezala, guztia publizitate saioa izan da, eta nire figura erabili dute terrorismoa goresten duen sare baten gurua izango banintz bezala. Noski, akusazio hori, barregarria izateaz aparte, erabat faltsua da.

Sententzia epailearen eskuetara iritsi zenean hark ez zuen deliturik ikusi. Fiskalak, aldiz, helegitea jarri zuen. Zer deritzozu?

Fiskala Carlos Bautista da. 2014an Auzitegi Nazionalak ohartarazpena egin zion, Twitterren sortu zuen kontu faltsu baten bitartez bere kideez iseka egiteagatik. Horretaz aparte, mutatu egin da: fiskal aurrerakoia izatetik, ultrakontserbadorea izatera pasatu da. Eta nire sentsazioa da kasu hau erabili duela bere auzibidea garbitzeko. Izan ere, ez zuen helegitea jarri bakarrik, gainera erregearen kontrako irainen delitua gehitu zuen, lau urteko espetxe zigorra eskatuz.

“Espainian gorroto delitua erabiltzen da artistak, abeslariak, idazleak eta iritzi-emaileak dagoeneko ez dagoen terrorismo batekin lotzeko”. (Arg.: Dani Codina)

Zer gertatu zen ondoren?

Erregearen kontrako irainen delitua ez zen aintzat hartu, baina terrorismoaren gorespen delitua mantendu zenez epaiketa egin zen. Auzitegi Nazionalean aurkeztu nintzen eta errugabetu ninduten, baina fiskalak helegitea aurkeztu zuen, beste behin. Bitxia bada ere, Auzitegi Gorenak, Perfecto Andrés magistratuaren boto partikularra kontra izan arren, terrorismoa goresteagatik erruduna naizela adierazi zuen urte bateko espetxe zigorra ezarrita. Noski, erabaki hori apetaren arabera hartu zen; legediak aurreikusten duen bezala, sekula ezin da iritzi delitu bat epaitu testuingurua kontuan hartu gabe. Eta Auzitegi Gorenak sekula ez ninduen deitu egoera azaltzeko.

Orain zertan da sententzia?

Auzitegi Gorenean ezgaitasun baliabidea aurkeztuko dugu, eta ondoren Konstituzio Auzitegian helegitea jarriko dugu. Hark erabakitzen duenaren arabera, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira joango gara; han, zalantzarik gabe, askietsiko naute. Beste behin, Espainiako Erreinua lotsagarri geldituko da. Baina larriena da, eragin didaten babesgabetasunaz aparte, urte hauetan guztietan sententzia hau erabiltzen ari direla Auzitegi Nazionalera iristen diren gorespen eta umiliazio delituen jurisprudentzia gisa. 

Azken delituen artean dago Valtònyc-en auzia. Zer duzu errateko?

Tira, lotsagarria da. Esan didatenez haren sententziaren lehen zortzi orriek, gutxienez, euskarritzat dute Auzitegi Gorenak nire sententzian ezarritako jurisprudentzia. Rap kantari bati abesti bat sortzeagatik hiru urteko espetxe zigorra ezartzea kezkagarria da. Europako legedian onartu ezin den gertakaria, zalantzarik gabe.

Nola ikusten duzu adierazpen askatasunaren osasuna gaur egun?

Lurperatuta. Okerrena da azken hamabost urteetan adierazpen askatasuna mugatzeko legeak sortu direla. Jihadismoaren Kontrako Itunetik hasi, Kode Penalaren azken erreformatik pasa eta Mozal Legera iritsi arte. Erabateko diskriminazioa dago Espainiako Gobernuarekin lotuta dauden iritzien eta ezkonformisten artean. Ideologia kriminalizatzen ari dira, adierazpen askatasunak oinarrizko eskubidea izan beharko lukeen arren.

“Gustuko ez ditugun gauzak entzuteko gaitasuna da kultura demokratikoaren zimendua; heinetik kanpokoa da Hazte Oír-en kanpaina gorroto delituarekin lotzea”

Valtònycen eta zure auziaren ondoren, Urdangarin, adibidez, espetxe zigorretik libratu da...

