Esku nahikorik ez

  • Otsail osoan grebara deitu ditu ELAk Bizkaiko erresidentzia pribatuetako beharginak. Lantaldeak handitzeko eta baldintzak hobetzeko eskatzen dute, erabiltzaileei kalitatezko zerbitzua eman ahal izateko. Diru publikoa ere tartean denez gero, esku hartzeko deia egin diote langileek Bizkaiko Foru Aldundiari.

(Arg.: Cordon Press)
(Arg.: Cordon Press)

Prekarietateak eta enpresen diru-goseak “kinka larrian” utzi ditu zahar-etxeetako langileak Bizkaian, ELA sindikatuak salatu duenez. Adinekoei dagokien arreta emateko ez da nahikoa gaur egungo langile kopurua eta, eginbehar guztietara iritsi ezinik, ito beharrean ari dira beharginak egunero. “Ez dugu esku nahikorik horrenbeste lan egiteko”, diote. Negoziazioetan oraingoz ezin izan dira ados jarri sektoreko patronalak (GESCA, ELBE eta LARES) eta sindikatuak. Horregatik, kalera irtetea erabaki dute: otsail guztian grebara deitu du ELAk eta protesta ekintza ugari antolatzen ari dira. 

Gizartea egoeraz ohartaraztea da protesten helburuetako bat. “Bizkaiko Foru Aldundiak eta enpresek ezkutuan gorde nahi dute hau”, salatu du Ander Akarregi ELAko kideak. Langileen eta sindikatuaren arteko lotura egiteaz arduratzen da bera. “Aldundiak zahar-etxeak pribatizatu gura ditu diru publikoz; eta patronalak lan baldintzak eta erabiltzaileen arreta prekarizatu nahi ditu, mozkinak ugaltzeko”, azaldu digu Akarregik. 

“Fisikoki eta psikologoki ahituta” daudela kexu dira langileak

Grebara deitu duen sindikatu bakarra ELA da. Hala eta guzti, beste sindikatu batzuk ere langileen aldarrikapenen alde agertu dira. Esate baterako, LABek egoitzen kudeaketa eredua aldatzeko eskatu du behin eta berriro, kalitatezko zerbitzu publiko baten alde egiteko. Zerbitzu publiko bat eskainiz inor ezin dela aberastu dio. ELA, berriz, negoziazio mahaian ordezkaritza duten sindikatu guztiekin batzartu da. Diagnostikoan denek bat egin arren, ELAk ez beste guztiek greba egiteko aukera baztertu dute. 

Artatu beharreko pertsonako zenbat langile?

Langileen eta beharrizanen arteko ratioa aldatzea da eskari nagusia, horrek lan kargak arindu eta duintasuna ekarriko bailieke behargin nahiz erabiltzaileei. 1998tik ez da ratioa gaurkotu. Urte hartan, dekretua onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, baina zaharkituta dagoela diote langile eta erabiltzaileek. Zahar-etxeak ez ezik, menpekotasunen inguruko sektore guztia arautzen du. Dekretua eragile guztiak kontuan hartuta gaurkotzeko eskatu dute sindikatuek.

Premiazkoena zuzeneko arreta ez-espezializatua ematen dutenen ratioa igotzea dela dio ELAk. Dementziadunen kasuan, gutxienez langile bat nahi dute bost egoiliarreko. Euren kabuz moldatzen diren erabiltzaileen kasuan, bat zazpirentzat. Akarregiren esanetan, “ratioak kategoria guztietan eguneratu behar dira, baina lan-karga fisiko eta psikologiko gogorrenak dira premiazkoenak, egoiliarren menpekotasun handiak direla eta”. Alegia, gerokultore eta laguntzaileen kategoria.

