"Herritarrei argi gehiegi ematea ez doa pribilegiatuen alde"

  • Izpiritu kritikodun herritarrak lortzeko bidean, hezkuntza eta komunikabide libreak ezinbestekotzat ditu Normand Baillargeon filosofo quebectarrak. Bidea nekeza delakoan, herritarrei giltza batzuk eskaintzen ari da. 2005ean atera zuen Petit cours d’autodéfense intellectuelle (Autodefentsa intelektualerako ikastaro txikia) liburua, Quebecetik at ere arrakasta ezagutu duena. 

“Berdintasuna eta hobekuntza hitz emana zitzaien klase ertain eta ertain-apalek engainatuak izanaren sentimendua dute. 
Haserre dira eta edonor entzuteko prest dira, Trump esaterako.  Herritar horiek entzuteko ardura du ezkerrak”. (Arg.: zonneoccupee.com
“Berdintasuna eta hobekuntza hitz emana zitzaien klase ertain eta ertain-apalek engainatuak izanaren sentimendua dute. Haserre dira eta edonor entzuteko prest dira, Trump esaterako. Herritar horiek entzuteko ardura du ezkerrak”. (Arg.: zonneoccupee.com)

Izpiritu kritikoa garatzea duzu xede.

Aspaldiko helburua da. AEB eta Europari doakienez, Argien Garaian kausitzen dugu ideia honen oinarria. Zer nolakoa izango da demokrazia? Zeinek hartuko ditu erabakiak? Estimu handikoa dudan Nicolas de Condorcetek eta gisa bereko beste batzuek erantzun argia eman zieten galdera horiei: herritar argituak ukan nahi baditugu, izpiritu kritikoa behar dute, eta horretarako ezinbestekoa dugu irakaskuntza publikoaren garapena. Laster garatu zen aurkako erreakzio bat, herritarrei argi gehiegi ematea ez zihoalako pribilegiatuen alde. 

Beti horretan gara.

Horregatik da helburua beti hor. Propaganda bat ezagutzen jakin behar dugu, komunikabideek edota hezkuntza mota batek engainatzen utzi gabe. Aipatzen ari naizena ez da abstraktua. Begira beroketa klimatikoaren erronka potoloari. Gezurrean oinarritu mezu bat lantzen ibili dira petrolio konpainiak. Donald Trumpen atzerri-politiken arduraduna klima aldaketa ukatzen ari da.

Izpiritu kritikoa ahulduz doalako markak direa Trumpen irabaztea, Le Penen mehatxua, Brexitaren garaipena?

Izugarri konplexua eta zaila den fenomeno baten aurrean gara. Iritzi publikoaren prestakuntza batek ahalbidetu du Trumpen garaipena. Desberdintasunak ziztu bizian emendatu izanak, elkarrizketa demokratikotik asko baztertu izanak, langabezia emendatu izanak... Horrek guztiak eta Alderdi Errepublikarraren azken 30 urteetako lanak logikoki ekarri dute Trump boterera. Herritarrek diotenari begiratu behar zaio. 

Zer diote?

Berdintasuna eta hobekuntza hitz emana izan zitzaien klase ertain eta ertain-apaleko horiek engainatuak izanaren sentimendua dute. Haserre dira eta edonor entzuteko prest dira. Ezinegon sentsazio hori sentitzen da herrialde anitzetan. Herritar horiek entzuteko ardura du ezkerrak. 

Ezkerra salaketan azkar baina proposamenetan ahul dela deitoratu ohi duzu.

Proposamen eraikitzaileak urri ditugu ezkerrean. Ezkerra, honen ala haren kontra dela jakin ohi dugu. Erraza da erratea. Kontua da lana galdu duenak ala pobrezian denak aski argiki dakiela hori! Proposamen baikorrak eta alternatibak proposatzeko gai izan behar gara. 

Autokritikan dea ezkerra?

Damugarri zait erratea baina ez dut aski nabaritzen autokritikarik. Ezkerraren baitan dagoen atzera-egite morala ere deitoragarria zait. Mendebaldeko unibertsitate anglofonoen baitan, mintzatzea debekatzen ari da ezker moralizatzaile bat, erraten dena ez duelako gustuko. Anarko-sindikalista naiz eta hitz egiten edota proposamenak egiten aritu gara betidanik. Lan-museoak edota lan-poltsak horretarako guneak ziren. Pena da ez dela gehiago autogestioaz hitz egiten.