Nabarmenki, epaileen agintean gaur egun konparaziozko bidegabekeria agerikoa da. Botereak inposatu nahi dituen aginduen kontra agertzen garen ezkonformistak erabat kriminalizatuta gaude. Behin eta berriz saiatzen dira gure adierazpenak delitu bilakatzen, batez ere, legedia bitarikoa baita halako egoerak bermatzeko. Espainian gorroto delitua erabiltzen da artistak, abeslariak, idazleak eta iritzi-emaileak dagoeneko ez dagoen terrorismo batekin lotu eta auzipetzeko. 

Eraso horiek, gainera, kulturaren sustapenaren kontra doaz.

Datozen belaunaldiak erabateko ezjakintasunean hezi nahi ditu botereak. Filosofia irakasgaia zokoratzen den unetik, bistan gelditzen da jendeak askatasunez pentsatu eta adierazteko interesik ez dagoela. Interes handiagoa dute errealitatearen gogortasuna askatasunez epaitzeko gai izango ez diren pentsaerak sustatzeko, irizpiderik gabeko pentsaerak… Azken batean, gogoeta baldintzatzea erregimen autoritario ororen egunerokoa da eta Espainian, zoritxarrez, testuinguru horretan gaude.

Hazte Oír-en kanpainako autobusa geldiaraztearen kontra agertu zara. Zergatik?

Han eta hemen, adierazpen askatasuna mugatzearen kontra nagoelako. Adierazpen askatasunak demokrazia ororen bermatzailea izan beharko luke; tolerantzia eta gustuko ez ditugun gauzak entzuteko gaitasuna dira kultura demokratikoaren zimenduak. Horregatik, Hazte Oír-en kanpainaren mezua gorroto delituarekin lotzea heinetik kanpokoa iruditu zait. Gorroto delituak espetxe zigorra dakar, eta kasu honetan nire ustez zigorrik behar bada administratiboa edo eskubide zibilaren bitartekoa izan beharko luke. Baina sekula ez penaletik, bestela adierazpen askatasunaren kontra jasotzen ari garen etengabeko erasoa elikatzen ari gara.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Adierazpen askatasuna
Fermin Muguruzaren bisita batengatik “terrorismoa goratzea” leporatu diote Valentziako institutu bati

Talde kontserbadore batek salatu du institutua, Muguruza hitzaldi bat ematera gonbidatzeagatik. Bellreguardeko Udaleko zinegotzi ohi batek esan du ez zela hitzaldirik egon. Institutuko zuzendaritza taldeak hilaren 26an deklaratu beharko du guardiako... [+]


Pablo Gonzalez
Inongo frogarik erakutsi barik, bi urte espetxean Polonian

Otsailaren 28an bi urte bete dira Pablo Gonzalez kazetaria Polonian atxilotu zutela. Errusiako espioia izatea leporatu zioten hango zerbitzu sekretuek, baina oraindik ez dute horren froga edo zantzu ñimiñoena erakutsi.


2024-02-01 | Gedar
Black Marfil abeslariaren kontrako zigorra berretsi dute: bi urte eta hilabete bat

Iruñeko abeslaria bere abestietako letrengatik kartzelaratuko dute, besteak beste, udaltzainen kontrako "gorrotoa eta indarkeria" sustatzea leporatuta.


2023-10-30 | ARGIA
Valtònyc rap kantaria Mallorcara itzuli da bost urtez erbestean egon ondoren

Josep Miquel Arenas Beltrán ‘Valtònyc’ rap kantari mallorcarrari hiru urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Gorenak bere kantuetan “terrorismoa goratzea” eta Espainiako koroari “irain egitea”... [+]


2023-07-17 | Ilargi Manzanares
Sutan dagoen Ertzaintzaren furgonetaren argazkia "iraingarria" dela dio Jaurlaritzak

Donostiako Groseko jaietan larunbatean antolatu zen grafiti erakusketan sutan zegoen Ertzaintzaren furgonetaren irudia erakutsi zuten, eta Ertzaintza azaldu zen kentzera. Segurtasun sailburu Josu Erkorekak “gorroto eta indarkeria bultzatzen duen irudia” dela adierazi... [+]


Eguneraketa berriak daude