Langileen %92 emakumeak dira Bizkaiko zahar-etxeetan, 
ELAk emandako datuen arabera. Langile gehienak gizonak balira 
gatazka aspaldi konponduta legokeela uste du sindikatuak.
(Arg.: Luis Jauregialtzo / Argazki Press)

“Gaur egungo dekretua indarrean sartu zenean, 1998an, ratioak orekatuta zeuden, baina egoera zeharo aldatu da harrezkero”, ohartarazi du Erandioko egoitza batean lanean ari den Zoa Sáenz de Santamaríak. “Orain, erabiltzaile askok 2. eta 3. graduko menpekotasuna dute eta arreta handiagoa behar dute”. Langile gutxiegi direnez, “iritsi ezinda” ibiltzen direla dio Sáenz de Santamaríak, “presaka artatu behar dugu pertsona bakoitza, zerbitzua txarra da... Azkenean erabiltzaileengan eragiten du”.

Egoitza publikoen pare

Ratioen auzia konpontzearekin lotuta, erresidentzietako langileentzat lan baldintza duinak adostea ezinbestekotzat jo du ELAk, gaur egun “prekarietatean” daude eta. Soldatak igotzea eta 35 orduko lan astea ezartzea eskatu du, eta Espainiako Gobernuaren Lan Erreforma erresidentzietatik “kanpora bidaltzea”. Aldi baterako lanaldiek sortzen duten ezegonkortasuna ezabatzea, gaixoaldiak behar den bezala arautzea eta kontziliazioaren aldeko neurriak hartzea ere aipatzen ditu ELAk.

Egoitza publikoetan dabiltzanen eta azpikontratatuen lan baldintzen arteko aldeak ezabatzea da epe luzerako helburua. ELAren datuen arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak zuzenean kudeatzen dituen egoitzetan ratioak handiagoak dira kategoria guztietan, lan ordu gutxiago dituzte eta soldatak %40 eta %60 artean altuagoak dira. Langile horiek ez daude Bizkaiko Egoitza Pribatuen Hitzarmenean eta, hortaz, ez daude grebara deituta. Prekarietatearen mamua urrutiago ikusten da egoitza publikoetan, baina sektorea guztiz pribatizatzeko interesak salatu dituzte sindikatuek. 

80 egun baino gehiago greban

Auzi korapilotsua da Bizkaiko zahar-etxeetakoa. Oraingo greba hau ez da, inondik ere, azkenaldian antolatu duten aurrenekoa. Duela ia urtebete, 2016ko martxoan egin zuten lehenengo lanuztea eta dagoeneko 80 egun baino gehiago pasa dituzte greban. Denborak aurrera egin ahala, protestak gogortzea da asmoa. Hartara, orain arteko luzeena da otsaileko greba, hilabete iraungo baitu. Era berean, manifestazio eta agerraldi andana egin dituzte, ekitaldi bereziak aprobetxatuta. 

Aldundiak zuzenean kudeatzen dituen egoitzetan lan ordu gutxiago dute eta soldatak %40 eta %60 artean altuagoak dira

“Gure borrokaren aldarria herririk herri eraman dugu, esan daiteke Bizkaian ez dela egon herri ekitaldirik gu izan ez garenik”, azaldu digu Ander Akarregik. Besteak beste, San Tomas azokan, futbol partidetan, Durangoko Azokan eta Gernikako Urriko Azken Astelehenean izan dira. 

Gainera, Bizkaiko erresidentzietako greba ez da kasu isolatua. “Azkenaldian asko borrokatzen ari gara Euskal Herrian, egoitzetako lan baldintzak hobetzeko”, dio Akarregik. Araba, Gipuzkoa eta Nafarroan egoera hobean daude, baina ekinaren ekinaz lortutako hobekuntzak izan dira. Akarregik gogora ekarri du Gasteizko Ariznabarrako emakumeen greba, bi urte, bederatzi hil eta hamazazpi egunekoa: “Erresidentzietako borroken aitzindari izan zen”.