Ezinbestekotzat dituzu komunikabideak.

Komunikabideen kontzentrazioa, publizitate bitartezko finantzamendua… “Komunikabideen modelo propagandista” batean garela diote Noam Chomsky eta Edward Hermanek. Menderatzaileen interesak islatzen dituen munduaren ikusmoldea proposatzen ari dira. Egoera larrian gara eta sekulan baino gehiago behar ditugu komunikabide aske eta independenteak. Maleruski, ahurtara bat besterik ez da gelditzen. 

Komunikabide publikoei doakienez, zer diozu?

Anarkista izanik ere, aitortu behar dut beharrezkoak ditugula. Igande goiz guztiz aritu nintzen bost urtez Radio Canada irrati publikoan filosofiaz hitz egiten. Ez zuten anitz komunikabidek arrisku hori hartuko! Komunikabide pribatuek ez bezala, nahi duten eskaintza egiteko aukera eta luxua dute publikoek.

Hezkuntza publikoaren bestelakotzeaz bi hitz?

Negozioen munduaren partetik presio handia sentitzen da, bere zerbitzuko nahi du hezkuntza. Oso argi da hori AEBetan, interes ekonomikoak unibertsitateetan sartuak dira. Ikerketak finantzatzeko joera azkarra ere badute. Diruztatu duenaren esku geratzen dira emaitzak eta gaiaren hautaketa. Egoera nahasgarrian gara. 

Autodefentsa intelektualaz idatzi zenuen liburu bat 2005ean. 

Hizkuntzaz, sofismoaz, zenbakiei buruzko jakitateak bildu nituen liburu horretan. Beti izpiritu kritikoa segurtatzeko tresnak emateko ideiarekin.

Arrakasta handiko liburua.

Jendeak badaki jasotzen dituen informazio anitz galdekagarriak direla eta entzuten ez diren kontra-argumentuak ere badirela. Hori horrela, haien egoera hobetzeko eta mundua ulertzeko tresnen bila dabiltza. Horrela azaltzen dut arrakasta hori. Beste hein batean, Chomskyren ideien arrakasta ere honela esplika daiteke: tresnak ematen dizkigu, ezagutzen ez genituen perspektiben berri ematen digu. Zinez nahikeria behar da gaur egungo egoera kaskarraz ez ohartzeko! Galdekatzea bultzatzeko eta erantzuteko tresnak eta aztarnak behar ditugu.                                  

Publikotik dimititurik

“35 urtez aritu naiz hezkuntza publikoan, filosofia eta hezkuntza irakasten. 2009an utzi nuen unibertsitateko postua, desadostasun gehiegi nituelako lankideekin. Mendebaldeari doakionez, bestelakotze sakon bat bizi du hezkuntzak eta jokoan dena ikaragarria da”. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ezkerreko pentsamendua
Eskuinaren berrindartzea Latinoamerikan

Ezkerraren krisiak Latinoamerikara salto egin du. Orain gutxira arte eskualdeko mapa ia guztian gobernu aurrerakoiak topatu zitezkeen. Baina gauzak aldatzen ari dira azken hilabeteetan. Hiru hauteskunde presidentzialistek inflexio puntua markatu dute: Daniel Noboak Ekuadorren... [+]


Lenin gogoan

Tariq Ali idazle pakistandarrak kontatzen du Lenin hil ondoren buro politiko sobietarrak momifikatzeko hautua egin zuela, familiaren erabateko ukoarekin. Stalinek, Leninen figura erabili nahi zuen bien artean jarraikortasun historiko eta politikoa zegoela adierazteko. Izan ere,... [+]


Atzerantz ala aurrerantz matxinatu?

Gizarte- eta protesta-mugimenduen historia aztertzen denean, ikergai oparoenak Aro Garaikidekoak izaten dira. Iturriak ugariagoak dira, gatazkak ere bai, eta gainera, ikertzaileok ikergaiaren mundu ikuskera konpartitzen dugu. Hau da, aurrerabidearen eta progresoaren galbahetik... [+]


Eguneraketa berriak daude