Deia instituzioei

Bizkaian ere, gatazka luzearen tankera hartzen hasi da. “80 greba egun egin eta gero, oraindik ez dugu lan baldintza duinak jasotzen dituen proposamenik patronalaren partetik”, salatu du Akarregik. Negoziazioak motel doaz eta ELAk Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu dio gehiago inplikatzeko, zahar-etxeetako gatazka erakunde publikoen ardura ere badelako. “Egoitza pribatuetako plazen %70 Aldundiak finantzatzen du, diru publiko hori ondo erabiltzen den begiratu behar du”.  Langileek baldintza aproposetan lan egitea eta erabiltzaileek kalitatezko zerbitzua jasotzea, Aldundiak ondo zaindu beharreko kontuak dira, Akarregiren ustez. 

Aldundiak, ordea, patronalaren eta sindikatuen arteko negoziazioa jo du irtenbidetzat. “ELAk arreta desbideratu nahi du, Foru Aldundia guztiaren errudun bihurtuaz, baina egin behar dena da negoziazio serio bati ekin”, adierazi du Elena Unzueta bozeramaileak. Gaineratu duenez, akordiorako traba nagusia ratioak dira eta Foru Aldundiak horren inguruko proposamen bat jarri zuen mahai gainean. Enpresa pribatuen nahietara makurtzea leporatu dio ELAk Aldundiari, baita langileei “presioa” egitea ere, halamoduzko akordio bat onar dezaten.

Langileen eta beharrizanen arteko ratioa aldatzea da grebalarien eskari nagusia, horrek lan kargak arindu eta behargin zein erabiltzaileei duintasuna ekarriko bailieke

Eusko Legebiltzarrera ere heldu dira grebalarien aldarrikapenak. EH Bilduren ekimenez, otsailaren 9ko osoko bilkuran proposamena adostu zuten legebiltzarkideek, aho batez. Jaurlaritzari dei egiten zaio zahar-etxeetako gatazkan esku hartu eta 1998ko dekretua egunera dezan. 

Beharrizanetara egokitutako ratioak ez ezik, egoitzetako baliabide materialak arautuko lituzke dekretu berriak. Hala, langileen baldintzak hobetzeaz gain, erabiltzaileen eskariak beteko lirateke, egoitzetan eskaintzen den zerbitzuaren inguruko kexa asko eraman baitzituzten Legebiltzarreko saiora. EH Bilduko legebiltzarkide Jasone Agirreren esanetan, “lehenengo urratsa da zentro horietako langileen lan baldintzak eta, era berean, pertsona nagusiei eskaintzen zaien arreta duintzeko”.

Langileak ahituta

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak negoziazioaren bideari eusteko deia egin zuen, otsaileko grebaren bezperetan. Baikor zegoela azaldu eta akordioa hurbil egon daitekeela iradoki zuen Rementeriak. Langileak nabarmen ezkorrago daude eta, gainera, berriro giroa gaiztotzen hasi dela dirudi. “Aldundiak eta Jaurlaritzak ez dute gure egoera benetan ezagutzen”, dio Zoa Sáenz de Santamaría langileak. “Helburu batzuk ezartzen dira, adibidez hamar edo hamabi pertsonari ohetik jaikitzen laguntzea, eta estu eta larri ibiltzen gara hori betetzeko, sarritan gure zaintzapean daudenekin hitz egiteko astirik ere ez dugu izaten”.

“Fisikoki eta psikologikoki” ahituta daudela kontatu digu Sáenz de Santamaríak. “Lanera sartzean pentsatzen dut, ‘mesedez, gaur ez dadila ezustekorik gertatu, bestela ez naiz dena egitera helduko’, etsipenak jota gaude”. Egoitza guztietan hala dabiltzala diote beharginek. 

(Argazkia: Dabi Piedra)
Emakume borrokalariak

Langileen %92 emakumezkoak dira Bizkaiko zahar-etxeetan, ELAren datuen arabera. Gizarte eragileek maiz salatu dute sektore feminizatuek dituzten baldintza prekarioak, gizonezkoak nagusi diren lan esparruekin alderatuta. “Emakumezko asko dauden sektoreetan nagusi dira aldi baterako kontratuak, edozein unetan lanerako prest egotea, soldata apalak eta ezkutuko ekonomia”, azaldu du Ander Akarregik. 

Andrazkoei burujabetasuna eta kontziliaziorako aukera izatea eragozten die egoera horrek. Txiki Muñoz ELAko idazkari nagusiak argi eta garbi hitz egin du: langile gehienak gizonak izan balira gatazka hau aspaldi konponduta legoke. 

“Berdintasunarena diskurtso hutsala da”, gaineratu du Ander Akarregik. Gaur egungo krisi garaian, emakumeak lan merkatutik egozteko estrategia bat ikusten du, etxeetara itzul daitezen, menpeko subjektu gisa. “Zorionez, emakume langileen kolektiboa, biktima pasibo izan beharrean, antolatuta dago”, dio Akarregik.

Protestan jarraitzeko prest

Otsaila aurrera doa eta, egoerak hobera egin ezean, protesta gehiago etorriko direla agindu du ELAk. “Beste talde batzuen atxikimendua bilatuko dugu: pentsiodunena, feministena...”, azaldu du Ander Akarregik. “Lan duina eta gizarte zerbitzu hobeak nahi ditugu eta helburu horiekin bat datozen guztiekin arituko gara elkarlanean”. Erakunde publikoek eta patronalak entzungor eginez gero, “gogorrago” jokatuko dutela dio, “eredu zaharkitu eta prekario” honek egoera larrian uzten dituelako langileak eta erabiltzaileak. “Ez dago aitzakiarik mobilizazioetan ez parte hartzeko, gatazka honek baldintza guztiak betetzen ditu: generoa, denon diruarekin azpikontratatutako zerbitzu publikoa izatea, eta prekarietatea”.

Senideen haserrea

Enpresak alde batetik, langileak bestetik, erdi-erdian harrapatu ditu gatazka honek Bizkaiko zahar-etxeetako 10.000 erabiltzaileak. Haien ahotsa ere entzun dadin, erabiltzaileen senideak Babestu izeneko elkartean batu dira, kalitatezko zerbitzu baten alde. “Langile nahikorik ez zegoela sumatzen orain dela urte batzuk hasi ginen”, dio Juani Céspedes elkarteko presidenteak, “baina orain izugarria da”.

Iraide Urriz Babestuko beste kide batek beren asmoen berri eman digu. Ratioa gutxienez 0,36ra igo dadila eskatu dute, alegia, langile bat hiru oheko, baina ohartarazi du zenbaki horrekin “tranparik” ez dutela nahi. “Erabiltzaileei zuzeneko arreta ematen dieten langileak kontatu ditzatela ratioaren kalkuluan, ez enpresako edozein langile”. Babestuk salatu duenez, psikologoak, idazkariak eta abar sartzen dituzte ratioan, “baina pertsona batek komunera joan nahi badu, zentroko psikologoak ez du lan hori egingo”.

Egoera gertutik ezagutzen du Urrizek, ama erresidentzia batean baitu, eta langile nahikorik ez dagoela garbi ikusten duela dio: “Gertatzen da, adibidez, jateko orduan batek komunera joan nahi izatea eta ezin izatea, langilerik ez dagoelako”. Menpekotasun handiak dituzten pertsonak direla gogoan izan behar da. 

“Enpresak dirua ateratzeko daude”, segitu du Iraide Urrizek, “kalkulu matematikoak egiten dituzte, lana zenbat denboran eta zenbat langilerekin egin daitekeen jakiteko, baina erabiltzaileak ez dira makinak, pertsonak dira!”. Bere ama behin goizeko 6:30ean esnatu omen zuten, bestela langileari ez ziolako astirik ematen zegozkion pertsona guztiei garaiz jaikitzen laguntzeko. 

Kalitate eskaseko zerbitzu hori enpresen errua dela uste du Babestuk eta, beraz, beharginen eskariekin bat egin du. “Zorionez, langileak oso profesionalak dira eta zerbitzu duina ematen ahalegintzen dira, sarri dagozkien baino ordu gehiago lan eginda, kobratu gabe noski”, dio Urrizek. Enpresak beharginen borondate onaz “aprobetxatzen” direla salatu du. 

Egoitzetako plazen erdia inguru diru publikoz finantzatuta daude eta, horregatik, Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrerarekin haserre daude, “ez diote gaiari heldu nahi”, dio Juani Céspedesek. Langileen mobilizazioekin bat egiteaz gain, bere kabuz ere ari da Babestu. Bideo bat prestatzen ari da Arartekoari bidaltzeko eta Eusko Legebiltzarrean txosten bat aurkeztu du, egoitza pribatuetan eskaintzen den zerbitzuaren kalitatea agerian uzteko asmoz. Gabezia handiak daudela salatzen dute: botika nahikorik ez, azpiegitura zaharkituak edo desegokiak, kalitate txarreko materiala...

Herri ekimen legegile baten bidez, 1998ko dekretua eguneratzeko eskatuko dute senideek. Bestetik, enpresei ordaindutako diruaren zati bat bueltatzeko eskatuko diete. Babestuk salatu duenez, greba egunetako lansaria kendu diete langileei, baina erabiltzaileei ez diete itzuli, kalitateak behera egin arren. Alegia, greba dela-eta eman gabeko zerbitzu batekin dirua irabazi dute enpresek. “Konpentsazioa eskatuko dugu, moralki eta ekonomikoki hala dagokigulako”, dio Juani Céspedesek. Enpresen eta sindikatuen negoziazioekin ezkor samar dago baina itxaropena badu, “asko dagoelako konpontzeko”. Zahar-etxeetako erabiltzaileek duintasuna merezi dute, haren esanetan.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zaharren egoitzak
2023-10-11 | ARGIA
Elizondoko adinekoen egoitza publifikatu du Baztango Udalak

Orain arte kudeaketa zeraman enpresa pribatuarekin kontratua eten eta Patronatuko Batzordeak erabaki du Zaintza Lanak SL udal enpresa publikoren esku uztea egoitza. Eraikinean obrak egingo dituzte eta egoiliarrentzako lekua murriztuko dute eraberritze lan horien ondorioz.


2023-08-22 | Ilargi Manzanares
Pentsiodunak Bilboko jaietan mobilizatu dira

Milaka pentsionista atera dira kalera astelehenean, txistulariekin eta konpartsekin batera, Bilboko Aste Nagusiaren oihartzuna aprobetxatuz. Hainbat erreibindikazio egin dituzte, hala nola 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.


Analisia
Publiko-pribatu elkarlana

Urkulluk askotan aldarrikatu du sistema kapitalistaren muinean dagoen publiko-pribatu elkarlana, baina lotura hori gaur zertan den azaltzeko inolako asmorik gabe. Publikoa osagarria eta menpekoa denean, ezin dituenean merkatuaren interesak zanpatu, eta lege bidez inposatutako... [+]


2023-05-23 | ARGIA
Greba berria hasi dute Arabako egoitza pribatuetako langileak

Maiatzaren 23 eta 24an grebara deitu dute Arabako zaharren egoitza pribatu eta etxebizitza komunitarioetako langileek. Patronalaren “blokeoa” salatu dute ELAk eta LABek, eta soldata igoera eta lanaldi murrizketa jasoko dituen lan hitzarmena eskatu.


Grebaren azken egunean, Bizkaiko erresidentzietako langileek ez dute baztertzen lanuzte gehiago egitea

Otsailaren 1ean zortzi eguneko greba abiatu zuten Bizkaiko erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileek. Lan baldintzen hobetzea eta zentroetan eskaintzen den arreta ereduaren errotiko aldaketa exijitzen ari dira. Asteazkena dute azken greba eguna, baina ez dute... [+]


Eguneraketa berriak daude